ETB3-n marrazki bizidunak eta marrazki bizidunak? ;-(

Facebook-en irakurri dut hau:
————————————————————-
Gaia: ETB3: 14 orduz marrazki bizidunak
Gaurtik
aurrera aldaketak izango dira ETB3 katean. EITBren bertsio digitalean
agertzen denez, 07:00etatik 21:30ak arte marrazki bizidunak eskainiko
ditu kulturari besoak zabaldu behar zizkion kateak.
————————————————————
Ezin nuen sinistu eta esango zidana zehatza izango zen lagun batekin egotea egin dut. Egia izan zitekeen, eta tamalez, da!

Nekez da ulertzea kulturarako sortu zen katea zelan egongo den marrazki bizidunez beteta. Ez dut gustuko. Txikitan ere ez naiz izan marrazki bizidun zalea, baina ez da zaletasun kontu bat. ETB3 nire kutunen artean zegoen ze formulatik haratagoko telebista egiten zuten. Ausarta askotan, saio zainduak gehienetan, kulturari egindako ekarria handia, hemengo musikak tarte handia, zuzeneko dezente, modernoa zen katea, off ahotsak gustuko nituen eta testu asko iruditzen zitzaizkidan gauzak esaten zituzten horietakoak zirela.

Gustatzeagatik, gustatzen zitzaidan programak errepikatzea ere. Ni gehienok moduan, bestelakorik egiteko gogorik ez eta libre dudanean zer dagoen jakin barik sofan jartzen naizen horietakoa naiz. Eta EITB3 zen zapping-ean harrituta uzten ninduen kate bakarrenetarikoa. Ahozabalik ere geratu naiz inoiz landutako erreportai batzuekin.

Zorionez lau orduko parrilla lehengoaren ildotik landuko dute oraindik, gaueko 21:30ean hasita. Prime timea da, baina gustuko nuen asteburuan edozein ordutan EITB3 piztu eta harritzea…

Ez dakit nork hartu duen erabakia. Bueno, jabe berriek hartutako erabakia da eta uste dut izango dutela motiboren bat. Ni, hala ere, ezin asmatuka nabil arrazoi profesionala. etb3 webgunean diote Telebista eskaintza osatuagoa dela orain…

Marrazki bizidunak ez dira gure kultura bultzatzeko elementu eraginkorregia, gizarte ereduan ez dute laguntzen, gehienak itzulpen hutsak dira, sormenari tarte gutxi… Ez zait erabakia gustatu.

Zein ona ardoa!

DSCN1330

DSCN1310

DSCN1319

DSCN1337

Atzo ikasi genuen oso ona dela ardoa edatea. Horixe esan zigun datu pila batekin Luis Bujandak,
Donostia Ospitaleko sendagileak.

Egunero 400cc edatea omen neurria. Lau basoerdi dira horiek gizonotan eta 2-3 basoerdi emakumeen kasuan. Betiko uste horiek uste baino ez direla jakiteko ere balio izan zuen Pierola etxeko anaiek egindako ikastaroak: gota ditxosorako ardoa ona ei da. Neurrian, hori bai, baia garagardoa eta likorrak txarrak diren moduan kasu kopurua gutxitzen du baso bat ardo edateak.

Eta gaisotasun kardiobaskularrak, neurologikoak, kantzerrarekin zerikusia dutenak… medikuak hasi dira esaten ardoa edateko, neurrian, baina edateko. Izan ere, ardoa neurian edaten dutenak luzeago bizi direla konporobatuta dago.

Pierola etxekoekin oso gustura egon ginen. Bizi dute egiten dutena eta hori igarri egiten da. Merkatuan dituzten zuriak, merkaturatzekotan diren berriak, betiko Pierola… dozena erdi probatu genituen. Gainera, egon ginen bakoitzak boteila ardua ere eraman genuen etxera. Ze ondo!
DSCN1332

Gaizki atera zen prozesua, Loiolakoa

Harrapatuta nauka liburuak. Asteburu honetan errenditzeko asmoa daukat. Erdia irakurri dut eta edozeini gomendatzeko modukoa da. Euskaradunon artean sortu du zeresana liburuak eta itxaron piska bat gazteleraz atera arte eta Egigurenenak argi eta garbi irakurri arte.

Euskaraz egin izana naturala izango zen Muruarentzako, baina berak kontatua dakigu negoziazio guztiak gazteleraz izan zirela. Ares sartu zenean negoziazioan zer esanik ez, baina baita Txillarreko Egiguren-Otegi elkarrizketetan ere.

Liburu ederra, bai komunikatuak eta bai politikarien adierazpenak lerroartean irakurtzen aspertu xamar gaudenondako. Gauzak argi kontatu ditu “Loiolako Hegiak” liburuan eta nire zorionik beroena Muruari.

Loiolako mahaitik kanpoko faktoreek eragin zuten akordioa ez lortzea” dio Muruak. Argi agertzen da liburuan xanpaina zergatik ez zuten atera Josulagunek. Hemen GOIENA telebistan egin genion elkarrizketa.

Bagara

Bagara prozesua aurkeztu da. Nik bideo bat ekarri dot blogera. Arrazoia da bi egunetan dozena erdi lagunek galdetu dostela zer dan BAGARA. Hemen ikus-entzunezko baten ondo baiño hobeto azalduta.

Ekitaldixak puntu asko izan zittuan onak, prozesuak berak be oso onak dittu asko eta asko. Hala eta be, iñun nabarmenduko ez dan bat aittatu gura neuke: bideo hau ez da horren adibide (Joseba ez da debagoiendarra…), baiña ekitaldixan parte hartu zeben lagunen gehiengo zabalak euskalkixan jardun zeban ekitaldixan: arrasateko eran, Aretxabaletakuan, Eskoriatzakuan… Zer pentsaua emoten daben gaixa da, duda barik. Hori aukerioi konzientia da eta eredugarrixa dala be esango neuke.

Oh.: Ekitaldi guztia GOITBn, martxuaren 13an 13:30ian eta 22:15ian. Martxuaren 14an, barriz, 15:15ian.

Aixola moduko etxeak beharrezkoak ditugu

Zabortegia jarri behar dutela gu bizi garen inguruan! alarma!; kartzela eraikiko dute hemen bertan; zoro-etxe bat ei doa gure baserriaren ondoan; metadona banatuko dute etxapean; ziklo konbinatuko plantarik ez, e?; eta klaro: farola bat ez jarri nire leihopean deskuidaduta ere! eta zabor edukiontziak nire etxepean ez, baina urrunegi ere ez… Ze klaro, nire eskubideak, nire bizi kalitatea, nire umeen segurtasuna, nire etxea, nire bizitza, nire…
Ondo, logika baten barruan daude ezezkook, baina zer egiten dugu benetako arazoak konpontzeko? Kontua da gertu gertuan pasatu arte ez dugula arazoa dagoenik ere antzematen, baina… baina arazoa GUREA da, NIREA izateaz gain.
Ezin nezake nik esan Aixolan ezetz! Jarrera guaia dela esango didazue batzuek, baina  horrela ez dela azalduko dut:
Lagun on baten 17 urteko semea egon daiteke horrenbeste zeresan sortzen duen etxean. Ez nabil kasu hipotetiko batekin: lagunaren semeak mehatxatu egin ditu gurasoak, lapurtu egin die gurasoei, etxetik ospa eginda egon da, drogak kontsumitzailea da eta pasatu ere egin ditu inoiz, ertzain etxean denuntzia jarri behar izan dute gurasoek beraiek… Ezin dugu jarraitu egoera hauei bizkar emanda. Aixola moduko zerbitzuak behar ditugu. Edo ezezkoan daudenek zein irtenbide dute nire lagunaren egoeran dauden guraso eta seme-alabendako?

> Aixola Aldundiaren ardurapekoa da. Sinistuta nago ahaleginak eta bi egingo dituztela arazorik egon ez dadin. Edo zer gura dugu harresi bat eraikitzea Gipuzkoan? gure neurrira ez dagoena bota? guk erabakiko dugu nork duen ph neutroa eta zeinek ez?

> Datuak hor daude, hala ere. Ez dago ezkutatzerik. Debatik datozen datuak beldurra eragiten dute. Bilera informatiboetan jendeak agertutako beldur horrekin bat egiten dut eta auzokideak ditut buruan eta ez gaiarekin bazterrak nahastu gura dituztenak.
Beldurrez gaindi, uste dut gizarte moduan dagokigun egitekoa dela neska-mutikook heztea.

Goienkariarako zutabea, 412.

Emakumien Eguna

Gutxittan moduan bizi izan dot hau Emakumien Nazioarteko Egunau. Gaur lilaz jantzitta eta antxitxika ikusi dot gure ama. Zertarako eta emakumiak izan badirala esateko. Biba!

EmakumeEguna4

Elgetako elkarte batzuk egon dira gonbidatuta antxitxika egittera. Herriko jente dezentek hartu dau parte ekimenian eta politta izan da. Hurrenguan gehixagok eta zabalagua.

Erretratuan jende asko:

EmakumeEguna6

Elkarrizketa Berrian: Euskaldunak onak gara tresnak geurera moldatzen, ez ordea saltzen

Elkarrizketatxo bat egin didate Berrian. Aitzakia ona blog honi jaten emateko ze aspaldian mezu gutxi jasotzen ditu… 🙂 Edu Lartzanguren kazetariak egin zidan elkarrizketa eta argazkia Juanan Ruizek (paperean bakarrik). Hauxe han jasotakoa:

Iban Arantzabal. Kazetaria: Goiena komunikazio taldeak jakin du Internet eta beste hedabideak uztartzen. Ikus-entzunezkoen zuzendariak azaldu du nola.

Titularra: «Euskaldunak onak gara tresnak geurera moldatzen, ez ordea saltzen»

Goiena komunikazio talde euskalduneko ikus-entzunezkoen zuzendaria da Iban Arantzabal (Elgeta, Gipuzkoa, 1975). Debagoienean, Goienkaria
aldizkaria argitaratzen dute, eta GOIENA telebistaren eta Arrasate
Irratiaren edukiak ekoizten dituzte; Interneten hainbat gune kudeatzen
dituzte; besteak beste, Goiena.net.

  • Ohiko hedabideak Internetekin uztartzen dituzue aspaldi Goienan. Nola egiten duzue hedabideen arteko sinergia lortzeko?

Ulertzen dugu zentroan beti dagoela notizia, edukia. Eduki
horrek ditu, gero, hainbat tresna adierazteko. Edukia bat da, eta
hainbat hizkuntzatara moldatzen dugu: irratiaren hizkuntzara,
telebistara, paperera eta Internetera. Internet beste hedabide bat da,
gure ikusle-entzule-irakurleengana heltzeko beste modu bat.

  • Lan egiteko duzuen era hori izango da etorkizunean hedabide guztien eredua?

Ez. Ez da etorkizuneko eredua izango, gaurko eredua delako. Guk ez dugu ezer asmatu, ordea. The Daily Telegraphek eta New York Timesek,
esaterako, eredu hori erabiltzen dute. Guk gurera egokitu dugu
filosofia hori, ez kopiatu. Ez dakigu hori biderik onena izango ote
den, baina ikusten dugu bidea izan izango dela.

  • Prentsa eta beste hedabide handiei hil ala biziko kontua bihurtu zaie ohiko hartzailea Interneten ez galtzea.

Orain arte ikus-entzuleak edo irakurleak bananduta zenbatu izan
dira. Guk, esaterako, 65.000 irakurle ditugu paperean, 8.000 ikusle
egunero gure telebistan, eta egunero 2.000 bisitaritik gora Interneten.
Baina zenbat hartzaile ditugu? Horien batura. Hartzaile bakoitzarengan
heltzen gara modu batera, eta hori da interesgarriena gaur egun.
Hartzaile ezberdin gisa hartu behar da bakoitza, batek Internetik
jarraituko baikaitu, beste batek, Internetik ez eta paperean, eta beste
batek telebista aurreko sofatik ikusiko gaitu. Gainera, bide berriak
ere etorriko dira.

  • Zer bide berrirako prestatzen ari zarete?

Sakelako telefonoa iraultzatxoa izango da oraindik. Ekimen
txiki batzuk egiten ari gara, gure informazioa telefonoaren bidez ere
zabaltzeko. Etorkizuna ere horietatik etorriko da; ez daude alferrik
horrenbeste Iphone edo bestelakoak salduta munduan. Kontuan izan behar
dugu telefonoan dagoeneko bideoak, podcastak eta edozein gauza jaso
dezakegula. Guk zera nahi dugu, aurrean egotea, ez geratzea lo.

  • Horrela ibiliko den kazetari batek irudiak, soinuak
    eta hitzak lantzen aditua izan beharko du. Ez al da hori ezinezko
    superkazetari bihurtzea eskatzea?

Ez. Zer eskatzen zaio bada gaur kazetariari? Ulertzea ekonomiaz, Interneteko azken freak-eriaz,
udaletxetako hainbat batzordeetako gaiez, arteaz… Posible al da hori?
Zer da errazago, horrenbeste gaietan aditua izango den kazetaria
bilatzea edo hainbat tresna menperatuko dituena bilatzea? Nire ustez
askoz errazagoa da bigarrena. Gai batean aditua den kazetariak
erabilita, kalitatea hobetuko dugu, sinesgarritasuna handituko dugu,
eta hartzailea pozez egotea lortuko dugu.

  • Zer egin behar dute euskarazko hedabideek, gaur,
    Euskal Herrian, gaztelaniazkoei aurre egiteko? Aldaketaz baliatuta, ba
    al dago bidezidorrik?

Bizkorrak izan behar dugu. Hor egon, aurrean, eta geure mugak
zabaldu. Ez dugu gertu-gertura begiratu behar. Izan ere, gauzak bizkor
aldatzen ari dira, guk uste baino azkarrago. Jende ona dago hemen azken
tresnak geurera moldatzen, baina ez dugu asmatzen egiten duguna
begibistan uzten. Zer edo zer egiten dugu, baina hori saldu behar dugu,
eta hor dago geure arazotxoa.

  • Interneten kopuruak oso garrantzitsuak dira;
    esaterako, Wikipediak funtzionatzen du, horretan dabiltzanak milioiak
    direlako. Ez al du horrek euskararen kontra jokatzen?

Nanoaudientzietan sinesten dut, eta uste dut gero eta garrantzi
handiagoa izango dutela. Blogena, esaterako. Asmatu behar dugu
nanoaudientzia horiek batzen, eta komunitate sendoagoak eraikitzen.

  • Egin daiteke hori, gaur hemen Interneterako loturarengatik kobratzen dutena ikusita?

Amsterdamen wifia edozein lekutan dago, eta aireportuan ere
doan da. Hemen ez, ordea. Lotsagarria da operadoreek kobratzen dutena.
Hor geure iraultzatxoa egin beharko genuke, inork zer esango itxaron
gabe: wifi komunitarioak sortu, esaterako. Egin egin beharko dugu.
Zergatik ez dugu lotura merkeagoa eta hobea? Ez dago arazo teknikorik,
merkatu legea baino ez da. Administrazioak ere zer edo zer egin beharko
luke, herrialdea atzera gelditzea nahi ez badu.

Munillaren kontra baino gehiago familien alde

Egia esan, ni ez naiz nor Munillak zein postu bete behar duen argitzeko. Kristau ikasbidean hazia eskolan zein etxean, Arrasateko viatoristekin ikasia… baina ez, ez dut nire egiten Eliza. Kanpo ikusten dut nire burua. Hori horrela, badirudi elizanteei dagokiela gotzainaren hautaketaren gaineko erabakia. Horrela litzateke Eliza ez balego militarrak bezainbesteko hierarkizatu; edo gotzaina izendatuko balitz Alemanian, Austrian edo Suitzan moduan. Ez da kasua. Madrilek izendatu du Munilla eta kito. Hain zuzen ere, Nafarroan Fernando Sebastian izendatu zuten letxe: inperatiboz, bertako Elizari kontsulta egin barik.

Izendapenaz iritzirik ez, baina bai Munillek, biek, Debagoienean (ere) izan duten jardun ilunaz. Gogora datozkit familia apurtuak, horiek merezi dute gure begirunea, eta ez  zaie laguntzen Gipuzkoako Elizak “baztertu” zituztenak gotzain izendatzen.
Gure herrietako alabak barrote barrura bultzatuta (beti neskak izatea ere bada ba!): belauniko egiten dituzte ordu pila bat belaunak zisko egin arte, beste neska ezagun batek lurrean egiten du lo, harri gainean. Badaude familia bakarra komentuko harresitik barrura dutela diotenak, amari ere kasu pitorik egin barik. Oso ordu gutxi lo eginda, gosea pasatzen, karitatetik lortzen dutena bakarrik jaten… Gotzainak horrela ereingo du fedea 2010ean?

> Jose Ignacio Munilla famatua zen lehen ere. Informazio bila jo dut  eta enticonfio.com webguneko Munillaren artikuluak irakurtzeak zer pentsatua sorrarazi dit. Gipuzkoa eta gipuzkoarrak hori baino aurreratuago daudelakoan nago, baita Gipuzkoako Eliza ere.

> Euskal Herrian erreportajerik ez dut ikusi… Munillak 30 elkarrizketa eman ditu 6 egunetan, baina bertako Elizakoei Katalunian egin dizkiete galderak: Txema Auzmendi,
Koldo Rodrigez, Iñazio Arregi, Joxe Agirre, Javier Vitoria… Euskal
elizanteak izendapenaz berbetan. Zeresana izan, eta esan egiten dute:
libre, ezkutatu barik.
Catalunyareligio.cat. Hemen hiru bideoak:

Gabonetako e-postalak-edo

Jaso ditut 70 mezutik gora. Badakit oraindik gehiago ere helduko direla eta % 90 izango dira pisutsuak, birusen bat egongo da ehuneko horien arten, asko dira Gabonetako bola diztiratsuekin edo zuhaitz itsusiekin eginak, hizkuntzaren gaineko errespetu gutxi…

Spama diren? Gehientsuenak lagunek bidaliak dira, enpresa harremanetik sortutako ezagunek… asko dira harreman pertsonal ona izatera heldu naizen jendearenak. Nire helbidea nik neuk emandakoa da eta enpresa bateko parte naizen aldetik publiko xamarra ere bada erabiltzen dudan posta helbidea. Ezin esan spama denik, beraz. Asko, eskertu ere egiten ditut eta borondate ona egongo da, baina…

Hainbat eratako mezuak daude. Jaso ditudanetako batzuk:

PDF mezuak: jode, gainera mezua eta pisua bidaltzen dizuela klik egin behar, beste programa bat zabaldu eragin eta han arbola ziztrin bat. Topagunetik horrelako hiru bidali dizkidate.

jpg mezuak: asko dira hauetakoak ere. Benetako pisua dute. Askotan dira ume baten argazkiarekin, edo Olentzero, edo postal erako argazkia eta gainetik “eragiok mutil” moduko mezuak… edo hau “Gabon zoriontsu (sic) eta urte berri on” JoxSystems enpresatik. Edo jpg pisutsu bat Euskal Kantuzaleen Elkartetik. Baita Aldundiko kirol sailetik, alderdi politikoren batetik, betsozale elkartetik gif bat…

pps mezuak. Puffff, okerrenetarikoak. Berez nago nahiko gogaitua hauekin, baina Gabonetan bidaltzeak biderkatu egiten du mezu hauekiko gorrotoa. Euskalteletik jaso dut horrelako bat. Ez da, seguruenik Euskaltelek orokor moduan darabilena, baina zer esango dizuet ba, erdaraz egoteaz gain mezu-kate tipiko horietako bat, hoaxes bat goitik behera komertzialak bidali didana.

Testu hutsezko mezuak: ez, ez dira seguruenok erakargarrienak estetikoki, baina testua baino ez izateak badu niretzat erakarpen bat. Euskararen Aholku Batzordeko teknikariengandik jaso dut horrelako bat. Aspaldi ez nuen hauen berri. Gustatu zait.

Elebitako mezuak. Izan testu hutsekoak, argazkiekin etab. Ez ditut gustuko. Pentsatzen dut bidaltzaileak badakiela nora bidaltzen duen, ba joño, ez legoke gaizki hizkuntza bakarrean bidaltzea. Bidaltzaileak egin ez duena egiteko eskatzen didate niri eta ez dut gustuko.

– Hiru edo lau, edo hamaika eletan daudenak: gggrrrr. Oso desfasatua geratu da estilo hau, ez? urtero egiten du norbaitek: Feliz Navidad, Bon Nadal, Merri christmas… Lenbur fundaziotik jaso dut horrelako bat

Klikagarri direnak. Gipuzkoako Aldunditik jaso dut bat. Gustatu zait. Ideia gustatu zait. Landua da, klik egitera bultzatzen du… Eta pisurik handiena beraien webgunean jarri dute. Hizkuntza bakarrean… Ondo. Elkar liburu dendatik ere jaso dut. Polita, pisurik ez didate bidali, baina oraindik ez dira enteratu euskara hutsean bidalita nahikoa dela. Hori bai, detaile polit bat jarri dute: “elkar liburu dendako promozio mezu gehiago jaso nahi ez badituzu klik egin
hemen.

Ikus-entzunezkoen garaian gaudela gutxik dakite, antza. Polita, goxoa eta musika ia perfektuarekin jaso dut Goierri Telebistako lagunen mezua. Gustura jasotzen den mezu horietako bat, originala, aukeratua, landua… ederra! Zorionak!

Helbide guztiak bistan dituztenak: en fin, hau netiketa kontu bat da, baina egunotan areagotzen den ohitura txar  bat. Denek dakite zenbati, zeini, zeini ez… bidali diren mezuak. GGGGRrrrrrrr. Norbere helbidea gero eta publikoago… en fin, errespeto falta ere bada. Gipuzkoako Aldunditik posta ona jaso dudan moduan hauetakoa ere jaso dut.

Erregearen postala. Klasiko bat dagoeneko. Aurten ikus-entzunezkoa ere ikusi dugu, baina niri jpg erako pare bat lekutatik heldu zait horrelakoa, Bienvenido Gil enpresatik eta herriko alkatetzatik. Sailka nezakeen jpg erakoen tartean, baina honek badu bestelako txispa bat. Postalaz gain mezu pertsonalizatuak izan dira eta horrek libratzen ditu.GabonEPosta2
Seguruenik mila modu daude urte berria modu egokian opatzeko, baina egokiak ez diren batzuen laburpena egin dugu hemen: ez bidali pisurik, kontuz dokumentu atxikiekin, ez bidali arrunkeriarik, ez helbide guztiak bistan, zaindu hizkuntza mesedez, egoki idatzi eta hizkuntza hautatuz, orokorkeriarik ez…