Sarien seriotasunetik Bajo Ulloaren ganberrokerietara

Sail ofizialeko estreinaldiez gain, berri gehiago izan zen atzo Donostiako Zinemaldian. Hala, Zinema Eraikitzen saria eman zioten Juan Martin Hsu zuzendari argentinarrari, La Salada filmearengatik. Dena dela, arreta handien eman zuena Juanma Bajo Ulloa gasteiztarra izan zen, Rey Gitano filma aurkezteko modu bereziarengatik: Espainiako erregearen moduan jantzitako aktorea ekarri zuen, “Hemen da zuen erregea!” aldarriarekin.

La Salada filmari emandako sariaren berri eman zuten atzo San Telmo Museoan. Zinema Eraikitzen saria filmatutako baina bukatu gabeko proiektuei ematen zaie, eta horren bitartez, zenbait enpresa film hori postproduzitzera eta Espainian banatzera konprometitzen dira. La Salada Argentinan gertatu den immigrazioaren gaineko filma da. Koreatik, Boliviatik eta Taiwanetik etorritako pertsonaiak agertzen dira.

Sarien seriotasunetik guztiz bestaldean agertu zen atzo Donostian Juanma Bajo Ulloa zuzendaria. Maria Cristina hotel inguruan halako jaialdi edo agerraldi bat egin zuen, Rey Gitano filma aurkezteko. Espainiako errege-familiaren gaineko komedia ganberroa da. “Umorea erreibindikatzen dugu, dagoeneko ez digutelako txantxak egiten ere uzten”, esan zuen. Filma guztiz modu “libre eta independentean” egin duela esan zuen, Galiziako eta Andaluziako ekoizleek diruz lagunduta, eta Eusko Jaurlaritzak hurrengo proiektuetan lagunduko dion itxaropena azaldu zuen Bajo Ulloak.

Atzoko jaialdian, txantxak eta parodiak etengabe egin zituen Bajo Ulloaren taldeak: besteak beste, Espainiako ereserki berri bat kantatu zuten. “Bada ordua zinegileok barrea eragiten has gaitezen, orain arte hori monarkiak eta politikariek bakarrik egiten dute-eta”, esan zuen zuzendariak.

Zinemaldia, euskaraz

Hollywoodeko izarrek baino distira gutxiago izango dute gure izarrek, baina atzo –martitzena–, gala eta ondorengo festan, Euskal Herrian egiten den zinea osasuntsu dagoela argi utzi zuten. Mireia Gabilondoren ‘Amaren Eskuak’ filmak aurtengo txalo zaparrada handienetako bat jaso zuen.

Atzo iluntzean euskal zinemagintzak bere gala handia ospatu zuen. 20:00ak inguruan hasi zen jendea antzokira gerturatzen eta, gala hasteko minutu gutxi batzuk falta zirenean, ilara izugarria zen.

Gala hasi aurretik, oraindik jendea kanpoan zain zegoenean, antzokiaren sarreran, Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek besarkada beroa eman zion Juanba Berasategi marrazkigile eta ekoizle gipuzkoarrari. Berasategik zain zituen Martin Garitano –Gipuzkoako ahaldun nagusia–, Joxean Muñoz –Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea– eta baita Iñigo Urkullu –lehendakaria- ere.

Aurten Euskal Herrian egindako ekoizpenei oihartzun handiago bat emateko parada den arren, Zinemirak, urtero, gure zinemagintzari lagundu dion pertsona bat saritzen du, eta aurten Juanba Berasategik jaso du saria. Berasategik, hunkituta, lagunartekotasuna goraipatu nahi izan zuen. “Eskerrik asko, lagunak. Aurten niri tokatu zait”, esan zuen zinemagileak, agertokira txalo artean igo ostean.

Bere ostean, Mireia Gabilondoren Amaren Eskuak filmaren mundu mailako estreinaldiaren una iritsi zen. Bere lagun askok onartu zuten bezala, “une berezia” zen. Produktoreak hartu zuen hitza eta, “zinea bultzatzea herri baten kultura eta izaera bultzatzea” bezala dela gogoratu ostean, Gabilondori eman zion hitza. Honek lantaldeari eskaini zion estreinaldia eta “ama guztiei” egindako omenaldi bat zela azpimarratuz amaitu zuen bere hitzalditxoa. Alzheimer gaitz krudelak gaixoaren inguruan sortzen dituen gorabeheretan zentratzen den filmak aurtengo Zinemaldiko txalo zaparradarik handienetako bat jaso zuen.

Gala amaitu bezain pronto, gonbidatu ugarik Bataplanerako bidea hartu genuen. Bertan, gure zinea promozionatzeko gure produktu gozo eta ezagunenak dastatzeko aukera izateaz gain, Mireia Gabilondorekin hitz egiteko aukera izan genuen. Lasaiago zegoen, eta jendeak izandako erantzunaren ostean, oso pozik. Hala ere, benetako azterketa aurki iritsiko da: “Laster Euskal Herrian, Madrilen eta Bartzelonan estreinatuko da eta hortik aurrera… batek daki”, zioen Gabilondok. Bere gaua zen, eta jende askoren goraintzi eta zorionak jasotzen utzi genuen zuzendari bergararra.

Askoren ustez, gauak festarik festa pasatzen ditut, baina ni ez naiz bakarra. Atzo Bataplanen debagoiendar mordoxka batu ginen. Alfonbra gorri eta photocall gabe, baina labeldun glamourra eroan genuen diskotekara.

Festa berean Asier Altuna Kixirekin hitz egiteko aukera ere izan genuen. Aitortu zigun bezala, “ez nago urduri, gustukoen dudan filma aukeratu dut”.

Ez da ardura txikia, Zinemira saileko Irizar saria 20.000 eurokoa da-eta.

Sail ofiziala

Lehiaketa nagusira bueltatuz, Jonathan Teplitzkyren The Railway Man filmak harrera ona izan du ikusleen aldetik, zenbait momentutan hunkidura uneak sortu ditu, eta amaieran txaloak entzun dira. Filma egiaz gertaturiko ekintzetan oinarritzen da, eta prozesu luzea izan da. Lehenik eta behin, Lomaxek berak idatzi zuen izen bereko autobiografiaren eskubideak erosi zituzten. Ondoren, bikotearekin harremanetan jarri ziren. Denborarekin zuzendari-gidoigileen eta aktoreen eta senar-emazteen artean harreman estua sortu da. Horren guztiaren emaitza da pelikula.

Eric Lomax Bigarren Mundu Gerran japoniarrek harrapatu eta Myanmar eta Thailandia artean kokatutako lan esparru batera eraman zuten ofizial britainiar erretiratua da. Han, baldintza gogorrei aurre egiteaz gain, torturak jasan zituen. Orain, Ingalaterra iparraldean bizi da emaztearekin, baina gertaera haien mamuek behin eta berriz aztoratzen dute.

Bestalde, Fernando Eimbck-ek Club Sandwich aurkeztuko du, Paloma amak eta Hector 15 urteko semeak duten harreman berezia erakusten duen lana. Oporretan kostaldean daudela, Hectorrek Jazmin nerabea ezagutuko du, eta, haren eskutik, amodioa eta sexua ere bai. Hector bere altzoan gordetzeko borrokatuko da ama hasieran, sinesgogor, baina mutikoa nagusitzen ari dela eta iraganari ezin diola eutsi konturatuko da.

Zorionez, ez da nerabe zoro batzuen orgietan geratzen eta, lehen zati aspergarri baten ostean, bukaera aldera umore puntua ere badu.

P.D.: Txutxu-mutxu ofiziosoek diotenez, agindutako izarrez gain, beste bat ere etorriko da. Zin egiten dut, konfirmatzen dudan bezain pronto, hemen kontatuko dudala.

  • SORPRESA: Zinemirara lehendakaria etorri izana. Amaren eskuak filmeko lantaldeari agindu zion moduan, bere hitza bete eta Victoria Eugenia Antzokira etorri zen.
  • ONA: Kelerrek Kursaaleko terrazan jarri duen gunean, garagardoen artean sortzen diren tertuliak. Industria, gonbidatuak, prentsa… guztiok elkartzen garen topaleku polita bihurtu da garagardo karpa. 
  • TXARRA: Sail ofizialeko lehiaketan dagoen The Railway Man filmeko protagonistek, Colin Firth eta Nicole Kidmanek, huts egin izana.

(Argazkiak: Haritz Dendategi).

Atzo estreinatu zen Donostiako Zinemaldian ‘Amaren eskuak’ filma

Mireia Gabilondo zuzendari Bergararrak ‘Amaren eskuak’ filma estreinatu zuen atzo Donostiako Zinemaldian. Zinemira jaialdi barruan, euskal zinegintzaren festan, estreinatu zuen eta sekulako txalo zaparrada jaso zuen filmak.

Atzo iluntzean ospatu zen euskal zinearen festa nagusia Donostiako Zinemaldian, eta Mirei Gabilondo bergararrak berebiziko garrantzia izan zuen. Atzo estreinatu zuen Amaren eskuak filma, jendez goraino bete zen Victoria Eugenia antzokian; estreinatu bakarrik ez, sekulako txalo zaparrada jaso zuelako Gabilondoren azken lanak.

Zinemira, lagun arteko festa da, euskal zinema eta zinemagileak batzen dituen festa handia, eta Victoria Eugeniako ateak zabaldu ziren momentutik, hainbat aurpegi ezagun ikusi ziren alfonbra gorrian.

Gala hasteko, Juanba Berasategik; marrazkilari, zuzendari zein ekoizleak, Zinemira saria jaso zuen. Sariak, euskal zinemagintzan egindako ibilbidea aitortu zion; Kalabaza Tripontzia edota Ipar Haizearen Erronka-ren marrazki bizidunen egileari, eta bihotzez eskertu zuen lagunek emandako saria.

Ondoren, Mireia Gabilondo eta bere lantaldearen momentua heldu zen, Amaren eskuak proiektatzeko momentua. Karmele Jaioren eleberrian oinarrituz, oso istorio kuttuna eta hurbilekoa sortu du Gabilondok. Ama eta alaba baten arteko harremanean murgiltzen du ikuslea. Errua, maitasuna, ezberdintasunak, eta guztiaren gainetik, bi emakume hauen arteko parekotasunak azalean geratu dira.

Besteak beste ama guztiei, eta bereziki kamera aurrean zein atzean egon den lantaldeari eskaini zien filma. Filmak sekulako txalo zaparrada jaso zuen, eta egubakoitzean bertan estreinatuko da zinema komertzialetan.

Euskal zinemaren gau hunkigarria

Euskal zinemaren gaua izan zen bart Donostiako Zinemaldian. Mireia Gabilondo bergararraren Amaren eskuak filmaren aurkezpen gala izan zen, zuzendari eta protagonistekin; bestetik, Juan Bautista Berasategik Zinemira saria jaso zuen.

Juanba Berasategi, Zinemira sariarekin. (Argazkia: Donostiako Zinemaldia).

Urkullu lehendakaria, Garitano ahaldun nagusia eta beste ordezkari politiko batzuk izan ziren bart Victoria Eugenian. Lehenengo, Juanba Berasategiri (Pasaia, 1951) saria eman zioten. Hunkituta jaso zuen hark. Euskal animazioaren bidea urratzen hasi zen, 1984an Kalabaza tripontzia egitearekin bat. Bere esanetan, atzera begiratu eta bere filmak ikusten dituenean, “askotan gustatzen ez” zaizkiola esaten du. Saria bere ogibideko “profesional guztiei eta lagun guztiei” eskaini zien eta emazteari eskerrak eman zizkion betidanik eman dion babesarengatik.

Euskal zinemarendako laguntza eskatu zuten

Segidan, Mireia Gabilondoren eta Amaren eskuak filmaren txanda etorri zen. Filmaren ekoizleak erakundeen babesa eskatu zuen euskal zinemagintzarendako. Gero, Gabilondok esan zuen “lantalde handi bat” dagoela filmaren atzetik, ez egile bakarra. Filma bota zuten gero; bertan, ama-alaba batzuen harremana kontatzen da. Amak Alzheimerra du eta amaren eta alabaren arteko harremana nola aldatzen eta sakontzen den erakusten du filmak. Bukaeran, txalo zaparrada handia jaso zuen. Irizar Saria jasotzeko lehian da Amaren eskuak, beste hiru filmekin batera.

Horrez gain, atzo aurkeztu ziren, sail ofizialean, Manuel Martín Cuencaren Caníbal, David Truebaren Vivir es fácil con los ojos cerrados eta Bertrand Tavernierren Quai d’Orsay.

Azkenean barreen tartea iritsi da

Sail ofizial sakon eta mardul baten ostean, Bertand Tavernier zuzendari frantsesak eta David Trueba zuzendari espainiarrak umore puntu bat jarri diote lehiaketa nagusiari. Gaur gauean, gainera, euskal zineak bere gala izango du. Bertan, Mireia Gabilondok, ‘Amaren eskuak’ filma estreinatuko du.

Sail ofiziala

David Trueba hunkitzen zaituen zuzendari horietako bat da. Bere istorioei samurtasun berezia darie, eta Vivir es facil con los ojos cerrados luzemetraia komedia bat den arren, bere estiloa oso agerikoa da. Javier Camara aktorea da protagonista nagusia eta nagusi egin den Francesc Colomer (Pa Negre) nagusiago batekin berriro elkartzeko istorio aproposa dugu hau.

1966an, John Lennon krisialdi existentzialistan dago; Beatlesekin behin betiko amaitzea erabaki du eta aktore izan nahi du. Hala, Almeriara joango da Richard Lester-en agindupean gerraren kontrako film bat grabatzera: Gerra nola irabazi nuen. Antonio, Albaceteko ikastetxe xume bateko ingeleseko irakaslea, Almeriara joango da Lennon ezagutzera, eta ezohiko eskaera bat egingo dio. Bidean, gerora lagun bihurtuko diren bi ezezagun batuko ditu, eta hirurak, nahi gabe, euren eguneroko arazoak atzean utzi, eta bizimodu berri baterantz abiatuko dira.

Sail ofizialeko gaurko bigarren pelikula ere, komedia bat izan da. Tavernier eskarmentu handiko zuzendaria da, eta bere eskua oso agerian geratzen da. Politikaren alde ezkutuan barneratzen da, eta umoreaz baliatzen da kontakizunari abiadura emateko. Kanpo arazoetako ministroaren bulegoan gertatzen diren uneak modu txoro batean kontatzen ditu Tavernierrek Quai D`Orsayn. Diplomazia arazoak, politikariaren kanpo irudia, diskurtsoak, iritzi aldaketak, nazioarteko krisiak… guzti horri punta ateratzen dio zuzendari frantsesak. Dudarik gabe, Kursaalen barre gehien eragin dituen filma izan da.

Gidoia txalotzekoa da eta Thierry Lhermitt aktorearen lana ere, bikaina. Historikoki komediek ez dute zorte handirik izan Zinemaldian eta horrek zapatuko palmaresean egoteko aukerak murrizten dizkio.

‘Gravity’

Atzoko pasea hizki larriz idatzitako horietako bat zen. Venezian alde eta kontrako kritika ugari jaso ostean, Cuaron aita-semeen Gravity  ikusi genuen. Pelikulako irudiak poesia hutsa dira, eta derrigor zinema areto batean ikusi beharreko zinta horietako bat da.

Zoritxarrez, argumentua ona den arren, larregi errepikatzen da, eta horrek ez du gehiegi laguntzen. Bi aktoreen lana, Sandra Bullock eta George Clooneyren lana, ez da bikaina, baina ondo dago. Orokorrean, jende gazteak gustura ikusi du filma, nagusiagoek aldiz… ez dute filma horrenbeste goraipatu. Hollywoodeko film askorekin gertatzen den moduan, entretenimenduak beste guztia estaltzen du.

Euskal zinearen gaua

Bertakoen gaua izango da gaurkoa: Victoria Eugenia antzokia Euskal Herriko glamourraren erakusleihoa izango da, alfonbra gorri eta guzti. Gure zinearen gala amaitu eta gero, Mireia Gabilondo zuzendariaren Amaren eskuak filma emango dute.

Amaren eskuak aurten  Zinemiran pate hartzen duen fikziozko luzemetrai bakarra dugu. Karmele Jaioren eleberrian oinarrituta, Mireia Gabilondok zuzentzen duen istorio honek 38 urteko emakume bati buruz hitz egiten digu. Guk zuzendariarekin tarte txiki bat izateko aukera izan dugu. “Oso barruko istorioa iruditu zitzaidan, oso ondo idatzita. Gauza txikiez oso polito hitz egiten duena, sentimenduez, emozioez. Eta oso identifikatua sentitu nintzen”, azaldu digu Bergarako zuzendariak.

Istorioa unibertsala eta gaur egungoa da. Harremanei buruz hitz egiten du, barnean sendatu ezinik geratzen zaizkigun gauzei buruz. Baina bizitzari aurre egin behar zaiola azpimarratu nahi du: “Bizitza bizi egin behar da, ez dago besterik”.

Gabilondo ez dago urduri eta horrenbeste mimoz egin duen filma erakusteko irrikaz dago. Igo dadila bada antzokiko oihala!

Victoria Eugeniako galaren ostean, gaur berriro bueltatuko gara Bataplanera. Atzo, eguneko bosgarren filma ikusi eta gero, Canibal pelikularen festara gerturatu ginen. Ez zen jende askorik joan, baina protagonistarekin hitz egiteko aukera izan genuen.

Zapatuan jakingo dugu Zilarrezko Maskorra jasotzen duen edo ez; momentuz, baina, De la Torrek “saria urrun” ikusten duela aitortu zigun.

  • SORPRESA: Jonas Cuaron, Alfonso Cuaronen semearen talentua. Bere aitaren ospeak dezente lagundu dion arren, ibilbide luzea izango du zinemagile gazteak. Laster Gael Garcia Bernalekin pelikula bat egingo du; ziur, laster aitak duen ospe bera izango duela.
  • ONA: Animazioa aurtengo zinemaldian izaten ari den babesa. Atzo, Animatopia, atzera begirakoaren liburua aurkeztu zen, eta ekitaldira jende asko gerturatu zen.
  • TXARRA: Principe aretoetan ez dago estaldurarik, eta aurten sare sozialak izaten ari diren oihartzuna ikusita, pena handia da.

(Argazkiak: Haritz Dendategi).