Zinemaldia, euskaraz

Hollywoodeko izarrek baino distira gutxiago izango dute gure izarrek, baina atzo –martitzena–, gala eta ondorengo festan, Euskal Herrian egiten den zinea osasuntsu dagoela argi utzi zuten. Mireia Gabilondoren ‘Amaren Eskuak’ filmak aurtengo txalo zaparrada handienetako bat jaso zuen.

Atzo iluntzean euskal zinemagintzak bere gala handia ospatu zuen. 20:00ak inguruan hasi zen jendea antzokira gerturatzen eta, gala hasteko minutu gutxi batzuk falta zirenean, ilara izugarria zen.

Gala hasi aurretik, oraindik jendea kanpoan zain zegoenean, antzokiaren sarreran, Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek besarkada beroa eman zion Juanba Berasategi marrazkigile eta ekoizle gipuzkoarrari. Berasategik zain zituen Martin Garitano –Gipuzkoako ahaldun nagusia–, Joxean Muñoz –Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea– eta baita Iñigo Urkullu –lehendakaria- ere.

Aurten Euskal Herrian egindako ekoizpenei oihartzun handiago bat emateko parada den arren, Zinemirak, urtero, gure zinemagintzari lagundu dion pertsona bat saritzen du, eta aurten Juanba Berasategik jaso du saria. Berasategik, hunkituta, lagunartekotasuna goraipatu nahi izan zuen. “Eskerrik asko, lagunak. Aurten niri tokatu zait”, esan zuen zinemagileak, agertokira txalo artean igo ostean.

Bere ostean, Mireia Gabilondoren Amaren Eskuak filmaren mundu mailako estreinaldiaren una iritsi zen. Bere lagun askok onartu zuten bezala, “une berezia” zen. Produktoreak hartu zuen hitza eta, “zinea bultzatzea herri baten kultura eta izaera bultzatzea” bezala dela gogoratu ostean, Gabilondori eman zion hitza. Honek lantaldeari eskaini zion estreinaldia eta “ama guztiei” egindako omenaldi bat zela azpimarratuz amaitu zuen bere hitzalditxoa. Alzheimer gaitz krudelak gaixoaren inguruan sortzen dituen gorabeheretan zentratzen den filmak aurtengo Zinemaldiko txalo zaparradarik handienetako bat jaso zuen.

Gala amaitu bezain pronto, gonbidatu ugarik Bataplanerako bidea hartu genuen. Bertan, gure zinea promozionatzeko gure produktu gozo eta ezagunenak dastatzeko aukera izateaz gain, Mireia Gabilondorekin hitz egiteko aukera izan genuen. Lasaiago zegoen, eta jendeak izandako erantzunaren ostean, oso pozik. Hala ere, benetako azterketa aurki iritsiko da: “Laster Euskal Herrian, Madrilen eta Bartzelonan estreinatuko da eta hortik aurrera… batek daki”, zioen Gabilondok. Bere gaua zen, eta jende askoren goraintzi eta zorionak jasotzen utzi genuen zuzendari bergararra.

Askoren ustez, gauak festarik festa pasatzen ditut, baina ni ez naiz bakarra. Atzo Bataplanen debagoiendar mordoxka batu ginen. Alfonbra gorri eta photocall gabe, baina labeldun glamourra eroan genuen diskotekara.

Festa berean Asier Altuna Kixirekin hitz egiteko aukera ere izan genuen. Aitortu zigun bezala, “ez nago urduri, gustukoen dudan filma aukeratu dut”.

Ez da ardura txikia, Zinemira saileko Irizar saria 20.000 eurokoa da-eta.

Sail ofiziala

Lehiaketa nagusira bueltatuz, Jonathan Teplitzkyren The Railway Man filmak harrera ona izan du ikusleen aldetik, zenbait momentutan hunkidura uneak sortu ditu, eta amaieran txaloak entzun dira. Filma egiaz gertaturiko ekintzetan oinarritzen da, eta prozesu luzea izan da. Lehenik eta behin, Lomaxek berak idatzi zuen izen bereko autobiografiaren eskubideak erosi zituzten. Ondoren, bikotearekin harremanetan jarri ziren. Denborarekin zuzendari-gidoigileen eta aktoreen eta senar-emazteen artean harreman estua sortu da. Horren guztiaren emaitza da pelikula.

Eric Lomax Bigarren Mundu Gerran japoniarrek harrapatu eta Myanmar eta Thailandia artean kokatutako lan esparru batera eraman zuten ofizial britainiar erretiratua da. Han, baldintza gogorrei aurre egiteaz gain, torturak jasan zituen. Orain, Ingalaterra iparraldean bizi da emaztearekin, baina gertaera haien mamuek behin eta berriz aztoratzen dute.

Bestalde, Fernando Eimbck-ek Club Sandwich aurkeztuko du, Paloma amak eta Hector 15 urteko semeak duten harreman berezia erakusten duen lana. Oporretan kostaldean daudela, Hectorrek Jazmin nerabea ezagutuko du, eta, haren eskutik, amodioa eta sexua ere bai. Hector bere altzoan gordetzeko borrokatuko da ama hasieran, sinesgogor, baina mutikoa nagusitzen ari dela eta iraganari ezin diola eutsi konturatuko da.

Zorionez, ez da nerabe zoro batzuen orgietan geratzen eta, lehen zati aspergarri baten ostean, bukaera aldera umore puntua ere badu.

P.D.: Txutxu-mutxu ofiziosoek diotenez, agindutako izarrez gain, beste bat ere etorriko da. Zin egiten dut, konfirmatzen dudan bezain pronto, hemen kontatuko dudala.

  • SORPRESA: Zinemirara lehendakaria etorri izana. Amaren eskuak filmeko lantaldeari agindu zion moduan, bere hitza bete eta Victoria Eugenia Antzokira etorri zen.
  • ONA: Kelerrek Kursaaleko terrazan jarri duen gunean, garagardoen artean sortzen diren tertuliak. Industria, gonbidatuak, prentsa… guztiok elkartzen garen topaleku polita bihurtu da garagardo karpa. 
  • TXARRA: Sail ofizialeko lehiaketan dagoen The Railway Man filmeko protagonistek, Colin Firth eta Nicole Kidmanek, huts egin izana.

(Argazkiak: Haritz Dendategi).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude