Etiketaren artxiboa: dentista

Dentistarenean

Aspaldiko partez egon nintzen atzo dentistarenean. Kontsulta dagoen etxeko atarira sartu bezain laster hartu nuen dentistareneko usaina, usain ahaztezin hori. Atera hurbildu eta bazirudien ate azpitik halako gas pozoitsu gris bat ateratzen ari zela, ai ama! Txirrina jo nuen eta neska batek irten zuen harrera egitera, irribarre handi batekin. Eskerrak! -pentsatu nuen- barre behintzat egiten dute.

Atea gurutzatu eta usaina barren barreneraino sartu zitzaidan. Itxaron gelan nengoela hagineko mina hasi zitzaidan. Bat batean, lokartzeko ematen duten ziztada nabaritu nuen ahoan eta ahoaren ezkerreko aldea lokartzen hasi zitzaidan. Hori guztia usainarekin bakarrik!
 

Zer ote du dentistareneko usain horrek? Anbientadore bereziren bat ote da minik gabe joanda ere mina sentitzeko? Edo, besterik gabe, haginetako taladroak zulatzerakoan ateratzen duen usaina da? (uf, eta ze higuina ematen duen taladroak hagina zulatzerakoan…).  

Dena ondo

Ia ordu erdiz zain egon ondoren, iritsi zen nire ordua. Besaulkian etzan, ahoa zabaldu eta beste ezer imajinatzen hasterako… “oso ondo dakezu dana. Garbiketa bat eingo dizeu, sarro pixkat dakezu-ta. Hartu hurrengoako txanda”.

Horrelaxe, pixka bat mareatuta (dena psikologikoa da, badakit) eta poz-pozik irten nintzen dentistarenetik. Azaroaren amaieran daukat garbitzeko txanda, ordurako hobeto preparatuko naiz psikologikoki…