Martin. Cestero. Hondarribia.
(Adi, spoilerrak eduki ditzake, baita soja eta arrain arrastoak ere).
Ibon Martin idazle Donostiarraren La hora de las gaviotas (Plaza & Janés, 2020) nobela da egile honi irakurtzen diodan aurrenekoa. Inguruan makina bat irakurle dituen arren, eta nahiz eta bera ezagutzen duen gertuko lagun batek oso ondo hitz egin didan berari buruz, Orbaitzetako jendeari buruz aurreko lan batean eginiko deskribapen zenbaitek aurrereitzi negatiboak sortu zizkidaten berarekiko. Duela gutxi ordea lagun batek liburua oparitu zidan hemen iruzkintzen ari naizen liburua eta esker onekoa denez opariak irakurtzea, hasi nion lanari. Aurreneko lehen 100 orrialdeak irakurrita aspertu eta utzi ondoren, eske onetik haragoko borondatea eskatzen zidan, aste batzutara berriro hartu eta orduan bai gozamen momentuak eduki ditut liburuaren ondorengo hiru laurdenak irakurtzean.
Obra honetan Hondarribiko Alardea eta bertan dagoen tentsioak berebiziko garrantzia hartzen du. Martinek ondo islatzen du ohitura matxista zaharrek zatitutako herria, hurkoarekiko mesfidatia dena eta udal agintariek ospakizun faltsuekin estali nahi dutena herriaren irudia salbatzeari garrantzia handiagoa emanaz benetan arazoa ebazteari baino. Ane Cestero ertzainak, ez da bere lehen kasua, unitate berezi baten gidaritza hartzen du bere nagusia Donejakue Bidea egiten hasten den unean eta katramilatzen joango dira gertakizunak. Mugaren bi aldeak jokoan sartuz, lau herri izango dira hainbat krimen eta abentura gertaeren kokaleku, Cestero eta bere unitateak makina bat oztopo aurkituko dituzte.
Ondo egindakoen artean nabarmenduko nuke egileak ondoko jorratzen duela Hondarribiko elitearen jarduteko molde hipokrita eta zekena. Ez dira alferrik pasa bi hamarkada luze Dut taldeak Hondarribi Hills salatu zuenetik eta txakolindegiaren bueltan ematen diren hainbat pasartek ondo jasotzen dute hor den jende klasea: Mirenen tripulazioarekin arrazista, klasista eta gustu txarrean snob-a.
Ertzainen barruko triki-mailu eta ezinikusiak ere ondo islatzen ditu Martinek, eliteekin bat eginda dagoen tokian tokiko komisarioa, kasua ebatzi baino prentsari nola saldu presenteago duen nagusia etab.
Narratzaile orojakilearen erabilera ere ondo egina dagoela iruditu zait, fokua jartzen baitu gutxienez hiru protagonistengan (Cestero, Julia eta Madrazo) eta horrek ikuspegi ezberdinak emateaz gain arindu egiten du kontaera.
Konbentzitu ez nauten gauzen artean dago Cestero gaixoari gertatzen zaizkion desgrazia pila, gehiegi nire ustez, une batean hiru heriotzaren ardura duela iruditzen baitzaio. Hor ere iruditu zait ez duela damu edo min hori hainbestekoa izanda detektibe edo poliziek (fikzioan bederen) duten jokaera auto-suntsitzailerik erakusten. Lanarekiko adikzioa izan liteke bere ihesbidea, baina bateria indartsu jotzeaz harago ez dirudi lagun-min bat bere erruagatik hil denik. Eta ez diot gaizki sentitu behar duenik horregatik, bakoitzak daroa dolua ahal duen moduan, baina kontua da berak adierazten duela narrazioan damu-min hori eta ondoren esango nuke ez duela jokabidean horrekin bat egiten.
Beste kontua da ETAren gaia. Ia hirurehun eta berrogeita hamar orrialdetan pentsatu dut existitu egingo ez balitz bezala egingo zuela autoreak, Pasai Donibane ezagutzen duen edonorentzat ezinezkoa dena egiten baitu distritoa deskribatzean: hango mural eta aldarrikapen ugariei ezikusia egin. Horrez gain nire ustez harrigarri xamarra den eszena bat dago, poliziak tentsio une batean Barricadaren “No hay tregua” entzuten du eta kanta horren erabilera soziala aintzat hartuta txiribuelta kosmikoa iruditzen zait. Baina, nire ustez esanguratsuena bukaeran dator, Madrazo ertzaina bere aita etakidearen biktima batekin elkartzen denean Leonen eta honek torturak justifikatzen dizkionean:
-Lo que se hacía en Intxaurrondo era diabólico. Yo también he detenido a personas que se hubieran alegrado de verme muerto, y jamás les he puesto la mano encima- objeta Madrazo-. La tortura nunca puede ser justificable.
-Porque eres un buen policía. Estoy segura de que mi padre nunca torturó a ningún detenido, pero hay reacciones que son humanas. Si yo hubiera podido, habría sido la primera en matar a tu padre con mis propias manos. -Sus dedos se detienen en la M de Marchena-. Pero claro, quizá por eso yo no soy policía.
Egia da egileak sakabanaketak dakarren mina aipatzen duela eta Marchena alabaren kasuan gorroto erreakzio hori ulergarria dela. Baina, ze kasualitate, etakideen kasuan inoiz ez da erreakziorik ematen (reacciones que son humanas). Etakideak, Madrazoren aita kasu, espontaneoki hasten dira jendea hiltzen. Nire esperientziak besterik dio, ezagutu ditudan etakideen gehiengo handi baten kasuan hurbil dutela biktimaren bat, baina tira.
Martinen poliziek ez dute torturatuko, baina ez dute arazorik legea hausteko ikerketaren mesedetan. Legez kanpoko itaunketak eginaz edo lokalizazio aparatuak epaileen baimen gabe kotxeei itsatsita. Berri Txarrak entzutearekin uztargarria izan liteke hori Arkautetik irtendako promozio berrientzat, baina irakurle honek ahalegin handia egin behar du hori sinisteko.
Esanak esan, tarteka gustura irakurri dut liburua eta thrillerraren zale denak denborapasa atsegina aurkituko du. Gai sozial batzuk ondo jorratzen dira, beste batzuk azaletik eta topikotik (borroka ekologista adibidez), eta esango nuke euskal irakurlea eta kanpokoa asetzeko oreka zailean ez dela guztiz zauriturik ateratzen idazlea. Ez naiz genero honen zaleegi, gustukoago ditut bestelako nobela beltz klasikoagoak, baina ulertzen dut nire inguruko horrenbeste jenderi Ibon Martin gustatzeko gakoak non dauden.