Mussolini

Faxismoa. Italia. Ordena.

Nirekin ikasi, lan, militatu edo bizi izan den edonork badaki ordena ez dela nirea. Paperak, liburuak eta bestelako gauzak han eta hemen, ezin esan pulkroa naizenik kontu horietan. Badakit bertutea dela ordena, bake mentala eta hori guztia, baina etxe batean ezer ez bada gidoitik ateratzen, gaizki itxitako armairu ateren bat edota alfonbra abultatu bat, barruan zerbaitek krak egiten dit.

Beno, orden ezak edota desordenak baditu nire kasuan salbuespenak. Ez dago ordena edo desordena betierekorik. Liburu edo filme segida bat bada aurrenekotik hastea gustatzen zait. Serie luzeetan ez da erraza aurrenekoa topatzea, izan Corto Maltese edo Asterix eta Obelix, baina Eraztunen Jaunaz edota Indiana Jonesi buruz bagabiltza ezin ulertu Gondorreko erregearen historia Moriatik pasa gabe. Hau diot duela aste pare bat Arrasaten egon nintzelako “Ez donk amaitu” erakusketa ikusi asmoz lagun batzuekin batera, azkenean atzo ikusi nuen larunbat goizez itxia dagoelako, eta aholkatuta honako liburu hau hartu nuen bibliotekatik bidaia aprobetxatzeko edo: M. El hombre de la providencia (Alfaguara 2021, Carlos Gumperten itzulpena). Antonio Escurati italiarra da idazlea eta Mussolini eta faxismoari buruzko obra luze baten bigarren liburukia da. Aakaso egileak badaki zenbat liburu idatziko dituen, baina momentuz honetan 1932 urtera iristen da eta denok daki zerbait garrantzitsua falta dela kontatzeko. Obra honetan, nobela terminoa darabilte batzuek eta ziurrenik izan liteke, hibridazio ariketa den arren, baina egia esan berdin dit batek zakurra deitzen badio eta besteak Pitxita. Chirbesek horrenbeste gorroto zuen ariketa egiten du Scuratik: dokumentazio sendo batean oinarritutako fikzioa, pertsonaia historikoen barne pentsamendu, emozio eta gorpuzkerak fikzionatuz. Mussolini da protagonista, izenburuko M handi hori, baina aitzakia besterik ez da. Kontatzen dena da; bai, irakurri egin nuen, behin etxean edukita zer egingo nuen ba, nola herrialde demokratiko batek urte gutxian amildegitik salto egiten duen. Nola herrialde batek autosuntsitu ditzakeen bere erakundeak, nola normalizatu litekeen totalitarismoa, zinismoa, hipokresia, zabarkeria, indarkeria eta inperialismoa. Faxisten erretratu fidela da, haien txikitasuna, matonismoa eta diruzalekeria, kontatzen da baita ze lagun izan zituzten faxistek, izan monarkia izan oligarka industrial, eta nola ezin litekeen argudiatu indarkeria zinikoa erabiltzeko prest den horrekin.

Liburuaren egitura da bereizgarri eta aldi berean zama, kasu honetan bederen. Ikuspuntu motzak tartekatzen ditu, batez ere Benito eta Arnaldo Mussolini anaienak, baina baita Turati, Graziani, Sarfatti, Facchini eta enparauenak. Lasai, amaieran dakar pertsonaien zerrenda osoa. Ikuspuntu amaieran dokumentu errealak tartekatzen dira, Mussoliniri igorritako eskutitzak, liburu pasarteak, poliziak grabatutako deiak edo kopiatutako telegramak. Honek akaso irakurketa erritmoari egiten dio kalte, hortik zamarena, baina irabazten du zorroztasunaren saria. Niri Libiako gerrako pasarteak egin zaizkit gozagarri, baina zer esanik ez, Mussoliniren pertsonaiaren eraikuntza bizi dezakezu.

Hadrianoren oroitzapen izan edota Mren bizitza, bista da ez natorrela oraingoan bat Chirbesek bere egunerokoan zioenarekin.