Ozeanoa. Oihana, Quintana.
Konfiantzazko lekuan trabarik ez. Hala bizi dut Arrasateko Liburutegia, leku eder eta gozo gisa. Apalak ondo beteak, gomendioak zehatzak eta arreta profesionala. Gaurkoan irakurle baten gomendioa jarraituz hartu dut liburua, itsuan, eta ez nau batere dezepzionatu. La perra da liburua (Pilar Quintana, Penguin Random House 2019) eta badu sinplea dirudienaren sakontasuna.
Basora joatea bezalakoa da liburuaren orrietan murgiltzea. Badira baso batzuk, txikiak lehen begi kolpean. Pagadi txiki bat, hariztia, edota pinudia. Berdin dio. Kanpotik asekiblea izan liteke han sartzea, abentura kategoriarik inondik inora merezi ez duen paseoa. Baina behin basoan zaudela, itzalpean, kanpoko arauek ez dute balio. Pauso bakoitza ondo neurtu beharreko ariketa da lurrean diren enbor eta adarrengatik. Denboraren orratzak moteltzen dira. Zaratak ozenago dira eta tonuak ilunago. Basoan metro koadro bakoitzak du zer arakatu. Hori ez da parkean pasatzen. Basoak ohitua ez denaren zentzumenak nahas ditzake.
Quintanaren nobela (ipuin luzea?) oso sinplea da. Damaris eta Rogelio bi beltz txiro dira, lantxo ugari eginda minez bizi direnak. Rogelio zakarra da Damaris goxoa. Baina herria ez da edozein herri. Ozeanoa eta oihana batzen ditu. Bata gorpu gose eta bestea labirinto. Zakurrak ez dira soilik zakur. Zakurrak amatasun zauriak dira, erruduntasuna, gurasoen absentzia, txirotasuna, askatasuna, goxotasuna. Dena izan liteke zakurra eta aldi berean ez dio uzten ugaztun etxekoi hori izateari.
Idazlearen talentua, eta talentua behar da egin duena egiteko, nabarmena da. Honela hasten den nobela batek ezin du gaizki bukatu:
-Esta mañana la encontré ahí, patas arriba -dijo doña Elodia señalando un lugar en la playa donde se juntaba la basura que el mar traía o desenterraba: troncos, bolsas plásticas, botellas.
-¿Envenenada?
-Yo creo.
Nik ia hiru orduan irakurri dut, zeharo harrapatuta. Merezi du.