Tartaelada

Eguneko menua. NDE. Tradizioaren berritzea.

Zer den ahozkotasunaren grazia. Eguneko menua Fragak “asmatu” zuen BOEn argitaratu 1964an. Merezi du sarean aurkitu eta irakurtzeak. Memoria, garena eta tradizioaren lezio aparta eskaintzen digu.

Arrasateko Bibliotekaren lan onari esker hasi nuen tradizio berezi xamar bat. Musikariei buruzko liburuak, musikariek eurek idatzitako liburuak, irakurtzea euren doinu karta ezagutu aurretik. Johnny Cashek fedea besarkatu zueneko Negro sobre blanco, Reservoir Books 2018, eta hala iritsi naiz, oraingo honetan lagun batek oparitu didalako, Niño de Elcheren No comparto los postres lanera, Bandaaparte 2016.

Ezaguna nuen izenez bederen, ze eufemismo polita ia batere ezagutzen ez nuela aitortzeko, NDE edo Francisco Contreras Molina abeslari, musikari, idazle eta pentsalari elxtarra. Abestiren bat entzuna ziur, baina nahi baino nagiagoa naiz musika kontuetan. Gehiegitan itzultzen naiz gustuko dudanera eta kosta egiten zait bakardadean batez ere egiten dudan jarduera batera gonbidapenak luzatzea.

Itzul nadin harira. Granadako etorkinen seme Francisco, bere haurtzaro eta gaztaro goiztiarreko oroitzapenez osatuta testu laburrez osatutakoa da nire ustez bere liburuko atalik onena. Bere familiaren erretratua, ze hunkigarria aitona-amonen atala, bere auzunea, industria langileen bizipenen (eta desagertu den mundu baten) narrazioa… Abuela. Pan en sus bolsillos. Paseos cortos. Una sonrisa.

Politika zirto zorrotzak ere eskaintzen ditu orriotan, ezkerraren aurka fin, test oso interesgarria eskuineko flamenko abeslariei buruz. Pena horko erreferentzia asko ez ditudala ezagutzen, flamenkoaz ari naiz, eta ezin ditudala apreziatu egiten dituen ñabardurak.

Bada ere musika eta sormenari buruzko pasarte pare bat ere, Nando de la Cruz edota Marina Garcès bezalako pentsalariez lagunduta, eta gauza interesgarriak esaten badira ere ez zait iruditu beste atal batzuk bezain borobila.

Bi egun daramatzat NDEren abesti solteak entzunaz. Francis Bacon ardatza harturik egin zuen “Vaconbacon cantar las fuerzas” ikuskizuneko bideo zatiak. Reina Sofia museoan orain duen erakusketa hau ez dut uste ikusi ahalko dudanik pandemia tarteko. Sarean bost minutuz eginiko ikerketa afizionatu batek ere adierazten du artista polemikoa dela NDE, flamenkoa muturrera eroan duen artista ausarta batzuentzat eta iruzurtia besteentzat. Berak liburuan Euskal Herria edo Galizia eredu gisa aipatzen ditu, flamenko kontserbadoraren aurrean tradizioa ulertzeko modu aurrerakoia (omen, hau nire ekarpena da) dugulako.

Ez dut hain argi gure tradizioa ondo ezagutzen dudanik. Ziur asko UEUk argitaratu eta etxera iritsi zaidan Oier Araolazaren doktore tesiak beste zerbait dioskula. Nahiz eta, atzo Aretxabaletan Amorantek eginiko kontzertu puskaren ostean, egia baden entzuleen artean eskandalurako tarte txikia zegoela. Akaso beste batzuk egin zutelako bidea edota tradizio santu berriak eraikitzen ari garelako.

Eguneko menuen postre segida bizia zerbitzariaren ahoan. Ahozkotasun ondare dugu honezkero. Kro-kan-ti. Tar-ta-de-la-ca-sa. Ma-mi-a. Tar-tal-guix-ki. Eguneko menua Fragak asmatu arren turismoari harrera egingo zion herrialdea homogeneoa izateko. Gure gurea dugu. Ze arraroak diren iparraldeko aberrikideak.