Intriga. Krimenak. Ibon Martin.
Azken urteotan argitalpen ugari dago Orbaitzetako ola ardatz duena. Nire ustez, esanguratsuenak dira Malli Txaparrek eginiko historia ikerketa lan zehatz eta fina, Pamielak argitaratua eta hemen aurki dezakezuena, eta Ibon Martinen La fábrica de las sombras (Travel Bug, 2015) nobela, Leire Altuna idazlea protagonista duena. Ez zait horrenbeste gustatu Legartza errekaren ertzean ere kokatua den Asisko eta Joseviskiren Basolatik berri onik ez komikia, baina horrek eskatuko luke eskua beste dilista plater batean (edo batzuetan) sartzea eta ez dut streaptease horretarako aldarterik.
Ibon Martin idazle talentuduna da. Eta niri, talentu horri beldurrez, kosta egin zait niretzat horren interes bizikoa den Orbaitzetan girotutako lan hau esku artean hartzea (H)ilbeltza bekarako dokumentazio lanak behartu nauen arte. Zergatik? Batetik inguruko batzuk irakurrita aurpegi arraroa jarri izan didatelako nobela honi buruz galdetu ostean. Ba talentuz lizentzia artistikoak oharkabean pasatzen direlako eta lizentzia horietako batzuk zauriak irekitzen dituzten horietakoak direlako.
Ea ondo azal dezakedan goiko ideia hori: lizentzia bat da esaterako Urkuluko dorrea Olatik bertatik ikusten dela esatea. Ezinezkoa da, haranak hor duen formagatik, baina Martinek istoriorako ezinbestekoa du eta uste dut permititu dakiokeela mendien forma bihurritzea. Beste lizentzia bat da, sakonagoa zentzu guztietan, Mikel Zabaltzaren erreferentzia oro ezabatzea. Olako plazan bertan dago oroigarria, Zabaltza familiaren etxe parean, eta omisio esanguratsua iruditu zait bertan egiten zaiolako omenaldia urtero Mikeli… Bada lotura afektibo argi bat dago askoren artean, Ola eta Mikel. Esanguratsua da omisioa ez zaidalako iruditu politikaren fenomenoari, politika kontu zaharrei eta berriei, uko egiten dion idazle bat: Podemos alderdia hitzez hitz aipatzen du, frankismoaren hainbat ondorio xehe kontatzen ditu, Foruzain eta Ertzainen arteko eskumen banaketa aipatzen da… Ulertzen dut ez dela erabaki erraza sartzea nahiz ateratzea, baina niri deigarria egin zait eta faltan bota dut aipuren bat.
Lizentziez gain badago beste kontu bat interesko egin zaidana: nola deskribatzen dituen herria eta batez ere herritarrak. Landa eremuko aje nabermen batzuk aipatzen ditu: jauntxokeria, mesfidantza, neguak duen presentzia astuna… baina ez diot argi batere antzeman eta hori ez da guztiz bidezkoa. Chandlerrek edo Hammettek Estatu Batuetako hirien ustelkeria nabarmentzen dutenean nobela beltz klasikoetan premisa batetik abiatzen dira: zinemak eta gobernuak aski propaganda egin dutela kapitalismoaren onurez. Antzeko zerbait pasatzen da nobela beltz eskandinabiarrean, haien ongizate gizarte eskuzabalaren ifrentzu dira krimenak. Kasu honetan ez dago halako kontraposiziorik: ageri diren aetzak motzak, fanatikoak, itxiak, kirtenak dira. Estereotipo koadrila galanta batu du Martinek Olan, hain justu akaso bisitari gehien jasotzen dituen Euskal Herriko txokoetako batean.
Bukatzeko nobelaren atal batzuk gustatu zaizkit: esaterako gaueko lana eta frankismoko giro opresiboa oso ondo kontatzen du. Trama edo hari ezberdinak josten ere trebea iruditu zait Ibon Martin. Entretenitua da eta thriller zaleek (aita Orbaitzetakoa ez dutenek akaso) gozatuko dute. Pena hori, Celia irakaslearen pertsonaia ez zaidala aski iruditu pertsonaia galeria ilunegiai kontrapisua egiteko.