Kantabria

Sobao. Ufologia. Bilbao.

Ez naiz puntu kardinalak erabiltzearen zale azalpenetarako. Beti iruditzen baitzait ipartzat bere burua duenak ahazten duena hirugarren baten hegoa dena eta horrenbeste anbiguotasun jasatea zaila zait. Horrenbestez esan ordez Euskal Herriko mendebaldeak, benetakoak, ez nafarren marketin inbentoak (zeinak arrakasta lortu duen dena esaten hasita), baduela lotura handia Kantabriarekin esango dut nahiko nukeela orain norbaitek ni besarkatzea bizkaitarrek autonomia erkidego uniprobintzial hori besarkatzen duten bezala.

Revilla, sobao pasiegoak, cabralesa, hondartzak, Ertzainak, gerra errendizioa… kontzeptu hauen asoziazioak diost ez zaidala arrotz auzo Espainia zatia. Eta halere, hau gertatu izan zait baita beste leku batzuetan ere, Euskal Herriko paisaiaren antzeko tokietan arrotzago sentitu ohi naiz zeharo ezberdinak diren tokietan baino. Jaenen baino arrotzago Xixonen. Okzitanian arraroago Belfasten baino. Bitxia zait hurbiltasunak pizten dezakeen zera ilun (?) hori. Ziur asko ilun ez da hitza, baina ez dut hoberik eskura.

Barka digresioa. Esan nahi nuena zen bere aurreneko lanean, Basiliscon, baduzue blog honetan iruzkina, bezala Jon Bilbaok Ribadesellan kokatzen duela bere Los extraños (Impedimenta, 2021) nobelaren trama. Bertan ari da Jon eta Katharinak osatzen duten bikotea negua igarotzen lehenaren gurasoen etxean, aurreko lanean bezala koba propriodun etxea da horrek suposatzen duen denarekin, eta asperduratik krisira doan etapa zeharkatzen ari dira ez oharkabean.

Halako batean, Markel eta Virginia agertuko zaizkie etxean, ezezagun bi, baina Markel lehengusu txikia omen du Jonek. Ordutik laukote honen bizikidetza kontatuko da, herrian bien bitartean OHE (Objektu Hegalari Ezezagunak) fenomenoak gertatzen direlarik. Egunerokotasun hits eta aspergarriaren zama arintzeko zilegi dira espioitza eta mesfidantza? Galdera hau eta beste batzuk erantzuten ditu, barka planteatzen ditu esan nahi bainuen, Bilbaok. Autore ona da, bere obrak lortzen du tentsioa mantentzea orrialde askotan zehar eta azken esaldi bikaina duen arren, “Está seguro de que ella volverá pronto”, irakurketa gozamenaren sufle efektua nozitu dut. Bizi izan nuen antzeko zerbait Basiliscorekin ere, bukaeran apur bat behera egitea kontakizunak alegia.

Halaber, 133 orrialde dituen nobela labur honek merezi du arreta. Erritmoagatik, orrietako prosa soil eta landuagatik, narrazioaren sedimentazio interesgarriagatik eta Bilbaok badituelako bitxikeria batzuk, esaterako faunari ematen dion garrantzia. Ariketa polita da kontatzea zenbat animalia ageri diren nobela honetan eta aldiz beste zenbat lanetan ez den bat ere ez ageri.

PS: Libuaren kontrazala irakurri dut eta nire logean idatzitakoak ez du batere epikarik. Akaso esan beharko nuke: adin ertaineko bikote baten desintegrazioa nola bizkortzen duen eguneroko bizitzak eta labexomorroak eta bla bla bla. Baina esan nobela bat egun ez duena hori ageri. Nahiago animaliak kontatzen aritzea, interesgarriago baitzait. Ez nago ahoa bete hitz aritzeko umorez.