Hemendik

Euskal Herria. Diseinua. Garena.

Marabilla bat da liburu hau. Gutizia hutsa, diseinua eta abertzaletasunik nobleena maite duten etxe ororen apalategietan egon beharrekoa. Obraren izena Hemendik- Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak (Hemendik Elkartea, 2020) da eta bertan Euskal Herrian ezagun (edo ez hain ezagun, horra liburuaren xarma) diren hainbat objekturen sorrera eta egungo egoera aipatzen dira. Diseinu hauen jatorria herrikoia izan liteke, Lapurdiko oihalena, harrijasotzaile harriena edo Bilboko txikitero edalontziena kasu, edo industria zehatz baten lorpena, Boj etxeko sakakortxosa edo Dos Cafeteras goxokia bezala besteak beste.

Testuak euskaraz eta gaztelaniaz daude eta estetika nahiz diseinua zaindua da oso Baionako Hemendik elkarteak bultzaturiko lan honetan. Askotariko jokoa ematen du liburuak gainera irakurraldi konbentzionalaz gain; pentsatuz, adibidez, bakoitzak etxean zenbat halako objektu dituen (niri batzuk atera zitzaizkidan tontamentean) edota zeintzuk zaizkion zeharo ezezagunak. Debagoienako bi gailu-gauza ageri dira, Fagorren eltzea eta Bergarako oihalen urdina. Faltan bota dut sarrailagintzari aipuren bat, kontuan edukita XX. mendean horrek Arrasaten eduki duen garrantzia, baina oro har huskeria bat da hori liburuak eman didanarekin alderatuta.

Tematika honi lotuta, nik lotura ikusten diot behinik behin, Ana Urkizak liburu interesgarria atera du, Garen hori (Elkar, 2021), eta bertan guztira 16 elkarrizketa egin dizkie 8 euskal sortzaile eta beste horrenbeste adituri. Ez da erraza euskalduntasuna zer den definitzea, baina niri Hemendik liburuak pista batzuk eman dizkit. Jende trebea euskalduna, langilea, eta gauza batzuetan bikaintasuna lortu duena. Egun erakunde askoren ahotan hain kastrantea den goi mailako sukaldaritzaren markotik ateratzeko, sukaldarien lana gutxietsi gabe, leiho paregabea da Hemendik. Eta beste batzuoi, idazleoi urrutirago joan gabe, papar harroak jaisteko artefaktu aparta.