Arrastoa

Hartza. Üturralt Saint-Esteben. Iragana?

Liburu denda bati eskatzen dizkiodan gauzak ez dira asko, hori uste nuen behintzat zerrenda egiten hasi naizen arte. Izan dadila toki bat gustura sentiaraziko zaituena, egon daitezela liburu interesgarriak goiko apaletan eta, batez ere, irten nadila handik nahi baino liburu bat edo gehiagorekin.

Horrela joan nintzen Arrasateko Elkar liburu dendara asteartean oparitzeko enegarren Miñan alearen bila eta handik irten liburuxka labur, mehe eta halaber oso interesgarri batekin. Zuberoako irakasle gazte batek, Iker Üthurralt Saint-Estebek egin du eta euskaldunontzat luzaz miretsia izan den animalia bati buruz, hartzari buruz, egin du Hartzaren kultura euskal kulturan (Dakit, 2020) obra.

Hainbat hartz espezierekin euskaldunok izan dugun harremana aztertzen du, bereziki hartz arrearekin Pirinioaren testuinguruan, eta historian zehar Elizak eraginda aurrena eta bestelako arrazoi ekonomikoek ondoren, nola joan den aldatzen animaliarekiko izan dugun harremana. Honela dio ondorioetan:

Hartzak, gizakiaren garapenan eragina ukan du. Milurtez bizikide izatez, plantigradoak lehen gizonen bizia edo gaur egungo haurren jostailuak markatu ditu. Hartzaren figura bikoitza aipatzen ahal da. Alde batetik, bere itxura antropomorfista eta humanoidoari esker, animalia gizonen anaia edo arbasoa bezala kontsideratua izan da, kondaira, mito eta sinesmen anitz sortuz. Bestalde, ihiziari, ehizatu beahr den basapiztiaren figura lotu zaio, bereziki Erdi Aroan, Europan Elizak errege estatusa kendu diolarik, eta XX. mendean Pirinioetan kasik desagertu delarik.

Uneren batean apur bat kaotikoa iruditu zaidan arren oso gustura irakurri dut, erreferentzia interesgarriak eskaini dizkit eta bibliografia aberatsa dakar hondarrean. Eta pentsatu dut ondo egongo zela beste animalia batzuekin izan dugun harremana ere jasotzea halako liburuxkatan, enara, bale edo basurde. Polita litzateke, pertsonak erotzen ari garela dirudien honetan gure senide taxuzkoagoen berri edukitzea.