Aristi. Gure Bazterrak. Memoria.
Txalogarria da Oñatiko Gure Bazterrak fundazioak eginiko lana Irunberri, 1990: Arroilaren negarra (Erein, 2023) obra sustatzeko orduan. Txapela kentzen dut hamaika aldiz bertsio ofizialen ahanztura dekretatuari aurre egiteko erakutsitako kuraiagatik. Eskertzekoa ere Pako Aristiren lana, bere ofizioa eta luma halako lan bati forma emateko eskaintzeagatik.
Egitateak ezagunak ziren, baina aitortu beharra dut asko ikasi dudala liburua irakurri ahala. Izan ere, Aristik ondo deskribatzen du garaiko giroa ETAko kideen artean -haien jokatzeko modua, mentalitatea, ingurunea, izaera-, Guardia Zibilaren baitakoa -GAR unitateko kideengandik hasita goi kargu eta numero xeheetaraino-, hedabideak, judikatura… Kontatzen du ulertzeko moduan eta halaber zorrotz Nafarroa Komandoko kideek Irunberriko arroilan kasualitatez bi pikoletorekin topo egin zutenekoa eta horrek ekarri zuen guztia. Ahalegintzan da -dira- liburuan xehe berreraikitzen nola gerta zitezkeen gauzak, desmuntatzen egia ofiziala eta irakurleari gakoak emanaz. Lekukoak identifikatu eta kontaktatu ditu. Abokatuekin egon eta sumario judiziala arakatu du. Etakideen inguruko pertsonak elkarrizketatu ditu -Herberehetaraino ailegatuta-, senideak, lagunak… Prentsako albisteak, argazkiak eta bestelako material osagarria gehitu dio testuari. Eta, are garrantzitsuagoa dena, hogeita hamahiru urte eta gero Estatuak egin nahi ez duena -ezta bestelako alderdi abertzale eta ezkertiarrek ere, Ezker Abertzaleak kenduta- egin du: familia bati, ingurune bati, herri bati eskaini gertakari sorta bat, tragedia hutsa dena finean, balio duena nor garen eta nondik gatozen ulertzeko.
Estilo aldetik kapitulu motz eta mamitsuak dira eta onartu behar dudan arren bukaeran apur bat galdu naizela -nekeak ia abaildurik hartu dut liburua gauetan-, oro har irakurketa entretenitua da. Eta narrazioaren tonuari dagokionez gustukoago dudan arren Naparrarena, esan beharrik ez da Alonso zalea naizena, gustatu zait Aristi kasuarekiko busti izana, nekez ulertuko bainuke kontrakorik.
Espero dut Gure Bazterrak ekimenak jarraituko duela gure memoria argitzen eta hala egiten duten heinean hemen egongo gara irakurleak.