Barkamena. Travacio. Hautseztaturiko hezurrak.
Juan Rulfok literatura alabarik badu, hori niretzat Mariana Travacio da. Bere Como si existiese el perdón (Las afueras, 2020, baina originala Argentinan 2016an) nobelako lehen 30-40 orrialdeak hain dira lehorrak, eguzki galdatan dagoen hezurraren parekoak, harro egongo litzatekeela idazle mexikarra. Eta, halaber, halako edertasun lirikoa darie orrialde siku gordinei ezinezkoa dela txunditurik ez geratzea!
(Adi, hemendik aurrera spoilerrak datoz).
Tano eta Manoelek heriotzarekin tupust egin dute. Oso ondo kontatzen du Travaciok, apenas lerro gutxi batzuetan, ze bizkor okertu litekeen hiru gizonen bizitza. Harrigarria da ze ondo egiten duen hori Edo hori zirudien hasiera batean, tupust egite hutsa dela Loprete bikietako batekin elkartzea, nahiz eta bazter horietan ezer ez den kasualitatea. Hezetasunik gabeko lurretan arrasto oro luzerako geratzen delako izango da. Edo,akaso, protagonistek egin behar duten ihesa bera, eta ondoren haien etxera itzuli eta ondorioei aurre egitea, ez da Mirandak mamuekin duen borrokaren beste aldaera bat gehiago besterik.
Liburu gupidarik gabea da, nahiz eta azken paragrafoko maitasun printzak zalantza uzten duen. Mortu hilaren eta urak hartutako zelaien artean balego bezala puntu erdibideko bat non lore bat ernal litekeen.
Estiloak berak men egiten dio panpako paisaiari. Memoriarik gabeko pertsonaiak dira eta halere ezin dituzte ahaztu eginikoak, Justizia eta mendekua ezin litezke bereizi. Eta, emakumeek soilik, Pepak aurrena, Luisak gero, dakarte xamurtasuna pobrezia erruduna jaun eta jabe den lurretara.
Esango nuke hain ondo hasten dela gero apur bat erortzendela nobela, baina fatalitatearen grabite indarrak presio eginda goi-goian amaitzen da. Zoritxarrez neke orduak eskaini dizkiot eta agian horregatik ez naiz justua. Baliteke hauts apur bat sartu izana begietan. Baina, tira, Pedro Paramo aurreneko aldiz irakurri nuen une zoriontsu hori gogorarazi dit eta, aizue, begirunea zor diot horri.