Ipuinak. Hemingway. Artea.
Bost metro pasa altu den harritzarra galdu du egunetan Orbaizeta eta Hiriberri bizkarretik zaintzen dituen Berrendi mendiak. Trikili-trakala joan da tontorretik behera lurra ukitzen zuen bakoitzean zuloa utzita, parean aurkitutako zuhaitzak etzanaz, nekatu eta pausatu den arte. Zauria geratu zaio orain mendiari, Orbarako errepidetik ikusgarri dena: kaliza gris triste ondoan den orban marroia.
Hemingwayen hainbat ipuin batzen dituen liburua eskuan harrapatu nau gertakariak eta zera da okurritu zaidana: ipuinok ez doaz trikili-trakala, bilin-bolonka baizik. Hain dira bikainak liburu honetan jasotako ipuinak, Francis Macomber eta beste zenbait ipuin (Igela, 1998, Javi Cillero eta Xabier Olarrak itzulia), ahozapore aparta uzten dutela. Idazle estatubatuarraren estilo lehor, kaustiko eta karstikoa ageri dute guztiek baina bere izaera poliedrikoaren brintzak ageri dira bakoitzean.
Lehen ipuina, Hiltzaileak izenekoa, genero beltzaren aurrekaritzat jotzen da. Gangsterrak, krimena eta kasualitatez odolez zipriztindutako hiritarrak. Bigarrena, Borrokalaria, boxeolari baten dekadentziari buruzkoa, Jack Londonen “Bistec baten truke” bikain haren mailaraino kasik ailegatzen dena. Hurrengoa, 50.000 dolar, niri gehien gustatu zaidana, hipnotikoa zeharo: gaztetxo bat, trenbidea, sute bat, gosea. Ondoren dator Muinoak, elefanteak halakoak ipuina, Edna O’Brienek Ken Burns eta Lynn Novicken Hemingway dokumental bikainean, hiru ataletan banatzen da eta ezinbestekoa da mito iparramerikarrari buruz jakin nahi duenarentzat, definitzen duena begirada feministako abortuari buruzko ipuin gisa. Espainiako tren geltoki hautseztatuan protagonistetako baten ahotik entzuten den please, please, please hura aparta da. Azkenik dator liburuaren izenburua ezartzen duen Francis Macomber kontakizuna, egileari buruzko hainbat mito sinetsi nahi dituenari bazka ematen diona: ehiza, birilitatea, traizioa, ausardia. Niretzat ez da ipuinik onena, bai luzeena orriz, eta safariei buruz Harkaitz Canok idatzitakoa gainditzea zaila dela iruditzen zaidanez ez nau askorik kitzikatu.
Itzulpena bikaina, azala ederra, Hopperren koadroa zer besterik gera zitekeen hor ondo, eta irakurketa gozagarria. Eror daitezela nahi badute harri gehiago, halako liburu ona eskuetan baldin badaukat.