Berria, 2014.02.20
EIBAR, 2012ko otsaila. Topagunean biltzen diren toki komunikabideek Batzarra dute Markeskuan. Gai nagusia, TOKIKOM bateragunea juridikoki eratzea, elkartuago jarduteko aurrerantzean. Esparru komunak elkarrekin kudeatzea, solaskidetza sendoa eraikitzea sektorearen eta erakundeen aurrean, eta bazkideen arteko integrazioa lantzea eta sustatzea. Horiek erakunde berriari jartzen zaizkion egitekoak.
Ni aholkulari moduan nago bileran. Ordurako onartua dut Topagunearen presidentetarako hautagai izatea baina Batzarra martxoan bilduko da. Komunikabideek baietza ematen diote TOKIKOM eratzeari eta baita lehen presidentea Topagunearena izateari, uztarri funtzioa egin dezan. Honenbestez, martxoaren amaieratik aurrera bi erakundeen presidente bihurtzen naiz.
ARRASATE, 2012ko ekaina. Garaia Berrikuntza poloan bildu gara 100 lagun TOKIKOMek deitutako Jardunaldian, komunikazioaren etorkizunaz hausnartzeko. Gogoetan ari gara, datorrena usaintzen, berriro ere lehenak izateko urratsak egiten, antizipazioari esker nagusitu nahian, euskararen mesedetan. Saio eraginkorra eginda, gogoetak udazkenean jarraituko du, mintegi eta saioetan.
Aldi berean Hekimen sortu dugu, herri ekimeneko euskal hedabideen elkartea, hurbiltze prozesu luze baten ondorioz. Kezka eta urduritasuna nabari dira gu denon artean, elkarrenganako joera. Batuta indartsuago izateko esperantza dago, eta lankidetzan jarduteko aukerak sortzen dira.
Bi ibilbide hauek uztartzetik sortzen da ideia: posible da euskal hedabide guztiak talde funtzional bat osatzea, euskara zubi hartuta. Batzuen eta besteen datuak bilduta, 1.000 lagunetik gora ari dira gurean informazioa euskaraz lantzen. Profesional multzo hori saretzen bada, Euskal Herriko komunikazio talderik indartsuena osatuko genuke.
ARETXABALETA, 2013ko urria. Aurreko ideiak bidea egin du eta gogoeta iritsi da lehen geltokira: ‘Euskal hedabideen etxea’ izeneko dokumentua aurkezten da MUren campusean. Hizlari txostenean parte hartu dugunak: Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain, Haritz Solupe, Alberto Barandiaran eta ni neu. Entzule 40 lagun inguru, gehienak ordezkariak, erakunde, hedabide edo unibertsitateenak.
Eta hor aletzen dira egindako lanak: ikerketa, ezagutzeko gazteen joerak informazioa kontsumitzeko orduan; kasu azterketa, eredu posibleen bila; ideia bilaketa, joeren analisia egiten dutenen artean; landa-lana, abiapuntuko erralitatea ondo ezagutzeko; sator-lana, finantzazio publikoa egonkortzeko aukerak aurkitu nahian; eta hausnarketa, euskal hedabideen eragina neurtu, ikerketa bideratu eta eragina sustatzeko erakundea marrazteko.
Horren guztiaren sintesia da ‘euskal hedabideen etxea’, bi solairuko etxe bat, euskal hedabide guztiak (herri ekimenekoak eta publikoak) biltzen dituena. Beheko solairuan daude tokikoak, zonaldeka elkartuta digitalean eraginkortasuna helburu, multimedia eta hiperlokaltasuna lantzen, teknologia interaktiboari esker komunitatea aktibatzen, herritarrei ahotsa ematen euskaratik eta euskaraz. Eta saretuta, edukiak eta kostuak partekatzen, ahulezi metaketari esker indartsu, Euskal Herriko herriak eta herritarak lotzen eta hurbiltzen.
Etxearen goiko solairuan daude hedabide nazionalak, hauek ere lankidetzan eta sarekide, bakoitzak egindakoa besteen mesede. Eta bi solairuen artean igogailuak etengabe edukiak garraiatzen, eta ganbaran antolamendu/gidaritzaren ardura izango lukeen erakundea, dei dezakeguna Behategia edo Euskal Hedabideen Kontseilua.
Ametsa? Baliteke. Baina amets hutsa izan ez dadin, etxea eraikitzeko lanak hasita daude. Dagoeneko lehen urratsak gauzatu dira Tolosaldean eta Debagoienean, baita Bilbon, Durangaldean eta Sakanan ere. Eta urratsetan ari dira gogotsu beste hainbat zonalde, euskal lurralde guztietan. Oker handirik gertatu ezean, aurtengo urtea amaitzerako euskal maparen erdia eta herritarren bi heren inguru egon daitezke amaraun honetan harrapatuta. Horrela, beheko solairuaren zati handi bat eginda legoke.
ARETXABALETA, 2014ko otsailaren 22a. Larunbat honetan egingo dugu TOKIKOMen Batzar Nagusia, MUren campusean. Eta nik, agindutako bi urteak beteta, presidente kargua utziko dut Batzarrak hautatuko duenaren eskuetan. Igeltsero lana gogorra da eta nik, ikasteko adina badudan arren, ez dut oraindik ikasi indarrak neurtzen. Eta behin gustuko lanean hasita, hustu arte aritzen naiz. Oraingoan ere hustu naiz, eta pila kargatzea tokatzen zait, eman baino gehiago hartzea.
Hala ere, ondoren datozenei ez zaie faltako nire hurbiltasunik, behar duten neurrian. Zinez sinesten dudalako egitasmo honetan. Argi daukat euskal hedabideek asko egin dutela euskararen komunitatea sendotzeko eta benetan uste dut eragin hori biderkatu egin daitekeela euskal hedabideak lankidetzan jarrita, sare funtzionalean antolatuta, euskararen zoru komunean ‘etxe’ bihurtuta.
Helbide honetan duzue ametsa: http://bloga.tokikom.com/. Eta Interneten ari da eraikitzen etxea.