Erdaraz, bai ala ez?

Aurreko post batean azaldu nuen nola Radio Euskadin tertuliakide hastekoa nintzen eta zein arrazoi ikusten nituen euskararik gabe bizi direnengan eragiten saiatzeko. Eta Bittor Hidalgo lagunak salatu dit horrekin kalte egiten diedala euskaldunei. Ez dut uste, baina salaketa horri kontra egin baino nahiago nuke analisian sakondu.

 

Izan ere, gai beroa da eta irekiten ari da han-hemenka. Euskaltzaleen Topagunean planteatuta dago esparru ezberdinetan, eta dagoeneko ‘Zergatik ez?’ tailer arrakastasuak badu bere gaztelaniazko ordaina ‘¿Compartimos?’ izenburupean eta agian etorriko da frantsesezko bertsioa ere. Bestalde, zenbat toki komunikabidetan ere badago kezka hori: eragin beharra dago erdaraz bizi direnengan eta hori ezin dugu euskararekin soilik egin.

 

Badakit kontu hau gatazkatsua dela eta neronek ere ez daukat ziurtasun erabatekorik. Horregatik, hitz egin dezagun. Komeni zaigu mugitzekotan helburu komun baten arabera mugitzea, eta gutxi-asko adostutako bidetik. Eta hori ere ezin bada, gutxienez gaia esplizitatzea eta bakoitzak bestearen arrazoiak ezagutzea.

 

Nik hiru puntu nagusitan jarriko nuke euskaratik erdaretara urrats batzuk egitearen aldeko hautua:

 

1          Premia

Datu soziolinguistikoek oinarria/aitzakia ematen dute berdin jarrera baikorretarako eta ezkorretarako. Baina, datuetatik harago, bada konstatazio indartsu bat: Euskal Herrian jende asko dago euskararik gabe bizi dena, euskara eta euskaldun komunitatea badirenik ere kontuan hartu gabe. Zergatik? Hori posible delako, herri honetan ‘basko’ kategoria sortu delako –batzuk egin dutenari eta besteok egin ez dugunari esker- eta basko hori izan daitekeelako bertakoena bezain bertako eta abertzaleena bezain abertzale euskara aintzat hartu gabe.

 

Ingeles egunkari baten izenburuan idatzi omen zuten: ‘Mantxako kanalean sartu den behelaino itxiak isolatuta dauka kontinentea’. Guk ere esan dezakegu euskara ez jakiteak isolatu egiten dituela erdaldunak. Baina uste dut hobe dugula pentsatzea gu euskaraz bakarrik jardunda haiek patxada ederreko eremuak dituztela eta horietan gu –euskara eta bere hiztunak- geratzen garela bazter.

 

Eta ez naiz konplexutik ari. Nire bizitza pertsonalaren eta profesionalaren hiru laurdenak euskaraz garatu dira azken hogeitamar urteotan, ez daukat horretan gabezia handirik. Hizkuntzaz eta komunitateaz ari naiz, haien presentziaz eta eraginkortasunaz.

 

G         Gaitasuna

Ez gaude duela 30 urteko toki berean, gaur euskaldunak askoz indartsuago gaude. Baditugu ahuleziak, baina horiek ikustea ere indar seinalea da, aurreratu dugunaren adierazle. Duela 30 urte hain urrun geneukan helmuga, bideko oztopoak ere ez genituela ikusten.

 

Sortu eta sendotu ditugu hainbat esparru euskararentzat, geure hizkuntzarekiko atxikimendua jantziagoa da, kontzienteagoa. Eta hasi gara hegemonia gune batzuk ere antzematen eta erabiltzen. Gure euskalduntasuna ez dago kolokan, erdaldunekiko igurtziak ez gaitu bidetik desbideratuko.

 

Eta, batez ere, urrats berriak egingo ditugu orain arteko lanaren osagarri izan daitezen, ez ordezko. Erdal hedabideetan hasteak ez du ekarriko euskal hedabideak uztea, eta gure komunikabideetan produktu erdaldunak ekoizteak ez gaitu eramango elebitasunera.

 

Kutxan hizkuntza kudeaketaz arduratu nintzen denboran nire egitekoaren baitan hurbildu nintzen euskararik gabe bizi zirenengana eta egiaztatu ahal izan nuen asko –gurean gehienak- zeudela prest elkarrenganako zubian urratsak egiteko. Ez dut errazkeria saldu nahi, kontrako jarrerak ere bistakoak dira eta gogortu egin dira guk aurrera egin ahala –beste adierazle bat- baina argi daukat gehiengo handi bat metatu dezakegula euskararen alde jarrera egokiarekin hurbiltzen bagara erdaldunengana.

Erdaldunak atera ditzakegu beren erosotasun esparrutik, baina horretarako uste dut geuk ere guretik atera behar dugula.

 

3.              Aukera

Konbentzituta nago aldi berri baten hasieran gaudela, orain arteko molde asko ari direla suntsitzen, ekonomian bezala politikan eta gizarte ikuspegietan, baita euskararen normalizazioan ere. Uste dut aukera dagoela iraganeko hainbat aje gainditzeko eta hainbat harresi apurtzeko, ereite faseak eman duen euskararen hazkunde kuantitatiboa erne arazi daitekeela eta gizartean aktibatu.

 

Horretarako lehen baldintza da geu ondo jabetzea egoeraz. Falta zaiguna azpimarratzeak ez deizagula ezkutatu lortu duguna. Aje eta gabeziei gramo bat ere kendu gabe, bistan da gure pertzepzioa ez datorrela bat hainbat datu objketiborekin

(gogoratu ‘euskararen tamainaz’ Kike Amonarrizek egindako ariketa) eta autoestimu baxu hori kalterako zaigula helburu ausartei heltzeko orduan.

 

Zuhur baino ausart; eta uzkur baino asertibo. Hori da behar dugun aldartea euskararen alde indarra metatzeko eta indar horrekin pertsonak, ohiturak, egiturak eta erakundeak mugitzeko.

 

Premia daukagu, gai gara eta garaia ere aproposa da. Ni ez naiz geratuko saiatu gabe.

 

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

8 Responses to Erdaraz, bai ala ez?

  1. Pingback: Erdaraz, bai ala ez?

  2. egilea: Aitor

    Ez dakit zenbatek ikusi duzuen “8 apellidos vascos”. Nik bai. Ez da orain kontua merezi duen ala ez, nola uzten gaituzten euskaldunok e.a. Bertako eszena bat ekarri nahi dut gogora. Protagonista andaluziarra herriko plazan dago megafono batekin asanblada zuzentzen, erdaraz ari da eta euskaraz aritzeko eskatu diot. Hara bere erantzuna (ez hitzez hitz): “Pero para quienes decimos estas cosas? Para los españoles, ¿no? Pues, ¿cómo les vasmos a decir en euskera, si no nos van a entender?”

    Bada , horixe.

    • piperrautsa egilea: piperrautsa

      Epa Aitor!
      Pelikulan trazo lodiz daude marraztuta hainbat egoera, eta hau ere bai. Guk esaten dugun guztia ez dugu ‘español’entzat esaten, eta gure bizimodua euskaraz egiten jarraituko dugu, bakoitzak ahal duen neurrian. Baina bi hiztun komunitateen artean dagoen distantzia murriztea komeni da (lehentasunez geuri komeni zaigu) eta zubi batzuk eraikitzen hasi gintezke, haiek gurera hurbil daitezen. Helburua: denok elkar ulertzea, bakoitzak nahi duena eginda.

  3. egilea: Bittor Hidalgo - Donostia

    Barkatu beharko didak lehenago ez idatzi izana -bizitza denontzako dek batzuetan nahasia-, baina hasi nauk. Oso interesgarria iruditu zitzaidaan hik hasieran azaldutako kezka eta eztabaida -horregatik nire iruzkin ‘ausarta’-, eta ere orain eman dioan segida. Eta honi helduko zioat, iruditzen zaidan bezain gordin.
    Diok, nola nik salatzen nian hi Radio Euskadin espainolezko tertuliakide hasita ‘kalte egiten higula euskaldunoi’, eta zehaztasunen bat’ egin nahi diat.
    Gutako bakoitzak maila partikularrean zer egiten dugun -are euskaldunok-, ez dek gu bakoitzaren ardurakoa baino, gero kontu horien gainean beste zeinahik beste zeinahi iritzi izateko eskubide osoa izango badik ere.
    Beste gauza bat dek ordea, edo izango dek, eztabaidatzea, ‘euskaldunoi’ ‘herri hiztun’ gisa zein estrategia komeni ote zaigun irauteko, sendotzeko, inguratzen gaituen ‘herri erdaldun elebakarraren’ arterako, eta are gaur egun, EAEn batez ere, gero eta ugariago elebiduntzen ari garen herri ‘erdaldunaren’ inguruan, direla oraindik euskaraz ikasten ‘hasiak’, euskaldun soilik ‘hartzaileak’, edota euskaldun ‘osoagoak’, baina oraindik bere baitan ‘euskaldun’ baino ‘erdaldunago’ izan edo sentitzen direnak – noski eskubide guztiarekin, badaezpada esanda, esan beharrik balego ere-.
    Niri, egia esan, oraindik behin bakarrik tokatu zaidak hi aditzea solasaldi horretan. Mikel Aramendiri behin edo behin entzun diodan bezala, halakoetan gaik jartzaileak jartzen dik puntua, eta solaskideak bertsolari gisa heldu behar izaten dio gaiari uneak ematen dion argiarekin, ekonomiaz, futbolaz, azken iruzurraz, heriotzaz edo dena delakoaz. Eta hi ere egun horretan behintzat horrela moduz entzun hindudan. Oso ondo. oso hire aukeran, noski. Baina berehala pentsatu nian horrek ez zuela zerikusi handirik hik hire bigarren idatzi honetan aipatzen duan ‘euskararik gabe bizi direnengan eragiten saiatzeko’. Suposatuko dugu ‘eragin’ darabilala ‘euskararen, ‘euskaldunon’ edo ‘euskararik gabe’ bizi diren horien ‘euskalduntze’ prozesuan edo. Eta egia esan, ez diat lotura zuzenegirik ikusten ze eragin izan lezakeen hik, nik, edo bestek, futbolaz, sexuaz edo abiazioaz dugun iritziak espainolez azaltzeak entzuleen ‘euskal ahalduntzean’. Nahiz noski, mundu honetan dena dagoen lotuta.
    Nire ustean, apal edo ez, noski, ezinbestean eragin behar diagu gure inguruan ‘euskararik gabe’ bizi diren horiengan. Eta horien ‘euskal ahalduntzean’ erabilitako ‘zeinahi’ bitarteko izango da onuragarri. Dela espainolez, dela swahiliz. Lortu behar duguna ordea, da: 1. Euskara ez dakitenak behingoz euskara ikasten hasi daitezen herri honetan hizkuntza parekotasun ‘demokratiko minimoa’ lortzeko, guztiek euskara jakin arte, gutxienez gaur egun guztiok, legeak derrigortuta espainola edo frantsesa dakigun neurri berean (eta diskurtso hori noski espainolez, edo frantsesez eman beharko da nagusiki edo hizkuntza horietan ere behintzat). 2. Jadaneko euskara ikasteko pausoa eman dutenak, eta EAEn jadaneko 35-37 urtetik beherakoen %90 euskaldun gutxienez ‘hartzaile’ bihurtu dituena, eta %66 hiztun ‘oso’ edo (nahiz maiz artean espainolez hobeto moldatu), horiek guztiak, eta belaunaldi zaharragoetakoak ere proportzioan gutxiago izanik ere, euskaratik gero eta hurbilago sentitu daitezen, gero eta euskaldun bihotzekoago sentitu daitezen, eta gero eta apustu errazagoa egin dezaten ‘euskaraz’ bizitzeko, eta gero eta gutxiago, edo batere ez, espainolez. Eta jadaneko praktikan euskaraz bizitzea erabaki eta egiten duguak gero eta gehiago izan gaitezen, eta gure arteko euskarazko sorkuntza, produkzioa, gero eta erakargarriagioa izan dadin.
    Eta hori guztia, ziur nago, ez dugula lortzen, gureiritzi guztiak espainolera itzultzen segitzen badiegu ‘euskararik gabe bizi direnei’. Espainolez aldioro azpimarratuko diegu euskara ez dakitenei, euskara ikasi beharra, eginkizun demokratiko minimo gisa herri honetan gurekin batera bizi ahal izateko espainol inposatzaile eta inperialista izan gabe.
    Baina beste guztietarako erabili beharko dugu euskara, eta euskara jakinda euskararik gabe bizi direnei, euskara pasiboki bada ere erabiltzera behartu gure iritziak eta gure arteko bizia, euskaldunon artekoa, ezagutu nahi badute. Ez diegu gehiago ‘itzuliko’ aurrerantzean. Bestela galduta gaude. Eta euskara ez dakitenek ere behar dute sentitu, ‘arrazonamendu ideologiko’ guztiez gain, ‘zerbait garrantzitsua’ ari direla galtzen euskara ez jakiteagatik, ez ulertzeagatik. Bestela ez dute ezertarako ‘behar’ euskara jakitea. Guk ‘itzultzen’ badiegu gurea…
    Bestalde, ordea, espainolak noski, badu euskarak baino erakarpen handiagoa, gutako bakoitza ‘munduarekin’ lotzeko. Euskaratik ezin, eta XII, eta batez ere XVI. mendetik aurrera lotu gara hegoaldean neurri handi batean ‘guk sortutako’ ‘espainolarn’ bidez. Eta hori izan dugu ‘modernitatea’. Iparraldean berriz XVII eta XVIII. mendeetatik aurrera ‘frantsesari’ esker. Eta aldamenean, gainetik kendu ezinda ditugun hizkuntza horiek ‘jan’ gaituzte eta ari dira gu jaten.
    Nola irten orduan kiribil horretatik? Gure belaunaldi berriak, eta ahalean helduak ere, ingelesa erabiltzera ohituz. Gaur eguneko munduan espainola eta frantsesa ez dira oso bigarren mailako hizkuntzak baino, oraindik hiztun asko izan arren. Mundua gaur, justuki edo injustizian, baina ingelesez bizi da. Eta guk euskaldunok, iparrean, zein hegoaldean, askoz konexio hobea dugu munduarekin zuzenean ingelesez, bigarren mailako frantses eta espainoletiko itzulpen beti atzeratuen bidez baino.
    Eta ingelesak, ez digu lurra zentimetroka jaten espainolak eta frantsesak bezala. Euskara gurea delako, ingelesa munduarekin lotzeko behar dugvulako (eta frantses eta espainolaren azpiko mendekotasunetik libratzen gaituelako), eta ‘gainera’ badakigu espainola eta frantsesa ere, gure munduan ‘bigarren mailako’ bizilagunak ulertzeko, eta beraiek bezain bide zuzena, edo zuzenagoa izaki, ingelesaren bidez munduan, behingoz beraien beharrik gabe.
    Espainolez Radio Euskadiko solasaldian? Nahi duenak egin beza. Baina ez ote du nahikoa autoritate Topaguneko, Tokikomeko orain arteko lehendakariak-edo, euskaraz aritzeko, ekonomiaz, Ukrainaz edo Merkellez, Radio Euskadin ere EAEko biztanleria guztiaren erdia baino gehiagok ongi ulertu ahal dionean, eta ulertzen ez dionak mina sentitu eta euskara ikasi/hobetu beharra sentitu dezan hi ulertzeko?
    Aspaldi sartu behar genian euskara eta euskalduna horrela ere, halako elkarrizketa asimetrikoetan, nagusiki espainolezko hedabideetan, areago ‘publikoetan’ (Radio Euskadi, ETB2-3-SAT…).
    Iruditzen zaidak ordea ‘obbiok/obbiedadeak/gu denon begi-bistakoak’ esaten ari ote naizen. Oraintxe irakurri eta gogoratu diat, estonieraren bultzatzeaz (batez ere, nagusiki errusiar hiztun edo errusiar elebakarren artean) gurean ere nik (eta hik ere ziur aski) hain garbi ikusten duguna, eta amaitzeko aipatuko diat (eztabaidarekin jarraitzea eta iritzi kontrajarriak aipatzea ere beti mesedegarri zaigulakoan): “There are concerns with social and economic exclusion due to loss of employment or inability to obtain citizenship for older Russian-speakers. [But / hala ere,] It seems clear that motivation to learn and use Estonian can be achieved through increasing the practical value of the language.” (D.M. Skerrett (2014) “The 2011 Estonian high school language reform in the context of critical language policy and planning”, Current Issues in Language Planning, 15:2, 2014, 174-200 (http://dx.doi.org/10.1080/14664208.2014.858656).

    Ondo izan

    Bittor

    P.S. Barkatu hurbilagotik ez heltzeagatik hiru puntuei, baina hasierarekin hainbeste luzatu eta gero…, hobe beste baterako

  4. piperrautsa egilea: piperrautsa

    Aupa Bittor!

    Hire epistolaren atal asko sinatzen dizkiat arazorik gabe, baina argi zagok puntu batean ez gaudela ados, eta ez zaidak iruditzen asko jardunda ere jarriko garenik. Hire ustez guk euskaraz bakarrik jardunda lortuko diagu euskara ez dakitenek sentitzea ‘zerbait garrantzitsua’ galtzen ari direla. Nik uste diat besterik gabe ez gaituztela ikusi ere egiten, eta horrela jarraitu dezaketela hamarkada batzuetan. Hor zagok gure balorazioen arteko alde nagusia eta jokamolde ezberdinen iturria. Beste guztia erraz adostuko genikek botila ardo bati hondoa eman baino lehen.

    Nire aldetik hor utziko diagu gaia… ez baduk botilarena aintzakotzat hartzen eta hitzordua proposatzen. Animo!

    • egilea: Bittor Hidalgo - Donostia

      Gaur arte ikusi gabe nengoan hire erantzuna eta etzekiat dagoeneko ardo botilarena galdu ote deten, baina ez nauk isilik geratuko hiorregatik hemen ere. Bi gauzatxo behintzat esango dizkiat.

      1. Diok, gure herrian bizi diren erdaldun elebakarrek “besterik gabe ez gaituztela ikusi ere egiten, eta horrela jarraitu dezaketela hamarkada batzuetan.” Eta horretan ere ados egon gaitezkek, nahiz nik zehaztuko diadan, ez gaituztela ikusten, ez ikusiko, orain arte bezala-edo, guk gure guztia espainolez ematen segitu dezagun bitartean. Beraiekin espainolez ari garen guztian, beraiek bezalakoak gaituk.

      2. Oker diok nere ustez guk ‘euskaraz bakarrik jardunda lortuko dugula euskara ez dakitenek sentitzea ‘zerbait garrantzitsua’ galtzen ari direla’. Eta nik ez diat hori esan. Espainolez behar den guztian aritu behar gatzaizkie ‘predikatzen/pontifikatzen/azaltzen’ Euskal Herrian badela Herri bat euskaraz bizi nahi duena, eta beraiek euskara (ere) ikasten ez duten bitartean, Herri hori itotzen ari direla. Horretarako bai, espainolez, ingelesez edo hebraieraz, euskara ikasi dezaten arte. Baina besterik ez, bestela ezpaidute espainola baino behar gurekin (ere) komunikatzeko.

      Bihotz onez, goiz on

      Bittor

  5. Pingback: Mikel Irizar lagunarekin hitz-aspertuan

  6. piperrautsa egilea: piperrautsa

    Epa Bittor!

    Ez gaituk segidan-segidan ari, baina bai gutxienez haria galdu gabe. Eta hire azken ñabardura horien ondoren uste diat hurbilago gaudela.

    Nik ez diat nahi ‘gure guztia espainolez eman’, nik jarraitzen diat nire bizimodua %80tik gora euskaraz egiten. Bakarrik ematen diat nire bizimoduaren lagin bat (asteko ordu bete) gaztelaniaz, hizkuntza horren hiztunek gure tribuaren berri izan dezaten, ea inbidia edo lotsa edo kontzientziako karga pizten zaien.

    Aldiz, uste diat gaztelaniaz egiten dugun bakarra baldin bada predikatzea edo pontifikatzea, haiengan piztuko duguna errazago izango dela gorrotoa edo indiferentzia, aldekotasuna baino.

    Botila ardoarena beti indarrean lagunentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude