Gizarte aktibatua

Argia, 2018.05.06

Duela aste batzuk, pentsiodunak gai izan ziren hiriburuetako kaleak betetzeko. Aldarri argia eta zentzuzkoa landu dute, eta horren inguruan ari dira biltzen, gero eta gehiago, gero eta trinkoago. 70eko hamarkadan demokraziaren alde mugitzera ohitu ziren belaunaldiak berriro mugitzen hasi dira, eta ez dira geratuko.

Egun gutxi lehenago, emakumeen txanda izan zen. Indar erakustaldi handia egin zuten; militantziaren esparrua gaindituta, emakumeen aldarria gizarte osora zabaldu den seinale. Emaitza ikusita, klase politikoa lotsagorritu egin zen hasieran eta moretuz doa ondoren. Hau ere ez da berehalakoan apalduko.

Bi dinamika indartsu hauek, gainera, elkarri begira jarri dira, interes komunen bila. Eta interes komunak ez dira aurkitzen zailak. Oraindik pentsiodun ez dena izango da noizbait, eta belaunaldi arteko elkartasuna azalpen handirik gabe ulertzen da. Bestalde, pentsiodunen artean emakumezkoak dira kaltetuenak, gehien irabazteko dutenak. Aliantza naturala da, eta indar oso handia har lezake.

Gehiago ere bai. Gure Esku Dago dinamika orain arte metatutako gizarte atxikimendua erakunde publikoetara bideratzekotan da, hauetan eragiteko. Ekainerako giza-kate erraldoia iragarri du, Donostian abiatu eta Bilbotik zehar Gasteizko Legebiltzarreraino; bertan herri ordezkariei emango zaie Herritarron Ituna izeneko arrazoi bilduma erabakitzeko eskubidearen alde. Ehun mila lagunetik gora lotuko dira berrehun kilometroko tartea betetzeko.

Eta udagoien hondarretan gauzatuko da Euskaraldiaren lehen olatua. Euskaraldia da hizkuntza ohiturak aldatzeko dinamika, hizkuntza berdintasunera bidean. Gizartea astindu nahi du euskal hiztunaren egoera hobetzeko helburuarekin, erdal hiztunari ulertzeko eskatuta. Eta orain artekoak argi erakusten du hau ere birala dela, zabalkunde azkarra eta handia ari dela izaten.

Dinamika hauek guztiek badute oinarri komun bat: denek bilatzen dute gizartearen aktibazioa eskubide oinarrizkoen alde, jabekuntza prozesuak dira erabakimena eta eragin-indarra gizarteari itzultzeko norabidean. Oso posible da hiritar bera bi dinamiketan, hirutan edo lauretan jardutea, guztiz koherentea litzateke hori.

Bada, etorriko balitz halako bateratasun bat mugimendu guztion artean, gizarte tsunami bat gertatuko litzateke hurrengo hilabeteotan, gure egitura instituzional eta politikoak astindu ditzakeena. Katalunian gertatu denaren antzera, han independentziaren alde eta hemen eduki anitzagoekin. Han eta hemen, gizarte aktibatua eskubide oinarrizko eta unibertsalen alde.

Eta 2019a hauteskunde urtea da…

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Erantzun bat Gizarte aktibatua bidalketan

  1. Pingback: Gizarte aktibatua • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude