ETB1en ahalegina

Egunotan asko aipatu da ETBren gainbehera, bi ezaugarri azpimarratuz: telebista guztien porrota eta euskarazko irratien arrakasta. Telebistei dagokien bilakaeran, ordea, nik beste zerbait ikusten dut:

p034_i01

Bi telebisten kasuan ikusten da 2011n inflexio puntu bat, nabarmenagoa ETB2n. ETB1en emaitzak iradokitzen du ordoki moduko bat aurkitu duela euskarazko kateak % 2aren bueltan. Ez behintzat hainbat titularretan irakurri dugun jaitsiera beldurgarria.

Ez dut nik ukatuko EITBren krisi ‘existentziala’ eta euskal komunikazio sistema osoaz hausnarketa egiteko dugun premia. Baina justiziazkoa iruditzen zait aitortzea ETB1 egiten ari den ahalegina toki bat aurkitzeko. Duela ez asko entzuten nion Leire Palaciosi estimatzen hainbat saio berri (‘Gu eta gutarrak’ edo ‘Herri txiki…’ aipatu zituen) telebista hurbil eta herritarraren adibide bezala. Nik kategoria berean erantsiko nituzke ‘Tribuaren berbak’ eta  ‘Burubero’, edo ‘Azpimarra’ informazio saiotan eta ‘Aitaren etxea’ fikzioan.

Begirada luzatu eta pentsatu beharrean gaude zer nolako telebista nahi, behar, eta egin ahal dugun. Eta, komeni bada, hankaz gora jarri egiturak eta ohiturak. Aldatu beharko da telebista, eta aztertu beharko dugu ikusleok ere zer eta non ikusten dugun. Baina irudipena daukat esandako saio horiek -denak edo batzuk, edo horien aldaerak- tokia izan dezaketela etorkizuneko euskal telebista duinean.

 

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

2 erantzun ETB1en ahalegina-ri

  1. Pingback: Bila eta bila | Ekografiak

  2. Pingback: Bila eta bila – Ekografiak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude