On Prudentzioren erretolika

Larunbatean ospatu zen lehen aldiz Debagoienaren Eguna, Debagoieneko III. Toberaren epaia beteaz. Hauxe da ekitaldiko argazkia eta behean doa osorik On Prudentzio Piperrautsa epaile Txit Gorenak ekitaldian bota zuen erretolika:

errotonda2

Jaun andreok! 

Giza legeak agintzen duen moduan, ongi etorri Debagoieneko lehen ERROTONDA EGUNERA!

Mundua mundu denetik, gizateriaren jauzi handiak beti hasi dira pertsonen urrats txikiekin. Eta gaurko hau ere horixe izatea nahi genuke: gure eskualdearen eraldaketa sakonean eragingo duen urrats xume bat.

Iazko abenduan Bergaran egin genuen hirugarren Tobera. Eta hirugarrenez nabarmen agertu zenez hemen herri bakoitza bere zilborrari so dagoela, Debagoienaren interes komunaren defendatzaile den epaile honek hiru herri nagusiei jarri zien zigor partekatua: San Prudentzio auzoan eta San Prudentzio egunaren inguruan, Debagoienaren eguna antola zezatela, aldarrikatzeko hemen dagoela eskualdearen epizentroa eta ez beste inon, hemen elkartzen direla gure bideak eta beraz hemen dagoela Debagoieneko bide guztien zero kilometroa, hemendik hasi behar dugula bidea elkarrekin egiten, bidelagun izaten, komunitatea indartzen.

Bidea luzea izango da eta horregatik gaurko egun hau lehena da, kate luze baten lehen begia. Urtero itzuliko gara eta urterik urte berrituko dugu gaur hona ekarri gaituen espiritua, eta urtean zehar ere txertatuko dugu gure eguneroko jardunean.

Horregatik, epizentroa ondo markatuta gera dadin eta gure asmoa arnas luzekoa dela adierazteko zuhaixka hau landatu dugu, urteen poderioz bihur dadin Debagoieneko arbola indartsua. Ea ez den sikatzen!

Epaia betetzera bildu gara gaur hemen, baina ez dezagun zigorraren ideia  onartu. Lankidetza ezin delako inoiz zigorra izan, are gutxiago horrenbeste egitura lankidetzan eraiki duen eskualde batean; eta baita interes komunaren alde egitea mesedegarri zaigulako, hain zuzen hori delako antidotorik egokiena munduaren bilakaerak ezartzen digun indibidualismoaren ereduari aurre egiteko, eta gure artean bizipoza partekatzeko.

Zabal dezagun lankidetzaren birusa gure inguruetan eta herrien artean, heda dezagun esparru guztietara, debagoiendar guztiak kutsa ditzan. Eta indarrak berritzeko, jarrai dezagun urtero udaberrian Errotonda eguna ospatzen festa giroan eta udazkenean Tobera egiten, gure ajeak azaleratzeko eta haien konponbidean urrats berriak egiteko. Une honetan aurreratu dezaket aurtengo Tobera Aretxabaletan egingo dela Iñuxente egunez.

Besterik gabe, Biba Debagoiena BERATZIXAK BAT!”

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude