Elkarrekin berritzen

Bikaina izan da Udaltopek eta Soziolingustika Klusterrak elkarrekin Lasarte-Orian antolatu duten Jardunaldia. Egun t’erdiz aritu gara lanean 180 lagun inguru eta amaieran ilusioa nabari zen aurpegietan.

usjardunaldiaAzpimarratzekoa izan da jendearen parte-hartzea: oholtza gainetik pasako ginen 30 lagun baino gehiago, eta ez ohiko hizlariek ofiziodunen maila eman dute edo hobea, gaitasunez eta jarreraz. Oholtza behetik ere gehiago izan dira galdera/ekarpenak hauek patxadaz jorratzeko denbora baino.

Bigarren kontu aipagarria izan da edukien kalitatea eta erabilgarritasuna. Teoriatik ari zena saiatu da praktikara hurbiltzen eta, alderantziz, jarduna kontatzen ari zena ahalegindu da gogoeta ere egiten, ondorioak orokortze aldera. ‘Praktika gogoetatsua’ kontzeptua Jardunaldian entzun dugu askok lehenengoz, baina ohartu gara izendatzen duela dagoeneko erabiltzen dugun moldea. Uste dut Klusterrak bultzatutako Eralan ekimenak ‘kulpa’ handia duela molde horren zabalkundean.

Asko gustatu zait lankidetzarako ikusi dudan giroa. Elkarrekin berritzea zen Jardunaldiaren leloa, eta konstante bat izan da txosten eta interbentzio guztietan bestea aipatzea, eta lankidetzan aritzeko gogoa azaltzea. ‘Alofilia’ izan da Jardunaldiko bigarren aurkikuntza, eta izendatzen du hain zuzen bestea maitatzearen eraginkortasuna. Bereziki azpimarratu nahi dut Patxi Baztarrika sailburuorde eta adiskideak bere hitzaldian egin zuen elkarlanerako eskaintza.

Azken azpimarra –agian harrigarriena- izan da jendearengan sumatu den ilusioa eta berrikuntzarako prestutasuna. Parte-hartzaile gehienak administrazioko euskara teknikariak ziren, ia guztiak bide luzea egindakoak. Eta hala ere nabaritu diet sekulako gerria beren rola aztertzeko eta birdefinitzeko, prestutasuna funtzio berriak asumitzeko –nahiz lider hitzaren tabua ez den guztiz gainditu- eta gogoa euskararen normalizazioari bultzada berri bat emateko.

Amaieran horixe esan nuen oholtza gainetik: ‘Uztartzen baditugu zuen gaitasuna, Klusterraren inguruan bildu daitekeen jakinduria, erakundeen inplikazioa eta herritarren aktibazioa, gai izango gara normalizazioaren aro berria indartsu hasteko’.

Eta zinez uste dut hori.

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude