Adarra jo digute II

Aurreko mezu baten “adarra jo izan
balidate” bezala sentitzen nintzela idatzi nuen. Ba, azkeneko egun
hauetan, hainbat emakumeri entzun izan diot antzeko zerbait, baina kasu honetan
Ahotsaken gainean izan da. Abenduaren 30a ezkero, ez dugu Ahotsakide bat bera
ere entzun, era publikoan eta Ahotsakide legez, ezer ere esaten su-eten
iraunkorraren eta bake prozesuaren kontra izandako atentatuaz. Emakume izateari
dei egin zioten apirilaren 8an Ahotsak mugimenduko kideek eta batzen gaituen
horretatik abiatuta bakearen alde, elkarrizketaren alde, lan egiteko eta
prozesuan parte hartze zuzena izateko aldarrikapena egin zuten. Han batu ziren
hainbat alderdi politikoetako kide diren emakumeak, AB, Batasuna, Aralar, EA,
EAJ, PSE, PSN, AB…  Era pertsonalean,
diotenez.

Abuztuan prozesua krisian zegoela esaten hasi zirenean, Ahotsakek beste agiri
bat atera zuen, apirilaren 8an aurkeztu zuten agiria sinatu genuen guztion
babesarekin (horrela behar baitu), Ahotsak gertu legokeela behar izanez gero,
krisi egoeran ere, prozesuari bultzada emateko eta horretan jarduteko buru-belarri.

Ba, aizu! abenduaren 30etik krisian baino, prozesua “apurtuta”
dagoela esango nuke nik. Baina, gaur Ahotsaken blogean kuskuseatzen hasi
naizenean, abenduaren 30eko atentatu hori aintzat hartutako  Komentario
bakarra
topatu du.
Ahotsaken alde sinatu genuenoi ez zaigu Ahotsaken mututasun horren gainean
azalpenik eman, eta gaur goizean Euskadi Irratiko tertulian Sabin Intxaurragak
“hobe isilik egotea, tarte baten behintzat” esaten entzun dudanean,
Ahotsaki buruz, berriz ere sentitu nahiz “adarra jo izan balidate” bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Adarra jo digute, hala sinistuta nago

Joan zen astean, lagun batek bigarrenez esan zidan: txanpan botila lar agudo zabaldu duzue! Eta, esan nion: baliteke, baina atzera bueltarik ez luke onartuko gure gizarteak, inondik inora ere! Artean, berak: baliteke, baina gauzak ez dira batere aldatu.
Eta, arrazoi zuen berak: gauzak ez dira batera aldatu, ala bai? Ze, orain, ustez bada ere, hildako bi gehiago daude, gure ilusioak noraezean dabiltza eta beste su-eten bat inork gutxik sinistuko du, baldin badago edo honek izateari uzten badio, behintzat. Eta, presoen eskubideak errespetatu daitezen ekimen berriak egiten jarraitu beharko dugu, eta Batasuna hauteskundeetan egongo ez bada egoerak okerrera joko du, eta PPk Madrilgo gobernua berreskuratzeko aukera gehiago ditu, eta…
Hortaz, horra galdera: ez duzue uste adarra jo digutela? Ze, bederatzi hilabeteko gestazioaren ostean ezer onik ez ateratzea zer da bestela? Eta, bai, hainbat aritu dira prozesua ondo ez zihoala esaten, eta bitartean beste ahots baikorragoak aritu dira euren aldetik proposamen berriak egiten, irakasleak (Elkarbide), emakumeak (Ahotsak), epaileak (Katalunian sortutako ekimena)… Eta? Zer egingo dugu bada horietako mugimenduren baten alde egin dugunok? Ze sinesgarritasun dugu, dute, bada, elkarrizketaren aldeko defentsa egiten aritutakoek? Elkarrizketa al da bidea?
Sinistuta nago gureak baduela konponbidea eta nonoiz lortuko dugula bide egokian aurrera egitea, estropozu handiegiak egin barik. Bitartean, bada, bakoitzak bere erantzukizunaren aurrean zintzo jokatzea baino ez zaigu geratzen, bidean pena larregi badirelako.
A, ta, urte berri on (edo)!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Bost urteren buruan, errepaso laburra

5 urte igaro dira eta horren inguruan berriz
ere lagunak ikusteko aukera Arrasaten. Bost urte Iban Arantzabal sustatun
idazten hasi zela. Goienak papera, telebista eta irratia eta bazeuzkala eta
bestelako jauzi bat egiteko ordua zela. Atzo Ibanek berak azaldu zuen urteurren
jaian zergatia eta Codesyntaxeko Luistxo Fernandezek ere azaldu zuen nola ekin
zioten hari. Bideoa ere eskaini zuten sustatukoek euskarazko lehenengo blogaren
ibilbidea zein izan zen kontatzeko. Han agertu ziren Mikel Irizar sasoi hartan
Goienaren gurdiari tiraka hasi zitzaion orotarikoa, Joxe Arantzabal bere
gaixotasunaren berri sustatun ematea erabaki zuenean bultzada bikaina ematen
asmatu zuen Arrasate Presseko jefe ohia, Uxoa Agirre sustatuko editore lanetan
aritu zena, Maite Rementeria Codesyntaxeko diseinatzailea eta sustaturen
itxuraren “erruduna”, Garikoitz Araolaza Codesyntaxeko programatzailea eta
ziurrenik ahaztuko dut norbait, baina intentzio txarrik barik izan da.

Ba esaten hasi naizela jada bost urte igaro
direla eta atzo Ibanek esan zuen moduan, sustaturi esker gerturatu nintzen Internetera
euskaraz. Ez nintzen eta horrela jarraitzen dut, teknologia berrietan batere
jakituna; nire bloga bera ere Asteleheneko Goienkarian lanean hasi nintzenean
sortu nuen, Goienako lagunek animaturik eta izenari buelta asmo eman ostean. Baina,
aspaldi honetan segundo erdi ere ez diot eskaintzen Desplazatuari. Geroz eta
desplazatuago nagoela dirudi! Ze, bost urte hauetan desplazamendu mordoa egin
ditut eta atzo ere, Fatima Arantzabalek gogorarazi zidan Arrasate Press utzi
nuenetik geratu barik nabilela. Lanez hainbat aldiz aldatu dut harrezkero,
Durangoran joan nintzen eta han nengoela beste lan baten hasi nintzen, baita
Durangon. Bilbora joan nintzen ostean eta handik Bergarara itzuli eta atzera
bueltan alde egin nuen eta orain, berriz, Gasteizera joaten naiz lanera. Desplazamenduak
dira nire egunerokoa!!!

Baina tarte horretan guztian Goienaren bueltan
gertatzen denaren berri izaten saiatu naiz eta Debagoieneko lagunek egiten
duten lan bikaina jarraitzea gustuko dut. Berritzaileak eta ausartak direla
neuk esatea, jada, inora helduko ez den mezua da, baina horrela da. Goienkaria
sortzeko asmoaren aurrean dudak izan nituela aitortu arren (asmo horrekin hasi zirenean Arrasate Presseko zuzendari izatea proposatu zidaten eta hainbeste denbora ez neraman han lanean ardura horri eusteko eta horregatik pentsatu nuen, desagertu egingo zela Press Goienkariak aurrera egin ezkero. Urteetik uztatu egin dira, gutxinaka egindako prozesua izan da eta era logiko baten egindako gainera), apustu bikaina izan
zen hura eta erakutsi dute Enekok eta bere lan talde guztiak hartuta erabakia
izan den herri aldizkarigintzak aurrera egiteko bidea. Sustatu ere erronka izan
zen eta horrek ere bere emaitzak izan ditu, goiena.net, blog pertsonak eta
komertzialak, gu guztiok Internetara euskaraz hurbiltzea eta blogarien arteko
hartu-emanak bultzatzea.

Ausardiak lagundu egiten du, asmoak gauzatzen
eta bidelagun jende aproposa izanez gero, pausoak egoki eta ondo ematen dira. Hori
ikasi dut Arrasate Pressen hasi nintzenetik, eta atzo ere Maria Agirrekin
komentatu nuen, labur antzean, han denetik egiten ikasi genuela eta harrezkero
beti jakin izan dugula noiz eta nola ekin eta geratu edo aldatu. Mikel
Irizarrek esan zidan urtarriletik aurrera ardura profesional berri bati ekingo
diola eta aitortu nion “nauxittan hik modukua izan nahi juat!” eta berak “neuk
pe bai” esan naostan. Adi ibili behar!

Atzo, argazkirik ez nuen atera nik Arrasateko
kultura etxe berriko klaustroan, baina nahiko argazki daude jasa sarean,
hortaz, aprobetxatzea erabaki dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Hauxe kasualitate ederra!

Petti, Txuma eta Rafaren azkeneko lana kotxeko CDan sarturik urten dot Landakoguneko parkinetik. Durango zeharkatzeko nuen eta auto ilara dezentekoa zen, baina Hauxek pinta ona zuen; lehenengo kantatik (Gaua eta kea) jada, itxura ona hartu diot hirukoaren lanari eta poz-pozik nioan gidatzen. Gainera, lagun batekin hitz egin berri nuen telefonotik eta hark esandakoa noiz ikusiko zain nindoan; ilargia begiratzeko esan dit berak. “Baina ez da betea!” esan diot nik. Berak, berriz, “ez, baina koloreagatik diotsut; ilargia ez da zuria gaur; hori-horia da”. Zerura begira aritu naiz tarte baten, auto ilaran nindoala, baina herri barruan ezer gutxi ikusteko aukera izan dut, hainbeste kale argiteriarekin (Gabonetako argiak ere pizturik dira!). Hortaz, bidean aurrera egin dut, Pettiren Xoria kantari rock and blusea entzuten. Bikaina iruditu zait pieza. Entzun nuen haren lehenengo kanta Ruedak orkestratu zuen Ehungarrenean Hamaika Lauaxetaren omenezko lanean zetorrena izan zen. Asko-asko gustatu zitzaidan Pettiren ahots jarioa eta oraingoan ere, horren zain nintzelarik, iritsi da Xoria kantari. Durangotik Zornotzarako bidean zirkulazioa gutxi da, baina oraindik ez zen ilargia inondik agiri. Laino beltz-beltzek estaltzen zuten, baina banuen itxaropena ikusteko, Autzaganen gora iristean. Han izaten dut normalean ilargiari so egiteko aukera, parez pare izaten duelako gidariak Gernikara norabidean. Eta, haren zain, Txumaren Hau dena errazagoa da beti abestia entzun dut. Jon Benitoren hitzekin osatu duen abestia da; polita, oso. Eta, hara non Ruedaren Hodeietan abestia entzuten nindoala, Autzaganen gora hartu dut eta Kirmen Uribek 41. Durangoko azokarako gertatu zuen irekiera hitzaldiko ipuinak zioen moduan ikusi dut nik ilargia. Hark zioen “marra gorrizta bat ikusten zen hodeiertzean. Loak hartu nahi ez duen haur baten begia balitz bezala”. Nik, ordea, ilargi ia betea ikusteko aukera izan dut, laino beltzen artetik erakutsi didalako bere kolorea, iratzartu nahi zuen haur baten begia balitz bezala; horia, lagunak esan didan legez. Hori-horia eta ederra! Tarte baten baino ez dit erakutsi ilargiak ere gaurko bere jantzia, baina gustatu zait. Ederra izan da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Elkarrizketaren ahotsak- Asteleheneko Goienkaria 06-12-04

Danbakara zer entzungo nuen jakin barik joan
nintzen. Aitziber Aranburuzabalak
aurreratu zidan british pop estiloan
aritzen den taldea gustatuko zitzaidala. Asmatu zuen, gustatu zitzaidan Unnëan taldea; esan barik doa nire
gustuko musika ere badela popa. Baina sorpresa polita hartu nuen Espaloian; gazte
piloa, giro beroa, parte-hartzailea… Zoriondu nahi nituzke Goienako lankide
ohiak. A, ta, Raul Lasak barre
algara dezente eragin zigun, ezta Eneko?.

Zapatuan beste ekitaldi jendetsu batean izan
nintzen: Euskaldunan, emakumez inguratuta. Elena
Laka
k zioen moduan “hainbeste emakumez inguratuta egoteak ez dakit zer
eragiten didan!” eta, egia esateko emakumeak bi mila zirela jakinda, uff!!
Ekitaldia polita izan zen, entretenigarria. Virginia Imazek Ahotsaken ekimenari irribarrea eransten lagundu
zuen. Estitxu Fernandezek bikain
irakurri zuen Ahotsaken jada laugarrena den adierazpena; Natalia Serrano, motel samar aritu zen, eta aurretik Estitxuk,
euskaraz, eta Beatriz Molek
frantsesez eman zioten indarra galdu zuen mezuak. Garako firma bako kronikak zioen atzo “Ahotsak-ek esku bat bota dio
prozesuari, PPren aste bikainaren ostean”.
Ez dakit. Emakumeok bake prozesuan parte hartze aktiboa aldarrikatu ostean,
ekintzetara jotzeko unea dela irizten diot. Ezin dugu Bilboko mezuak zioen “elkarrizketaren
bidea erabili dezatela” esaten jarraitu. Agian, Zapaterori elkarrizketa eskatu
beharko genioke, ausardiaz jardun dezala eskatzeko. Agian, guri, emakumeoi,
gizonezko politikariei baino jaramon gehiago egingo digu. Ahots asko gara eta
emakumeenei gizonezkoenak gehitu ezkero, gehiago izango gara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Jon, libre da

Joan zan egunian jakin dot Jon Abriles kontrako auzia artxibau egin dabela auzitegixak. Jada lau urte pasau dira Madrilen epaitegixan aurrian irudixak hartzen arittu zalako, beste hainbat eta hainbat kazetari eta kameralarirekin batera, atxilotu, kamera kendu eta auziperatu egin zebela.

Lau urte pasau dira jada Ttipi-Ttapan ari zala, neu orduan Anboton, eta greba egun batez geuk lana egittia erabaki giñuala eta Anbotoko bihargiñok diru hori bere epaiketian gastuetarako bidaltzia erabaki giñuala.

Lau urte dauaneko beste hainbat lagun eta lan izan dittudala eta zeiñek esango zostan orduan Jon Abrilekin lan egingo nebala lau urte beranduago.

Zelakuak dien gauzak, e Jon! Berai esan notsan moduan, orduan “libre” zara!

 

Astelehenian esan zostan Jonek artxibau zebela bere kontrako auzixa eta orduan akordau nitzan: 4 urte? Ai, ene! Gaur arittu naiz orduko kontuak prentsan zela jaso zien ikusten eta Pello Apezetxea apaizak sinatutako lotura honetara aillegau naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Irakurtzeko hainbat kontu

Irakurtzen egin nuen
jada hurrengoa baino urrutiago geratzen zaigun joan zen domeka eguzkitsua.
Goizean, Laidako tabernan egunkaria; arratsaldean Laidako hondartzan liburua
eta iluntzean, berriz, goizean lagatako egunkariko elkarrizketetako batzuk.

 Alvaro Pombori (Premio
Planetaren saridun berria) egindako elkarrizketa irakurri nuen El Pais  egunkariaren azkeneko
orrian. Contra natura bere liburua oparitu zidan lagun batek eta iazko urtebetetze opari moduraa;
harrezkero –eta horrelakoetan gertatzen den moduan- idazlearekin gutxieneko
lotura bat badaukat eta, hortaz, elkarrizketa irakurri egin nuen. Izaera bitxia
du Pombo jaunak. Santanderren jaio zen orain dela urte batzuk eta bere
homosexualitatea hizpide idatzi zuen Contra Natura lana. Liburu mardula,
sendoa, mamitsua, pertsonala eta pertsona eta personalidade askotaz ari dena.

 Bigarren elkarrizketa

 Pomborenaren ostean egunkari berak domeketan ateratzen duen
aldizkariko beste elkarrizketa 
bat irakurri nuen, luzeagoa zen eta oraingoan ere idazle bati egindakoa: Manuel Rivasi Milagros Perez Olivak egindakoa,
hain justu.

Berarekin ez neukan inolako loturarik; esan nahi dut, bere
libururik ez dudala irakurri, baina elkarrizketa irakurtzen hasi eta berehala erabaki
dut bere liburu bat irakurri nahi dudala. Esaldi oso borobilak esan ditu
elkarrizketan zehar, eta hori beste hau ere esaten duela: ”Hay que ser
cauteloso a la hora de citra a otros escritores, porque ellos no tienen la
culpa de lo que tú haces, dices o escribes”; borobila, ala? (Elkarrizketan
zehar hainbat idazle eta pentsalariren esaldiak erabiltzen dituen arren).

Ba hori, Alvaro Pomboren elkarrizketa irakurri dut, bere
liburua irakurri ostean, idazleari buruz, pertsona-egile horri buruz gehiago
jakin nahi nuelako; aldiz, Manuel Rivasekin, alderantzizkoa sentitu dut;
hainbeste gustatu zait berari egin dioten elkarrizketa ze, bere libururen bat
irakurtzea erabaki dudala (Radio Euskadin
entzun izan dut inoiz bera hizketan, galizarra dela aprobetxatuz).

Orain dela gutxi argitaratu du bere azkeneko lana Los libros arden mal  (Alfaguara; orain
gaztelaniaz argitaratu dute, ze berak galizieraz idatzi zuen eta Roberto Bolañoren Los detectives salvajes 
amaitu bezain pronto ekin nahi nioke horri. Aitortu behar dizuet Boñaloren
liburuarekin motel samar nabilela; denbora gutxi eskaintze ari natzaio
liburuari eta nik uste liburuaren haria ere tarteka galdu egin dudala. Baina
atzo justu azkeneko kapitulura iritsi naiz Ulises
Lima
eta Arturo Belanoren nondik norakoen istorioan.

Manuel Rivasi
egindako elkarrizketatik atera ditudan zati batzuk

–        
“Será porque.
Como dijo Ralf Waldo Emerson, «los años arrugan la piel, pero la falta de
entusiasmo arruga el alma».

–        
“Más underground que un gorrión en el metro”

–        
“… a llegado a
tener como la guerra de Troya (Espainiako gerra zibilari buruz), una dimensión
mítica. La guerra de España se convirtió en un escenario de la humanidad en el
que convergieron todos los vientos de la historia. Convergieron las guerras del
pasado, las que se hacía en nombre de la religión –por eso se planteó como una
cruzada–, y las guerras del futuro: los primeros bombardeos de población civil,
la producción industrial de la muerte, los desaparecidos… Está todo. Fue una
derrota de la humanidad, de la posibilidad de construir otro mundo; por eso
digo que lo que ocurrió es la historia dramática de la cultura”.

–        
“Y como dice
Italo Calvino, somos lo que recordamos”.

–        
“Decía Kafka
que lo que tienes que haces es estar despierto, porque te vendrán las historias
a buscar”.

–        
Kazetariak: Y
ahí entra la función social del periodismo. Cada vez más importante, pero con
la credibilidad por los suelos. ¿Qué podemos hacer?(Manuel Rivas kazetaria da,
idazle izatez gainera) “Es verdad, ya estamos por detrás de los curas y los
militares en credibilidad”.

Aurreko domekan ere idatzi zuen El Pais egunkaria,
Galiziako suteei buruzko erreportajea

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Ruper Ordorika & Mugalaris

Aspaldiko partez Bilboko Kafe Antzokian izan
nitzan atzo; Ruperren zuzenekua
ikusi eta entzutera gonbidatu ninduan lagun batek. Esan barik doia, Iban,
fenomeno pasau nebala; eskerrik asko!

Pare bat kontu hango giruan gañian: bat,
jendiai konziertuetan berba itxia gustatzen jako edo gu berritsuenen bueltan
jarri giñan; bi, Kafe antzokixan ikasle gutxi egon zan atzo (bataz besteko
adina etzan, behintzat, batere baxua); eta hiru, berriz be holako sarauetako
“abitualak” elkartu ziren Ruperren kontzertura: Sabinetxeko kamerek babesera
kotxia aparkatzen giñala ikusi giñuan Txuma Mugarren, Kirmen Uribe, Rafa Rueda
eta Fermin Etxegoien elkarrekin topau giñutzen konziertu ostian, eta Ruperren konziertua
zala kontuan izanda bere anaia Jonan be agurtu giñuan (han ibili zan kabliak
batu eta gordetzen; gaur, berriz be kabliak luzatzen aritxuko da, ze, bigarren
saiua ingo dau Ruperrek Bilbon zuzenekua grabatzeko konziertuak die-ta).
Jonanekin kontu batzuk egin giñutzen bere lagun Fernando Soundersen kontura;
suerte pixka batekin berriz be Elgeta aldian ikusiko dogun Lou Reeden
baxu-jotzailia.

Ruperrekin aritxu zien mugalariak primerakuak

Dani
Perez, Nando de la Casa eta Alberto de la Casa… primerakuak danak. Bost
musikarikin jardun zeban Ruperrek eta tartian bost gitarra (lau eta baxua);
soiñua ona izan zan, lehenengo 3 kantuetan ez hainbeste, eta eszenografia be
xumia izan arren, politxa izan zan: metalezko pantaila bi eskenatokiaren alde
bixetan eta argazki bilduma erakustiaz batera, zuzenian hartzen ari zien
Ruperren irudixekin egindako nahasketia. Dotoria.

Jentia,
publikua, tarteka hotz igarri neban; gertu-gertuan euki nitxuan pare bat tipo
paperia zihero sartuta abesten eta interpretatzen, baina ostientzian etxaten
pentsau jentiak, kantu osteko txaluez gainera, konziertuan parte hartu zeban.
Egixa esateko hiru biderrez baino eztot Ruperren zuzeneko bat ikusi eta kantuak
ezagutu arren, nik neuk eztakidaz haren letrak; hala ta be, badaukat ohitxuria
kantuan eitxeko konziertuetan (abestixak jakin ezkero behintzat bai) eta atzo
etxaten ba pentsau zaletasun horrekin jente askoik zeuanik Antzokixan.

Hala ta
be, Zaindu maite dozun hori abestixakin hasi eta labezomorruan pare bat
bertsiñokin amaitxu zan zuzenekua gustau jaten, eta, jakiña, akonpañantia izan
zana izanda, primerakua dana.
Antzuolar bat eta elgetar bat kapitalian aste barruan, ai ene! Eskerrik asko.

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Herritarren eskariak eta ordezkari politikoen erabakiak

Joan zen barikuko Goienkarian irakurri dio Xabier Legorburu
antzuolarrari, Sagastin parkearen aldeko plataformako kideari, “Alderdi politiko bati udal hauteskundeetan
emandako botoak ez du boto emailearen adostasunik adierazten alderdi honek
agintaldian egiten duen guztiarekin”. Antzuolako
Sagastin parkea nahi dutenek 756 aldeko sinadura aurkeztu zituzten udaletxean,
baina alkateak “berandu zabizte” esan ei zieten. Horregatik dio Xabierrek
“Antzuolako Udalak osatzen duten alderdi politikoek erroldaren %46,52 osatzen
dute, normala den bezala, sinadura bilketan lortutako %36,26a gaindituz. Baina
bi datu hauek ez dugu uste konparagarriak direnik. Izan ere, gauza bat da Udal
bat osatzeko egiten diren hauteskundeak eta beste bat, proiektu konkretu baten
aldeko herritarren iritzia”. Eta, hain justu, horri, herritarren iritziari,
ematen zaion garrantzi eskasak eragiten du politikoekiko, eta orokorrean
politikarekiko, herritarren jarrera negatiboa. Iban Arantzabalek Goienkari berean
idatzi du “sigla guztien gaiñetik politikari ahalik eta onenak gura dittugu
gure herrixetako udaletan agintzen”, eta horrela beharko luke, baina
zoritxarrez ez da hori gertatzen; Antzuolan gertatu dena, Debagoieneko beste
hainbat proiektu eta udal erabakiekin gertatu denaren adibide bat gehiago baino
ez da. Baliteke hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeetan boto emaileek
kontuan hartzea euren ordezkari politikoek aurreko legegintzaldietan hartu
dituzten erabakiak eta egindako gestioa kontuan izanda aukeratzea. Baina,
susmoa daukat, berriz ere, alderdikeria gailenduko dela, nahiz eta udal
hauteskundeak izan.

Atzo bertan, esaterako, Gipuzkoako Batzar
Nagusietan erraustegiaren gaineko erreferenduma egiteari uko egin ziote EAJ,
EA, PSE eta PP alderdiek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Eta ni armadako lan istripuez!

Aurreko astean izan ziren gure artean
Espainiako armadako soldaduak, maniobra militarrak
egiten. Horrela saldu ziguten behintzat. Hala ere, nik ikusi nituenak bide
bazterretik zihoazen auto istripuak eragiteko asmoz ez dakit, baina bai
arriskuarekin. Gainera, joan zen eguaztenean, etxera bueltan iluntzeko 20:00ak
aldera, Muxikatik Gernikara  bitartean harrapatu nituen haiek soldaduak, errepidearen alde
bietan, kamuflaje jantziekin eta txaleko reflektante zatar horiek gabe. Kotxeko
balaztan hanka-arrasto ona laga neban ba, sustuakin!

Eta etxean lagunari kontatu ostean, zera esan
zidan: “tira, norbait zapaldu ezkero, lan istripua izan dela esan eta kitto!”.

Hurrengo goizean entzun nuen irratian zela
kamioi batek hiru soldadu harrapatu zituen Autzaganen gora. Nik ere errepide hori hartu beharra neukan goizean eta
ikusi ere egin nituen militarrak bide bazterrean geratuta batzuk,
anbulantziaren ondoan, eta beste eztakit zenbat errepidearen alde bietatik
mendantean gora. Berriz ere akordatu nintzen lagunak etxean esandakoaz: lan
istripua.

Eta, gaur Patxitraperoren
artikulua irakurtzen gogoratu naiz orduan buruan bueltaka izan nuen galderaz:
soldaduena lan istripua al da? Profesioz ari dira armadan, lanbidez dira
soldadu, hortaz, lanorduetan izandako istripuak lan istripu al dira? Eta
horrela bada, urte amaieran zenbatuko ote dituzte lan istripuen kopuruan. Ez
zen astelehena, Traperok
zioen legez, baina
umorez hartzeko modukoa bai behintzat; bai kasu honetan, ala?

 Eta ni armadako lan istripuez? Norbaitek entzunda (irakurrita)
ere! Hainbeste urte Kakitzateko insumisoen artean, eta orain soldaduen
lan baldintzekin bueltaka, ai ene!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1