Hauxe kasualitate ederra!

Petti, Txuma eta Rafaren azkeneko lana kotxeko CDan sarturik urten dot Landakoguneko parkinetik. Durango zeharkatzeko nuen eta auto ilara dezentekoa zen, baina Hauxek pinta ona zuen; lehenengo kantatik (Gaua eta kea) jada, itxura ona hartu diot hirukoaren lanari eta poz-pozik nioan gidatzen. Gainera, lagun batekin hitz egin berri nuen telefonotik eta hark esandakoa noiz ikusiko zain nindoan; ilargia begiratzeko esan dit berak. “Baina ez da betea!” esan diot nik. Berak, berriz, “ez, baina koloreagatik diotsut; ilargia ez da zuria gaur; hori-horia da”. Zerura begira aritu naiz tarte baten, auto ilaran nindoala, baina herri barruan ezer gutxi ikusteko aukera izan dut, hainbeste kale argiteriarekin (Gabonetako argiak ere pizturik dira!). Hortaz, bidean aurrera egin dut, Pettiren Xoria kantari rock and blusea entzuten. Bikaina iruditu zait pieza. Entzun nuen haren lehenengo kanta Ruedak orkestratu zuen Ehungarrenean Hamaika Lauaxetaren omenezko lanean zetorrena izan zen. Asko-asko gustatu zitzaidan Pettiren ahots jarioa eta oraingoan ere, horren zain nintzelarik, iritsi da Xoria kantari. Durangotik Zornotzarako bidean zirkulazioa gutxi da, baina oraindik ez zen ilargia inondik agiri. Laino beltz-beltzek estaltzen zuten, baina banuen itxaropena ikusteko, Autzaganen gora iristean. Han izaten dut normalean ilargiari so egiteko aukera, parez pare izaten duelako gidariak Gernikara norabidean. Eta, haren zain, Txumaren Hau dena errazagoa da beti abestia entzun dut. Jon Benitoren hitzekin osatu duen abestia da; polita, oso. Eta, hara non Ruedaren Hodeietan abestia entzuten nindoala, Autzaganen gora hartu dut eta Kirmen Uribek 41. Durangoko azokarako gertatu zuen irekiera hitzaldiko ipuinak zioen moduan ikusi dut nik ilargia. Hark zioen “marra gorrizta bat ikusten zen hodeiertzean. Loak hartu nahi ez duen haur baten begia balitz bezala”. Nik, ordea, ilargi ia betea ikusteko aukera izan dut, laino beltzen artetik erakutsi didalako bere kolorea, iratzartu nahi zuen haur baten begia balitz bezala; horia, lagunak esan didan legez. Hori-horia eta ederra! Tarte baten baino ez dit erakutsi ilargiak ere gaurko bere jantzia, baina gustatu zait. Ederra izan da.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude