Lehenengoz pasatu naiz gaur Legutiotik

Joan zen martitzena ezkero, lanera autopistaz joan beharra izan dut. Entzun nion Martin Barriusori Mezularian autobideen alternatibarik ez daukagula. A-8an izandako lur-hazien kontura ari ziren, eta Gipuzkoako bide azpiegituren diputatu Eneko Goiak zela esan zuen lanak egiten ari diren bitartean autobidea debalde edo merkeago jartzeak, zirkulazio gehiago eragingo zuela. Orduan ohartu nintzen nik baneukala erabat publikoa den errepide aukera, lanera joateko. Baina joan zen astean autobideko ordainsaria pagatzen aritu naiz, eguaztenetik barikura, lanerakoan eta lanetik bueltan: Etak 25,5 euro + 6,6 euro zor dizkit.

Barikuan jada ireki zuten Legutioko errepide nazionala eta gaur goizean handik joan naiz Gasteizera. Inpresioa hartu dut itzela. Inoiz ikusi barik neukan leherrarazitako eraikin bat nola geratzen den. Handik paretik pasatzean, atentatua izandako lekutik pasatzean, inpresioa eragin dit itzela guardia zibilaren kuartelaren egoera tamalgarriak; horrek eta errepidearen beste aldean zegoen baserri zaharra birrinduta ikusteak (pentsatzekoa da botatzen amaitu dutela agintariek, erortzeko arriskuan geratu omen zen eta). Kuartel paretik pasatzerakoan, ikusi dut barruan bazela jendea. Han bizi zirenetako lagunetako batzuk izango ziren, oraindik gauzak jasotzera-edo joandakoak.

Niri 32,1 euro zor dizkit the organizationek; txikikeria bat handik pasatzerakoan igarri dudan sentsazioaren ondoan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Antzuola albistegune izan zenekoa

“Mozio etikoen” aitzakian hainbat herri hedabide “nazionalen” mapan agertzen ari dira. Gaurko egunkarietan (eta digitaletan) nire sorterriari tokatu zaio: Antzuola. Berrian, DVn, Noticias de Gipuzkoan, Paisen,  Correon, eitb24n, Publicon, Estrella Digitalen…

Jakina nahiago nukeela beste albisteren baten inguruan aritu izan balira Antzuolaz, baina pentsatzekoa da batek baino gehiagok, galdetuko zuela gaur ia non dagoen herri hori, ala? Auskako.

Jakina, Antzuola bera ez dela albiste izan; hedabideek EAJ-PSEren mozioak beste porrot bat izan duela azpimarratu dute. Kasu honetan, baina, bazen beste ezberdintasun bat aurreko porrotekiko. Antzuolan, martxoaren 11n, ETAk Isaias Carrasco hil eta bi egunera, erailketa hura salatzen eta gaitzesten zuen mozioa onartu zen. Orduan, EAJ (3)-PSO (1) eta Zutik- EB-Aralar (2) taldeen aldeko botoekin onartu zen mozio hura:

  • Antzuolako Udalak Arrasateko hiritarra eta PSEko zinegotzi-ohia zen Isaias Carrascoren aurkako atentatua gogor salatu eta gaitzesten du.
  • Elkartasuna adierazten die bere senitarteko eta alderdikideei.
  • Isaias Carrascori bizitza kendu dion ekintza bortitz eta krudel  hau oinarrizko giza eskubideen kontrakoa dela diogu, bizitza-eskubidearen kontrakoa, hain justu.
  • Ez dago inongo arrazoirik heriotza hau justifikatzeko, are gutxiago herritar baten ideologia eta aukera politikoaren kontrako ekintza izanik.
  • ETAk ez du zilegitasunik herriaren ordezkaritza bereganatzeko, ezta bere izenean heriotza zigorra aplikatzeko.
  • ETAren deuseztea exijitzen dugu, bere jarduera etikoki onartezina delako, normalizazio politikoaren bidean oztopo bat delako eta Euskal herritar gehienen nahia horixe delako.

Antzuolako Udalak beraz, egin zuen bere hautua. “Mozio etikoagorik” onartu zena baino ez da, nire iritziz, sozialisten eta jeltzaleen zuzendaritzek osatu zutena eta atzo Antzuolan eztabaidatu zena.  Hortik aurrerakoak, nire iritziz, ez dira era egokian planteatu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Sprako tranbia vs Un poco de chocolate

SPrako tranbia

Herenegun lagun batek agur zibernetikoa erantzun zidan eta gaur bertan, Gasteizen, Un poco de chocolate filmaren aurrestreinaldia egitekotan zirela kontatu zidan. Orduan gogoratu nintzen irakurri barik nuela oraindik Unai Elorriagaren eleberri sonatua: SPrako tranbia. Gernikara itzuli ahala, Amilotxera joan, liburua erosi eta irakurtzeari ekin nion. XMEk hitzaurrean dioenaren kontra, hau da, “arnasa hartu gabe, kezkak alde batera laga barik, zapatuak kendu gabe, pijamako botoiak askatu barik…” ekin nion hitzaurrea bat-batean irakurtzeari eta segidan Lukasen begietatik begiratzeari.

Zela diren gauzak; 17. edizioa du liburuak, nik erosi dudanak. 2001ean kaleratu zuen Elorriagak eleberri bikaina eta nik, lagun baten agur zibernetikoan egindako aipamenari itxaron behar izan diot liburua irakurtzeko. Tira… Sekula ez da berandu, diote.

Bi eserialditan bereak egin du liburuak. Lukas lehenengo orrialdetik gustatu zait eta Maria arrebak jakin-minez utzi nauela aitortu behar dut. Gainera, irakurtzen jarraitzeko grinarekin geratu naiz; pertsonaien lagun egin nahi izan dut eta gehiago nahi nuen irakurri. Oso gustura irakurri dut eta gozatu ere egin dut, irribarren tarteka eta pena beste batzutan.

Orain pelikula ikusteko moduan nago!
Apirilaren 30ean estreinatuko omen dute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

“Ikusitakoa zuen imajinazioak sortu du; ez eman buelta gehiagorik”

Apurtxo bat fantasmatxoa. Bai, baina bere ikuskizunak aho zabalik laga gaitu, behin baino gehiagotan. Anthony Blake mentalistaz ari naiz. Elgetako Espaloian bi saio egin ditu jarraian asteburuan eta bietan antzokia bete du. Guk domekako saioa ikusi dugu eta antzokikoei entzunda, domekako saioan Blake bera hobeto aritu ei da eta jendea ere gusturago geratu omen da. Pozik geu ere, lehenengo saiorako sarrera barik geratu arren, bigarrenak merezi izan duelako.

Ikuskizunaren inguruan, ba magoak berak esaten ohi duenez, “gaur gauean ikusitakoa zuen imajinazioak sortu du; ez eman buelta gehiagorik”. Hala ere, hortxe aritu gara truku bakoitzean “nola” asmatu nahian. Gure atzean eserita egon diren lau mutil gazte ere horretan saiatu dira, baina gure antzera geratu diren susmoa daukat: pare baten “igarri” diogulakoan nago, baina gaizki legoke orain magoaren trukuak zeintzuk diren hemen argitzen ibiltzea; eta, probatu ez ditugunez, badaezpada hobe ezer ez aurreratzea. Eta, jakina, trukua ezagututa grazia guztia galtzen du magiak. Hala ere, Blakek jarioa dauka eta horrek ere, zuzenekoan, laguntzen du: entretenigarri egiten dituelako saioak (txisteak, bereak, behin entzutekoak dira, baina tira…).

Más cerca saioa parte-hartzailea da erabat; ordu eta erdian hogei bat lagunek parte hartu dute. Entretenigarria da eta aukera izan ezkero, merezi du era horretako magia, edo berak dioen mentalismo ikuskizunak, ikustera. Hitza eman du hurrengo baten ere itzuliko dela eta eskerrak eman dizkie hara batutako denei, saio bakarra izango zena azkenean bi izatea egin dutenei.
Maiatzean berriz ere izango da magiaz gozatzeko aukera Espaloian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Anthony Blake, ikusi-makusi

Blake

Bigarren saio bat egitea erabaki zuten atzo Espaloia Elgetako kafe antzokiko arduradunek. Lehenengo saiorako sarrera guztiak agortuta, eskaria itzela izan ei da eta, publikoari bigarren aukera bat ematea erabaki dute: domekan, apirilaren 13an, arratsaldeko 19:00etan.
Nik honezkero, eta badaezpada, eskatu ditut sarrera bi domekarako. Ibanek mezu bat bidali dost gogorarazten eta hara!, ba, ezta plan txarra domeka atsalderako!

Anthony Blake mentalista ei da; gertaera sinestezinak sortzen ditu bere ikuskizunetan -ohe lagunak esan didan moduan, “fantasmatxua” da; baina, aizue, egunero han eta hemen ikusten ditugun “fantasmatxuak” baino ikuskizun ederragoak sortuko ditu-ba! (bere webgunean especial loteria atala ikusi)

Kontatuko dogu saioa ikusi ostean eta saiatuko gara Anthony Blake Más cerca horrek zer esan nahi duen kontatzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Seximenduz eta sentimenduz

Atzo, etxeratu nintzenean, ez nintzen sarera konektatu. Aspaldiko partez musika jarri eta liburua hartu nuen eskuetan. Atzo gainera, liburu arin bat hartu nuen; gero irakurri dudanez, “batez ere nerabeei zuzendutakoa”. Iruditu zitzaidan izango zela erosi nuenean, baina arin baten irakurtzeko proposamenak erakarri egin ninduen eta eserialdi baten hasi eta amaitu nuen Fernando Morilloren Sexi-menduz liburuxka. Nerabetan, sexu grinaz eta hormonak sutan izan zituzteneko garaiko kontuei buruz ari dira lagun bi liburuan, batek neskatan egiten ikasi zuela eta besteak oraindik, bide luzea egiteko duelako. Kontuak kontu, baina, gustatu zitzaidana zera izan zen: bi orduz liburuari begira egon nintzela, jazz apur bat entzuten nuen bitartean, bestelako desio barik: ez txateatzeko, ez postarik bidaltzeko, ez foroetan aurkitutako beste linketara sartzeko…
 
Aitortu behar dut Euskal Hiria Sutan liburua zain dudala amaitzeko mesanotxean, baina aldi batez Xabier Montoiaren liburuarekin batera Iban Zalduaren Itzalak ere irakurtzen aritu nintzenez, istorio luzexeagoak nahi nituelako utzi nituen biak atseden egin zezaten. Beste libururik hasi barik, Internetekin aritu naiz hainbat hilabetetan, baina atzokoa eta gero, paperezko literaturari tartea egingo diodala agindu diot nire buruari. Izan daiteke baita atzo goiz etxeratu nintzelako eta egunak argi ordu asko zituela iruditu zitzaidala eta horrek udaldia gogorarazi didala eta horrelakoetan etxean baino kalean egotea gustukoago izaten dudala eta liburuarekin askotan ateratzen naizela, uda sasoian, kalean irakurtzera.

Horren kontura elkarrizketa egin zieten atzo Euskadi Irratian Harkaitz Cano eta Angel Errori. Biek parte hartu dute «Irakurri» liburuan, beste bederatzi euskal idazlerekin batera. Idazleak irakurketaz ari dira, bakoitzak dituen bizipenetan irakurtzen ari denean, liburuez, literaturaz… Bitxia idazleak irakurketaz aritzea, baina idazle izan aurretik irakurle dira, gure antzera, hemen idatzi eta han irakurri/entzun gero atzera hemen idazteko…

Ia gaur ere astindutxo bat ematen diodan liburuen apalari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Desio doktorea itzuli da

doctorDeseo

Desio doktorea itzuli da; jada bi urte pasa dira azkeneko diskotik eta bueltan dira berriro Francis eta beste talde guztiak. Oraingoan ere sexuari, desioari, galdutako kausei abesten dio Doctor Deseok; pateran penintsularatzen diren afrikarrei ere abesten die oraingoan.

Sexo, ternura y misterio apirilaren 2an salgai jarriko den Doctor Deseoren diskoaren aurkezpenean izan nintzen barikuan Plateruenean. Francisek eta bere taldeak, ohituta gauzkan kontzertu molde horietakoa izan zen Durangokoa; nik neuk ez nuen aparteko sorpresarik bizi izan, baina betiko moduan, aitortu behar dut, enamoratu ninduela Francisek. Urteak ez dira alferrik pasatzen inorentzako, baina sasoian dago oraindik ere Deseo doktorea. Disko berriko abesti bi jo zituen taldeak atarikoan; han geundenon artean, antzokia beterik egon zen, ez genituen ezagutzen (diskoa oraindik ez dutelako atera). Hala ere, adi jarraitu genituen kontzertuaren hasierako erritmo haiek. Hirugarren kantan aurreko diskoari eutsi zioten taldekideek eta jendea abesten hasi zen. Zuzenekoek horixe izaten dute: abestu ezean, edo kanta ezagutu ezean, ez dira hainbeste bizitzen; niri behintzat hori gertatzen zait, nahiz eta askotan sorpresak eraman ditudan talde ezezagunekin edo kanta ezezagunekin. Baina aukeran, eta dantzan eta saltoka gustura ibiltzen naizelako-edo, entzundako musikarekin gusturako aritzen naiz.
Platerueneko kontzertuan behin Azkoitiko plazan gertatu zitzaidana errepikatu nuen. Orduan ere Doctor Deseo zen taula gainean, diskoa atera berri, eta inork gutxik zekizkien abestiak. Hala baten, Corazón de tango jotzen hasi zen eta jendea txaloka hasi zen, kantatzeko gosez.
Bariku honetan ere, hasierako kanta ezezagunen ostean antzekoa gertatu zen. Aldiz, Corazon de tango abestian, nik neuk, komunera ostera egiteko aprobetxatu nuen; gehiegitan entzundako abestia dela iruditzen zait.
Ordu  biren bueltako kontzertua izan zen; betiko erritmoan eta giroan: zinta gorridun kapela buruan, galtzari gorri praka beltzen gainetik, kanpera estiloko botinak, alkandora zuria (gutxinaka botoiak askatuz) eta nola ez, alturetatik eskegitzeko aukerak aprobetxatuz. Atrapado en tu silencio abestiarekin izan zen; Platerueneko bigarren solairutik trapezio formako kulunka eskegi zuen eta sokan behera agertu zen, eseri eta eskegita zela abestu zuen kanta. Ederra da abestia.
Sorpresen artean, Aiora Epelderen agerraldia. Arriaga antzokian grabatu zutenekoa errepikatu zuten Aiorak eta Francisek; bikaina.

Bira berriko lehenengo kontzertuaren aurretik, bi egun lehenago, entsegu orokorra egin zuten Plateruenean, eta han aritu zen Asier Arroita argazkiak ateratzen; Platerueneko zuzenekoen albumean daude argazkiak ikusgai.

Bestela, aukeran hemen duzue hurrengo zuzenekoen hitzorduak. Nik, jada, aukeratu dut ikusiko dudan hurrengo emanaldia zein izango den.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Juno, pelikula gaztea, dibertigarria; ikusteko modukoa

Gidoi orijinal onenaren oskar saria jaso zuen Juno filmak.
Haurdun geratzen den nerabe bat ageri da pelikula iragartzeko kartelean.

Juno

Bi erreferentzia hoiek nituen, besterik ez; hala ere, Gernikan atzo ikustera joan nintzen. Banekien gaztetxo mordoa egongo zela zinean, eta ez zela beste ikustaldi bat beste barik izango; sexuaz aritzen baziren gaztetxoen barretxoak eta zurrumurruak entzungo genituela bagenekien.

Halaxe izan zen. Pelikula ikusteko beste giro bat izan zen atzokoa, eta gustatu zitzaidan.  Ikusle guztiek ez diete estimulu berberei erantzuten eta atzo horixe konprobatzeko aukera eman zidan emanaldiak.

Kuleroak hanketan behera nola doazen ikusten den eszenan esaterako, barre algarak eta oihuak entzun ziren zine aretoan; biraoren bat entzuten zen bakoitzean ere oihuren bat entzuten zen; eta txiste edo hitz jokoetan beste era bateko barreak entzun ziren, tartean gureak, jakina.

Pelikularen amaieran, berriz, aspaldiko partez: txaloak entzun nituen. Gaztetxoei gustatu zitzaien Juno, bai pelikula eta baita protagonista gaztearen (Ellen Page) izaera eta duen determinazioa ere.

Bitxikeria bat: zine aretoa bete zuten gaztetxorik gehien-gehienak, guztiak ez esatearren, neskak ziren. Gaur lagun batek komentatu didan moduan, “gurasoek aginduta-edo”. Txiste erreza da, eta lastima mutiko gehiago ez zirela filma ikustera joan, haiek ere badutelako zer ikasi.

Pelikulak bestetik badauka ikuslea bereganatzeko zera mordoa: filmaren kredituak dira horietako batzuk, eta Junok eta beste protagonistatako batek izaten dituzten musikari eta zine goreari buruzko elkarrizketak ere era horretako “zaleei” keinuak dira. Istorio sinple, baina kontatzeko eran asmatzen duena.
Ta, kanta bilduma bikaina eskaintzen du gainera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Obsesioa ala ametsa

Gaur ere zera berdinarekin esnatu naiz; eskuak izerditan moduan, bihotza bestela baino taupada sendoagoekin eta tripa zuloan hutsune narbamenagoarekin. Obsesioa ote den ez dakit, baina gaur ere zurekin amets egin dudan sentsazioarekin esnatu naiz.
Ez dakit zein izan den ametsa,  ordea. Ez dut gogoan zertan ari nintzen, ezta benetan zu zinen nirekin zinena ametsean, baina ziur naiz zure aurpegia gogoan nuela esnatu naizen une horretan. Horregatik bada ere,  kezkatu egin naiz ez baita lehenengo aldia; ziur naiz azkeneko egunotan hainbat aldiz izan dudala sentsazio bera eta horrek eraman nau zuganakoa obsesioa ez ote den pentsatzera.
Gaur ere oheratuko naiz, eta atzera ere amets egitea espero dut. Eta adi egongo naiz ia zu zaren nire ametsetatik urduri esnarazten nauen hori ala zera den, obsesioa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Eta zu zer egiteko prest zaude?

Larunbatean idatzi nuen mezua, Euskadi Irratiko goizeko tertulia entzuten ari nintzela. Solaskideetako batek hurrengo esaldia (zehatza ez da izango, baina gutxi gorabeherakoa bai): “Lehenengo plano humanoa dago, baina gero norberak zer egin dezakeen ikusi behar dugu eta zer egiteko prest dagoen ikusi behar dugu”.

Ta, nik nere artean esan nuen: “Aizu, ba nik egin dut nire aukera,  beste inoren gustukoa izan ala ez. Ez dut esango nirea denik egia osoa, onena, egokiena, zuk hartu beharko zenukeena, baina nik egin dut nirea. Ze, nik (zuk  bezala, espero dut) ez daukat erailketa hori eragin duenarekiko inolako ardurarik; nik ez diot nire izenean ezer egin dezan eskatu, eta gutxiago era horrelakorik. Nik egin dut nire aukera eta badakit zer egin dezakedan herri honen alde eta zer egiteko prest nagoen ere erabakita daukat, gutxi gorabehera. Eta zaude ziur ez dela atzo pistola sakatu zutenen maila baxuko ezer, ez dela erailketa horren aurrean beste aldera begira geratzen diren horien mailakoa ere, ezta ere erabaki hori hartzera heltzen diren herritarrak daudela jakinda ezer egiteko gertu ez dauden horien mailakoa ere. Hala ere, eta bakoitzak zer egin nahi edo ahal duen erabakita izan ala ez, inork ez dugu beste inoren biziarekin amaitzeko inolako eskubiderik, dena delakoa ustezko aitzakia”.

Arrasateko atentatuaz asko esan da jada, baina mezua argitaratu barik ez geratzea erabaki dut eta beste gauza batzutan jarri aurretik blogera ekarri dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1