Kixoteren kulturrizketak, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan

.@AndoaingoUdala-ren Bastero Kulturgunean sarera konexiorik ez. Beraz, txio-zaparrada  blogean batu ditut #RAKS2017

Euskarazko kazetaritza sustatzeko #RAKS2017

Irailean 75 urte beteko lituzke Rikardo Arregik #RAKS2017

“Euskararen eta euskal gizartearen modernizazioa ezinbestekoa da herriaren garapenerako” #RAKS2017

“Euskaldunak ez dira pertsona itxiak, euskal herria eginbehar 1 da” #RAKS2017

Kazetaritza iragana gogoratzeko ere bada,@ManuEtxezortu

G.Orwell: Kazetaritza norbaitek argitaratua ikusi nahi ez duena argitaratzea da, gainerakoa harreman publikoa da.

Euskarazko kazetaritzaren “Kalitatea, bikaintasuna eta berrikutza” saritzeko #RAKS2017

#Ortzadar @NotiGip-en gehigarriari (20 urte) #RAKS2017 aipamen berezia

#Eguna egunkaria (80 urte) zenari #RAKS2017 aipamen berezia 

Izen handi asko gogoratu dira #Eguna egunkariaren harira; gizonak, denak #RAKS2017

Lehen titularra: “Katea ez da eten; izan zirelako #ortzadar”, @GoizaldeL #RAKS2017

Kazetari gazteari #RAKS2017 saria hutsik geratu da; ez da saria merezi zuen lanik aurkeztu. Gainera, 27 urtez azpiko kazetarien lan oso gutxi egon dira aurten. Hurrengo edizioetarako deialdi berezia egin beharko!

#Kixotenean, nola ez! Zorionak @iastiz +  Maite Mutuberria ilustratzailea #RAKS2017 sari bereziagatik!

Iñigo Astiz Berriako kazetaria eta Maite Mutuberria ilustratzailea

“Kixoteren sortetxera bidaia: nola gurutzatu fikziozko ate bat”, @iastiz #RAKS2017

“Kixotada 1 izan da #kixotenean idaztea, baina #KixoteLegioa sortu dugu”, @iastiz #RAKS2017

Bigarren titularra: “Lau begik, On Kixoteri”, @goioarana #RAKS2017 

“#missmomentua: euskal kultur eragile-erakundeen hitzarmena bilatu, elkarlanean, euskal kulturan izandako kixote guztiek merezi baitute”, @iastiz #RAKS2017

Zorionak @goiena #kulturrizketak saioagatik eta #RAKS2017 sariagatik!

Kulturrizketak saioko lan-taldea, @goiena

Saio modernoa eta arinkeriatik urrun, orekatua eta borobila, XXI. mendeko TB saio modernoen adibide #kulturrizketak #RAKS2017

Hirugarren titularra: “Kazetarion lan ikusiezina, telebistaren magia”, @albistetan #RAKS2017

Espazioa berpiztea izan da, besteak beste, #kulturrizketak saioak lortu duena, bizirautea kazetaritzaren DNA bihurtu denean #RAKS2017

“Guri bakarrik interesatzen zaigu gure ekosistema”, Harkaitz Kano #RAKS2017

Horregatik guk egin ezean jai daukagu #RAKS2017

Ekitaldi ederra gaurkoa eta musika-talde bikaina! Vioela Parraren bertsioa (Juan Gartziak euskaratua) ezin ederragoa! #RAKS2017

Eskerrik asko gonbidapenagatik eta zorionak irabazle, aipamen berezi eta parte-hartzaile guztiei! #bibaeuskarazkokazetaritza #RAKS2017

Kategoriak Euskararen patria, Kazetaritza | Utzi iruzkina

Zer berri Blogetan?

Blogetan jardunaldian azpimarratu ziren 3 kontu: azken boladan euskarazko blogen loraldia bizi da; blogariek gai zehatzak aukeratzen dituzte euren atarietan, espezializatutako blogak dira; ez dira monetizatzen, ez diote errentagarritasun ekonomikorik ateratzen euren lanari. Horri, gainera, sareko eduki eta erabilera arautzen duten legeen eta betebeharren ez ezagutza gehitu beharko genioke.

Iturria: Argia: https://www.argia.eus/albistea/etzipm-iparraldeko-neska-game-erauntsia-eta-iparra-aurtengo-blogetan-lehiaketako-irabazleak

Puntu horiek guztiak izan zituzten hizpide Blogetan saioan, hizlari eta mahai-ingurukoetako parte-hartzaileek.

Baina sormen horri guztiari (kalitatezko edukia, interesgarria eta landua dena) etekina ateratzeko zer egin behar da? Jardunaldiaren lehenengo hizlari Antonio Ortiz saiatu zen azaltzen zer eta nola lantzen duten eurek edukia ahalik eta gehien hedatzeko estrategia. Sarean ari diren espezializatutako 30 komunikabideren argitalpenaz arduratzen dira WeblogsSL enpresan. Ortizek azpimarratu zuenez, irakurle-audientzia antzematea garrantzitsua bada ere, eta horretarako edukiak egokitzea audientziaren kontsumo ohituretara, edukiak segitzen du izaten arrakastaren %80: kalitatezko edukia.

Horrekin bat etorri ziren Blogetan jardunaldian parte hartu zuten solaskide guztiak. Baina, ados egonda ere, Blog on Brands webeko arduradun eta blogari ezagun Haritz Rodriguez-ek jarri zuen puntua: kalitatea bai, baina gaur egun kalitate-irizpideak aldatu egin dira; hortaz, zertaz ari gara kalitatezko edukiez ari garenean? Kalitatezkoa al da MujeresHombreyViceversa moduko saio baten jarraitzaileak bilatzen duena? Kalitatea al da azken orduko gertaera baten lekuko izanda gure mugikorrekin grabatutako bideoa?

Estrategia aipatu zuen Arkaitz Sukuntzak: eduki-sortzaileak markatzen duen estrategia legoke batetik, eta eduki-bilatzaileak asebetetzen duen hori, bestetik. Kontsumitzailea bilatzen ari dena ematen dion horrek beteko du harentzat kalitatea.

Duda sortzen zait niri, kontsumitzen den orok ez baitu betetzen kalitate parametroekin, parametro klasikoetan bederen. Horretan bat nator Haritz Rodriguezekin.

Hortxe bada blogarien, eta oro har sarean edukia sortzen eta erakusten duten egile guztien erronka. Jada ez da nahiko edukia zaintzea. Edukia erakusteko modua ere audientzia erakartzeko ezinbesteko baldintza bihurtu da (diseinu erakargarria eta gure euskarrietara ondo egokitzen dena) eta kantitateak ere berebiziko garrantzia hartu du: klik kopuruak horrenbesteko garrantzia hartu duen sasoi honetan, “kalitatezkoa” kategoria neurtzeko balioei gehitu zaizkie #ikustaldiak, #datsegit, #birtxiokatze eta antzekoak. Edukia sare sozialen bidez hedatzeko ohiturak kalitatea beste parametro batzuetan birpentsatzera garamatza. Eta horretan azpimarra Gorka Juliok (Talaios Kooperatiba) jarri zuen esanez, sare sozialetan “edukia kautibo” dugula. Hedapenerako baliagarriak badira ere, edukia gure blogetan sortzeari eman behar diogu lehentasuna adierazi zuen.

Komunitatea sortzea

Edukien desznetralizazioaz aritu ziren Estitxu Garai-k gidatutako mahai-inguruan Dabid Martinez (Bai&By Fundazioa), Urtzi Odriozola (Codesyntax), Arkaitz Sukuntza (TaPuntu) eta Eli Garcia (MU). Irakurleak eduki-biltzailea aukeratzen duela esan zuen Eli Garciak, teknologiak ahalbidetzen digunez gure gustuko edukien erakusleiho pertsonalizatua sortzen, jatorrizko atarira geroz eta gutxiago jotzen dugula. Horren kontura, euskarazko edukien leku bateratu bat izan beharko ote genukeen galdetu zuen Estitxu Garaik. Plataforma edo erakusleiho bakarrak onurarik izango lukeen ez zuten batere argi solaskideek. Urtzi Odriozolak, esaterako, marka propioa aintzat hartzekoa dela adierazi zuen, norberaren logoa, irudia, izena edo dena delakoa.

Orain baino lehen aritu izan da blog-komunitateez Luistxo Fernandez: komunikabideek sortutako blog-komunitateen balioaz. 2014an argitaratuko post batean azpimarratu zuen: “Komunitatearekin bat egin behar badu hedabide batek, konberjentzia tekniko eta editorial ausartagoetan pentsatzeko gomendatuko nieke hedabide euskaldun horien arduradunei”.

Blog-komunitate sendoa izanda ere, blogak nola monetizatu, ordea, erantzun argirik gabe geratu zen atzo ere.

Kategoriak Euskararen patria, Kazetaritza, sare sozialak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Podcast bidezko irrati-kontsumoa sustatzeko ekimenak

Teknologiak irratigintzan eta irrati-kontsumoan ere sekulako aldaketak eragin ditu, batez ere, irrati-saioak nahieran entzuteko aukerari dagokionez. Podcast deritzan horiei esker, edozein unetan, play sakatu eta zuzenean entzun ez dugun saioaz gozatzeko aukera ematen digute telefono-mugikorrek.

Irudia: Spotify

Ez da, oraingoz bederen, kontsumo oso adierazgarria, merkatu-kuotari erreparatzen badiogu, baina hor badago irratigintzan esperimentatzeko eta berritzeko plaza zabala.

Estudio General de Mediosek, aurten ekin dio podcast kontsumoarekin lotutako galderak egiteari audientzia-ohituren neurketetan (PrNoticias): era horretan, irratien ohiko audientziari dagokion informazioa osatzen lagunduko du. Iaz erabaki zuten horretan hastea, irrati-konpainia handiek lehia bizia baitute baita sarean jartzen dituzten edukien-kontsumoarekin ere.

Hala ere, ikusteko dago zer nolako informazioa emango duten EGMren neurketek; izan ere, oro har, podcast kontsumoak, Espainiar estatuan, ez ei du beste herrialde batzuetan besteko arrakastarik izan orain arte. Gurean, irratigintzaren ezaugarri bilakatu dira buletina eta tertuliak eta, ez da izaten astirik bestelako irrati-saioak lantzeko. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuetan bada fenomeno sozial bilakatu den ikerketa kazetaritzarekin lotutako irrati-seriak bat: gazte baten hilketa baten ingurukoa da, sekulako arrakasta izan du, baina horrekin batera, aurrekontua ere itzela izan du. Serial izena dauka saio horrek eta irratia nahieran kontsumitzeko ohitura hedatzen lagundu du, gainera: estatubatuarren %21ek hilero podcast bat gutxienez entzun zuen 2016an; Spotify %13an geratu zen (Edison Research-en datua): 2015ean 100 milioi dolar mugitu zituen negozio horrek.

Horregatik, akaso, audientzia hazteko erakutsi duen ahalmenagatik, podcast sortzaile diren hainbat enpresekin harremanetan dabil Spotify musika-plataforma: DIGIDAY atariak aurreratu duenez, ekimen berrirako sozio bila dabil Spotify eta dagoeneko iragarri ditu 3 proiektu berri:

  1. Showstopper: telebistako saio arrakastatsuenen musikaren ingurukoa. Otsailaren 23an estreinatu zuten eta elkarrizketen bidez, hamabostero, pop-musikaren analisia egiteko eta telebistako une-musikalik gogoangarrienak gogora ekartzeko. Horretarako, “Girls” eta “Stranger Things” moduko telebista-serieetan lan egin duten musika-arduradunak elkarrizketatuko dituzte, besteak beste.
  2. Unpacked: AEBtan egiten diren musika-jaialdien ingurukoa. Martxoaren 14an estreinatuko dute. Iragarri dutenez, musika festibaletara joaterik ez dutenei esperientzia osoa podcast bidez eskaintzea litzateke, musika jaialdietan egoten diren agente guztiak elkarrizketatuz (ez soilik musika taldeez arduratzen direnak, baizik eta teknikari, janari eta edari saltzaile eta bestelakoak). Dirudienez, Texasen urtero egiten den “South by Southwest” konferentzia eta jaialdiarekin hasiko dira.
  3. The Chris Lighty Story (WT) audio-dokumentala. Apirilean iritsiko da musika-industriako exekutiboak hip-hop artisten ibilbideak nola zuzendu zituen azaldu nahi duen erreportajea.

Esperimentazioa

Ez dira hauek Spotifyk esku-artean dituen egitasmo bakarrak. Izan ere, plataformak duen erabiltzaile kopurua oso erakargarria podcastak sortzen aritzen diren banatzaile eta konpainientzat, beraz, publiko bila dabilen oro, Spotify plataforman interesaturik dago. Aurretik, esaterako, .Mic konpainiarekin musikatik bizi diren hainbat jenderekin elkarrizketak grabatu dituzte, eta 8 bat minutuko bideoak egin dituzte.

Zenbakiei erreparatuta, Estatu Batuarrek euren denboraren %80 musika entzuten ematen ei dute; gainerako %20, hizketaldi-entzunaldiak dira. Spotify moduko musika plataforma batentzat, aparteko eszenatokia da. Baina, ez da horrekin konformatzen eta bestelako edukiak sortzen aritzeko interesa dauka.

Musikan espezializatutako plataforma honek, beraz, teknologia baliatu nahi du, bere entzuleei ahalik eta eduki gehien eskaintzeko. Esperimentazioan 2015ean ere iragarri zuen podcast originalak eskaintzen hasiko zela, baina 6 hilabete behar izan zituen zerbait egiten hasteko. Hala ere, orduko esperientzia hura, nahiko mugatua izan zen: esaterako, mahai-gaineko aplikazioan ez daude eskuragai podcast horiek eta mugikorretarako aplikazioan ere, ez daude batere eskura. Baina, badirudi zerbait aldatzen ari dela Spotifyren asmotan.

Izan ere, eta gaur gaurkoz oraindik zurrumurruak besterik ez badira ere, NiemanLab plataformako kideen iritziz, iraultzatxoa gertatzen ari da Estatu Batuetako podcast konpainien artean. Martxoaren lehenean, esaterako, #TryPod izeneko kanpaina abiarazi zuen, podcasten 37 editorez osatutako talde batek; tartean, AEBko podcast konpainia ezagunenak zeuden, baita National Public Radio, American Public Media edo ESPN, besteak beste. Kanpainak jendea erakartzea du helburu bakar, oraingoz: ikusmina sortzea.

Oraingoz, zaleak bilatzeko propaganda kanpaina besterik ez da. Baina aldarrikapena garbia da: eduki independentea entzuteko eta hedatzea: eduki berriak, eta originalak entzun nahi dituzte zaleek eta horren “aldarrikapen” modukoa dela esan genezake, betiko komunikabideek sortzen dituzten edukietatik harago.

Amazon plataforma ere hasi zen “Audible” audio-liburuen zerbitzuan podcastak eskaintzen : podcast originalak, jakina, harpidetza bidez entzuteko. Baina, proiektuak izan duen arrakasta nahiko mugatua izan da. Jakina, lehia ez da batere erraza: EEBBetan podcast entzule gehienak, gaur gaurkoz, Apple eta iTunes bidez iristen dira: datu bat: Apple-n podcast aplikazioak 1000 milioi harpide zituen iaz!

Gaztelaniazko podcast edukiak eskaintzen dituen Ivoox plataformak hilero 60 milioi entzunaldi oso ditu. Gainerakoan, oso zatikatutako dagoen audientzia da, hainbat eta hainbat aplikazio baitaude podcastak eskaintzen dituztenak, baina hauetako batek ere ez dauka merkatu-kuota esanguratsua.

Espainiar estatuan, esaterako, podcast edukiak sortzen eta hedatzen duen plataformarik ezagunena Toni Garrido kazetariak duena da: Podium Podcast deitzen da eta honek ere komunikazio enpresa handi baten babesa dauka: Prisa.

Baina, Garridok berak dioenez, era honetako irrati-kontsumoa zabaltzeko lagungarri litzateke bideoekin gertatu den bezala, youtube moduuko bat izatea, baina audioarena: hau da, profesionalen eta amateurren edukiak bilduko lituzkeen plataforma bakarra, eskura jarriz eduki eskaintzari zabalena. Ez dezagun ahaztu mugikorren erabilera geroz eta handiagoa dela eta horrek esku-eskura jartzen digula era horretako edukia kontsumitzeko aukera.
Hortaz, Spotify egiten saiatzen ari dena, interesgarria da teknologiaren ikuspetigik eta kontsumo-ohituretan eragin dezakeenagatik.

Zebrabidea saioko kolaborazioa (2017/03/08)

Lotura interesgarriak:

 

Kategoriak Kazetaritza, sare sozialak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Aizue! EiTBk bere erabiltzaileen defentsa bulegoa dauka!

ETBko ikus-entzule gisa, defentsa bulegoan salaketa jartzeko eskubidea daukagu. Baina, susmoa dut ez dugula bide administratibo hori erabiltzen gure kexak, kritikak eta bestelakoak egiteko. Era publikoan egiten ditugu, bai, baina sare sozialetan. Nahiz eta “EiTBko telebista, irrati eta interneteko erabiltzaileen defentsa bulegoak” kexak, iradokizunak eta bestelako iritziak helaratzeko bidea abiarazi zuen, hala erabaki baitzuen 2016ko ekainean, administrazio kontseiluaren funtzionamendu berriaren barruan. EiTBren webgunean dago “kexak/irakodizunak/bestelakok” egiteko leihoa.

Izan ere, gehiago edo gutxiago, sare sozialen erabiltzaileek @euskaltelebista-ri buruz txiokatzen dute. Unean bertan telebista ikusten ari direnek egiten dituzte komentarioak sarean: emisioaren zuzeneko lekukoak dira (diotena hala ez bada, berehala zuzendu dakieke). Hortaz, oso aintzat hartzekoak iruditzen zaizkit audientziak neurtzen dituztenentzat zein programazioaren inguruko erabakiak hartzen dituztentzat, hau da, erabaki editorialak hartzen dituztenentzat. Izan ere, Twitter sare sozialean egiten diren komentario asko eta asko Euskal Telebistaren albistegiek eragiten dituzte, eta horrek zuzenean dauka ildo editorialarekin lotura. Eta, ez nabil alderdi politiko bati beste bati baino tarte zabalagoa eman zaiola, edo antzeko komentarioez. Gai sozialez, iritzi publikoan eragiten duten gaiez, albisteen tratamenduaz nabil. Azken egunotako adibide bi hemen:

Otsailaren 21ean: diru-sarrerak bermatzeko errenta eta yihadista izatea leporatutakoen atxiloketak hizpide izan zituzten eguerdiko albistegian:

Otsailaren 19an: indarkeria matxistaren inguruan, “ustezko” berbaren erabilera okerrak hainbat komentario eragin zituen sare sozialean.

Nik neuk ez dut inoiz EiTBko telebista, irrati eta interneteko erabiltzaileen defentsa bulegora jo. Eta interesgarria litzateke jakitea ea EiTBren erabiltzaileek, oro har, ezagutzen duten bulego hori; ea kexak, iradokizunak eta proposamenak aurkezteko eskubidea dutela badakiten.

Hona, badazpada, modua, EiTBren webgunean azaltzen den moduan: inprimakia deskargatu, bete eta posta elektronikoz bidali, defentsa_bulegoa@eitb.eus helbidera, NAN, pasaportea edo AIZ kopiarekin batera. Nahi izatera, ohiko posta zerbitzutik ere bidali daiteke: Defentsa Bulegoa – EiTB, Basurtuko kaputxinoak 2, Bilbo 48013 (Bizkaia).

Iturria: Eitb.eus (http://www.eitb.eus/eu/eitb-taldea/defentsa-bulegoa/bidali-zure-iradokizuna/)

#euskaldunanaizetazu?

Bide batez, “Euskalduna naiz, eta zu?” telebista saioaren kontura sortu den eztabaida interesatua dela eta, balia dezagun kexak jartzeko modu ofiziala, EiTBk ofizialki merezi dugun azalpena eman diezagun (saioa emateagatik, eta desagerrazteagatik).

Kategoriak Kazetaritza, sare sozialak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

ETB1 eta ETB2 lehian

“Badago halako ikusezintasun bat, batez ere euskaraz ez dakitenen aldetik”, zioen Bingen Zupiriak Berrian Garikoitz Goikoetxeak egindako elkarrizketan. Kulturaz eta euskal munduaz galdetuta zioen Kultura sailburuak, zera: “Badago gure herrian bere burua elite kulturaltzat daukan giza mugimendu bat euskararekin eta euskaraz sortutako kulturarekin batere harremanik ez daukana eta mundu horri bizkar emanda bizi dena. Inolako problemarik gabe. Gero euskaldunok gaude, eta badaukagu gertatzen denaren berri. Urrutirago joanda, aldaketa izugarria gertatzen ari da kultura transmititzeko moduetan. Horrek izugarrizko eragina du kultur kontsumoan”.

Iturria: eitb.eus

Euskal Telebista etorri zait gogora niri: ETB1 eta ETB2 programazio erabat berezituak dituzten telebista elebakar publiko biak. Euskaraz sortu zen telebista publikoa bi kanaletan banatzeko erabakia hartu zenean, tartaren banaketa hartan, ETB1i tokatu zitzaion euskara eta euskal kultura sustatzea; gainerakoa, “gauza inportanteak”, gaztelaniaz emititzea erabaki zuten. Eta, espainolez esaten den bezala: “De aquellos polvos vienen estos lodos”. Izan ere, zer egiten du Euskal Telebistak euskarazko kanalean emititzen duen programazioaren berri izan dezaten bigarren kanaleko ikus-entzuleek? Erakusten ote da gaztelaniazko kanalean ETB1en erakutsiko dena? Badaki akaso zer galtzen duen “euskaraz sortutako kulturarekin batere harremanik ez daukan eta mundu horri bizkar emanda bizi den” horrek?

Galdera beste batera eginez: zergatik ez erakutsi, propaganda egin, saldu, euskara ez dakiten horiei ere, euskaraz emititzen den programazioa? Euskaraz sortzen den edukia?

ETB2n euskarazko kanalaren promozioak erakusteagatik ez dira ETB1en audientzia datuak hobetuko. Edo, agian, bai! Izan ere, ETBren estrategia arduradun Andoni Aranburuk aitortu zuenez, Durangoko Azokan, “ETB1ek eta ETB2k lehia puntua dute”. Ez zuen zehaztu, ordea, lehia, izatekotan, euskal hiztunengatik dela. Eta, agian, hori ez da interesantea audientziari eusteko ETB2ren estrategiatik. Batek daki.

(Mahai-inguruan, 50:04 segunduan)

Kategoriak Euskararen patria | Etiketak , , | 5 iruzkin

Lehen hizkuntza #euskara

(@Hizpidea irratsaioko kolaborazioa)

UNESCOk izendatu zuen gaurko eguna “Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna” aniztasun linguistikoa eta kultura aniztasuna sustatzeko. Zehazki 1999an erabaki zuen otsailaren 21 Ama Hizkuntzaren Nazioarteko eguna izatea. Egun horren aukeraketa ez da kasualitatea, jakina. Nazioarteko egunen atzetik beti dago efemirederen bat, kasu askotan gainera, aldarrikapen, protesta eta tragedia biltzen dituena.

Eta, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko eguna ere ez da salbuespena. Izan ere, 1952an, Bangladeshko Dhaka unibertsitateko ikasleek, Jagannath Goi eskolako eta Dhaka Medikuntza eskolako ikasleekin batera, manifestazioa egin zuten bengaliera hizkuntzaren ofizialtasuna eskatzeko orduko Pakistango gobernuari. Hizkuntza eskubideen aldeko manifestazioa izan zen, administrazioan eta hezkuntzan bengaliera hizkuntza ofizial izan zedin.

Pakistango orduko gobernuak urdu hizkuntza izendatu zuen hizkuntza ofizial bakar gisa, 4 urte lehenago (1948) eta horrek egoneza eragin zuen gizartean. Gobernuak biltzeko eskubidea ere debekatu bazien ere, herritarrak antolatu egin ziren eta 1952ko otsailaren 21ean kalera atera ziren.

Iturria: wikipedia 1952 Bengali Language movement.jpg 18 KB

(Argazki gehiago hemen)

Manifestarien kontra oldartu zen polizia eta unibertsitateko ikasle bi erail zituen. Baina bengalieraren aldeko mugimenduak aurrera jarraitu zuen eta 1956an gobernuak ofizialtasuna aitortu zion.

Bada, hain justu, 1952ko otsailaren 21eko protesta hura gogoratzeko aukeratu zuen UNESCOk Ama hizkuntzaren nazioarteko eguna izendatzea; esan bezala, 1999tik, nahiz eta lehenengo ospakizun eguna 2000n izan zen.

Iturria: wikipedia 21st February, 1952: Part of the historic meeting in front of old arts faculty building.

Ekimena, gainera, bengaliar batena izan ezin zen: Rafiqul Islam. Berak idatzi zion NBEko orduko ordezkari zen Kofi Anani eskatzen desagertzeko arrisjuan zeuden hizkuntzen aldeko ekimena har zezan eta izenta zezala otsailaren 21eko eguna Hizkuntzen aldeko eguna, Dhaka hirian 1952an gertatutako hilketak gogoan.

Nazio Batuen aldarrikapenak dioenez, “hizkuntza da gure ondarea zaintzeko eta garatzeko tresnarik indartsuena. Ama hizkuntzak sustatzeko ekimenek balio dute hizkuntza aniztasuna eta hezkuntza eleanitza sustatzeko, baita ohitura linguistikoen eta kulturalen alde kontzientzia hartzeko eta elkar-ulertzea, tolerantzia eta elkarrizketa sustatzeko”.

Eta, hain justu, elkarrizketak sortzeko balio dute sare sozialek. Beraz, aurten ere, Rising Voice proiektuak gaurko egunean sare sozialak erabiltzeko ekimena abiarazi du.

Nik neuk Maite Goñiren bidez ezagutu dut. Berak, sustatu.com atarian azaldu du, zela Rising Voicek aurten, hizkuntza gutxituen aldeko aldarrikapena meme bidez egitea proposatu duen. Eta, hala, Maitek, edo sarean ezagutzen den bezala, Euskaljakintzak, urratsez urrats azaldu du nola parte hartu daitekeen kanpainan.

Egia esateko oso erraza da, Maitek emandako pausuak jarraituz gero:

Twitter, Facebook, Instagram moduko sare sozialetan elkarbanatzea da kanpainaren asmoa, traola bi erabiliz. Bata orokorra (minority language, hizkuntza gutxitua) eta bestea propioa, kasu honetan, #euskara, zein hizkuntza gutxituan ari garen zehazteko.

Goizean zehar ibili naiz #memeML hitz-traola ikuskatzen eta euskaraz ez ezik, beste hainbat hizkuntzatan ere ikusi ditut txioak; batzuk aipatzeagatik, mezuak daude idatzita kornubiera, asturieraz, katalanez, friuleraz, sardinieraz eta baita aimara hizkuntzan ere. (Hizkuntza hauek guztiak eta gehiago mapan kokatzeko jo Hitzargiak webgunera).

Rising Voice proiektuaren ekimena dela esan dugu. Proiektu horren helburua da herritarrek dituzten ideiak eta ekimenak sareratzea eta elkarbanatzea; izan ere, hizkuntza batzuek beste batzuek baino leku gehiago hartzen dute baita sarean ere eta hala 2004an bloger talde baten ekimenez sortuta proiektuak, gaur egun, baliabideak eskaintzen ditu hizkuntza indigenen aldeko aktibismoa sustatzeko.

Beraz, ba, HalaBedi irratizale guztiei ere dei egiten dizuet zuek ere parte har dezazuen Ama Hizkuntzaren Nazioarteko egun honetan, zuen memeak sareratzen eta euskararen aldeko aldarrikapenak egiten sare sozialetan.

#amahizkuntza vs #lehenhizkuntza

Ama hizkuntza kontzeptuak niri zera moduko bat eragiten dit. Izan ere, nire ama hizkuntza ez zen euskara izan, iaz txio batean azaldu nuen bezala, gaurko egunez:

Horren harira, Kike Amonarrizek erantzun zidana gogoratu nahiko nuke zuekin, alegia: “Euskal Herrian kontzeptu hori gaindituagoa badugu ere, nazioartean oraindik erabiltzen da…” eta aukeran “lehen hizkuntza” kontzeptua proposatzen zidan.

Eta, hala da, gure kasua: lehen hizkuntza euskara daukagu, etxetik ez badakargu ere.

Kategoriak Euskararen patria | Etiketak , | Utzi iruzkina

Telebista internet bidez ikusteko joera gehitzen dabil

AIMC, Komunikabideen Ikerketarako Elkarteak, internet-erabiltzaileen artean egindako azken datu-bilketaren arabera, internet erabiltzen %68k telebista ikusten du aldi berean. Horrek aditzera ematen digu ze garrantzia duen audientzia sozialak ohiko telebistaren audientziak neurtzeko gailuek aintzat hartzen ez duten audientzia, bide batez esanda–.

Esaterako telebista audientziak neurtzen ezagunena den Kantar Media 2014an hasi zen share soziala neurtzen. Argitaratu zituen lehenengo datuak, Espainiar estatuari gagozkiola, oso argigarriak izan ziren. Ziotenez, 2014ko abendutik 2015eko otsailera bitartean, 15,5 milioi txio egin ziren telebista saioei buruzkoak –tresna abiarazi zutenean froga gisa jasotako datuak.

Ez dugu ahaztu behar, audientzia soziala zenbaki hutsak baino gehiago dela: jendeak telebistan ikusten ari dena komentatzen du eta bere iritzia ematen du ikusten ari den horri buruz. Elkarrizketak sortzen dira telebista-programei buruz eta informazio hori guztia oso baliagarria da telebista programatzaileentzat, baldin eta jaso eta prozesatzen bada, jakina!

Audientzia ezagutzea da bilatzen dena: telebista-saioaz ikusleak duen iritzia ezagutzeko aukera ematen du sare sozialen jarraipena egitea. Tuitele-ko Enrique Martinek zioenez, “telebista-kateei eta ekoizleei engagement maila hobetzen laguntzen die, eta audimetriaren ratingean islatuko da”.

AIMCren azkeneko txostenak dioenez, internet eta telebista aldiberean kontsumitzen dutenen %34k telebista saioen inguruko iritziak kontsultatzen dituzte sarean, telebista ikusten ari diren bitartean. Hala, telefono mugikorrak dira erabilienak sare sozialetan komentarioak egiteko ikusten ari zaren horri buruz: inkestatuen %73k egiten ditu komentarioak sare sozialetan telebistari buruz.

Iturria: AIMC

Bitxikieria gisa: Kantar Mediak egindako lehenengo neurketa hartan, ziotenez, entretenimenduzko saioak ziren iritzi gehien biltzen zituzten txioak. Aldiz, AIMCk argitaratu berrri duen azkeneko inkestaren arabera, ez dira entretenimenduzko saioak gehien komentatzen direnak sare sozialetan; albisteak eta informazio saioak dira iritzi gehien eragiten dituzten programak: %42k egin du horien alde.

Niri neuri oso adierazgarria iruditu zait hori; izan ere, telebistaren programazioari gainbegiratu bat emanez gero, saiorik gehienak, entretenimenduarekin loturiko edukiz osatzen dira; are gehiago, informazioa ere entretenimendu bihurtu dute, eta informazioren espektakularizazioa gertatzen ari da azkeneko boladan.

Bada aipatu beharreko beste datu bat ere: telebista ikusten duten internezaleen artean, batez beste, egunero, 233 minutu egiten dituzte telebistaren aurrean; emakumeek gehiago: 236 minutu.

Baina noiz ikusten dute telebista? Bada, eguerdiko albistegien tartean: 14:00etatik 15:30era eta gauean, iluntzeko albistegiarekin hasi eta gauerdira bitartean. Gogoratu beharra dago gure telebista kontsumoa nahikoa berantiarra dela, ordulariari dagokionez: Europan beranduen hasten den primetime daukagu.

Datu bilketak telebista kontsumo berriei buruzko beste hainbat datu ere ematen ditu: esaterako, internet erabiltzaileen %30ek dio internet bidez ikusi duela telebista, azkeneko 30 egunetan; izan, zuzenean, hau da, streaming-ean, ala nahieran. Hala ere, SmartTB bidez internetera lotzen direnak dira gehienak: %70; gainerakoak, multimedia gailuen bidez edo telebistara beste gailuren bat lotuz (portatila).

(Zebrabidea irratsaion egindako kolaborazioa, 2017ko otsailaren 8an)

SocialTV gaiaz aurretik blogean

Telebistaz txiokatzen dena neurtzeko garrantzia

Telebistan ikusten ari zarena txiokatzen duzu? #socialTV-aren parte zara

Kategoriak sare sozialak, Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , | Utzi iruzkina

Arrakasta: telebistaren funtzio publikoak eta kalitatezko saioek bat egiten dutenean

Haurren #Transexualitatea izan zuen hizpide @urhanditan telebista saioak, bigarren ekinaldian. Chrysallis elkartearen azkeneko kanpainarekin bat egin du denboran saioak. Horrek ere eragingo zuen ikus-entzuleen artean ikusmina. Izan ere, Euskal  Herriko Chrysallis-ek jarritako kartelak zentsuratu egin dituzte hainbatek, Iruñean eta Gasteizen (Facebook sare sozialak ere gauza bera egin zuen, gero atzera egin badu ere, akatsa izan zela adierazita). Eta, horrek ere balio erantsia ematen dio atzoko telebista saioari: telebista publikoari dagokion funtzio publikoaz nabil. Bete-betean asmatu zuen #urhanditan saioak; asmatu egin zuen Euskal Telebistak (#datsegit baieztapena). Eta, atzoko saioak Twitter sare sozialean eragin zuen sokak ere aitortu zion Euskal Telebistari dagokion funtzio sozialarekin bete zuela; horrela aitortu zion audientziak.

#Socialtv edo #AudientziaSoziala

#urhanditan saioaren bigarrenak sekulako audientzia soziala izan zuen. #umap-en arabera, azken 24 orduko joera izan da:

Eta lehenengo asteko zenbakiekin alderatzea besterik ez dago atzoko saioaren arrakasta sozialaz jabetzeko:

Iturria: https://www.tweetbinder.com

Iturria: https://www.tweetbinder.com

2017/01/10#URHANDITAN2017/01/17
46TXIOAK628
22ERABILTZAILEAK224
203.289INPRESIOAK1.379.262
%61BERTXIOAK%71

SocialTVn erabiltzen diren erremintek euskara ezagutzen ez badute ere, Keyhole neurgailuak egin du irakurketa semantikoa eta txiokatutako mezuen positibotasunaren gutxieneko argazki bat behintzat eskaini digu:

Iturria: http://keyhole.co/

Iturria: http://keyhole.co/

 

 

Kategoriak sare sozialak, Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , | Utzi iruzkina

ETB1en audientzia sozialak behera egin du, #urhanditan

Atzo berriro pantailaratu zuten saioaren izenari jarraituz, ni ere ur handitan sartuko naiz.

La Mamba Negrak argitaratu duenez, %1,9ko sharea izan zuen ETB1eko Ur Handitan saioak:

Audientzi soziala, ordea, ez zen azpimarragarria izan. Esango nuke, saioaren beraren inguruko edukiak edo erritmoak eraginda barik, euskarazko telebista saioak ikusteko ohitura berriro ere galdu dugulako izan dela.

Aurreko denboraldian egunero saio bat ikusteko aukera eskaini zigun Euskal Telebistak. Baina, egun batetik bestera, saio guztiak eteteko “ohitura txar” horrek berriro ere bestelako ikus-entzunezko edukia ikustera bultzatzen nau. Ahaztu egiten dut telebistan badirela ikusteko moduko saioak, baita euskaraz ere. Beno, #daitort: Herri txiki infernu handi saioaren ikusle nahiko fidela naiz. Baina, gainerakoan, ez dago Euskal Telebistan fideltasuna sustatzen duen eskaintzarik. Merezi duten saioak tantaka eskaintzen dizkigute, eta onak izaten dira, baina inondik inora ez audientzia fidelizatzeko: azkarregi kentzen dituzte antenatik, ez diote programazioari jarraipenik ematen… Badirudi dena dela esperimentatzea. Eta, ondo dago esperimentatzea, baina, joe! Audientzia ezin da egon “ea zer ematen duten gaur gure telebistan” galdetzen pantaila aurrean jartzen den bakoitzean; joko horretan, eskaintza zabalegia da! Programazioa berritu bai, baina finkatu ere egin beharko litzateke.

#Urhanditan saiora itzulita, hona audientzia sozialaren estatistikari dagokiona:

Iturria: TweetBinder eta Keyhole

Iturria: TweetBinder

Iturria: Keyhole

Iturria: Keyhole

Iturria: Keyhole

Iturria: Keyhole

Iturria: TweetBinder

Iturria: TweetBinder

Txiotan gutxi izan baziren ere, audientziatik  harago, iritzi trukaketa egon zen eta horrek saioaren arduradunei zenbaki hutsek baino informazio gehiago ematen dietenez, gehiagorako balio beharko lieke. Horixe baitu audientzia sozialak alde: ikusleak bere iritzia ematen duela.

Hizkuntzaren tratamenduaz

Atzokoari buruz hainbat kontu aipatu ziren: gaia aurkezteko moduaz, heriotzaz eta minbiziaz hain natural aritzeaz, protagonistak eragindakoaz, saioaren beraren iraupenaz eta erritmoaz…

Hizkuntzaren tratamenduaz ez nuen aipamenik aurkitu txiolandian. Hortaz, neuk aipatuko dut deigarria egin zitzaidan kontu bat: elkarrizketatuetako batek aurretik bere arrebarekin izandako berbaldia birproduzitu zuen hitanoz, euren artean halaxe aritzen direla adieraziz. Ez da aukera askorik egoten telebistan hitanoa hain era naturalean entzuteko, eta gustatu zitzaidan. Bestetik, gaztelaniaren presentzia ere oso “natural” egin zitzaidan, agian, neurriz egin zelako (horrelakorik esan badaiteke!): onkologoak euskaraz ez zekielako gaztelaniaz hizketan agertu zen; baita, tarteka protagonista bera ere, medikuarekin izan zuen elkarrizketa gogoratzen zuenean; eta, alabak ere esaldi sueltoak bota zituen gaztelaniaz. Gure errealitatearen isla-edo.

Gaiari buruz aurretik egindako posta:

Birpentsa dezagun euskal telebista #berandunbainolehen

 

 

Kategoriak sare sozialak, Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Telebista erabili hizkuntzaren garrantziaz ohartzeko

Telebistak, oro har, ez du aparteko interesik hizkuntzei buruzko saioetan. David Crystal hizkuntzalari eta idazle ezagunak adierazi zuen 2003an, UNESCOk Parisen antolatutako galzorian dauden hizkuntzen nazioarteko jardunaldietan. Orduko hitzaldi hura irakurtzea tokatu zait egunotan eta @KikeAmonarrizek gidatutako Tribuaren Berbak saioarekin gogoratu naiz. 60 kapitulutan zehar euskararen eta munduko gainerako hizkuntzen inguruan hainbat kontu interesgarri batu zituen ETB1en eman zuten saioan.

 

Crystalek orduko hartan kritikatu zuen egiten ziren hizkuntzen inguruko telebista saio apurrek komunitate bakar bati eragingo balie bezala aritzen zirela, izan galesa, izan bretoiera, izan dena delakoa. Zioen, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen egoera ez zutela ikuspegi orokor batetik lantzen. Are gehiago, 2001eko Herbehereetako telebistaren lan bat aipatu zuen salbuespen gisa; antza, saio hark galesaren eta frisieraren egoera zailak parekatu zituen.

Baina, oro har, Crystalek zioena da, telebista programatzaileek ez dituztela atsegin hizkuntzen inguruko telebista saioak, “hizkuntza abstraktuegia eta subjektu konplexua” delako eta “ikuspegi akademikoegiak telebista itzaltzera daramatzalako ikus-entzuleak”. Umore tonuan bota zuen, “inoiz hildako hizkuntzan egindako telebista serie batek arrakasta izatea lortuko bagenu, akaso, @Oprahk aurkeztu beharko luke!”. @davcrk argi zeukan telebistaz baliatu beharra dagoela arriskuan dauden hizkuntzen inguruan aritzeko, gaiaren garrantzia ezagutzera emateko, hizkuntza gutxituak eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak ez direla komunitate bakar bati eragiten dien arazo partikularra; gizarte osoari eragiten dion auzia dela, alegia. Eta, era berean, garbi zeukan, eduki egokia eta kalitatezkoa sortzea dela telebista programatzaileen ardura, baita hizkuntzen inguruko saioez ari garenean ere. Hortik aurrera aurkezle ezagun batez baliatu behar badira, egin dezatela!

Eta, esango nuke Tribuaren Berbak saioak jakin zuela formula asmatzen. Crystalek zioena ulertu zutela: hizkuntzalarien eta artisten arteko aliantza ezinbestekoa dela telebistak duen eraginaz baliatzeko eta mahai gainean jartzeko hizkuntzen auzia. Izan ere, idazle honek zioenez, epe laburrean hizkuntza gutxituen politikak garestiak izan arren, epe luzera aurrezteko modua dira eleaniztasuna modu orekatuan sustatzeko politikak (hizkuntza gutxituak errespetatuz eta babestuz), euren hizkuntza eta identitatea mehatxatuta ikustean jendeak ekintzara jotzen baitu. Horregatik jotzen zuen ezinbesteko jendearengana heltzea gaiaz kontzientzia hartzeko eta horretarako telebistaz baliatzea. Eta, gogoratu naiz, zela  azken boladan, ETBk hizkuntzaren inguruan hartu dituen erabakiek zeresana eman dutela gurean, beren beregi hartutako erabakia izan ez bada ere. Badirudi, gurean alderantziz gabiltzala.

#tribuarenberbak saioari buruz aurretik blog honetan: 2013ko azaroaren 14an

Kategoriak Euskararen patria, Hizkuntza-irisgarritasuna | Etiketak , | Utzi iruzkina