-
Azken bidalketak
Kategoriak
Iruzkin berriak
- Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu? | Ikasle eta irakasle(e)k Zer berri Blogetan? bidalketan
- xegun altolagirre(e)k Zer berri Blogetan? bidalketan
- marijo(e)k Aizue! EiTBk bere erabiltzaileen defentsa bulegoa dauka! bidalketan
- Luistxo Fernandez(e)k Aizue! EiTBk bere erabiltzaileen defentsa bulegoa dauka! bidalketan
- marijo(e)k ETB1 eta ETB2 lehian bidalketan
2010, urte borobila?
ASTELEHENEKO GOIENKARIA 2010-01-11
2010. Urte berria
2010. Obamak bakearen nobel saria merezi duela erakutsi beharko du;
2010. Zapaterok Europan aginduko duen urtea. Ia ikasten duen Iparraldeko
How do you do?
Galdera hori erantzutea erraza da ba gero! fine, thanks esanda be, nahikoa izan leike, ta edukaziñoz berai be gauza bera galdetu eta listo! Ba ez! hori egin beharrean, galdera horixe egin zidaten azkeneko aldian, PDF jardunaldietan Bartzelona, egun eta erdiz ingelesez hizlariak entzuten jardun ostean, zera asmatu nuen: aleman bati nere etxeko inglesean zertan lan egiten doten azaltzen asmatzea! ai, ene!
Nere lekura bueltatu nintzenean ohartu nintzen zergatik begiratzen zoztan tipo harek, guapua be bazan harek, era horretan! Tipa hau enrredauta dao, esango zeban bere artian!
Baina etzan hori, Personal Democrazy Forum Europa jardunaldietako esaldi-elkarrizketa bitxi bakarra. Kuaderno txikia errepasatzen honakuak topau ditxut:
- “Partido en Internet” ekimena azaltzen egon zen Hector gaztea: “25 urte ditut eta 18 egin nituenetik, hauteskundeak heltzeari beldur diot. Inoiz ez dut jakiten nori eman bozka. Beraz, Interneten alderdi bat sortzea erabaki dugu: Partido en Internet
- Hazteoir plataformako ‘friki’ bati: “Gauzak aldatu nahi genituzke, jendeak bere iritzia eman dezala”. Esaldia ez dago gaizki, baina hori esaten ari zela, atzean zuen pantaila erraldoian abortoaren kontrako Madrilgo manifestazioan egon ziren neskato gazte mordoa ikusten ziren, eskuak gorriz margotuta ‘No al aborto’ eta antzekoak kamisetetan zituztela. Itxura, nahiko beldurgarria zen.
- PPko webgunearen arduradunetako bat ere izan zen bere espitxa botatzen eta amaieran: “Jamás el pedido el voto utilizando los foros del PP”, eta amaitzeko: “Os espero!”. Ze maja, ezta!
- “Edozeinek daki botereak usteldu egiten duela, baina era berean liluratu, erakarri egiten du”, Esther Dyson
- Pertsona berak esana: “Ez da nahikoa gobernua aldatzearekin. Jendearekin lan egin behar da gardentasuna aldarrika dezan eta gertatzen denaz ardura izan dezan”.
Onena, ordea, jardunaldien amaiera izan zen: tope yankia!!! Antolaketan parte hartu zuten langile guztiak taula gainera deitu eta elkarri txalo egiten aritu ginen tarte luze batez, jota bilirrubiniak pe gora egin zoztan! Zelako emoziñua! Musika harekin, danok txaloka!!! “Ze guaiak garen” esan notzan nere buruari.
Feminismoa belaunaldi kontua
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean bidea egin dutenak emakumeak izan dira. Euren bizimoduetan aldaketak eragin dituzte eta euren inguruetan horrek eragina izan du; aldiz, gizonak, aldaketa edo eboluzio horri begira egon dira, eurak “ondo” zeudela sinetsita eta aldaketarik behar ez dutela sinetsita. Eboluzioa, hortaz, alde bakarrekoa izan da eta gizonak ezagutzen ez duten panorama baten aurrean daude orain, zer egin jakin barik eta askotan, egoera horri nola erantzun ez jakiteak, okerreko ekintzak burutzen dituzte.
Horrelakoxe sinple azaldu zuen Dolores
Juliano antropologak emakumeen kontrako indarkeria.
Nik neuk sekula ez dut nire burua feministatzat jo; sinetsita nago nire belaunaldiak ez duela emakumeenganako diskrimaziorik jasan, orokorrean. Nik neuk ez daukat horren sentsaziorik eta pentsatzen dut horregatik-edo, ez diodala behar besteko garrantzirik eman emakumeen eta gizonen berdintasunari. Eskola sasoian maixu-maistrak izan nituen, eta zuzendariak ere bietakoak izan ditut. Gero, unibertsitatean ere bietako irakasleekin jardun nuen eta pisukide gehienak emakumezkoak izan badira ere, mutil bi ere izan nituen pisukide, bata amak dena egitera ohituta zegoena, bestea, berriz, etxerako modukua.
Dena dela, nik neuk nire inguruan berdintasunaren alde ez militatzeko premiarik sentitu ez izana, izan daiteke “paso” egin izanagatik ere. Ez arduratzeak, ez jakiteak, gaian ez sakontzeak… Izan daiteke, baina Euskal Herriko Feministen azkeneko jardunaldietan izan nintzenean ere sentsazio hori izan nuen: nire baino belaunaldi zaharragoak zirela feministak eta ni baino askoz gazteagoak zirela feminista berriak; gu, tartean geratu garenok, “komodo” bizi izan dugula gurea ta, akaso, horregatik izango da ni neu ez naizela hain lila sentitzen.
Espetxe-estatua
ASTELEHENEKO GOIENKARIA, 2009-11-30
Barikuan Emakumeen aurkako
indarkeriari eta immigrazioaren jardunaldietan, Gasteizen, Dolores
Juliano eta Mª Antonia Caro bat etorri ziren esaten “estatu
onuradun batetik espetxe-estatu batera pasa gara”. Zigor kodearen
arabera emakumeen kontrako eraso guztiak delitutzat jotzen direlako
zioten eta zigorra lehenesten dela bergizarteratzeari uko eginez. Sinistuta
nago espetxe-estatu baten bizi garela. Auzitegi Nazionala horretan tematuta
dabil. Taldekide izatea delitu dela eta zigor kodeak horrelakorik esan
ez arren, Grande Marlaskak 34 gazte atxilotu ditu asteon. Zapatuan
horixe salatzen Bilbon izan nintzen (Torrealdai, Uria,
Otamendi, Auzmendi eta Oleagari elkartasuna adierazteko
abenduaren 19koa gorde dut). Atzo ere espetxe-estatu horrekin gogoratu
nintzen terrorismoaren biktimen omenaldian. Leonor Legaño,
Manuel Jodar polizia nazionalaren alargun eta AVTko kidea, espetxe
zigorrez aritu zen; senarra hil ziotenek 340 urteko zigorra izan arren,
ez dutela 20 urte baino gehiago egingo espetxean. Beldurra eman zidan
komentario horrek. Deliturik egin barik, taldekide izateagatik, euskal
herritar asko dago espetxean. Tom Cruisek Minority report
filmean egiten zuen. “Badaezpada” horrekin, azkenean, Garcia
Berlangaren filmak zioen moduan, Todos a la cárcel.
Politikan jarduteko bide berriak: Personal Democrazy Forum
Personal Democrazy Forum Europan izan naiz gaur egun osoan. Bartzelonan. AEBtik kanpo egin dute lehenengoz. Hainbat eta hainbat hizlari entzun ditugu, politikoak interneten, politika egiteko era berriak sareari esker, sarearen erabilera hauteskunde kanpainetan… Baina azkeneko mahai-ingurua izan da, niretzako behintzat, nobedosoena-edo. Markus Beckedahl, Jeremie Zimmerman, Paul Hilder, Jack Thurston eta Javier Cremades izan dira. Sareari esker mugimendu sozial handiak sustatu eta Europar Batasunaren erabakietan nola eragitea lortu duten, nazioarteko gobernuetan nola eragin nahi duten, Madoff auziaren kaltetuentzako ordaina Santander bankuari nola eskatu… Jack Thurstonek Europar Batasunak nekazaritzarako ematen duen diru-lagutzen banaketaren inguruan sortu duten fundazioaz aritu da. Nazioek ez dituzte datu horiek publiko egiten, baina “herrialde batek bestearekiko daukan eragina bistaratzeko balio izaten du jakiteak, esaterako, zenbat diru jasotzen duen Irlandak, Frantziari ere datuak eskatzeko eta presionatzeko. Kasu askotan subentzioak diru gehien duten produktoreek jasotzen dute, Bretainia Handiaren kasuan, Isabel II.ak”, azaldu du. Fundazioaren helburua subentzio horien gaineko debatea eragitea da ze, “ez dago espazio politiko europarrik”; nazioak daude eta bakoitzak berea defendatzen du eta kito.
Zimmermmanek Europako legebiltzarrak hartu nahi izan zuen Internet mugatzeko erabakiaren inguruan sortu zen mugimenduaz aritu da; lobby moduko bat sortzeraino iritsi ziren sare sozialen bitartez eta presioa egitea lortu zuten.
Avaazen kanpainetaz aritu da Paul Hilder; ingurumena babesteko, aldaketa klimatikoa salatzeko wake up 12:18 kanpainaz. Nola egin zuten, nola lortu duten mundu osoan zehar herritar mordoa mobilizatzea mezu berarekin inguruan ekintzak egiteko. Brasilen ari omen dira orain, hainbat eta hainbat sinadura bildu dituzte han ere.
Politika egiteko beste modu bat badagoela erakutsi digute, sareak horretarako bide ematen duela, sare askeak. Askatasun hori zaindu eta bermatu behar dela, gobernu askok mugak jarri nahi dizkiotelako euren kontrako iritziak sortzeko “erabiltzen direlako”.
Eguna luzea izan da, eta hizlari mordoak parte hartu du Personal democrazy Forum Europa jardunaldiaren lehenengo egunean. Twitterren jarraitzeko aukera ere egon da, baina wifiak ez digu han ginen guztioi konektatzeko aukera eman; biharko hobetuko dutela agindu digute, ta forumaren antolatzaileetako bat ere han zen: Micah Sifry
Malo
ASTELEHENEKO GOIENKARIA 09-11-01
Barikuan Legebiltzarrean
hizkuntza ereduen gaineko enegarren eztabaida izan zen, PPko Oyarzabalen
eta UPyDko Maneiroren eskutik. Harrigarriena, ordea, ez da biak
ala biak euskara politizatzen tematzea. Harrigarriena da Aurrekoetxeak,
EAJk, eta Larrazabalek, EAk, eurekin eta PSErekin adostu zutena.
Batetik, Jaurlaritzari eskatzen zaio “familien hizkuntza aukeratzeko
askatasuna benetan” bermatzea hezkuntza epe guztietan zehar. Bestetik,
Haurreskolak Partzuergoak ama hizkuntza betiere errespeta dezala.
Hau idazteko Aralarreko
Mikel Basaberen berbak errepasatzen aritu naiz, ze, erabakion kontra
egin zuen bakarra izanik, helburuak ekarri zituen gogora: helburua herritar
elebidunak egitea bada, bidaialagun arriskutsuak hartu dituzte EAJk
eta EAk. Ahaztu egin dute, gainera, gurasoen ‘benetako’ aukera orain
ere segurtatzen dela hezkuntza sisteman, eta ahaztu egiten dute Haurreskoletan
murgiltze-eredua ezartzea ez zela kapritxoa, elebitasun hori lortzeko
biderik eraginkorrena baino. Basabek defendatu zuenez, “funtsezkoa
da hizkuntza gutxitua izatea hizkuntza nagusia Haurreskolak partzuergoan”.
Urkulluren
alderdiak ‘no obstaculizar’ erabakia muturreraino eramatea erabaki
badu, malo. Ta, malo ere, PPk Lopez gobernuan jarri
izana aprobetxatzea euskararen kontra jarduteko.
Kategoriak Euskararen patria, Eusko Legebiltzarra, Politika
Etiketak ag, euskara, legebiltzarra, politika
Utzi iruzkina
Muntaia? Istripua? Aprobetxamendua?
Urriaren 10ean goizeko 08:00etan, Gasteizera ailegau eta semaforoan geratuta neuala, Avenida Castilla kalera sartzeko, aho zabalik geratu nitzan. Mobila hartu eta argazkia atera neban:
Gaur, berriz, Noticias de Alavan sartu ta, hara! Orduan, ze… Etzan istripua izan nik ikusi nebana! Muntaia zan! Ederra adar jotzea!
Ta gainera “Para que nada te sorprenda”!
Patxi Lopezek 586 lagun behintzat badauzka
Estatutuaren 30. urteurreneko ospakizun jaira joateko 100 gonbidapen jarri zituen zozketara Patxi Lopezek. Gaur egin dute, notario aurrean, zozketa. Antza denez, 586 eskari egon dira. Ta nire artean pentsatu dut: propaganda egin dute ba… nola daiteke hain herritar gutxik onartzea Patxi Lopezen gonbitea?
Lagun gutxiago iruditu zaizkit niri. Ala, benetan ez dago zer ospatu?
Hasieratik txorakeria bat iruditu zitzaidan ospakizunarena eta bertaratzeko aukera izateko zozketarena, egia esateko, izena hain jende gutxik emango zuela jakin ezkero, lehendakaria hobeto geratuko zen denak gonbidatu izan balitu. Enpin!
Alakrana: alákrana
ASTELEHENEKO GOIENKARIA (2009-10-05)
Javier Vizcaynok zuzentzen
duen Mas que palabras saioan Alakranaz aritu ziren zapatuan.
Legebiltzarkideen tertulian izan zen. Aurkezlea eta Pastor,
Damborenea eta Egibar Alakránaz aritu ziren, Basabe,
berriz, Alákranaz. Atunontzia bahitu zutenetik hainbat bider
entzun dugu barkuaren izena, baina gutxitan entzun dut, Radio Euskadiren
saioan modun, barkuaren izena euskaraz ahoskatzen; baina hala behar
du euskaraz, Alákrana. Gernikan zapatuan Euskal Jaia ospatu
zen eta elantxobetarren ondoan tokatu zitzaidan bazkaltzea; haientzako
ere Alákrana da bahitutako atunontzia. Detaile horrekin akordatu
nintzen atzo arratsaldean, Pais Semanal aldizkarian Jose Luis
Barberiak idatzitako erreportajea irakurtzen. Euskararen inguruan
idatzi zituenak eskandalagarriak iruditu zitzaizkidan; are gehiago,
bere asmoa bada asteburuan berriro ere PSEko idazkari nagusi izendatu
duten Patxi Lopezek jarraitu beharko lukeen bidea markatzea.
Giroa berotu nahian segitzen dute batzuek. Gure artean liskarra sortu
nahian moduan dabiltzala dirudi, esaten zidan batek asteburuan. Egia
da aldaketarako gobernuaren sailburu izar Ares bera bakarrik
nahikoa liskar sortzen ari dela. Espero dezagun sasoiz ohartzea eta
benetako elkarbizitzarako pausuak ematen hastea.