Tranxmendia jardunaldiak (III): Korrika 18, transmedia esperientzia

Transmedia hitz potoloa argixeago geratu zitzaidala komentatu nuen aurreko post batean
eta aipatu nuen, “teorian trasmediak badaukala idealismotik asko;
elkarlana, aniztasuna, parte-hartzailea… Kontzeptu sozial horiek guztiak
herrilana ekarri zidaten gogora”.

Horregatik, logika bazeukan Tranxmedia Jardunaldien bigarren partean, Korrika
hizpide hartzea eta 18. Korrikari begira transmedia proiekturen bat
zehazteko ideia zaparrada egitea. Izan ere, elkarlanean eta era
transbertsal batean egiten den esperientzia bat ezagutu eta errepikatu
badugu herri honetan, hori korrika izan da. Eta, halaxe egin genuen,
arratsaldeko saioan. Mahai borobiletan banatuta, sei taldetan antolatu
ginen eta bakoitzean koordinatzaile-moderatzaile-gidari lana egiteko
ardura hartu zuen batek: Maialen Lujanbio, Maite Goñi, Ane Muñoz, Joxe Rojas, Iban Arantzabal eta Gorka Julio. (Ikus bideoa, eitb.com)

Traxmedia jardunaldietan, urriak 30

Puntuak
jarri zizkiguten AEK-ko eta Korrikako komunikazio arduradunek: Igor
Elorduik eta Ana Castrok: euskararen lurraldea eta elkarbizitza,
batetik, eta euskara ikasleak, bestetik. Hala ere, ez genekien oso ondo
nondik hasi. Izan ere, goizeko saioan ikusi genituen transmedia proiektuak
ikaragarriak izan ziren eta era horretako adibideen aurrean, tamainako
ezer proposatzea ez da erraza. Hortaz, eta girotzen hasteko, jolas
batekin ekin genion: hitz bakar baten, zer datorkizu burura korrika
esanda? Ze kolorekin lotzen duzu Korrika? Nor ikusi nahiko zenuke
korrika? Ze usainekin lotzen duzu?… Eta holaxe aritu ginen, seinako
taldean bakoitzak berea esan eta azaltzen; dibertigarria izan zen eta
bai, izotza urtu eta ekin genion “transmediari”!

Gurean azpi talde
bitan aritu ginen. Elkarbizitzaren eta euskararen lurraldearen kontura
aritu zirenek, korrika egunetan zehar garatzeko proposamena egin zuten.
Proiektu oso interesgarria egin zuten: korrika “pasatzen” denean
geratzen den arrastoa, euskarak bere egiten duen espazio hori narratzea
protagonisten ahotan eta egiten dituzten keinuen bitartez (korrika egin
ostean bueltako bidean sortzen diren elkarrizketak, inter-akzioak).

Beste
azpitaldean, korrikaren aurrelana hizpide hartzea proposatu genuen.
Nolabait, korrikak sorrazten duen emozio kutsakor horren abiapuntua, edo
kutsatzearen zepa, prestaketa lanetan inplikatzen direnak direla
kontuan hartu eta, gure storytellinga hor abiatzea. Helburua litzateke
emozio hori nola kutsatzen den azaltzea, eta talde lanean aritzeak
kutsatzea era azkarrago batean zabaltzen duela erakustea; Korrika
iristen denerako, Euskal Herria hartzen duen lurralde osoa kutsatua
egoteraino, alegia.

Ordu eta erdiko brain stormingaren
ostean, dinamizatzaileek mahai bakoitzean sortutako proposamen,
historiak, jokoak, esperientziak laburtu zituzten eta, egia esateko,
proposamenetako batzuk oso onak ziren eta parte hartzea eragiteko
benetan erakargarriak. AEK-koek nahi badute, badaukate materiala
korrikaren webgunearen bidez, hainbat lehiaketa abian jartzeko,
euskararen jolasteko, herritarrak inplikatzeko, euskararekin kutsatzeko.

Tranxmedia jardunaldiak, eta arratsaldean egin genuen ariketa, multimedia komuniazio masterrean
garatuko dugun proiekturako baliagarria izatea zen asmoa eta han
entzun, ikusi eta ikasitakoarekin transmedia proiektu bat sortzea. Ari
gara bueltak ematen zein istorio kontatu nahi dugun zehazteko eta nola
kontatu nahi dugun definitzen.

Epe muga: urtarrilak 15, korrika 18-rako hilabete bi faltako direnean.

Kategoriak Euskararen patria, Kazetaritza, sare sozialak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Tranxmedia jardunaldiak, kronika (II): adibide konkretuak

Azaroaren 30ean Eitbko
Multibox aretoan
egindako Tranxmedia
jardunaldi
en inguruko bigarren kronika, Power
to the Pixel
eko arduradun Tishna Mollak aurkeztu zizkigun,
hainbat transmedia proiektu ezagutzeko baliatuko dut. Testuinguruan
jartzeko, datu zehatz batzuk kontuan izatea ezibestekoa da, era
horretako proiektuen proiekzioa hobeto ulertzeko. Izan ere, gaur egun
sozial medien inguruan mugitzen den jende kopurua, mundu mailan,
izugarria da.

Iturria: socialnomics

Zenbaki
izugarri horien erakusle bideo labur, baina esanguratsua ikusteko
aukera izan genuen: Social
Media Revolution 2012
deiturikoa, Eric Qualmanen Socialnomics
lanean oinarrituta. Txosten horretan esaten denez, sare sozialen
bidezko jokoetan 2013an 6 bilioi dolar gastatuko da (zine kontsumoa
2,5ekoa izango da); kontsumitzaileen %90 gomendioetaz fidatzen da,
iragarkiei, bakarrik %14k egiten die kasu. Saltzaileen %93k social
media erabiltzen du bere negozioetarako eta argazki grafiko bat
izateko: ipoderako 1 milioi aplikazio jaitsi dira 9 hilabetetean
(informazio gehiago: www.socialnomics.com
, by Eric Qualman).

Panorama
horren jakitun historiak kontatzeko eta aurkezteko modua aldatu da
eta historia kontatzaileak, crossmedia egitetik, hau da, askotariko
medioak erabiltzetik, transmediara jauzi egin dute. Jada ez da nahiko
proiektuaren sortze prozesuan zenbat hedabide erabiliko diren
aurreikustea, baizik eta, teknologia berriek ematen dizkiguten
aukerez baliatuz, gure target-a identifikatu eta berari eman aukera
historia hori nola jaso nahi duen erabakitzeko. Horretarako
ezinbestekoa da parte hartzeko tekniketan sakontzea eta hori
transmedia proiektuen oinarria da; jada ez gara ikus-entzule soilak,
historiaren kontatzaile eta protagonista ere bagara.

Iturria: http://conocity.eu/ , by @josi

Horretaz
guztiaz jakitun Power to the
Pixelekoek jardunaldiak egiten dituzte Londresen
, urtero, asmo
konkretu batekin: historiak kontatzeko, filmak egiteko eta
cross-media modurik egokienean aro digital honetan audientzia oinarri
hartuta. 2012Ko jardunaldietan hainbat transmedia proiektu aurkeztu
dituzte, guk ere, Tranxmedia jardunaldietan ikusi genituenak:

  • Ironsky.com:Esperientzia
    honetan egileek audientziaz baliatzen dira istoria kontatzeko eta
    istoriarekin jarraitzeko dirua biltzen; crowdsourcing deritzana da
    lan egiteko erabiltzen duten teknika, film egileen eta audientziaren
    arteko hartu-emana sortu eta sormenean eta finantzazioan lagundu.
    @azuberogoitia -k twitterren jaso zuenez: “Webgunea baliatuta,
    sortu unibertso propioa zure produktuan oinarrituta: merchandisinga,
    remixerako aukerak, info gehigarria…”
    http://thepixelreport.org/2012/01/17/case-study-iron-sky/

  • iamplayr.com:
    Kasu honetan, Facebook bidez harpidetu beharra dago eta futbolari
    profesional eta ezagun baten bizimodua, lehenengo pertsonan
    bizitzeko aukera izango dugu. Gainera, parte hartze prozesu horretan
    historia zure erara eraiki zenezake eta aldaketak eragin. Hemen
    bideo erakuslea: youtube.com/watch?v=lZA-57h…

  • wreckamovie.com:
    @GorkaJulio -k twitterren jaso zuenez: “sormen komunitateak
    sortzeko fabrika izan daiteke, proiektuak sortzeko komunitate
    baino”. Izan ere, filmak era komunitario baten sortzeko
    proposamena da: ironsky era honetara sortu zen, baina adibide
    gehiago
    ere badaude.

  • Bear
    71
    : Kanadako parke bateko hartz baten bizitza jarraitzeko
    aukera ematen digu proiektu honek. Abiapuntua, kritikoa da, ordea.
    Egileak egin nahi izan duena da teklogiaz nola baliatzen garen guren
    ingurumenean eragiteko. Baliagarria zaigu teknologia hartz baten
    bizimodua ezagutzeko, baina, horretara heltzeko, lehenengo bere
    bizimodua inbaditu behar da eta hartzari radiofrekuentziaz
    jarraitzeko txipa ezarri behar zaio eta bere basoan hainbat kamera
    jarri behar dira, web bidez aldioro ingurua ikus dezagun. Tumblr
    plataformaren bitartez ere jarrai daiteke:
    http://iambear71.tumblr.com/
    Proiektu osoa ikusteko

  • gobzrk.com/
    Liburugintza tradizionaletik interaktibora, cross media estrategiak
    erabiliz liburugintzan. Era honetan, gaztetxoen artean
    irakurzaletasuna sustatzea lortzen da. Baina horretarako, irakurleak
    erakartzea ez da nahikoa; eutsi egin behar zaie eta horretarako
    eurak bihurtu istorioaren parte.
    http://thepixelreport.org/2012/01/24/case-study-bzrk/
    @JoxeRojasek Twitterren jaso zuenez, “Gobzrk esperientziatik ikas
    genezake akaso nerabeen artean irakurzaletasuna sustatzeko”.

  • Gaza
    Sderot
    : 2008an sortutako web-dokumentala; Gazako harresiaren
    alde bietako bizilagunek euren bizitzak kontatzen dituzte eta
    erabiltzaileak aukera dezake noren bizitza jarraitu nahi duen. 10
    astetan zehar 6 lagun jarraitu zituzten egileek eta gainera 2
    minutuko bideo laburrak grabatu arazi zizkieten. 2008Ko urritik
    abendura bitartean 40 kapitulu eskaini ziren online. Arte telebista
    katearekin elkarlanean garatu zen. Tishna Mollak era honetan
    definitu zigun: “A simple interface to make people interact
    through a brilliant idea gaza-sderot.arte.tv/”.
    Informazio
    gehiago

  • Prisonvalley.arte.tv
    : Webgune dokumental interaktiboa da. Erabiltzaileak, kasu honeatn,
    dokumentala egiten aritu den kazetariaren urratsak jarraitzen doa,
    eta ikusten duenaren inguruan iritzia emateko aukera izango du.
    2010Eko apirilean zabaldu zen webgunea eta telebistaz 2010eko
    ekainean eman zen dokumentala; AEBko presodengien industriaren
    ingurukoa. Informazio
    gehiago
    :  How to take a serious topic and make people
    engage through another format bitly.com/d0iAC4

  • Cinemadellarte: Gurasoen
    eta umeen arteko elkarakzioa sustatzeko ekimen interesgarria. Hauxe
    izan zen ikusi genuen azkeneko adibidea: cinemadellarte.dk

Proiektu handiak dirudite
guztiek; diru asko dagoela atzean. Baina, batera edo bestera,
oinarrian dutena da ikus-entzuleak parte-hartzaileak direla eta eurek
egiten dutela kontatu nahi den historia hori bizirik egotea,
aldaketetara irekita egotea eta
erabiltzaile-jarratzaile-ikusentzuleak protagonista bihurtuz, lotura
estuagoa sortzen dugu historiaren eta euren artean, komunitatea
sendotuz eta indartuz. Horretarako sare sozialak erabiliz eta
teknologiak eskaintzen digun parte-hartze erremitez baliatuz. Horri
jarraituz, arratsaldeko saioari ekin genion Tranxmedia
jardunaldietan, erronka zehatz bati erantzuteko asmoz: korrika 18,
proiektu transmedia. Honi buruz izango da hurrengo kronika.

Kategoriak Euskararen patria, Kazetaritza, sare sozialak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Tranxmedia jardunaldiak (I): gerturatzea

trans1

Hitz potoloa transmedia. Sentsazio horixe nuen atzo goizean (urriak 30) Tranxmedia jardunaldietara iritsi nintzenean. Tishna Molla Power to the Pixell
nazioartean lan egiten duen cross-media enpresaburuak argazki orokorra
egin zigun eta hainbat zehaztasun eman zizkigun, transmedia kontzeptua,
hau da, historiak kontatzeko planteamendu parte-hartzaile interaktiboa
zertan datzan ulertzen laguntzeko.

Saioa Eitbren egoitza nagusiko Multibox aretoan izan zen eta 50 bat lagun elkartu ginen egun osoko saioan. Goizean @TishnaMolla
izan zen hizlaria bi zatitan banatutako saioan; lehenengo transmediaren
inguruko hitzaldi luze samarra egin zuen eta bigarren zatirako gorde
zituen lan egiteko era parte-hartzaile interaktibo hori baliatuz martxan
dauden hainbat proiekturen adibideak erakustea. Bazkal aurretik,
gertuagotik, Donostiatik, Traxlan-ekoek euren azkeneko sormen lana aurkeztu ziguten.

Maider Egues
mondragoetarrari tokatu zitzaion aurkezle aritzea eta hasteko hainbat
galdera bota zituen: Transmedia eredu horretan oinarritutako ze proiektu
gara daiteke, eta zer dago eginda modelu horretan oinarrituta? Zertan
irabazten du transmedia ereduan oinarritutako proiektu batek?

Galdera guztiak erantzuteko erronka Tishna Mollarena zen. Power to
the Pixel plataforma anitzaren bitartez, aholkularitza eskaintzen diete
ikus-entzunezko historiak kontatzen dituzten enpresei. Bretainia Handiko
zine konpainia bat izatetik, nazioarteko transmedia konpainia izatera
pasa ziren orain urte batzuk.

Eguneko sorpresatariko bat: aspaldiko eta ez hain aspaldiko ezagun asko berriz ikusteko aukera, beti pozten da bat, lagunak, ezagunak, aspaldikoak, berriz topatzean.

Beste sorpresatako bat ponentearen gaztetasuna eta gainera,
euskaraz agurtzera ausartu zen: “kaixo, egunon, nire izena tishna da”.
Hainbestean. 2001ean historiak kontatzen zituzten hainbat plataformen
bitartez produktore gisa lanean hasi zela kontatu zigun; publikoan
zenbat zuzendari edo produktoren zegoen jakin nahi izan zuen, baina, ez
zuen horrelakorik aurkitu aretoan.

Baina zertaz ari gara transmediaz ari garenean? Mollak azaldu zuenez,
kontuan izan behar da sortze prozesu guztia plataforma anitzen bitartez
egiten dela, baita finantzazioa ere. Lan egiteko modu hori, hein baten,
ez da berria, plataforma anitzak lehenago ere erabiltzen zirelako,
baina, kontua da, “nola uztartu horiek guztiak, transmediaren onarriak
aintzat hartuak izan daitezen. Kontatu nahi den historia da oinarria;
historiak gidatuko du formatua”.

transmedia2

Historiak, fikziozkoak ala ez fikziozkoak izan daitezke, baina
transmediarekin “ hori ere aldakorra da, hasieratik hori ere aintzat
hartzen delako”. Plataforma anitzean lan egiteak eragin dezakeelako
historia eraldatzea, “ikus-entzule, parte-hartzaile, jarratzaile
bakoitzak erabakiko duelako historia nola jaso nahi duen”.

Gainera, ikusita audientziak, dirua eta denbora geroz eta eskasagoak
direla, baina, era berean, historia kontalariak, historiak kontatzeko
bide edo kateak, eta edukia, orokorrean, gorantz doazela, panoramari
aurre hartu behar zaio eta horretarako aukera ematen du transmendiak.
Izan ere, jada ez dute agintzen bakarrik estudioek, komunikabideek,
markek edo gobernuek. “Ikus-entzule pasibo izatetik historia-kontalari
izatera pasa gara”, nahi den horren inguruan gure istorioa guk nahi
dugun eran kontatzeko gaitasuna eta medioak ditugu. “ Jada
kontsumitzailea sortzaile da, eta ez bakarrik sortzeko, baizik eta,
editatzeko eta sareratzeko ahalmenarekin”. Horrek ere, audientzia geroz
eta banatuagoa egotea eragin du, Tishna Mollak azaldu zuenez,
“audientziaren atomizazioa” eman da.

Think about

Hiru aspektu kontuan hartzeko garrantzia azpimarratu zuen Mollak.Think about behaviour, Think about value eta Think about why someone will care.
Garrantzitsua delako norberak jasotzen duen guztiarekin zer egin
dezakeen pentsatzea, zer balio ematen dion bakoitzak eta nori axolako
zaion, nori irudituko zaion interesgarria jakitea.

Izan ere, ulertu behar duguna da edonor dela sortzaile eta edonorekin
kolaboratu zenezakeela, online teknologiak asko erraztu duelako hori.
“Ez zara publikatzeko zain egon behar, kolaboratzaile sarea bilatu
dezakezu, komunikazio ona egitea ezinbestekoa bada ere, teknologiak
laguntzen du horretan ere, eta horretaz ohartu beharra dago, zure kabuz
egin zenezakeela. Azken batean, proiektu parte-hartzaileez ari gara,
parte hartzerik barik hedapenik izango ez duten proiektuez. Aldiz, parte
hartzeak hedapen eta fideltasuna ekar dezake eta elkarlan horretara ere
erakarri behar dira finantzazio iturriak eta iragarleak.

Hitz potoloa zena argixeago geratu zitzaidala uste izan nuen
hitzaldiaren ostean, baina oraindik transmedia proiektu zehatzak ikusi
behar nituela erabaki nuen, argiago ikusteko. Izan ere, teorian
trasmediak badauka idealismotik asko; elkarlana, aniztasuna,
parte-hartzailea… Kontzeptu sozial horiek guztiak herrilana ekarri
zidaten gogora.

Storify irakurtzeko

Kategoriak Euskararen patria, Kazetaritza, sare sozialak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Euskararentzat espazioa irabazteko, emozioak sustatuz egin daiteke, ala SEO hilda dago?

SEO-zombie

Argazkia: @Joshua Hoffine
Iturria: http://blog.geodagrup.com

Ados, ulertuta, capito! Edukia da
garrantzitsuena. Kalitatezko edukirik gabe, ez zara erakargarria.
Horretan ados daude SEO, Community Manager eta Social Media eta
enparauak. Interneten edukiak bilatzeko erabiltzen digutun
bilatzaileek, batez ere Google, ematen ziguten emaitza izan da
garrantzitsua orain arte; gure produktu, eduki, salgai edo dena
delakoa bilatzailearen emaitzetan lehenengotariko postuetan agertzea
izan da orain arte “obsesioa”. Horretarako teknika matematikoak
erabili dituzte horretan aritu-aditu diren profesionalak. Orain,
ordea, badirudi ziklo aldaketa bat bizitzen ari garela. Erakargarriak
diren edukiak hobetsi beharko lituzkete bilatzaileek eta horiei eman
“preferentzia” bilaketa-emaitzetan. Googlek aldatu du bere
algoritmoa eta orain arte posizionamenduari etekina ateratzera
dedikatzen ziren estrategiek hasi dira beste elementu batzuk kontuan
izaten. Gaur bertan irakurri dut “No olvidemos que las emociones
están en el corazón y son ellas las que al final rigen a la
cabeza.” Robert
Barber
ek idatzi du esaldia Geodagrupen blogean: “Feliz
Halloween, SEO
. El SEO no está muerto, pero está un poco
zombi”.

Zonbiekin identifikatu zuen @luistxok
SEO-en egitekoa Multimendia Komunikazioa masterreko ikasleokin izan
genuen eskola egunean.

Baina, ados egonik ere, edukia dela
garrantzitsuena eta norberaren, norberaren produktuaren, norberaren
eskaintzaren, taldearen edo dena delakoaren inguruan jarratzaile,
zale, fan, azken baten, irakurleak batu, gehitu, nahi baditugu,
bilatzaileen emaitzetan posizio onenetan agertzeko teknikei
garrantzia eman ordez, eduki horren benetako erakarmenean zentratu
beharra badaukagu, ezinbestekoa jakitea jendeak zer atsegin duen, edo
zer bilatzen duen. Tendentzia-sortzaile ezin dugu guztiok izan eta,
diotenez, dena dago asmatuta. Hortaz, zein da nire lan esparrua?
Zertarako sortuko dut edukia? Sarean hedatzea ezin da helburua izan.
Izan ere, badirudi horrek hil duela SEOa.

SEO-content


Iturria:
www.puromarketing.com

Euskaraz sortzen den, duten, dugun,
edukietan ez dut uste SEO posizionamenduari begira ibili garenik,
orokorrean. Balitete euskarazko komunikabideetan (eitbcom, adibidez)
kontzientzia horrekin aritu izana edukiak sortzeko orduan; azken
baten, euren helburua bada albistearen bila euren komunikabidetara jo
dezagun, eta ez beste batera. Baina, orokorrean, euskarazko edukien
kasuan, edukia euskaraz sortzea izan da, eta da oraindik,
lehentasuna. Lander Arbelaitzek argi utzi zigun hori @euskarabildua
jardunaldietan. Argia.com webgunearen arduradun izanik,
lehentasunezko jotzen zuen nahi dugun hori euskaraz izateko sarean
edukiak euskaraz eskaintzea, izan sormenezkoa, izan itzulpena
(euskarazko azpitituluekin). Euskararentzako espazio hori irabazi
behar zela; Kontseiluko Paul Bilbaok ere erabili du termino hori: “ezagutzaren unibertsalizazioa eta
espazioen euskalduntzea bermatuko duten neurriak abian jarri behar
dira berandu baino lehen”.

Baina horretan ere, SEOren akatsean
jausteko arriskua dago, hau da, euskaraz izate hutsagatik edozer
gauza sareratzera. Horri ere erantzun zion, nolabait, Lander Arbelaitzek:
“Etengabe behartuta gaude tendentziei adi egotera, Interneten
euskarak lekua izateko”; “Tresnak ezagutu euskaraz sortu-egin
nahi dugun espazioa handitzeko-zabaltzeko” beti ere Egoitz
Goikoetxea
SEO teknikariak esan zuena ahaztu gabe: “Gure webean zer
bilatzen den jakitea garrantzitsua da, gugan interesa daukatenak
‘harrapatzeko’”.

Neurria hartzea izango da kontua, hain justu SEO, Community Manager eta enparauek egiten dutena, baina zenbaki eta estrategi hotzetan oinarritu beharrean, emozioak transmitituz.

Kategoriak Euskararen patria, sare sozialak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Arrazoia zenuten

Gurasoei zuzenduta esan zuen
Carmen Gisasolak “Gaur zortzi” bere lehenengo eleberriaren
(Alberdania) aurkezpenean. “Besterik uste bada ere, gure heziketan
biolentziak ez du kabidarik izan. Gure aurreko belaunaldiek
ezarritako baloreetan inor ez hiltzea transmititu digute eta hori
bakoitzak geure etxean bizi izan dugu”, argitu zuen. “Baina …
borroka armatuan sartu izan garenean, gurasoek kontraesan batean bizi
izan dute aberriarekiko gure atxikimedua, kasu askotan: hartu dugun
bidearekin ados egon ez arren, seme-alabekiko estimu osoa mantenduz”.

Carmen

Askotan etorri zait burura
seme edo alaba bat helburuak lortzeko erailketa zilegizko tresnatzat
darabilen erakunde bateko kide izanik, nolako bizipenak izango
dituzten euren gurasoek. Ezagun baten gurasoekin izan nuen lehenengo
pentsamendua. Inoiz presoen eskubideen aldeko manifestazio batean
egon barik, pankarta eustera pasa ziren, semea espetxeratu zutenean.

Ez da erraza izan behar
hortik pasa den alaba batek “arrazoia zenuten” aitortzea bere
amari. Pentsatzekoa da prozesu baten ondoriotik datorrela
baieztapen horretara heldu izana; hausnarketa sakon baten ostean.
Hein baten, halaxe adierazi zuen Gisasolak prentsaurrekoan;
gazteleraz esan beharra izan zuen, kazetariek “korte bat, mesedez” (Goizalde Landabasoren antzera),
hainbat aldiz eskatu zioten arren. Berak argi adierazi zuen liburua
euskaraz egin duela, eta euskaraz prestatu zuela agerraldia eta ez
gazteleraz. Azkenean, ordea, kazetariek hamaika galdera egin
zizkioten eta zera esan zuen “no he escrito el libro pensando en
nadie, ha sido una aportación a la convivencia, porque es
responsabilidad de todos; sin hacer esa reflexión no podremos
avanzar”. Hortxe koska, hausnarketa egin barik ezin aurrera jo.
Gauzak uste izandako moduan gertatu ez direnean, horixe egin behar
izaten da, egoera guztietan, eta are gehiago 50 urte luzez iraun duen
indarkeria ziklo baten ostean.

Prentsaurrekoaren ostean,
galdetu egin zuen Carmenek, ia zer moduz egon zen, urduri zegoela-ta,
bihotza oso azkar zebilkiola hainbeste kazetari ikusita. Ondo aritu
zen. Aitortu zuen bezala, bere lehenengo prentsaurrekoa izan bazen
ere, esateko zuena ondo prestatua zekarren, ondo hausnartua. Berak
esan zuen bezala, “Egia Handiaren zerbitzuan aritzeko dinamikak
gehiegikeriak justifikatzera eraman gaitu behin eta berriz, eta gure
barruan kontraesan asko sortu … eta gaur egun, Egia Handiaren
ordez, ziurtasun txikietan besterik ez dut sinesten nik neuk”.

Emakume indartsua; konbikzio
sendoduna. Eskerrik asko, Carmen lekzioagatik.

Bide batez, Durangoko Azokara joateko gogoa zuela esan zigun, hurrengo “baimena” orduan eskatuko duela. Hortaz, inork nahiko balu, Alberdaniaren erakus-mahaitik pasa azoka egunetan.

Kategoriak Politika | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Legebiltzarkide bakarrarekin osatuko du taldea UPDk

maneiro_1

Eusko
Legebiltzar
reko taldea osatzeko “gutxienez hiru kide izan beharko
ditu” talde bakoitzak, Legebiltzarreko barne araudiaren 24.
artikuluak
dioenez. Era horretan, 3 kide baino gutxiagoko
ordezkaritza lortu izan duten alderdiek talde mistoa partekatu behar
dute. Azkeneko legegintzaldian, esaterako, Eusko Alkartasunak, Ezker
Anitzak eta UPDk osatu dute talde mistoa, legebiltzarkide banarekin.

Atzoko
hauteskunde
en ostean, ordea, ordezkaritza lortu duten 5 alderdietatik
bakarrak dauka 3 kide baino gutxiago; gauzak horrela, Gorka Maneirok
iragarri zuen bezala, UPDk talde propioa izango du Legebiltzarrean,
nahiz eta Mistoa-UPD deituko den.

Kide
bakarreko taldea

I.
Legegintzalditik gaurdaino, behin baino ez da kide bakarreko talde
misto bat izan Gasteizko Legebiltzarrean. V.ean izan zen, 1994an
Foralistas Alaveses taldeko kide izandako Raul Reyero, legebiltzarkide
bakar izan zen 1997ko azaroaren 4tik 1998ko irailaren 1era. Hona talde mistoen gaineko osaketa, legegintzaldiz legegintzaldi:

I.
Legegintzaldia (1980-1984)

  • Mistoa
    Alianza Popular: 2 ordezkari

  • Mistoa-Partido
    Comunista: 2 ordezkari

  • Mistoa:
    3 ordezkari

II.
Legegintzaldia (1984-1986)

    • Mistoa:
      11 ordezkari

III.
Legegintzaldia (1986-1990)

    • Mistoa
      Unidad Alavesa: ordezkari 1

    • Mistoa
      CDS: 3 ordezkari

    • Mistoa
      Partido Popular: 4 ordezkari

    • Mistoa
      Independente: ordezkari 1

IV.
Legegintzaldia (1990-1994)

    • Askotariko
      Unidad Alavesa: 4 ordezkari

    • Askotariko
      Euskadiko Ezkerra: ordezkari 1

    • Askotariko
      Independiente: ordezkari 1

V.
Legegintzaldia (1994-1998)

    • Misto:
      ordezkari 1

VI.
Legegintzaldia (1998-2001)

    • Mistoa
      Foralistas Alaveses: 2 ordezkari

VII.
Legegintzaldia (2001-2005)

    • Mistoa
      Unidad Alavesa: ordezkari 1

    • Mistoa
      Ezker Batua-Berdeak: 3 ordezkari

VIII.
Legegintzaldia (2005-2009)

    • Mistoa
      Ezker Batua-Berdeak: 5 ordezkari

    • Mistoa
      Aralar: ordezkari 1

IX.
Legegintzaldia (2009-2012)

    • Mistoa
      Eusko Alkartasuna: ordezkari 1

    • Mistoa
      Ezker Anitza: ordezkari 1

    • Mistoa
      UPD: ordezkari 1

Talde
mistoan kide bakarra izateak baditu bere abantailak; esaterako,
gainerako taldeek besteko denbora bera izatea pleno eta batzordeetan
hitz egiteko eta lan talde eta batzorde guztietan ordezkaritza
izatea. Izan ere, alderdi bat baino gehiagoko ordezkariak izan
direnetan, taldearen interbentzio denborak, zein ordezkaritzak, banatu
egin behar izan dituzte alderdien artean.

Talde
parlamentarioek, talde izate hutsagatik ere, diru partida bat
jasotzen dute. Kasu honetan, talde mistoari dagokiona UPDren
ordezkari bakarrak eskuratuko du, bere alderdiaren ordezkari bakar
gisa.

Desabantailak
ere badira, jakina, legebiltzarkide bakarra izateagatik; izan ere,
Gorka Maneirok lan karga ezingo du beste kideren batekin elkarbanatu eta beregain
hartu beharko ditu batzorde, lan talde eta pleno guztietako
bozeramailetzak.

Kategoriak Eusko Legebiltzarra, Politika | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Twitter eta gero, orain Medium dator

SEO eta Google Analytics batetik,
eta, bestetik, Branch eta Medium proiektu berriak izan ditugu
hizpide, besteak beste, Gorka J. Palazio eta Eider Jauregi irakasleekin, #MKM1213n, EHUko
Multimedia Komunikazioa Masterrean
.


SEO (Search engine optimization), Google Analytics,
Branch, Medium… Social Mediaren egitekoak eta beste

Badakigu izaten ditugun bisitarietatik trafiko
“organiko” zenbat diren? Eta, zenbat diren trafiko “zuzen”
edo “erreferentziazkoak”? Eider Jauregi egunero aritzen @eitbcom
atarian era horretako datuak kudeatzen. Guk geuk ere, gure bloga,
erreferentziazko atari bihur genezake, branding-a zainduz eta
“parakaidistei” eusteko estrategiak landuz. Hau da, guk sarean argitaratzeko sortu ditugun albisteetan erabilitako “hitz gakoen” bitartez, Googlen bilaketa egin ostean gurera heltzea lortzen duten irakurleak gurean gera daitezen landuz. Zertarako? SEO
posizionamenduan lan egin asmo badugu ezinbesteko delako era
horretako tresnak, datuak eta teknikak kudeatzea. Eta zertarako hori guztia? Kazetaritzan informatzaileak izatea geroz eta zailagoa denez, sektorearen krisia tarteko, informazioaren saltzaile “tenikoak” bihurtzea izan daitekeelako lana aurkitzeko beste modu bat.

Google bilatzaile unibertsalaren armiarma
arakatzaileak era berezian sortutako logaritmoak erabiltzen ditu
sarean dagoen informazioa sailkatzeko. Hori gogoan izanda, guk
geuk sortzen ditugun edukiak ere monitorizatu egingo dituela kontuan
izan beharko genuke, zerbati idazten hasi aurretik. Idatziko dugun edukia, bilatzaile horrek araka dezan antolatu behar dugu, edukia zaintzeaz gainera.

Bai, edukia da garrantzitsuena, edukirik gabe ez
dugulako inor erakarriko gure horma, blog edo dena delakora. Baina
eduki hori antolatzeko modua ere garrantzitsua da. Hemen Eiderrek komentatu dizkigun batzuk:

  • Testuaren lehenengo parrafoan hitz gakoak sartu,
    gehienez ere 160 karaktereko testuak izan behar dira.

  • Testuari karaktere bereziak eman: negrita,
    kurtsibak, hipertestuak; horiek lehenengo paragrafoan sartu.

  • Hitz gakoak errepikatu testuan zehar; bataz
    beste, 250 hitzero 4-5 aldiz errepikatu, gehienez.

  • Barruko esteketan kontzeptu-hitz egokiak
    aukeratu hipertestuak egiteko eta gehienez 55 karaktere aukeratu
    horretarako; barruko trafikoa elikatzeko erabili, baina abusatu
    gabe. Googlek eskuzabaltasuna saritzen du, hortaz, kanpora loturak
    ere egin, beti ere, leiho berri bezala ireki daitezela (gurean
    dagoenari gurean eutsi behar diogu).

  • Argazkiak eta bideoak saritzen ditu Googlek bere
    posizionamenduan, hortaz, egoki izendatu argazki eta bideoak eta
    erabili.

  • Blogak webgune korporatiboak baino hobeto
    posizionatzen ditu; etiketak eta kategoriak ondo erabili
    bilatzaileak ere irakurketa egin dezan.

Facebook eta Twitteren ondoren, Branch eta Medium hemen dira

Gorka sarean dauden “katxarro” zale amorratua
da; tabletan zen androide edo iphone smartphonetan jar daitezkeen
aplikazio guztiak ezagutzen ditu; asko behintzat bai! Gaur egun kazetaritza
egiteko, ezinbestekoa da komunikatzeko asmatzen eta hobetzen dituzten
aplikazio horietan aritzea eta hori dela eta, gaur ere beste bi
proiekturen berri eman digu:

  • Branch.com : “A new way to talk to each other”. Hala dio
    bere webgunean. Kasu honetan, asmoa twitterreko elkarrizketak
    eztabaidara ekartzea da, hau da, taldeko elkarrizketa-eztabaidak
    egiteko aukera ematea. Informazio gehiago

  • Medium.com : Twitter eta Blogger sortu zuen tipoaren, Evan Williams,  proiektu
    berria da. Oraindik beta fasean dago. Twitter kontuarekin harpidetu
    zaitezke. Mezu bildumak antolatzea da asmoa

Orain, hori guztia praktikatzen hastea besterik ez zaigu geratzen.

Kategoriak Kazetaritza, sare sozialak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

1984 gogoratzen

Etxe berrira etorri ginenetik egiteko
neukan eta gaur ausartu naiz; argazki eta margolan bilduma
batzuri hautsa kendu, ordenatu eta gorde.

margo2margo1 

Horrelakoetan ohikoa
izaten den bezala, denboran atzera egin dute nire oroimenek. Batez
ere margolanak noiz egindakoak ziren ikusi dudanean: 1984! Justu gaur @boligorriak, Zuloak dokumentalari buruz idatzi
duen artikuluan aipatzen den urte bera.

11 urte nituen nik orduan, hortaz,
orduko oroimen nahiko infantilak ditut. Baina bada oso gogoan
daukadan kapitulu bat; orduko soinu bandaz nabil. Gure aitak udaro
kanta bildumak grabatzen zituen autoz egiten genituen bidai
amaigabeeak eramangarriagoak izan zitezen. Granadaraino joaten ginen
orduan, familia bisitatu eta kostaldeko campingen batean hilabete
osoa egiteko; orduan bai, hile osoko oporrak izaten ziren! Baina,
justu 1984an, ez ginen Andaluziaraino joan. Errioxako camping batean
pasa genituen abuztuko egunak; Los Angelesen jokatu ziren olinpiar
jokoekin lotzen ditut opor haiek; oñatiar familia batekin koinziditu
genuen; ume bi zituen bikoteak eta gu lau neska-mutiko ginenez,
koadrila majoa egin genuen.

1984ko urtea, aitaren “impactos 82”
eta “impactos 83” kanta bildumen ostekoa da. Oraindik gordeta
dauzkat kaset zinta horrek biak, baina 1984koa ez dut aurkitu;
lastima, ze, urte horretakoa da Madonnaren Like a Virgin diskoa. Bera
izan zen nire megalomaniaren erruduna. Aitak ekarri zidan biniloa,
zintan grabaketak egiteko. Orduan ere pirateoan aritzen ginen, ez
pentsa! Atzamarra kaset zintaren zuloetan biraka erabiltzen genuen,
kantak segi-segian grabatzeko, tarterik ez uzteko euren artean; eta
zinta amaitzear zela, esteroaren kontagailua zeroan jarri, zinta
aurrerantz pasa, amaitzeko zenbat geratzen zen ikusi, eta grabatzeko
azkeneko kantari bolumena jaisten genion, derrepentean ez bukatzeko.
Ja! Hori bai teknologia!!! Hala daude “impactos” zintak
grabatuta. Ferro eta Chromo dira, hortaz, kaset-zinta sendoak dira.

Ba justu gaur aurkitu ditudan 1984ko
margolanen atzeko partean CajaLaboraleko (Caja Laboral
Popular-Euskadiko Kutxa) 1984ko ekaineko egutegiaren orri agertu da.
Bota aurretik argazkia atera diot, bitxia iruditu zait.

egutegia1984

Margolanak
nire lehengusinak egindakoak dira.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ikasten hasi naiz berriro. Atzo @luistxo irakasle

MKM, Multimedia Komuniazioa Masterra. Halaxe dauka izena astelehean hasi nuen ikasturteak. EHUk eta EiTBk antolatutako masterra da, Bizkaiko campusean. Ikasturte osoko arratsaldeak emango ditut Leioan, baina gogotsu; bai horixe!

Tximinoak erredakzioan

Gogotsu, beharko; ze, gure ofizio-profesioaren egoera negargarriak eta nazkagarriak ezinbestean eskatzen digu berehalako etorkizuna bilatzea; ez bakarrik krisiak eragin dituen lan baldintza eskasengatik, enplegu faltagatik eta ohiko hedabideen gainbeheragatik. Baizik eta, profesioa bera ere nahikoa prostituitua dagoelako.

Atzo Luistxo Fernandez izan genuen irakasle eta erredakzioak irudikatzeko idazmakinetan ari ziren tximino taldearen marrazkia erabili zuen (argazkikoa Interneten aurkitu dut); prentsa kabineteak, aldiz, black men taldea ziren!

Nora goaz, bada panorama horrekin?

Batzuek Community Manager gisa “psikologia soziala” egitera, @luistxo -k zioenez; “mesias” antzeko zerbait; hau da, zer esaten da zutaz sarean, bada aztertu eta negatiboa bada mezu positiboak zabaltzen hasiko gara, edo egurra ematen badigute beste aurpegia jarriko dugu…
Beste batzuek Curator antzera, informazioa hainbat iturrietatik jaso eta antolatzen eta uztartzen, Optimus Prime gisara; hala irudikatu zuen berak, Transformerreko robotaren marrazkiarekin.

Hortaz, eta “robotak gu, kazetariok, baino hobeak badira, zer geratzen zaigu? Komunikatzeko pasioa!”. Halaxe bota zigun Luistxok atzo eta horretaz berak zerbait badaki.

Pentsa dezagun bada, ez dagoela dena galdua. Badaukagula oraindik zer komunikatu, eta Internetek eta aplikazio berriek ematen digutela nola hobeto, landuago, errazago, azkarrago, komunikatzeko aukera. Koipe askorik eman barik, baina, atzokoa entretenigarria izateaz gainera, aberasgarria izan zen. Eskerrik asko, @luistxo

Kategoriak Ispiluari begira, sare sozialak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Noiz eta zergatik ezabatu post bateko komentarioak?

Jada erabaki dut:
1- Facebookeko nire horman nik bakarrik idatz dezaket (horretarako aukera ematen didalako Facebookek).
2- Postetan komentarioak nire lagunek bakarrik egin ditzakete (horretarako aukera ematen didalako Facebookek).
3- Komentarioak gaiari lotutakoak izango dira, eta errespetuz egindakoak, bestela, ezabatu egingo ditut (horretarako lizentzia hartzen dudalako).

Zergatik?
1- Nirea delako kontua
2- Harira ez datozen, edo lekuz kanpo dauden, komentarioak egiteko zure horma erabil dezakezulako
3- Nire horma ez delako hirugarrenei mezuak emateko; horretarako zure horma erabil dezakezulako

Eskerrik asko zuen komentarioengatik.

Kategoriak Ispiluari begira, sare sozialak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina