Itsasoari begira, Agur Belen

Despedida gehienak tristeak izaten dira, betiko direnean batez ere. Baina ederra izan zen Beleni egindakoa.

Aspaldi ezagutu nuen emakume izugarri bati agurra eman genion, bere seme eta seme-alabaordeekin batera. Zarautzen, itsasoari begira, berak nahi zuen lekuan.

Zarauzko malekoitik

Zarauzko malekoitik

JonBasik esan zigunez, hara elkartu ginen ez Belenez berba egiteko, denek ezagutzen genuelako nolakoa zen: gardena, zuzena, kementsua. Hara elkartu ginen bere nahia zelako itsasoari begira hiltzea.

Zoritxarrez ospitalean hil zen, mediku-zaintza etengabea behar zuelako, minbizia zuen. Baina, azken desioa beste era batera bete daitekeela erakutsi ziguten bere gertukoenek. Zarauzko malekoiaren bazterrean, itsas gorari kontra eginez, halaxe barreiatu ziren Belenenen errautsak itsasoan.

Hunkigarria, baina ikusgarria. Kantauri itsasoak negu honetan izan duen indarraren azken hondarrak zirela esango luke norbaitek, baina biziki indartsu egin zuten gora olatuek unea hartan ere. Belen emakume indartsua eta kementsua izan zelako, akaso. Olatuak ere astoratuta moduan ziren, haren etorreraren jakitun. Bere lagunminak gero abestu zuen bezala, aurrerantzean “bultza eta zabaldu” eta “gaztuko duzu gure azala, Belen”.

Kantuz agur

Agur esateko orduan ere, inoiz ez da jakiten noiz amaitu. Zarautzen ere, antzera izan zen. Itsasoari begira ginela, baina jada barrualdearen berotan, JonBasik gidatu zuen saioa. Poema irakurraldiak, iraultza urteetan egindako lagunak sortutako abestia, lagunminaren errezitaldia eta bere semeak, JonBasik, eskaini zion omenaldi bikaina, amari. Betiko bere oroimenarekin lotuko dituen abestiak aukeratu zituen, Belenen izaera alaia, irekia, erradikala adierazten duten abestiak, atera kontuak. Hasteko Bob Dylanen bertsioan iritsi zitzaigun. ‘Hey Joe‘ jo abestu zuen; eta, segituan Eskorbutoren ‘Adios reina mía‘, bertsio lasai batean, are, dultzeagoan esango nuke.

Belenek ezin izan zion minbiziari gerra irabazi. Bizitzan dezente borroka egindakoa zelako, igual. Berari agur esatera joateak nire bizitzan eragin zuena gogoratzeko parada eskaini zidan. Askotan gertatzen baitzaigu, bizipenak izan baditugula, baina gordetzen ditugun eran ahanzten ditugula. Belenek antolatu zidan Arrasateko pisua utzi eta Zornotzara etxez aldatzea. “Nola izango da ba, mutilaguna Gernikan izatea, lana Durangon eta etxea Arrasaten?”. Eta, telefonoa hartu, urteetan deitu gabeko lagunari hotsegin eta bingo! Haren amak alokairuan zuen pisu zaharra 15 egunean hutsik geratuko zela eta baietz, banuela etxe berria.

Hura izan zen bakarrik bizitzen egon nintzen lehenengo aldia. Ordurarte etxea konpartitzen izan nintzen urteetan. Eskerrik asko, Belen.

Eta, ez dut ahazteko beste kapitulu hura: ETB2 ematen hasi zen, eta guk Baleukon prestatzen genuen, Politicamente Incorrecto saioaren lehenengo denboraldi hartan, alderdi politiko bateko prentsa arduradunarekin izan zenuen bronka!

Amorrutik ere asko zenuen, hasarretzen zinenean, eta egiak botatzen zenituenean are eta handiagoak orduan. Eskerrik asko, Belen.

Baita, Ziortza eta biori erakutsi zenigun guztiagatik ere, Belen. Eskerrik asko. 8 hilabete izan ziren, baina benetan intentsoak. Gogoratuko zaitut, txaketa beltzean zeneraman pinarekin, gainetik janzten zenuen gabardina berdearekin, telefonoz orduan oraindik umea zen JonBasiri hitz goxoak esaten… Beste bat arte, maja!

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Alderdi berriek noren lepotik lortuko dute ordezkaritza Europan?

Irudia: Peridis, El Pais. http://ep01.epimg.net/politica/imagenes/2014/05/16/actualidad/1400268671_635946_1400269885_sumario_normal.jpg

Irudia: Peridis, El Pais. http://ep01.epimg.net/politica/imagenes/2014/05/16/actualidad/1400268671_635946_1400269885_sumario_normal.jpg

Arias Cañete popularrak Valenciano sozialistarekin izan zuen aurrez aurrekoaren ondotik, Antena 3ko Griso kazetariari egin zizkion adierazpenak ezagutu aurretik egindako inkestak omen dira gaur atera direnak –gaur da Europar hauteskundeei buruz legez inkestak kaleratu daitezkeen azkeneko eguna. Cañeteren adierazpenen aurretik egin zirela inkestak esan eta esan ari dira hedabideetan, horrek popularrei botoa emango diotenen artean ezer aldaraziko balu bezala.

Polemika gehiago sutzeko azpimarratzen dituzte Espainiako medio “gorrienek” zehaztasun hori, eta ez bakarrik hoiek. Gaur eguerdian, esaterako, Al Rojo Vivo saioko aurkezleak dozena erdi bider azpimarratu du zera hori. Igandeko Teleberrian ere horixe bera azpimarratu zuten boto intentzioaren berri emateko orduan. Eta, esaterako, El Mundok ere horixe azpimarratu du bere gaurko inkesta datuak ematerakoan. Ez dut sinesten PPk boto gutxiago jasoko dituenik Cañete matxista hutsa dela agerian geratu delako.

Bai, larriak dira Cañetek egindako adierazpenak. Matxista dela agerian utzi du eta Europatik kontuan hartu beharko lukete, eta komisario gisa ez lukete onartu beharko. Baina hori ikusteko dago.

Txikienak Europan

Bada ordea, beste eztabaida interesgarri bat: alderdi sortu berriek lor dezaketen ordezkaria noren lepotik izango den zehaztea.

Argi dago, PPri botoa ematen diotenek ez dutela bira hori egingo, ezta Cañet(e)ada gehiago egonda ere. Beraz, nondik jasoko dituzte botoak, esaterako, Podemos modukoek? PSE, IU ala abstentziotik? Hirugarren aukera zaila dirudi, kontuan izanda gainera, Europako hauteskundeetan berez gehitu egiten dela abstentzioa, interes faltagatik. Are gehiago, abstentzioa %56,8koa (NC Report -ek La Razón -entzat egindako inkestaren arabera) edo %60koa (Sigma Dos -ek El Mundo-rentzat egindakoaren arabera) izango ei da.

Alderdi txikiek ordezkaritza izateko aukeraz, sozialistek diote larritu beharko liratekeenak IUkoak direla, eta ez eurak; ez dezagun ahaztu, ordea, PSOE-IU IU-PSOE norabide bikoitzean boto asko aritzen direla hauteskunde hitzordu bakoitzean, beraz, hori ere ikusteko dago.

Irudia: La Razon eta La Sexta

Irudia: La Razon eta La Sexta

EAEn egongo diren emaitzen haritik ere, izango da gorabeherarik. Inkestek diotenez, EAJ ere hartzen duen Coalición por Europak boto dezente galduko ditu (88.246 boto, La Razonek argitaratu duenez) eta EHBildu batzen duenak, Los Pueblos Deciden, ordezkaritza lortzeko aukera dauka.

Inkesta batzuek diotenez, alderdi berriek badute ordezkaritza lortzerik; ikusteko dago, noren lepotik:

  • Metroscopia, El Pais egukariarentzako egindako inkestaren arabera:
    • Botoen %2,4 lortuko lituzke Podemos alderdiak.
    • Compromís, EQUO eta CHA alderdiek osatu duten Primavera Europeak botoen %1,7 lortuko lituzke.
  • Celeste-Tel, eldiario.es egukariarentzako egindako inkestaren arabera:
  • Invimark, La Sexta telebista katerako egindako barometroaren arabera:
    • Los Pueblos Deciden koalizioak botoen %2,0 lortuko lituzke
    • Botoen %1,5 lortuko lituzke Podemos alderdiak.
  • Sigma Dos, El Mundo egunkariarentzat egindako inkestaren arabera:
    • Podemos alderdiak botoen %3,1 lortuko lituzke.
    • Los Pueblos Deciden koalizioak botoen %1,5 lortuko lituzke.

 

 

Kategoriak Politika | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Teknologiaren kazetaritza edo nola erabili teknologia kazetaritza egiteko

Kazetaritzaren iraultza –jada, gainbehera esatea gaizki ikusia dago– ekarri zuen teknologia geratu barik dabil. Kazetaritzan ekiteko eta storytelling–istorioak kontatzea– egiteko geroz eta aukera gehiago dago, sareak ahalbidetzen dituen aukerak mugaezinak direlako.

Irudia: vox.com

Irudia: vox.com

Vox Media taldeak, esaterako, bere tresna propioa garatu zuen edukia kudeatzeko, Chorus. Software hori erabilita, komunikazio proiektu espezializatuak garatu zituen: kiroletako SB Nation (2003tik martxan dagoena, unibertsitate arteko ligari buruz), teknologiaz The Verge, bideojokoez Polygon, tendentziei buruz Curbed, eta, oraintsu, informazio orokorraz, Vox.com.

Erabiltzen duten teknologiak erraztu egiten dio kazetariari bere informazioa osatzea. Loturak, argazkiak edo informazio gehigarria automatikoki eskaintzen dio sistemak, eta kazetariak, editore lana hartuko du une horretan, bere istorioa osatzeko beharko lituzkeen elementuak aukeratzeko. Lotura horiek guztiak era automatikoan eskaintzen ditu sistemak eta kazetariari ahalbidetzen dio kontatu nahi duen istorioan denbora gehiago eman ahal izatea.

Informazioa beste modu baten aurkeztuta

Vox.com sakontzeko kazetaritza da, ez da kontsumo azkarreko informazio proiektua –NYTimes Now aplikazioan bezala. Erreportajegintza lantzen dute, albisteak ulertzeko informazio bildumak osatzen dituzte: “Understand the news”. Snowfall estiloko erreportajegintza lantzen dute, narratiba

estiloari erreferentzia egiten dio, testua, bideoak, argazkiak, infografiak, komentarioak… Denetarik nahasten du, baina era antolatu baten aurkezten du. New York Timesek kaleratu zuen era horretako lanari zor dio izena. Ezberdintasuna, baina, kasu honetan, zera da: eskaintzen diren loturak ez direla barne loturak, ez direla medioak berak landutako informazioak, artikuluak, elkarrizketak, bideoak, argazkiak…New York Timesek egin zuen bezala. Vox-en kasuan, istorioan sakontzen lagunduko diguten informazioak, beste hedabide batzuek kaleratutakoak dira, beste nonbait argitaratutakoak, beti ere medioagatik kontrastatutakoak; softwareak ahalbidetzen du era horretan lan egitea.

Software espezializatuak

Irudia: http://storyful.com/

Irudia: http://storyful.com/

Ildo horretan, 2010ean Irlandan sortu zen ere Storyful ataria. Filosofia berbera zen: sarean dagoen informazioa ikuskatzea, antolatzea eta egiaztatu ostean eskaintzea. Berezitasuna: bideoekin lan egiten duen informazio agentzia dela, nazioarteko hedabideentzat agentzia. Teknologiaz baliatzen dira kasu honetan ere kazetaritza egiteko. Adibide bat: Siriako konfliktoarekin mapeatzea edo siriarrek eurek grabatutako bideoekin egindako kontakizuna, Wall Street Journal egunkariarentzako egindako lanetako bat, Borderlands. 2013ko amaiera aldera News Corp enpresak erosi zuen Storyful.

Informazio iturriak:
Kategoriak Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

NYTimes eta kazetaritza-tresna berriak, audientzia bila

Kontatzen duzun historia hori zenbatek irakurtzen duten jakitea ondo dago, baina balio erantsia emango dizuna da jakitea nork irakurtzen duen eta horietako bakoitzari zer gehiago interesatzen zaion; era horretan, zure edukien eskaintza antolatzeko modua izango duzu, baita komunitateak sortzeko ere. Austinen egin den kazetaritza digitalaren nazioarteko sinposiumean esan omen zuten The Daily Dot-en sortzaile Nicholas White-k eta Penny M. Abernathy, unibertsitateko irakasleak. Halaxe jaso du Eduardo Suarez-ek bere blogean egin duen laburpen interesgarrian.

Irudia: NYTimes

Irudia: NYTimes

Datu horiek, kuantitatiboak, baina batez ere, kualitatiboak nola jasotzen diren azaltzeko lana hartu zuen Gemma Muñozek, InnoBI14 jardunaldietan, joan zen larunbatean. Bere mezua argia izan zen: negozio planean ekintzak garatzeko eta gauzatzeko balio behar dute metrika horiek guztiek. Ekintzak gauzatzeko erabakiak hartzera eraman behar gaituzte webaren neurketek.

Ideia biak, beraz, lotuta doaz: nork irakurtzen du zer, ba hari eskaini hori eta gehiago. Nola jakin? Neurketen irakurketa egokiak eginez.

Eta, esaterako, New York Times-ek bide horri heldu dio harpideentzako sortu dituen azkeneko aplikazioetan: NewYorkTimesNow da horietako bat. Ez ditu bakarrik eskaintzen bere edukiak, kanpo loturak ere eskaintzen ditu. Antolatuta ematen dizkio harpideari, bere gustuen eta interesen arabera, hilean 8 dolaretan. Prezioaren inguruan ere bada eztabaidarik; izan ere egunkariko harpideek jasotzen dutenaren eduki berbera, baina era arinagoan, eskaintzen du iphone eta ipaderako app berriak. Sustatzaileek diotenez, irakurketa errazagoan aurkezten dituzte edukiak –egungo erabiltzaileak darabilen presari egokituta, esan genezake.

Dena dela, helburua, audientziari bila ari den hori ematea da. Eta, bila ari ez bada ere, ohartu dadila horixe dela nahi duena.

Informazio gehiago NewYorkTimes Now app-ari buruz:

http://www.niemanlab.org/2014/04/nyt-now-out-today-mixes-lots-of-good-mobile-centric-ideas-with-moments-of-caution/

http://www.capitalnewyork.com/article/media/2014/04/8543248/emtimesem-newest-product-confidence

Kategoriak Kazetaritza | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gaueko ametsak eta eguneko burutazioak, nahasitako oroitzapenak

Iratzargailuak jo eta istorio bat bizitzen ari nintzela ohartu naiz. Aspaldi honetan, askotan gogoratzen ditut azken orduko ametsak; erdi lo egoteagatik, akaso; sumatzen dut, gainera, badudala ametsen osagaietan eskuhartzerik edo, gutxienez, sentsazio hori izaten dut esnatzerakoan.

Irudia: liftarn: http://openclipart.org/detail/2423/a-person-sleeping-by-liftarn

Irudia: liftarn: http://openclipart.org/detail/2423/a-person-sleeping-by-liftarn

Gaurkoa atzo izandako elkarrizketa batekin lotu dut: auzoko eraikin zahar batekin zer egin adosteko bilerara deitu zituen udalak auzotarrak. Antza, eskola zaharra egon zen eraikina berreskuratzeko diru partidaren bat eskuratu daiteke Aldunditik, eta auzokoei hor zer egin daitekeen pentsatzeko prozesu bati ekin diola jakinarazi nahi izan zien udalak.

Nire amets horretan, jaioterrira bidaiatu dut eta nerabe nintzeneko lagunekin egon naiz bilera baten. Han ere, eraikinen bat berreskuratu nahi zuen udalak, baina guk gogorarazi genion garai baten jada gerarazi genuela proiektu pribatu bat eta berriro egiteko prest geundekeela. Mutilagun oiharekin elkartu naiz berriz ere nire ametsean. Garai hartan elkarrekin aritu ginen eraikinaren alde, edo auskalo. Halako baten, nire ama ere agertu da, dudatan jartzen nire sentimenduak eta nik, lasai egoteko esan omen diot –mutilagun ohiak ere bere bizitza antolatu duela ni gabe, eta gauza bera egin dudala nik ere. Eta, gero, ez dakit zergatik, Bruseralara alde egin dut koadrilako beste lagun batekin, manifestazio erraldoiren batetara.

Eta hori guztia gogoan, gaur goizean, ametsetako istorio horiek guztiak nondik nora lotu ditudan pentsatzen aritu naiz. Izan daiteke, orain bizi naizen auzoko eskola zaharraren inguruan aitaginarrebak atzo kontatu zidana gogoan sartzea ohean eta larunbateean Iruñean izan zen manifestazio erraldoia ere gogoratzea, eta intsumiso garaian egin genituen borroka haiek orduko mutilagunarekin izan zirela, auskalo! Baina bitxia da buruak egiten dituen bidaiak, denboran atzera eta aurrera.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zuzeneko telebista parte-hartzailea, Hangout erabilita

Martxoaren 25ean Maria Shriverek sustatutako “Paycheck to Paycheck” dokumentalaren harira, mahai-ingurua eskaini zuten Google+Hangouten. Gustatu zitzaidan ideia, hau da, internet bidez emateko mahai-ingurua. Egia da amerikarrak showak egiten bikainak direla eta telebistak, orokorrean, hara begira egiten direla han etahemen. Baina, kasu honetan, saioa sarerako egitea gustatu zitzaidan, proposamen gisa. Dokumentaleko protagonista gonbidatu zuten elkarrizketara, dokumentalaren egilearekin eta Oprah Winfrey AEBko telebista izar nagusienetakoarekin aritu zen. Antzokia aukeratu zuten ohiko telebista platoaren ordez. Publikoan emakumeak nagusi. Dokumentala euren umeak bakarrik hazten dituzten emakume gazte eta ekonomikoki premia larriak dituztenen inguruan da. Horraino edozein telebista saioren formatua zuen mahai-inguruak. Berritasuna, baina, euren etxeetatik galderak egiten aritu ziren hiru emakumeak izan ziren. Hangout-ek eskaintzen duen aukeraz baliatuta, elkarrizketan parte hartzeko aukera eman zioten audientziari. Hiru baino ez ziren aritu, aurretik aukeratuta, baina zuzeneko telebista saio baten aurkezlearen pare aritzeko aukeera izan zuten. Pantaila handi bat jarri zuten eskenatokian, taula gainean zeuden hiru emakumeekin batera, eta han ikus zitezkeen elkarrizketan parte hartzera gobidatu zituzten beste hiru emakumeak, bakoitza bere etxean.

Medio digitalek narratiba berriak eta komunikazio praktika berriak ekarri dizkigute. Ikus-entzunezkoen gehitzeak berak ere ekarri du narratiba berrien eta komunikazio praktiken aberastea. Are gehiago, Bahiako unibertsitateko ikerlari Juliana Fernandes Teixeirak dioenez (“A configuração do audiovisual nos conteúdos jornalísticos dos dispositivos digitais”, “Notícias e mobilidade” liburuan, 2013), “unibertso digitalaren eta ikus-entzunezkoaren ezaugarrien hibridazioa gertatu da”. Horixe ekarri dio Hangout-ek web telebistari: sarearen eta telebistaren uztartzea, zera berri bat sortuz.

Kolonbian ikus-entzunezko irakasle eta telebista kritiko ezaguna den Omar Rinconek dioenez, sarerako sortutako bideoek balio erantsia izan behar dute (“Televisión pública: de consumidor a ciudadano”, 2002). Hala behar du izan, audientzia erakarri nahi bada, behintzat. Ikus-entzunezkoa erabilgarri bihurtzeaz hitz egiten du berak, “gizabanakoari bere egunerokotasunean parte hartzea ahalbidetzea”.

Aipatutako mahai-inguru saioak audientziaren zuzeneko parte hartze aktiboa bilatu zuen, audientzia erakartzeko. Izan ere, sareak audientziaren segmentazioa areagotzea eragin du eta geroz eta zailagoa da audientziari eustea, are eskaintza gero eta tematikoagoa bihurtu denean.

Hala bada, audientziaren inplikazioa lortzea bihurtu da helburu nagusi. Ez da nahikoa ikus-entzuleak izatearekin, horrek ez du engagement delakoa ematen. Hori dela eta, sareak eskaintzen dituen abantailek telebista eredu berrian esperimentatzen segitzeko aukerak gehitzen ditu. Eta, audientziak zuzeneko saioan parte hartzeko aukera izatea bere gailutik, bere etxetik edo dagoen lekutik, esperimentazio maila horretan ulertu behar da. Esango nuke, baina, esperimentazioak baduela ohitura bihurtzerik, edo gutxienez, gurean ere probatzerik. Egia da sareak abantaila daukala, alde horretatik, ohiko telebistarekin alderatuta. Baina, akaso, “modernitzatzen” joateko ordua ere bada, esperimentatzeko, jolasteko, audientzia inplikatzeko. “Salgarria istorioak dira, industrial bilakatzeko formatuetan bilakatzen direnak: ideia, produkzio modua, estetetika eta filosofia irizpideak, dramaturgia, errelatu estiloa…” (Ricón, Omar; “Manifiesto por una televisión posible”, 2013:95).

 

 

Kategoriak Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Emakumeak politikan bai, baina…

Emakumeak politikatik igaro egiten dira, gizonak, aldiz, geratu. Ez da hitzez hitzezko zita, baina PSOEko ministroa izandako Cristina Alberdik azaldu zuen 2001ean kaleratutako “El poder es cosa de hombres: memorias políticas” liburuan. Gemma Gonzalez de Txabarri legebiltzarkide ohi jeltzaleari entzun nion lehenengoz ideia hori, artean Legebiltzarrean lanean hasi berri nintzela. VIII. Legegintzaldi hartan 17 batzorde osatu ziren Legebiltzarrean eta horietako 11n emakume batek agintzen zuen eta horietako bik bakarrik segitzen dute zerrendetan, Arantza Quirogak eta Izaskun Bilbaok. Hurrengo legebiltzandian, IX.ean, gutxiago izan ziren lehendakaritza emakume batek hartu zuen batzordeak, gehiago osatu ziren arren: 19 batzordetatik 10en lehendakaritza hartu zuten emakume legebiltzarkideek, horietako 4k segitzen dute zerrendetan, Leire Corrales, Natalia Rojo, Garbiñe Mendizabal eta Laura Garridok Oraingo legebiltzaldian 14 batzorde eratu dira; gutxiago dira, ez delako gai zehatz baten inguruan batzorde berezirik eratu, aurrekoetan gertatu bezala. Baina gutxiago izan arren, 10etako batzordeburuak emakumeak dira. Beraz, badirudi, legebiltzarreko organoetan, gutxienez, parekidetasunaren proportzioa gainditu egiten dutela emakumeek. Orduan, zergatik dira, era honetakoak ikusi behar izaten ditugun argazkirik gehienak?

Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS (Berria.info)

Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS (Berria.info)

A bai! Talde parlamentarioetako bozeramaileekin (guztiak gizonezkoak, Laura Mintegi izan ezik) eta pisu politikoa duten legebiltzarkideekin osatu dutelako (guztiak gizonezkoak) lan taldea. Berez ez da batzorde bat, baizik eta lan talde bat, baina duen garrantziagatik are eta esanguratsuagoa iruditzen zait osaketa.

Antzeko pentsamendua izan nuen 2008an, blogean ikusi dudanez. Ez dira gauzak aldatzen. Politika gizonezkoen kontua da, emakumeak pasatu egiten dira.

Parekidetasuna batzordeetan infografia

VIII. LEGEGINTZALDIAN LEHENDAKARI EMAKUMEA ZEUKATEN BATZORDEAK

1) 1976ko Martxoaren 3ko Gertaerak, Azpillaga Arambarri, Maixabel (EAJ)
2) Balenciaga museoan atzemandako irregulartasunak ikertzeko, Lasa Arteaga, Onintza (EA)
3) Ekonomia, Ogasuna eta Aurrekontuak, Piñol Olaeta, Elixabete (EAJ)2
4) Emakumea eta Gazteria, Auzmendi Munduate, Ane (EHAK)
5) Europako Gaiak eta Kanpo Harremanak, Altzelai Uliondo, Nekane (EA)
6) Giza Eskubideak eta Herritarren Eskaerak, González de Txabarri Miranda, Gema (EAJ)
7) Hezkuntza eta Kultura, Lasa Arteaga, Onintza (EA)
8) Lana eta Gizarte Gaiak, Quiroga Cia, Arantza (PP)
9) Lurral de Antolamendua, Garraioa eta Ingurumena, Zabaleta Areta, M.ª Gemma (PSE)
10) Osasuna, Antia Vinós, Nerea (EAJ)
11) Presako Legegintza, Araudia eta Gobernua, Bilbao Barandica, Izaskun (EAJ)

 

IX. LEGEGINTZALDIAN LEHENDAKARI EMAKUMEA ZEUKATEN BATZORDEAK

1) EITBren Kontrola, Agúndez Basterra, Mertxe (PSE)
2) Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuak, Corrales Goti, Leire (EAJ)
3) Erakunde, Herrizaingo eta Justizia, Madrigal Jiménez, Joana (PSE)
4) Europako Gaiak eta Kanpo Harremanak, Leturiondo Aranzamendi, Esozi (PSE)
5) Euskal administrazioa aztertzeko, Rojo Solana, Natalia (PSE)
6) Giza Eskubideak eta Herritarren Eskaerak, Blanco Garrido, M.ª Mar (PP)
7) Gizarte Politikak, Lana eta Berdintasuna, Escudero Fernández, Loly (PSE)
8) Haur lapurtuen kasuak aztertzekoa, Agúndez Basterra, Mertxe (PSE)
9) Hezkuntza, Mendizabal Mendizabal, Garbiñe (EAJ)
10) Osasun Saileko irregulartasunak ikertzeko, Garrido Knörr, Laura (PP)

 

X. LEGEGINTZALDIAN LEHENDAKARI EMAKUMEA ZEUKATEN BATZORDEAK

1) EITBren Kontrola, Corrales Goti, Leire (EAJ)
2) Enplegua, Gizarte Politika eta Etxebizitza, Sánchez Martín, Gloria (PSE)
3) Erregelamendua eta Gobernua, Tejeria Otermin, Bakartxo (EAJ)
4) Europako Gaiak eta Kanpo Harremanak, Celaá Diéguez, M.ª Isabel (PSE)
5) Giza Eskubideak, Berdintasuna eta Herritarren Partaidetza, Vaquero Montero, Maribel (EAJ)
6) Hezkuntza, Breñas González de Zárate, Estitxu (EHBildu)
7) Ingurumena eta Lurralde Politika, Beitialarrangoitia Lizarralde, Marian (EHBildu)
8) Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirola, Etxeberria Iradi, Lur (EHBildu)
9) Legebiltzarkidearen Estatutua, Otadui Biteri, Ana (EAJ)
10) Ogasuna eta Aurrekontuak, Corcuera Leunda, Susana (PSE)

 

Kategoriak Eusko Legebiltzarra | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Internet eta sare bidezko telebistaren kontsumoa

ComsCore etxeak dioenez, espainiar estatuan populazio digitalaren %12 mugikor aplikazioetatik sareratzen da. Diotenez, Internet erabiltzaileen %66 gailu batetik baino gehiago sartzen da sarera, Bretainia Handian portzentaia %65 da eta AEBn, berriz, %58.

Irudia: http://www.comscoredatamine.com/wp-content/uploads/2014/03/The-Spanish-Multi-Platform-Majority-image11.png

Irudia: http://www.comscoredatamine.com/wp-content/uploads/2014/03/The-Spanish-Multi-Platform-Majority-image11.png

Irakurri nuen orain dela gutxi, Instagram erabiltzaileen artean espainiarrak munduko laugarrenak zirela, AEB, Japonia eta Brazilen atzetik.

Irudia: http://www.trecebits.com/wp-content/uploads/2014/03/espa%C3%B1a_instabram.jpg

Irudia: http://www.trecebits.com/wp-content/uploads/2014/03/espa%C3%B1a_instabram.jpg

Bada beste zifra deigarri bat ere, gailu elektronikoen eta sarearen erabiltzaile kopuruari dagokiena, aipatzeko modukoa: Nielsen audientzia-etxearen arabera, AEBn, esaterako, 11 ordu egiten dituzte egunero era horretako gailuak erabiltzen; horietatik smartphone eta Internetarekin 2 ordu eta 8 minutu.

Irudia: https://d28wbuch0jlv7v.cloudfront.net/images/infografik/normal/chartoftheday_1971_Electronic_Media_Use_n.jpg

Irudia: https://d28wbuch0jlv7v.cloudfront.net/images/infografik/normal/chartoftheday_1971_Electronic_Media_Use_n.jpg

Bistan denez, oraindik telebista da gehien kontsumitzen dena: 5 ordu, egunero; 2012an zehar, astero 35 ordu erabili ei zituzten telebsita ikusten (Nielsen, 2013). Horri, jakina, internet bidezko ikus-entzunezko kontsumoa gehitu beharko genioke. Horren jakitun, Apple etxea, esaterako, bere erabiltzaileek streaming telebista zerbitzua egokiena izan dezaten negozioa sendotzen ari da eta AEBko klabe bidezko telebista eskaintzen duen Comcast etxearekin harremanetan ari da (Genbeta).

SmartTV ez diren telebista aparailuentzako aldi baterako soluzioa ere badago, AppleTVz gain: Chromecast. 35 euro kostatzen ei du eta wifi sarearekin dabil.

Telebistak borroka latza izaten segitzen du sarearekin. Berataz baliatzeko telebista egokituak edo telebistentzako gailuak eskaintzen dizkigute, edukiak sare bidez ikusi ahal izateko. Eutsi egin nahi dio telebistak, etxeko gailuen arteko izarra izateari, baina ez da nahikoa sarera lotzeko aukera eskaintzearekin. Oraindik edukiak dira audientzia erakartzeko ahalmena izaten segitzen dutenak, gailuak gailu; telebista berriak ikusgarriak diren arren!

Pantaila anitzaren kontzeptua da nagusitzen ari dena telebista eredu berrietan. Audientzia edo erabilera neurtzen duten enpresak ere hasi dira neurketak ikuspegi horretatik egiten. Eta, zenbait telebista programetako errealizazioa ere horrela pentsatua dago (Torres y Reyes, horrela hasi zen), saio bereko hainbat plano erabilita bada ere.

Irudia: http://www.rtve.es/television/torres-y-reyes/la-revolucion-no-sera-tuiteada/

Irudia: http://www.rtve.es/television/torres-y-reyes/la-revolucion-no-sera-tuiteada/

Aukera gero eta anitzagoa da eta ikusteko dago edukietan ere eskaintza hori asebetetzeko maila lortzen den. Izan ere, smartv izan ala sarean nabigatzeko pantaila anitzeko telebista izan, aplikazio propioak garatzean datza gailu horien arrakasta. Ez da nahikoa zer ikusi eskaintzearekin; audientziak pantailak erabiltzen ditu, eta parte hartu nahi du geroz eta gehiago.

 

Kategoriak Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

AsierETAbiok, eta ni

Asko esan eta idatzi da AsierETAbiok filmari buruz. Ona edo positiboa izan da irakurri dudan gehiena, baita El Pais egunkarian Javier Ocañak idatzi zuena urtarrilean.

Nik orain bi astelehenean ikusi nuen, Gernika-Lumon. Lizeo aretoa bete egin zen, esango nuke, gehienak ideologikoki antzera samar lerrokatutakoak. Amaieran txalo gutxi batzuk ere entzun ziren, oso gutxi; ez dakit ordea, lotsagatik izan zen ala jendeari gustatu ez zitzaiolako.

Dena delakoa, ni bi komentariorekin geratu nintzen: 1) Ausardia behar dela era horretako lana egiteko esan zidan ezagun batek. 2) Amatxiren elkarrizketa da pelikulako onena.

Lehenengoari buruz, nire ikuspegiko egileak asmo zintzoa adierazi zuen arren, dokumentalak ez du lortzen bere hasierako asmoarekin betetzea: Madrilgo bere lagunei azaltzea nolatan daukan berak etakide lagunmina. Uste dut argumentuak erortzen zaizkiola pertsonaiaren eboluzioaren eraginez. Egia da Aitor Merinok ere aitortzen duela Asierren ongietorrian gertatu zenak zur eta lur utzi zuela, bai eta bere etakide lagunak esaten dionean erakundearen ekintza guztiak bere egiten dituela, eta zela horrek, nolabait, odol deliturik ez duen bere lagunarekiko ordurarteko irudia dantzan jartzen duela. Horregatik izango da bihotzak eragiten dituen sentimenduak eta buruak agintzen dion arrazoia parez pare jarrita ez lukeela jakingo zerekin geratu.

Horregatik diot lan horrekin zaila izango zaiola Merinori azaltzea bere Madrilgo lagunei nolatan eusten dion etakide lagunminaren adiskidetasunari.

Bigarrenari buruz, eta spoilerrik egin barik, bere loiba intsumiso egin zeneko harrotasuna adierazten duen amatxiren “sin comentarios” esaldiarekin geratzen naiz. Gabonetako afari horretan erakusten zaigun elkarrizketa bikaina iruditu zitzaidan eta gure kontraesanak agerian uzten ditu, di-da baten. Asko asko gustatu zitzaidan eszena hori, asko.

Aukeran, oraindik ez baduzue filma ikusi, zoazte zinera. Eta, ondotik egin komentarioak, eztabaidak koadrilan, aberatsa delako beti horretaz ere hitz egitea; egileak berak Zurriolako Butakan adierazi zuen bezala.

Irudia: http://www.berria.info/albisteak/83932/aitor_merino_zurriolako_butaka_saioan_izan_da.htm

Irudia: http://www.berria.info/albisteak/83932/aitor_merino_zurriolako_butaka_saioan_izan_da.htm

 

Kategoriak Kultur ikuskizunak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Euskadi Gaztearen hasieran ni ere entzule nintzen

Gazteak 24 urte bete ditu. Uf! Hori urte mordua pasa direna!

24 urte dira, Alannah Mylesen Black Velvet abestia lehenengoz entzun nuela.

Ze, Euskadi Gaztean entzun nuen. Hori izan dut beti akorduan, Black Velvet abestiaren harira.

Biniloa ere erosi nuen, edo, etxekoek erosiko zidaten: Esango nuke, gehien entzun dudan biniloa dela, gainera. Amarenetik eraman nuen aitaren jiradiskoan entzuten dut oraindik, tarteka. Itzela da kanadiarraren lan hori! 12 kantaz osatua, rockandorolla emakume batek abestua, itzelezko ahotsarekin (Atlantic Recording, 1989).

Alannah Myles, 1989

Alannah Myles, 1989

Alannah Myles eta Euskadi Gaztea lotzen dudan bezala, badira beste une asko kanta zehatz bat entzun eta gogora etortzen zaizkidanak; kanta bat entzun eta instant, bizipen edo pertsonaren batekin akordatzea.

Mylesen abestiarekin daukadan oroimena da amaren etxeko balkoian, uda aldean, etxeko cassette zaharra topera jarrita, apunteak inguruan, abeslariarekin txundituta geratu nintzela. 17 urte nituen orduan. Uf! Hori urte mordua pasa direna!

Kategoriak Ispiluari begira, Kazetaritza | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina