Itsasoari begira, Agur Belen

Despedida gehienak tristeak izaten dira, betiko direnean batez ere. Baina ederra izan zen Beleni egindakoa.

Aspaldi ezagutu nuen emakume izugarri bati agurra eman genion, bere seme eta seme-alabaordeekin batera. Zarautzen, itsasoari begira, berak nahi zuen lekuan.

Zarauzko malekoitik

Zarauzko malekoitik

JonBasik esan zigunez, hara elkartu ginen ez Belenez berba egiteko, denek ezagutzen genuelako nolakoa zen: gardena, zuzena, kementsua. Hara elkartu ginen bere nahia zelako itsasoari begira hiltzea.

Zoritxarrez ospitalean hil zen, mediku-zaintza etengabea behar zuelako, minbizia zuen. Baina, azken desioa beste era batera bete daitekeela erakutsi ziguten bere gertukoenek. Zarauzko malekoiaren bazterrean, itsas gorari kontra eginez, halaxe barreiatu ziren Belenenen errautsak itsasoan.

Hunkigarria, baina ikusgarria. Kantauri itsasoak negu honetan izan duen indarraren azken hondarrak zirela esango luke norbaitek, baina biziki indartsu egin zuten gora olatuek unea hartan ere. Belen emakume indartsua eta kementsua izan zelako, akaso. Olatuak ere astoratuta moduan ziren, haren etorreraren jakitun. Bere lagunminak gero abestu zuen bezala, aurrerantzean “bultza eta zabaldu” eta “gaztuko duzu gure azala, Belen”.

Kantuz agur

Agur esateko orduan ere, inoiz ez da jakiten noiz amaitu. Zarautzen ere, antzera izan zen. Itsasoari begira ginela, baina jada barrualdearen berotan, JonBasik gidatu zuen saioa. Poema irakurraldiak, iraultza urteetan egindako lagunak sortutako abestia, lagunminaren errezitaldia eta bere semeak, JonBasik, eskaini zion omenaldi bikaina, amari. Betiko bere oroimenarekin lotuko dituen abestiak aukeratu zituen, Belenen izaera alaia, irekia, erradikala adierazten duten abestiak, atera kontuak. Hasteko Bob Dylanen bertsioan iritsi zitzaigun. ‘Hey Joe‘ jo abestu zuen; eta, segituan Eskorbutoren ‘Adios reina mía‘, bertsio lasai batean, are, dultzeagoan esango nuke.

Belenek ezin izan zion minbiziari gerra irabazi. Bizitzan dezente borroka egindakoa zelako, igual. Berari agur esatera joateak nire bizitzan eragin zuena gogoratzeko parada eskaini zidan. Askotan gertatzen baitzaigu, bizipenak izan baditugula, baina gordetzen ditugun eran ahanzten ditugula. Belenek antolatu zidan Arrasateko pisua utzi eta Zornotzara etxez aldatzea. “Nola izango da ba, mutilaguna Gernikan izatea, lana Durangon eta etxea Arrasaten?”. Eta, telefonoa hartu, urteetan deitu gabeko lagunari hotsegin eta bingo! Haren amak alokairuan zuen pisu zaharra 15 egunean hutsik geratuko zela eta baietz, banuela etxe berria.

Hura izan zen bakarrik bizitzen egon nintzen lehenengo aldia. Ordurarte etxea konpartitzen izan nintzen urteetan. Eskerrik asko, Belen.

Eta, ez dut ahazteko beste kapitulu hura: ETB2 ematen hasi zen, eta guk Baleukon prestatzen genuen, Politicamente Incorrecto saioaren lehenengo denboraldi hartan, alderdi politiko bateko prentsa arduradunarekin izan zenuen bronka!

Amorrutik ere asko zenuen, hasarretzen zinenean, eta egiak botatzen zenituenean are eta handiagoak orduan. Eskerrik asko, Belen.

Baita, Ziortza eta biori erakutsi zenigun guztiagatik ere, Belen. Eskerrik asko. 8 hilabete izan ziren, baina benetan intentsoak. Gogoratuko zaitut, txaketa beltzean zeneraman pinarekin, gainetik janzten zenuen gabardina berdearekin, telefonoz orduan oraindik umea zen JonBasiri hitz goxoak esaten… Beste bat arte, maja!

Kategoria: Ispiluari begira Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude