Irratia entzuten, nire aita karroza gogoratu nuen Ramon Trecet
esatariak zioenari esker. Radio 3-eko Diálogos 3 saioko aurkezle beteranoak urte berri honetan ospatuko den urteurren bat ekarri zuen gogora: Rolling Stone rock aldizkari estatubatuar ezagunak 1.000garren zenbakia argitaratuko du 2006 urte berrian. Badirudi 60ko hamarkadan 25 urteko gazte baten ekimenez sortu zen aldizkariak badaukala urteurrena gogoratzeko azala erabakita: The Beatles taldearen Sgt. Pepper’s Lonely Hearts Club Band diskoaren azala!
Horren haritik Trecet kazetariak kritika benetan zorrotza egin zuen. Dirudienez, Gabon egunetan irakurri du AEBko egunkariren baten urteurrenaren gaineko informazioa eta han ere esaten ei zuten Rolling Stone aldizkaria gainbehera dagoela. Trecetek aitortu zuenez, “rock zaleek beti izan dugu aldizkaria aitzindari eta ezinbesteko legez 80ko hamarkadara arte; ni behintzat orduan konturatu nintzen jada ez zuela ezer berririk eskaintzen rock astekariak”.
Eta hain justu argumentu hori entzun ostean, aita etorri zitzaidan gogora. Madonna ezagutu nuen berak irakatsitako musika erritmoei jarraiki. Aitak, orduan zera esan zidan: “honarte heldu naiz. Hemendik aurrera sortuko den musika jarraitzea gehitxo izango da niretzat”.
80ko hamarkadan izan zen hura. Harrezkero, aitak bere sasoiko taldeen eta abeslarien doinuak entzuten ditu eta behin eta berriz birgrabatzen ditu, nahasketa ezberdinetan. Baliteke, karroza rockero haiek The Beatles eta Yoko Onoren ostetik ezer gehiago ez dela egin pentsatu izana. Eskerrak, badiren musika sortzaile bikainak eta rocka hil zen arren, berrasmatzeaz aspertzen ez diren sortzaileak badirela oraindik ere. Ni neu geroago sortutako dinosauro zalea naiz: U2 atsegin dut, asko. Baina baita Alanis Morrisette ere. Artista bikaina, rocketik sortua eta bere burua hainbat aldiz berrasmatu duen artista kanadarra; Alana Myles ere kanadarra da, baina aspaldi laga zion disko berriak sortzeari, lastima!
Tira Ba, gure aita rockeroak bere aukera egin zuela eta badirudi Rolling Stone aldizkariak egin duenaren gauza bera egin zuela hark ere, 80ko hamarkadan.
Urte berri on, danoi!