Xabier Lapitz kazetaria entzun dut gidatzen lanera nentorrela. Radio Euskadiko irratsaioan SER kateak atzo bere Hora 14 albistegian esan zutenaren 32 segunduko ahots-kortea jarri du Lapitzek. Ostean, berriz ere esan du erabat hasarre dagoela Pablo Muñoz atxilotu izanagatik batetik, eta SER irrati katea izaten ari den jarrerarekin bestetik. Korte horretan entzun ahal izan dut nola PP alderdiak esan zuen atxiloketarik ez egitea hitzartu duela Zapateroren gobernuak ETArekin eta atzoko atxiloketak hori horrela ez dela erakustera datozela.
Lapitz SER irrati katean albistegien Euskadiko zuzendari izan zen, lanez aldatu aurretik. Nik kargu hori hartu zuenean ezagutu nuen; izan ere, Daniel Anido ordezkatu zuen berak kargu horretan, Anidok Madrilera joatea erabaki zuenean. Ni, berriz, Radio San Sebastianen praktikak egiten hasi nintzen.
Lapitzek esan du haserre dagoela SER irrati kateak duen jarrerarekin. Eta azaldu egin du gainera.
Azaldu du Marlaskak atxilotu zuenetako bat, Bidasoa eskubaloi taldeko kronikak egiten dituena, SER irrati kateak gestionatzen duen Irungo irratiaren lizentzia arduraduna dela. SER irrati kateak ez omen du hori azaldu eta ez zaio logikoa iruditzen kazetariari besteengandik esaten ari direnak esaten aritzea eta etxekoengatik txintik ere ez eta Lapitzek esan duen moduan “badirudi enbarazu egiten diela”.
SER irratia entzuteko ohitura izan nuen praktikak han egin nituenean. Nire izebak, Arrasatekoak, esaten zuen gehien-gehien gustatzen zitzaion irratia zela; eta ez, ni entzuteagatik, jakina. Gerora laga egin nion entzuteari, hein handi baten nire herrian oso gaizki entzuten zelako.
Geroago, eta ohe-lagunari kirol saioak asko gustatzen zaizkionez, domeketan askotan entzun izan ditut futbol emanaldiak eta bestelakoak, baina kito! Gabilondoren “extraordinario”, “magnífico”, “impresionante”, “de máxima importancia”, eta bestelakoko kalifikatzaileekin gogaitu egin nintzen eta desengantxatu egin nintzen.
Kontua da Lapitz entzun dudanean, gogoratu egin dudala sasoi hartan irrati horretan bizi zen giroarekin eta albisteak emateko orduan zaintzen zituzten arloekin. Neu ere haserretu egin naiz, berandu bada ere.