Zinea, euskaraz, denentzako

Ámama (Iban Arantzabalek txiokatu bezala) filma, euskaraz sortua eta ekoitzia, gaztelaniazko azpidatziekin erakutsi delako hainbat lekutan sortu den eztabaidatik abiatuta, eta euskal hiztunok ordaindu beharreko peajeari beste adiera bat eman nahian, bururatu zait baduela euskarazko filma gaztelaniazko azpidatziekin erakuste horrek balio erantsia: aldi berean zinera joateko aukera euskal hiztun direnak eta ez direnak. Esaterako, D ereduan eskolatu diren neska-mutikoek euskaraz ez dakiten euren gurasoekin joateko aukera daukate. Eta, nire ikuspegitik, hori aurrerapausua da; gustura ordaintzen den peajea, alegia.

 

 

Umetan zinera eraman gintuzten gurasoek, Bergarako Irala aretora joaten ginen. Han ikusi nituen Xanadu  eta Flash Dance pelikulak —filmen aukeraketan aitak zeresana izango zuen, ziur—.

Tira, La historia interminable ere ikusi genuen. ET, aldiz, pirata bertsioan erakutsi zigun gure auzoan bizi zen Fernandok: hura ume pila bildu ginena bere etxeko saloian! (Bide batez, @azpitituluak euskaraz ere badaude).

Harrezkero ez daukat gurasoekin zinera joan izanaren beste oroitzapenik. Bizitzaren zikloak izango du horretan ere zerikusia.

Kontua da, baina, aita oso zinezalea dela. Gogoan daukat telebistan pelikulak ikusten genituenean (harek denborak!) nola esaten zizkigun, bata bestearen atzetik, zuzendari eta aktore guzti-guztien izenak! Gerora, pelikularen bat edo beste gomendatzera ere ausartu naiz, ez pentsa. Azkena Beautiful day izan da. Eta, asmoa daukat, Ámama gomendatzeko, irakurri beharra izan duten arren, bai berak eta baita amak ere. Eta, pentsatu dut, dagoeneko ikusi badut ere Asier Altunaren film gogoangarria, gustura joango nintzatekeela berriz ere zinera, euskaraz ematen duten filma guraso ez euskaldunekin ikustera, normal-normal.

Kategoria: Euskararen patria, Hizkuntza-irisgarritasuna, Kultur ikuskizunak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude