Bahitu ditzagun kanoiak (Goiena, 2014/09/12)

Ez dakit inoiz kontatu dizuedan, baina behinola, mairuaren alardeko kanoi biak bahitzekotan izan nintzen.

Antzuolako mairuaren alardeko une bat. Argazkia: antzuola.com

Ez pentsa bote prontoan izandako burutazio hutsala izan zenik. Ez horixe. Antzuolako Intsumiso Taldean nenbilela, ekintza antimilitarista deigarria izango zela-eta, taldekideei proposatu nien. Zeresana emango genuela, behintzat, onartu zidaten, baina asmoa ezerezean geratu zen. Pegatina batzuk atera genituen, derrigorrezko soldadutzaren kontra, mairuaren alarde egunean banatzeko. Tira.

Hondarribiko alardearen bueltan, urtero gogoratzen naiz kanoien kontu hartaz. “Urtero da aurten”, esaten zidan lagun batek, aukera eskura izan eta ezer egin barik hurrengo aukera historikoaren zain geratzen zirenen harira.

Eta aukera libreez ari naizela, emakumeok ere hanka sartzeko aukera bera izateko eskubidea daukagula askok aldarrikatu dute orain baino lehen, ekintza militar baten eta armak hartuta bada ere.

Nik neuk ez dut inoiz Antzuolako mairuaren alardean parte hartzeko grinarik izan, ez nau inoiz motibatu, musika gustuko dudala aitortzen dudan arren (Fusileroen Martxa, Segurako Alborada, Antzuola Zortzikoa eta, berriena, Antzuolako Mairuaren Martxa). Garai baten gure herrian eskopeta izatea zen soldadu gisa desfilatzeko baldintza bakarra. Udalak armategia erosita demokratizatu zuen. Kito.

Betiko ohiturak ez ahaztea lagungarria izan daiteke lezio onik ateratzeko bada. Jarrera zapaltzaileak betikotzeko badira, berriz, pikutara ohitura eta tradizio zaharrak.

Aukeran, ekintza armaturik ez nuke antzeztuko nik, antimilitarista izpirituari zor. Hala ere, kalean ibiltzeko, jaiak gozatzeko eta berdintasunez parte hartzeko eskubideak denonak dira. Librea izan behar du, gainera, aukera horrek, eta gure esku dago eskubidea bermatzea, “betikoen” esku ere bai.

Goienan argitaratutako artikulua, 2014ko irailaren 12an
Kategoria: Ispiluari begira Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude