Aldaketa barik, dena atzera berdin

Ikusi ondotik danak jakitun izaten gara, baina aitari esan nionean hauteskunde osteko egunean Nafarroan zer nolako aukerak zituen Nafarroa Baik, zera esan zidan: “no te emociones tanto. Yo no me fiaría”.
Eta, bazekien bai zertaz ari zen. Arrazoia eman beharko diot hurrengo berarekin izaten naizenean, ze, sozialistek ez dute garbi jokatu Nafarroan eta aitak horixe iragarri zidan. Eta, zerbait bazekiela diodanean zeragatik da: Aspaldi gertatu zen, beste sasoi baten. Orduan gure aita eta haren lagunak sindikatuan ari ziren (CCOOen uste dut; gero ESKra pasa bazen ere); baina orduan Ramon Jauregi, Txiki Benegas eta horrelako izenak ere maizago entzuten ziren beharginen artean; baita gure aitaren lagun taldekoen artean ere. Kontua da, amak kontatzen duenez, behin hola aitak etxera gonbidatu zituela bazkaltzera. Gure amak ederra “ratu txarra” pasa zuena. Berak, behintzat, halaxe dauka gogoan. “Nolatan gonbidatu dituzu, baina?” galdetzen omen zion aitari; “zer eskainiko diet, baina, jateko?”. Aitak, berriz, edozer gauza jartzeko esan omen zion eta oker ez banago, oilaskoa eta entsaladaren bat jan zuten.
Gerora, baina, amak inoiz Txiki Benegas telebistan ikusi izan duenean esan izan du: “hara! ikusi! gure etxean izan zenean dezente argalago zegoen!”. Eta, akaso, egia izango da, baina goi mailako politikara iritsi ziren haiek ere, eta tarteko bidelagunak ahaztu zituzten.
Hurrengo aitarekin egoten naizenean ere, gogoraraziko diot sozialisten istorioa eta atzera esan dit, “esan nizun, baina”. Eta, nik zera esango diot, “baina Ramon Jauregi agurtu nuen azkenekoan, zure partez goraintziak eman nizkion hartan, aldaketa posible zela eta etorriko zela esan zigun; bai eta, tentuz eta pazientziarekin arituko beharko liratekeela abertzaleak, ez zelako erreza izango. Baina hark ere ez zuen esan ezinezkoa izango zenik. Eta hori maiatzaren 25ean izan zen, Gasteizen”.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude