Ai, Fermin! Parrandazale mundiala tipoa

A zer nolako parranda martitzenekoa! Iruñeara iritsi orduko Gaztelu plazarantz abiatu ginen. Eta, bidean, Metallicaren kontzertu egunean lagun batek esan zidana gogoratu nuen: “non? Han, beltzez jantzitako koadrila haren ondoan”, txartelak erosteko lekua non zegoen galdetuta. Kontua da, han beltzez jantzitako milaka lagun zegoela. Ba Gaztelu plazara bidean, zuri-gorri, zuriago-gorriago eta sanfermin “uniformeen” milaka barietate genituela eta guk, berriz, ez zuri, ez gorri, ezta zapirik ere! Hura zen hura, zozo parea. Baina, gutxigatik! Azkar baten bertakotu ginen. Hasteko Gaztelu plazan bertan dagoen Casinoko tinbrea jo genuen eta “hangoen” begirada guztiei eutsiz, balkonera erraldoira atera ginen, plazako giroaz gozatzeko. Lotsa gutxi gurea, baina, lagunak esan zidan moduan: “eta zer?”. Ba, horixe; han hartu genuen gure lehenengo, eta asko eta asko izan ziren ondorengoak, garagardoa.

Handik Alde Zaharreko taberna “gorrietara” eraman ninduen lagunak eta koadrila-txaranga artean ibili ginen, oraindik hutsik zeuden tabernarik taberna. Afaltzeko ordurako, baina, betetzen hasi ziren. Temple izeneko baten ere egon ginen, han “ohikoa” den pintxoa jaten. Sevillako senar-emazte koadrila batekin egin genuen topo han. Kroketa platera parean jarri zidaten komunera bidean eta “bueltan hartuko dizuet” esan nien; “que cea rápido!” esan zidan sanfermin uniforme estreinatu-berridunak. Eta, azkar baten atera eta kroketa jan eta “solera” zuen Sevillako ardoz beteriko eta faralaez jantziak zituzten dantzari batzuekin apaindutako “bota”tik tragoxka hartu nuen. Gozo!
Kafea hartu genuen tabernan ere ikusi genituen atzera sevillanoak, baina gero giroz aldatu genuen eta bistatik galdu genituen. Koadrila benetan sinpatikoa!

Handik aurrerakoak, dantzak, kantuak, dantzak, garagardoak, berriketaldia, dantzak, berriketaldiak… izan ziren goizalderarte. Jendea barra-barra alde guztietan, gazte asko eta asko eta neska koadrilak ere mordoa, mutilik barik, baina mutil mordo batekin inguruan. Santo Domingoko aldapa gainetik igaro ginen eta santuaren leihotxoa goitik begiratu genuen; orduan lo zen Fermin, itxita zegoen leihoa eta jarraitu ekin genion bideari, beste taberna baterantz; txosnarik ezean, taberna zuloak ere ugari dira Iruñean.

Goizaldean, garbitzaileen kamioien atzetik joan ginen etxealdera. Hura zen zikin mordoa! Egun argiz erretiratu ginen, entzierroko txaplieguak entzun ostean. Entzierroa laburra izan zela ere ohartu ginen, hori sikiera. Eta, txokolaterik hartu barik, etxera, ohera, lotara, atsedena hartzera… Biharamona ere egon zen, baina hori beste kontu bat da, ze, nik ere, Rafa Ruedak abesten duen moduan, “bezperak nahi(ago) ditut, biharamunik ez”.

Hamar urteren ostean, oraingoa ere, primerako sanferminparranda! Itzela!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Ai, Fermin! Parrandazale mundiala tipoa-ri

  1. egilea: Jon

    Ederra parrandera!

  2. egilea: gurpil

     Ze enbidia! Aurten nik kale.

Utzi erantzuna gurpil(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude