Boroako munstroa piztu da

Joan zen hilean ilargi beteak eragin zidan pentsamendu txikiez aritu nintzen hemen. Gaur berriz ere ilargi betea izango da. Baina atzo gauean ikusi nuen ilargi ia beteak, ikuspegi ikaragarria erakutsi zidan: Boroako zentralaren argiztapen beldurgarri eta, aldi berean, fantastikoa. Orain arte hegazkinentzako aldioro piztu eta itzaltzen ziren argi zuriak -fotokopia makinak egiten dituenaren antzekoa- baino ez ziren ikusten. Atzo gauean, ordea, ilargiari begiratua egin nionean autoa gidatzen nuen bitartean, Zornotzara iritsi orduko han ikusi nituen Boroako zentralaren bi dorreen handitasuna erabat argiztaturik.

Ez dakit noiz piztu dizkioten bonbila horrek guztiak, baina orain arte izan dituenak baino askoz ere argi txiki gehiago ditu. Eta, aizue, Entreprise ontziaren itxura hartu nion. Horrelakoak ikusita, ulertzen jende mordoa egotea espazio-ontziak ikusten dituela aitortzen duena.

Edertasun puntu beldurgarria igarri nien atzo gauez Boroako dorreei. Zapatuan zornotzarrak “erabakitzeko eskubidea” aldarrikatzen aritu ziren manifestazioan eta Jaurlaritzari horretarako eskubidea eskatzen. “Ibarretxek hainbestetan aldarrikatzen duen eskubidea” zioten Zornotza Bizirik plataformako ordezkari batek. Izan zuten euren nahia aditzera emateko bidea zornotzarrek, erreferendum bidez. Baina, han atera zena ez zuen onartu ez orduko udal taldeak ezta Jaurlaritzak ere.

Egin zuten zentrala. Jarri zituzten martxan makinak. Eta piztu zituzten dorreak. Ikaragarriak dira. Oker ez banago 60 metro luze dira. Zentrala ez zela ikusiko esan zuten bere egunean, baina ez da egia: Zornotza erdi-erditik zeharkatzen duen errepideari so, parez pare ikusten dira bi dorreak; Gernikara daraman errepidetik, Autzaganeko mendatea igokera, denbora osoan bistara dituzu bi dorreak eta Zornotzako herritik, ziur asko leku guztietatik ikusten direla.

Ikagarriak bi dorreak. Eta, urriaren 19an inauguratuko dute Boroa auzoko ziklo konbinatuko zentral termikoa. Baina aurretik lanean hasita daude.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Boroako munstroa piztu da-ri

  1. egilea: Marijo

    Aupa, Eneko! Hasteko ondo etorri Desplazatura.
    Egia da, zornotzarrendako, zuk diozun garnu koloreko ke hori ikusi eta usaintzen aritzea amesgaiztoak izateko modukoa izan behar dela. Eta erreferendumaren kontura, baliteke, gure agintariak euren lan-mekanismoak aldatzen hastea Espainiako kongresuan Kataluniako estatutuarekin pasatzen dena ikusi ondoren. Zornotzan erreferenduma egin zen eta eredugarri izan zen mekanismoa. Agintariek, ordea, euren arrazoiak erabili zituzten han atera zena kontuan ez hartzeko eta, larriena dena, ez errespetatzeko. Demokraziaren mekanismo parte-hartzaileen erabileraren gainean asko daukagu ikasteko oraindik.

  2. egilea: Eneko

    Iepa Marijo, ulertzekoa da zuk sentitu dozun puntu beldurgarri hori tximini horiek ikusi ta gero, lehenik bere tamaina dela eta, baia kezkatzekoa da garnu koloreko kea egunero kanporatzen ikustea…
    Boroan gertatutakoa kontutan izanda nire gaur egungo kezka “erreferendum” hitzaren esanahia zein den jakitea da, gure herriaren etorkizunarentzako erabili nahi dugun “erreferendum” mota berbera da???
    Pentsa “dorre bikoitz” berri hauek luzaroko izango ditugula begi aurrean……

  3. egilea: Patxi

    Zorionekoa zu Marijo, edertasun izpirik aurkitzen diezunean. Nik, zutabe edo danadalako zera erraldoi eoliko hoiei adibidez, ezin. Tristura honekin bizi behar sekula sekulorum!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude