Debajazz jaialdia Espaloian

Zafari taldea

Zafari taldea

Aitortu behar dut jazz musika ez dudala entzuten. Tarteka, eta parean tokatu zaidanez, saiatu izan naiz adi entzuten, baina sarri-asko ulerkaitza egiten zait; melodia harrapatu ezinda ibiltzen naiz eta horrek aspertu egiten nau.
Hortaz, asteburuan Elgetako Espaloia izan den jazz lehiaketara joatea, erronka izan da.

Gustura entzun nituen kontzertuak. Bata zapatuan eta bestea domekan. Baliteke, aurrerantzean, jazzari lekua egitea nire disko bilduman.

Errabal elkarteak bigarrenez antolatu du Debajazz jaialdia. Eta, hasiera, jazz lehiaketa batekin eman diote. Elgetako Espaloian lau talde aritu dira zapatu-domekan, orubeteko zuzenekobana egiten. Zapatuan Musikene eta Berklee musika eskoletako talde bana izan ziren, El Eje jazz Group eta High Grovvin. Domekan, berriz, Madriletik zetozen Zafari project eta Bartzelonako Karion.

Bakoitzak bere jazza aurkeztu ziguten. Estilo oso ezberdinetako musika egiten dute laurek. Hain justu horregatik aukeratu zituzten antolatzaileek.

Errabal elkarteak antolatutako jazz lehiaketara hamasei talde aurkeztu ziren eta lau aukeratu zituzten zuzenekoak egin zitzaten. Azaroaren 4an jakindo dugu, Bill Evans kontzertuarekin batera.

Talde bikainak

El Eje Jazz Group boskote donostiarrak, jazz “entzungarria” egin zuten. Badiotsuet ez naizela batere aditua eta horregatik iruditu zitzaidan erraz samar jarraitzeko moduko musika egiten zutela. Musikene eskolakoak dira eta maila polita erakutsi zuten. Handik zebilen dabig Gotxicola Gotxik esan zidanez, “igartzen da Musikenen musikari onak sortzen ari direla”.

High Groovin, bigarren taldea, nazioarteko boskotea da. AEBko Berklee eskolan elkartu diren arren, Argentina, Errusia, Puerto Rico, Madril eta Alemaniako musikari banakin osatu dute taldea. Talde oso teknikoa, oso landua eta bakarko interpretazio bikainekin aritu ziren. Gotxic saxo-jotzaile errusiarraren lana azpimarratu zuen.

Domekan Madriletik zetorren laukote batek ekin zion emanaldiari: Zafari Project. Lehiatu zirenenen arteko neska bakarrak, Marta Sanchez, jotzen du talde horretan; pianoa. Eta, bateria-jotzailea, gasteiztarra dute, Asier (sasoi baten Mikel Urdangarinekin aritu zen). Musika oso bizia egin zuten; bakarkako saio ederrak eskaini zituzten eta blusa, swinga eta jazza nahasten duen taldea da. Niri, hauxe gustatu zitzaindan gehien-gehien. Argazkian agertzen direnak dira.

Amaieran Bartzelonako Karion taldekoak aritu ziren. Hirukoa saxo-jotzaile barik aritu zen bakarra izan zen: pianoa, bateria eta kontrabaxua. Jazza egiten dute; ez adituori jazza entzuteak eragiten digun hotzikara hori eragiteko moduko musika egiten dute. Jazza, horixe egiten dute. Musikari oso onak, baina kosta egin zitzaidan digeritzea. Egia da, profano hutsa naizela horrela doinuetan, baina Errabalek egin duen apustua gustatu egin zait. Jende multzo interesgarria batu da asteburuan Espaloian eta antolakuntza ere ona izan da.

Oraingoz, Errabal elkartean argitaratu duen Debajazz saioan aritu direnen CDa entzun dut eta hori ere bada zerbait ni moduko profana batendako.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Debajazz jaialdia Espaloian-ri

  1. egilea: Marijo

    Ba bai, Iban. Penia emoten dost. Gainera bihar dan moduan agurtu barik jun bihar izan nitzan.
    Ziur sesinoa ona izan zala eta Amaiak esan zotsuna, barrenetik urten jakola. Gainera Asteleheneko Goienkarirako berari eta bere lagunei inkestatxoa egin gontsan eta asko gustau jakela esan zoskuen. Eta, jazzale batendako zer gehiago jazz musikariekin batera kantuan egin ahal izatea.
    Berantzako gozagarria eta zuendako, entzuteko aukeria euki zinuatenondako be bai, seguru.

    Hurrenguan jai eskatu beharko dot, je, je

  2. egilea: Iban Arantzabal

    Eta galdu zenuena! Edozein jazzaletzeko aukera galdu zenuen. Domekan, kontzertua amaitu eta erabaki zuten instrumentuak ez erretiratzea. Afaldu goxo-goxo eta gero jam session-erako sasoia! Jode, ze ondo! talde bietako partaideak nahasian, piano jolea baterian ere ondo, bateriajotzailea kontrabaxuarekin primeran. Saxo jolea 1972ko saxo bati puzka eta askotan jazza entzuten hasiberria denak faltan botatzen duena: ahotsa.

    Ahotsa Debagoienean ezagun den Amaia Arriaranek jarri zuen. Lehenengo aldia zen berarendako inprobisazioan oinarritu eta jazzari ahotsa jartzen ziona. Berak esandako moduan “gaurko gaua ez dut erraz ahaztuko”.

    Nik ere ez. Lehen baino jazzaleagoa naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude