Lauaxeta eta hamaikaren Fan Kluba Espaloian

Han ziren aspaldiko lagun eta ezagun mordoa. Lauaxetaren aitzakiaz, bakoitzak gustuko duen musikaria noiz taulatuko zain; Maider Arregik Gari ikusi orduko, “listo, goazen” esan zuen barre artean. Edorta Aranak, berriz, “nor da hori” galdetu zuen Xabi Strubell atera zenean Neskatxu gorriska bati olerki-musikatua abestera.
Eta, Pettik egin zuen blusa, ikaragarria!
Dena dela, ni Francisekin geratzen naiz eta Mariaren ahizpa, berriz, Txumarekin.

Ehungarrenean Hamaika, Lauaxetari hamaika abeslarik, Edorta Jimenezek eta Argia Gardeazabal aktoreak egin zioten omenaldia, espero nuena baino ederragoa iruditu zitzaidan.

Saioaren amaieran, Ubanek komentatu zuen “gauza batzuk oraindik flojo samar daude”, baina hori beraren sentsazioa izan zen; azken batean horretan dihardu lanean eta deformazio profesional horrekin aritzen joera daukagu batzuk. Txuma Murugarrenek ere esan zuen, “noiz sartu behar ginen asmatu barik ibili gara danok”, baina aizue! Niri den-denak primerakoa irudi zitzaidan (ETBko kazetariak kamera aurrekoa egiteko fokoa aldioro pizten aritzea ahaztu ezkero).

Joxe Aranzabalek egin du bere blogeak saioaren kronika eta ez naiz horretan luzatu. Dena dela, Lauaxetari ere bere lanaz gainera, lagun mordoa Espaloira batu izana ere eskertu behar diogu. Sartu orduko lagunak mordoa ikusi nituen eta saioaren amaieran, “banoa” gutxienez hamabost aldiz esan nuen. Hala ere, geratu egin nintzen, pixka batean Itxaro, Maria eta bere ahizparekin. Txuma Murugarrenen autografoa nahi zuen ahizpak eta han joan nitzaion Txumari “aizu, etorri pixka batean; neska talde honek zerbait eskatu behar dizuete”. Gustura etorri zen Txuma eta han laga nuen, neu joan ostean ere, hirure neskekin berriketan eta barreka.

Neuk ere badaukat nire autografoa: diskoa erosi eta Francis Diezek abestu zuen *Jadetsi-eziña* olerki musikatuaren orrialdean autografoa sinatzeko eskatu nion. Lastima izan zen taula gainean ari zela, mikrofonoaren kablea trabatu zitzaiola eskenatokian bereak eta bi egiteko premia sentitu zuenean. “Lasai, Francis, beste bost saio geratzen zaizkizu! Ziur nago, hurrengo ikusten zaituztenek zuzeneko bikainagoa ikusiko dutela oraindik!.

Kontuak kontu Maria Agirren ahizparekin fan kluba egiteko geratu nintzela. Tira ez zen konpromiso oso serioa, baina baliteke neu joan ostean Itxaro Zubillagak, Maria Agirrek eta bere ahizpak Txuma Murugarrenekin akordioaren bat lortu izana.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Lauaxeta eta hamaikaren Fan Kluba Espaloian-ri

  1. egilea: Marijo

    Mai, neu be atzo horretaz akordau nitzan Txiki Espaloian ikusi nebanian: “beteko dozue Plateruena, Txiki”. Bosgarren emanaldia izango da Durangoko Plateruena kafe antzokikoa eta ordukora baldin balieke, behintzat, hobea izango da zuzenekoa.
    A,ta, Imanol: bazituen bai ezpainak gorriz margoturik. Kontua da Iratiri etziotela argazki gehiago ateratzen lana; badakizu kamera txikiekin flas barik mirariak egitea legez da eta, ba gu, flas barik ezin aritu! Lastima!

  2. egilea: Imanol G.

    Ze pena, argazki honetan ez zaizkio ezpain margotuak ikusten.

  3. egilea: maider

    Atzoko kontzertua asko gustatu zitzaidan. Giro paregabea eta izar askoko gaua Espaloian. Artista bakoitza bere estiloan, baina guztiak ongi. Egia esan, Gari ikusteko asmoz joan nintzen. Baña Gariz gain, beste bi abeslarik txundituta utzi ninduten: Eñaut Elorrietak eta Pettik. Nik ere ez nuen Xabi Strubell ezagutzen eta hau ere gustatu zitzaidan.

    Lagun askorekin izan ginen eta barre edarrak egin genituen ezta Marijo?Edorta Arana ere gurekin zen eta hark ere asko gozatu zuen.

    Durangon, abenduaren 10ean, berriro joango naiz emanaldi zoragarri hau ikustera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude