Zimino esistentzialista


dore2

Polydore Marasquin tximinoen uharteko zirkuan, uztaiaren-jauzia egiteko prest. Gustave Doré.


Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik 1957. urtean idatzitako Orangutanen Uhartea ipuina nabarmendu du Markos Zapiain filosofoak Txillardegi eta ziminoa liburuan.  Tximinoen eta gizakien arteko hibridoak populaturiko uhartea irudikatu zuen Txillardegik, Tximinoen Planeta eleberria eta filma zabaldu baino urte batzuk lehenago. Halere, Orangutanen Uhartea narrazioaren aurrekaririk nabarmenenak XVIII. eta XIX. mendeko literaturan daude.

‘Gizakia tximinoen lurraldean’ egoera hori baino askoz zaharragoa da, edonola ere. H. W. Jansonen kontatzen du horren jatorria, blog honetan lehen ere aipatu dudan Apes and apes Lore in the Middle Ages and the Renaissance (1952) klasikoan. Erdi aroko Romuloren Alegiak deiturikoetan badago bat bidaiari bikote baten inguruan. Horietako bat gizon zintzoa zen, bestea, berriz, zuri hutsa. Tximinoen herrialdean daudela, tximuen erregearen aurrera eramaten dituzte. Ikusten dutena deskribatzeko eskatzen die erregeak. Zuriak diotso monarka indartsu bat eta haren kortea ikusten duela. Zintzoak, berriz, tximino koadrila penagarri bat besterik ez duela ikusten esaten du eta gogor jipoitu egiten dute.

Vulcano jainkoa Lemnos tximinoen uhartean nola babestu eta elikatu zuten kontatu zuen Bocacciok De Genealogia Deorumen (1350. urtea inguru).

XVIII. mendean eta hurrengoetan sarri erabili da eskema, batez ere, garaian garaiko gizartearen egitura eta ohituren satira egiteko. Jonathan Swiftek Yahoo deituriko izakien berri ematen du Gulliverren Bidaiak liburuan (1726). Iletsu eta higuingarritzat jotzen ditu Gulliverrek yahotarrak, nazkagarriak, batez ere, gizakiaren antza izugarria dutelako.

Gulliverren bidaietaz eginiko parodia batek gehiago sakontzen du gaian. Ludvig Baron Holbergek danimarkarrak, uharte batean barik, Lurrazpiko erresuma batean jartzen du ziminoen gizartea, Nicolai Klimii Iter Subterraneum narrazioan (1741). Martiniako erresumako tximino pinpirin eta argiak deskribatzen ditu (Frantziako Louis XV. kortearen satira, Jansonen aburuz).

Nils Klim bidaiariaren abentura hauek arrakasta handia izan zuten garaian eta antzeko lanak inspiratu zituzten.

Dore1

Marasquin harrapatu eta preso daramate, tximinoek osaturiko zubi batetik. Gustave Doré.

Horietako nabarmenena Leon Gozlan judu-frantziarrak argitaratu zuen 1856. urtean: Les émotions de Polydore Marasquin. Itsasontzia hondoratu ondoren, tximinoek populaturiko uharte batera heltzen da Marasquin merkataria. Ziminoen buruzagi izatera heltzen da, konspirazio politikoaren bitartez. Gozlan kazetaria izan zen eta bere idazkien bitartez parte hartze zuzena izan zuen bere garaiko politikagintzan. Gustave Doré grabatugileak ilustrazio zoragarriak egin zituen liburuarentzat (mezu honetan jarri ditudan adibideak ez dira kalitate onekoak, baina ezin izan dut besterik aurkitu).

Gero etorri ziren Tarzan (1912), Tximinoen planeta (eleberria  1963, filma, 1967), eta bestelakoak…

Non dago, orduan, Txillardegiren originaltasuna?

Gizartearen satiraz landa, gizabanakoaren egoera ontologikoa bera jartzen du Txillardegik tximinoen ispiluan. Hibridazioa da hor giltzarria. Txilardegirenean ez dago dagoeneko funtsezko diferentziarik, muga ontologikorik, gizakia eta tximinoaren artean. Horregatik Txillardegik ez ditu jainkoak, merkatariak edo bidaiariak bidaltzen tximinoen uhartera, baizik eta zientzialariak. Hauen arrazionaltasuna hausten du tximuekiko indefinizioak eta eromenera eramaten ditu horietako asko. Txillardegiren istorioa tximinoen uharte zaharra da, Kafka irakurri duen esistentzialista posmodernoak revisited.

Hey DJ!!

Richard Straussen Horrela mintzo zen Zarathustra doinu ezaguna aukeratu nuen Txillardegi eta ziminoa bideoaren soinu banda egiteko. Doinu perfektua, alde batetik, Markos Zapiainek Txillardegiren nobela baten kutsu “zarathustrianoa” aipatzen duelako eta, bestalde, doinua Stanley Kubricken 2001Space Odyssey filmeko tximinoekin erabat lotuta dagoelako gure burmuinetan.

Zarathustra eta tximinoak doinu berean, hau pagotxa!

Orain arte moldatu izan naiz nire bideotarako musika sortzen, lau loop eta bi erritmo erabilita. Motown bateria bat jarri nion Straussen doinutik ateratako loop bati eta, hara! Oso dantzagarria geratzen dela iruditzen zait. Entzun bestela.

Musikaz gauza handirik ez dakidala argi utzi dut, baina doinu honek etorkizuna duela uste dut. Nik burutik kendu ezinean nabil behintzat.

Horregatik, aukera eman nahi diot edonori honen remix-a egiteko. Badakit DJ amateur asko dagoela blogak irakurtzen dituzten teknofiloen artean. Hemen jartzen dizkizuet Euskal Herriko (eta munduko) dantzalekuetako pilulazale zarathustriano guztiak are gehiago tximinotzeko ahalmena izango duen hit bat egiteko osagaiak.

Animatuz gero, ondo pasa soinuarekin jolasten. Eta, Hey DJ! ez ahaztu, bidali kanta!

powered by ODEO

Mp3a jaisteko klikatu hemen.
powered by ODEO

powered by ODEO

Mp3a jaisteko, klikatu hemen.

Txillardegi eta ziminoa

Orain arte ez dut inoiz publizitate kutsu duen ezer sartu blog honetan baina bideo hau izango da salbuespena. Zergatik? Bideoaren gaiarengatik, hasteko. Bigarrenik, nire ustez lehen aldia delako euskarazko liburu bati bideo promozionala egiten diotela. Eta azkenik, blog hau aipatzen dutelako.

Txillardegi eta ziminoa plazaratu berri du Markos Zapiain filosofoak Susa argitaletxearen eskutik. Txillardegiren literaturan ziminoek duten eginkizuna aztertu du egileak. Hartuko dut astia datozen asteetan ere liburuaren inguruan idazteko. Gaur bideoa da kontua.

Badirudi modan jarriko dela liburuei promozio bideoak egitea. Irailaren hasieran ezagutu genuen Naomi Klein altermundialistaren azken lana The Shock Doctrine: The Rise of Disaster Capitalism, eta horretarako Alfonso eta Jonás Cuarónek egin zuten bideoa.

Ez naiz hasiko halako lanen balio estetikoa epaitzen (epaitzeko moduko balio estetikorik baldin badute, noski). Hor duzue Zapiainen Txillardegi eta ziminoa libururako egin dutena. Kasu horretan zalantzan jarri beharrekoa ez da ustezko balio estetikorik, baizik eta bideoak liburua promozionatzeko baliorik ere ote duen.