Signe eta singe, zeinua tximino bihurtzeko (eta alderantziz) bi hizkik euren lekua trukatzea baino ez da behar frantsesez. Simiotika zientzia sortzeko beharra dagoela esan dut lehen ere, eta signe-singe bikote parodikoak horren aldeko beste argudio patafisiko eztabaidaezina jartzen du mahai-gainean. Mezu honetan azaltzen dut Egiptoko tximu-jainko Thot mundu helenistikoan Hermes Trismegistos jainko bihurtu zutela eta horrek tximinoaren eta Jesu kristoren arteko identifikazioa argitzen duela. Zeinuen interpretazioaren jainkoak ziren Thot zein Hermes. Kixmi, beraz, simiotikaren patroi, zeinua eta tximinoa.
Zeinuen eta tximinoen arteko loturaren jatorria Egipton dago. Thot jainkoa ibis hegaztiarekin buruarekin edo babuino gisa irudikatzen zuten. Idazkeraren eta hieroglifoen jainkoa da, jainkoen (errealitatearen) eta gizakien artekaria.
Hermes Greziako jainkoarekin bateratu zuten Thot mundu helenistikoan, hau da Greziako Inperioaren azken fasean (kristo aurreko 500. urtetik aurrera). Eginkizun bera jokatzen zuen Hermesek Greziako panteoian: zeinuen bidezko komunikazioaren jainkoa zen, interpretea (hortik dator hermeneutika hitza). Mugalarien patroia da (Tarkovskiren stalker-a) eta hildakoen arima beste mundura gidatzen dituena (psikoponpoa).
Sinkretismo horretatik, Hermes Trismegistos jaio zen. Erromako mitologian Merkurio izena eman zioten gero. Horapollo Nilousek bere Hieroglyphica-n esan zuen egiptoarrek babuinoa (cynocephalus) Merkuriori eskainitako animalia zela, idazkiak ulertzeko gai delako eta Merkurio idazkeraren jainkoa delako.
Hermes Trismegistos, 1624. urteko grabatu baten arabera
Hermes trismegistos bat eta hirukoitza da (trismegistos hitzak “hiru aldiz handia” esan nahi du). Sakonago aztertu beharko nuke, baina katolikoen “hirutasun saindua” kontzeptu bitxia hortik etortzea da litekeena. Gogoratu, Karlheinz Deschner kristautasunaren historialariak esan zuen blog honetan erlijio kristauan ez dagoela ezer originalik, lehendik zeuden ideien saski-naski bat besterik ez dela: Jesukristo plagio hutsa da.
Izan ere, Jesu Kristo Hermes Trismegistosen agerpen gisa jo izan dute Gnostikoek, André Natafek Les maîtres de l’Occultisme hiztegian gogorarazten duenez.
Semiotikaren arabera, zeinua da gezurra esateko erabil daitekeen guztia, eta Thot-Hermes jainkoa bat dator horrekin ere, gezurraren eta iruzurraren jainkoa baita. Shaftesburyk esan zuen babuinoaren irudia unibertsitatea adierazteko erabiltzen zela hieroglifoetan.
Hermes-Mercurius Trismegisto, Sienako (Italia) katedraleko zoruko mosaikoan.
Zeinuak eta haien deszifratzea. Egun ere, testu bat interpretatzeko zaila denean hermetikoa dela esaten da (egun, batez ere, poesia aztertzerakoan erabiltzen da esamoldea). Hermes Trismegistosek ustez idatzitako liburuek, Hermetica, ospe handia izan zuten alkimisten artean Erdi Aroan eta Ernazimenduan. Hermetikoki itxita esaten dugu konturatu gabe esamoldeak Hermes Trismegistosi loturiko magiarekin zerikusia duela. Deabruak edo aingeruak ontzietan edo estatuetan giltzapetzeko begizkoak ziren zigilu hermetikoak.
Hiztegia:
- Signe– zeinua
- Singe– tximino, simioa
- Semiotika– zeinuak aztertzen dituen zientzia, edo, beste modu batez esanda, gezurra esateko erabil daitezkeen gauzen zientzia.
- Simiotika– Marilyn Mansonen kantak dioenez: Tximinoa zen X handia.