Bigarren urterako gida

txan1

 

Bistan da mundua parodia hutsa dela, hau da, begiratzen dugun gauza oro beste gauza baten parodia dela, edo gauza bera itxura engainagarri batean.

Georges Bataillek idatzi zuen hori aspaldi. Arrazoia zuela ikusten dut gero eta argiago, Kixmiren erresuman egiten ari naizen bidaia honetan aurrera egin ahala. Ikusi bestela bigarren urte honetan bidera atera zaizkidan gauzen zerrenda:

1- Marco Ferrerik Ciao Maschio filma egin zuen 1978. urtean, tximinokume bat protagonista eta King Kongen gorpu ustela zein New Yorkeko Dorre Bikiak dekoratu gisa (profezia ote?). Tximu horretan Jesus haurraren alegoria ikusi zuen zinemaren historialari batek.
ciao maschio

2- Jesukristo buztandun bat irudikatu zuen Alejandro
Jodorowskyk Juan Solo izenburuko komikian. Halere, ez
dago argi tximino edo txakur buztana den.
juansolo2

3- Gizakien eta txinpantzeen arbasoek haurrak elkarrekin
izan zituzten lau milioi urtez, Nick Patterson genetistak
esan zidanez.
DrNick_pat.190

4- Erremellurin izan ginen, Bixente Ameztoik margoturiko
Paradisua margoa ikusten. Tximino bat da margoaren
protagonista, eta Kixmitron hitza agertzen da. Hitz hori da
Ameztoik hil aurretik margotu zuen azken gauza. Bideo bat egin nuen, gure bidaia kontatzeko.
kixmitron

5- Tximinoetaz, gizakietaz eta kristautasunez hitz egin nuen   Afrikako oihanean tximinoekin 40 urte baino gehiago pasa
dituen Jane Goodallekin: Arpilaketa geratu ezean, gizateria
osoa hondoratuko da tximinoekin batera.

janegoodall4

6- Eliza katolikoko agintariek Darwinen eboluzioaren teoriaren aurka abiaturiko kanpainaz jardun nuen, Joseph Ratzingerrek munduko musulmanak sutan jarri baino egun batzuk lehenago.
boxeolari

7- Jainkoaren tximinoaren ideia agertzen du Martin Scorsesek 1989. urtean estreinaturiko film batek, eta horren inguruko bideo-galdera egin nien irakurleei.

8- Andrei Tarkovskyren Stalker filman neska elbarri batek irudikatzen du gizateriaren etorkizuna. Neskak tximino izena du eta zinema aditu baten arabera, Jesu kristo irudikatzen du.
stlkr102

9- Adoleszentziaren eta tximinoen inguruko Simiotika 2.0 bideoa egin nuen. Pertsonalitatea tximino disekatu bat da, bota nuen, ausarkeriaz, agian.
neskak

10- Werner Herzog zinema zuzendariak eman du, orain arte, Kixmiren errepresentaziorik gordinena, nanoak protagonista dituen film batean. Ipotxak ere txiki hasi ziren.
ipotxak3

11- Bideo bat egin nuen Tertulianoren Diabolus est simia dei (Deabrua Jainkoaren tximinoa da) esamoldea irudikatzeko. Patxi Traperori ere gustatu egin zitzaion bideoa!!! Gero mezu luze bat idatzi nuen bideoa esplikatzeko, Luistxo Fernandezek esan ez dezan blog hau kriptikoa dela.
simia dei

12- Interneteko folklorean jendea higuintzeko erabiltzen den irudi bat laugarren pieza da Hanuman-Kristo-Superman sailan. Hori esatera ausartu nintzen, aski posmodernoki. Pornografia sakratua.
Teresa

13- Bideo bat egin nuen bihotz sakratuaren irudiaren eboluzioa erakusteko: Hanuman tximu-jainkotik, Goatse irudi analera. Bihotzmakina.
bihotzmakina thumbnail

14- Gizakiz mozorrotzen den tximino bat antzezteko, tximinoz mozorrotzen den gizaki bat elkarrizketatu nuen. Kafkaz mintzatu ginen, nola ez.
Duo 1

15- Austrian egoitza duen nazioarteko arte/filosofia/teknologia kolektibo batek testu bat idazteko eskatu zidan, eta bere blogean argitaratu zuen. Ni baino nahastuago egongo dira nonbait.
monochrom

16- Txokolatezko Jesu Kristo bat egiteagatik zentsura pairatu zuen eskultore kanadiar batek New Yorken. Hari elkartasuna adierazteko, Choco Kixmies zerealak baino ez nituen gosaldu, kutxa bat bukatu arte. Hona bideoa.

kixmiesgosaltzen

Bistan da, eldarnio hutsa da azken urte honetako balantzea, iazkoa bezalakoa. Aurten hil da Jean Baudrillard filosofoa, Batailleren jarraitzailea. Esaldi borobil asko atera daitezke haren testuetatik, baina hau da nik bukatzeko aukeratu dudana:

Mundua eldarnioranzko joera hartu duen honetan, ikuspegi eldarniogarria hartu behar dugu.

txan2

4 erantzun “Bigarren urterako gida” bidalketan

  1. Ziriaren estrategia

    «Diseinu adimentsuaren» bultzatzaileek dirua biltzeko eginiko agiri bat hedabideetara heldu zen 1999an. “Ziriaren agiria” izenarekin ezagutzen da. Agiri horretan, euren helburua «materialismoa eta haren kultur ondarea suntsitzea» dela esan zuten eta euren xede nagusia Darwinen eboluzioaren teoria zalantzan jartzea zela zioten. Horren ordez, natura eta gizakiak Jainkoak sorturikoak direla ezarri nahi dute. Horretarako, ziria izeneko estrategia proposatzen zuten: «Zientzia materialista zuhaitz erraldoia da, eta gure estrategia ziri bat bezalakoa da, hau da, gune ahulean sartuta, enborra hauts dezakeen pieza txikia bezalakoa».

    2005eko uztailean Vatikanora heldu zen kanpaina. Christoph Schoenborn Vienako artzapezpikuak eskutitz bat argitaratu zuen AEBetako egunkari batean. Diseinu adimentsuaren alde agertu zen. Biologian jainko diseinatzaile baten eskua ez ikustea «ideologia da, ez zientzia», idatzi zuen.

    Argi dago, Garikoitz, Ratzingerrek ez duela inoiz jendaurrean eta ofizialki ukatuko Darwinen eboluzioaren teoria. Hori baino azkarragoa da. Baina horrek ez du esan nahi ez dituela hariak mugituko teoria zalantzan jartzen saiatzeko. Dagoeneko egin du: hor dago Schoenbornen kasua.

    Ziria sartzeko modu asko daude.

    Eskerrik asko idazteagatik, eta barkatu nire esamoldea gehiegizkoa iruditu bazaizu. Laburpena da, azken finean.

  2. Jeje… niri ziria sartu nahian edo? Eliza katolikoak ez dio zientziari bere papera ukatuko, zuk hala nahi izan duzulako bakarrik. Center for Science and Cultur (www.discovery.org), Estatu Batuetako eboluzionismo-kreazionismo eztabaidaren erdian sortua da. The Wedge Strategy dokumentua Ziriaren Agiria bezala itzuli izana asko gustatu zait, euskaraz ziriak dituen bi esanahiak egokiak baitira. Baina kontu bat…, talde honek ez dauka eliza katolikoarekin zerikusirik!!! Lotsa, pena edo ezinegon handia sentiarazten didan eztabaida da Estatu Batuetakoa, baina zorionez urrutitik begiratzen duguna. Zientzia eta fedearen arteko eztabaida, hori baino zertxobait helduagoa da eliza katolikoko teologoen artean, nik irakurri dudan apurragatik behintzat. Sarrera gisa, Rafael Pascual teologoari 2005eko abenduaren 7an eginiko elkarrizketa motz hau irakurri dezakezu:

     

    http://www.mercaba.org/ARTICULOS/C/creacion_evolucion_magisterio.htm

     

    Ikusi duzunez, ez dator bat zientzia eta fedearen artean gatazka ikusi nahi duten literalista bibliko edo materialistekin. Nik uste dut Estatu Batuetan, “intelligent design” deituriko kreazionismo mozorrotua teoria zientifiko alternatibotzat aurkeztu nahi izan dutenek “diseinu” hitza guztiz zikindu dutela, honen inguruan eginiko edozein komentario susmagarri bihurtuz. Hala ere, eliza katolikoak garbi dauka zientziaren bidez lortutako jakintza guztia bateragarria dela Jainkoak sortuak garela esatearekin, lehenengoa errealitate materialaren definizioa baita eta bigarrena postura filosofiko edo erligiosoa, lehenengoaren abstrakzioa beraz.

     

    Eldarnioak ordea toki guztietan daude, eta Vienako artzapezpikuak 2005eko uztailaren 7an New York Times-en idatzitako artikulu bat aipatu nahi izan duzu:

     

    http://www.atrio.org/d050811SCHOENBORN.htm

     

    Oso modu baldarrean idatzita dago iritzi-artikulu pertsonal hau; dudarik gabe, Vatikanoari gehiegi gustatuko ez zitzaiona. Harritzen nauena zera da, zergatik ez zaizun hilabete eta erdi lehenago (2005eko maiatzaren 17an) egunkari horretan bertan Lawrence M. Krauss-ek idatzitakoa gogoratu:

     

    http://www.atrio.org/d050811KRAUSS.htm

     

    Askoz interesgarri eta aberatsagoa dudarik gabe. Bi artikulu hauek sortutako polemikaren ondoren Kraussek Benediktori karta bat bidali zion kontu eske, eta ez dakit honek zer erantzungo ote zion (erantzun baldin bazion…). Hau da bidali zuen karta:

     

    http://genesis1.phys.cwru.edu/~krauss/papalletttxt.htm

     

    2005eko abuztuaren 6an The Tablet astekari katoliko britainiarrean George Coyne Observatorio Vaticano-ko zuzendariak idatzitako artikuluan Schonbornen argumentuei buelta eman zion:

     

    http://condor.depaul.edu/~jmilton/scirel/CoyneSchoenborn.html

     

    2005eko urriaren 2an Vienako San Esteban Katedralean eginiko homilian Schönborn-ek bere hitzak argitu nahi izan omen zituen: “No veo problema en combinar la fe en el Creador con la teoría de la evolución, siempre que se respeten los límites de una teoría científica”. Ez omen zuen eboluzioaren zientzia zalantzan jarri nahi izan, berak “neo-darwinismo” deitu zuena baizik, hau da, eboluzioaren teoriaren bidez Jainkoaren protagonismoa kendu nahi izana (edo honelako zerbait). Ez dut hitz hauen dokumenturik aurkitu.

     

    2006ko urtarrilaren 18an Fiorenzo Facchini, Boloniako unibertsitatean biologia ebolutiboko irakasle denak L’Osservatore Romano Vatikanoko egunkarian “inteligent design” ideologia bat dela eta ez teoria zientifikoa argitu zuen, honen aurka azalduz. Ez dut berezko artikulua aurkitu, baina gutxienez hor doaz artikulua erreferentziatzen duten bi berri:

     

    http://www.lanacion.com.ar/archivo/nota.asp?nota_id=773755&origen=acumulado&acumulado_id=

     

    http://www.clarin.com/diario/2006/01/20/sociedad/s-03701.htm

     

    Honaino, azken bi urte hauetan polemika honen inguruan izan diren gertakari nagusiak. Pixka bat sakontzen baduzu, ohartuko zara zergatik esaten dizudan eliza katolikoak ez duela zientziaren papera ukatuko. Gehiago ez luzatzearren, eztabaida sortu zuen gertakarira joango naiz. Benediktok 2006ko irailean Ratisbonan esandakoak. Hasieran eboluzioaren inguruan sortu zen polemika, baina handik gutxira islamera pasa zen. Kontua da, bi hitzaldi desberdinetatik atera zirela polemikak. Zuk, konspirazioaren inguruko teoria bat landuz, bi gauzak HITZALDI BERDINEAN esatearen arrazoia gero “intelligent design” delakoa eskoletan zientzi bezala irakatsi ahal izatea zela asmatu zenuen. Nik islama erreferentziatzen zuen dokumentua neukan esku artean, eta ez nekien hitzaldi horretako zein zatitatik atera zen eboluzioa irrazionala zela esan omen zuenaren kontua. Musulmanak haserretu zituen hitzaldia hau da (barkatu aurreko aldian testu osoa jarri izana):

     

    http://www.zenit.org/spanish/visualizza.phtml?sid=94800

     

    Eboluzioarena ordea, beste toki batetik atera zen, irailaren 12ko mezan esandako hitzen manipulaziotik. Hau da berez esan zuenaren gaztelerazko itzulpena:

     

    http://www.zenit.org/spanish/visualizza.phtml?sid=94799

     

    Egunkari guztietan agertu zen titularra honakoa zen: “Benedikto XVI.-ren esanetan eboluzioa irrazionala da”. Hitzaldia bi aldiz irakurtzen baduzu ordea, EZ ZUELA HORRELAKORIK ESAN ohartuko zara. Gero, ateoek ez sinestearen arrazoia Jainkoari dioten beldurra dela esan omen zuela ere aipatu zen. Testu osoa irakurrita ordea beste zerbait ulertzen dut nik: bere ustez, Jainkoaren aitzakiaz jendeari beldurra sartu nahi izanak ekarri duela ateismo modernoa. Baina lehengora itzuliz, nondik etorri zen eboluzioa irrazionala dela esan zuela ondorioztatzeko manipulazioa… (barkatu, hanka-sartzea) ?

     

    Nonbait, EFE agentziak irailaren 12an bertan zabaldu zuen ditxosozko titularra. Egunkari guztiek, zuk aipatu zenituen Gara eta Berria barne, berri polemikoa zabaldu zuten EFE agentziak esandakoari copy-paste aplikatuta. Mezatan eginiko hitzaldi osoaren lehenengo erredakzioa Zenit.org-ek argitaratu zuen nik dakidala, 13an. Noski, dagoeneko beranduegi zen. Ez dakit inori berri hauek benetako hitzaldiarekin kontrajartzea bururatuko ote zitzaion, baina ez ziren asko izango…

     

    Hau guztia kontutan hartuta, Eliza katolikoko agintariek Darwinen eboluzioaren teoriaren aurka kanpaina bat abiatu zutela esatea gehiegizkoa iruditu zait. Baina bueno, iritzi kontrajarriak beti dira aberasgarriak.

     

    Hurrenarte!

  3. Zorionak, chapeau eta txalo ozena zuretzat Garikoitz!!! Zoragarria da halako irakurle argi eta ongi informatuak izatea. Harro nago, baina aldi berean kezkatuta. Izan ere halako erantzun onak jasotzeak tentaldira eraman nazaketelako, nire burua serioegi hartzeko tentaldira, alegia.

    Ia konbentzitu nauzu. Ondo informatuta zaude: hemengo hainbat egunkaritan eginiko titularrak (“Ratzingerrek eboluzioaren teoria irrazionala dela esan du”) EFE agentziako teletipo batetik sortu ziren. Deabruren bat dago EFE, bat baino gehiago, ziurrenera (atera kontuak, Jose Maria Calleja jatorrak han egin zuen lan garai batean).

    Edonola ere, informazio horiek ez dira zarata hutsa zer edo zer dago atzean. The Guardian egunkariak, esaterako (hara! protestante vatikanofoboak) bilera baten berri eman zuen iazko abuztuaren amaieran: Ratzingerrek bere “Schülerkreis” delakoa bildu zuen udako egoitzan Darwinen teoriaren eta “diseinu adimentsuaren” inguruan eztabaidatzeko. Schülerkreis hori osatzen dute Ratzingerren ikasle izandakoak, egun Europako hainbat erakundetan ongi kokaturik daudenak: Bileran ziren, esaterako, Austriako zientzia akademiako presidentea, Peter Schuster, eskuineko filosofo Robert Spaemann eta and Municheko (Alemania) Unibertsitateko irakasle Paul Elbrich, filosofoa. Christoph Schönborn kardinalak berak esan zuen krazioa eta eboluzioa izango zirela bileraren gaiak. Baina, noski, ez dugu inoiz jakingo zer esan zuten. Dominique Tassot zientzialari katolikoak argi esan zuen: “Aita Santuak badaki nora joan nahi duen, baina denbora beharko du horrek”.

    Egia da, Vatikanoa ez da berehala sartuko halako mobida batean, zunda globoak bidali aurretik. Zundaketa fasean dago egun, Garikoitz. Noski, ez duzu aurkituko Darwinen eboluzioaren teoriaren kontrako adierazpen ofizialik Vatikanon, besteak beste horrek Karol Wojtyla defuntuaren adierazpenen kontra joango litzatekelako. Baina horrek ez du esan nahi, ildo hori ez dagoela. Aurpegi ezberdinak jartzen dira adierazpen kontraesankorrak egiteko, erakundea ez bustitzeko giroa ongi aztertu arte. Alderdi politiko ziztrinenak ere erabiltzen du teknika hori egun, zer esanik ez  ehunka urteko eskarmentua duen makina diplomatiko izugarri batek.

    Ez naiz bakarra pentsatzen Vatikanok kreazionismoaren uhinean sartuko dela datozen urteotan. George Coyne Vaticanoko Behatokiko zuzendariak gogor jo zuen joera horren kontra iaz, eta abuztuaren 19an kargutik kendu zuen Ratzingerrek.

    http://www.guardian.co.uk/international/story/0,,1859614,00.html

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude