Inventarium

Ez, ez naiz alferrarena egiten ibili.

Ez dut mezurik sartu azken egunotan, beste zeozertan ibili naizelako.

Trapero maixu handiari jarraikiz, blog hau bideoz hornitzen jardun dut. Askotan aipatu ditut filmak mezuetan, zeluloidean ere jesukristo-tximinoaren bila. Orain arte pelikulen fotograma pare bat jartzera mugatu naiz. Aurrerantzean, ordea, intereseko sekuentziak sartuko ditut YouTube bideotegiaren bitartez.

Irudi kalitatea ez da oso ona, eta soinua desfasaturik agertzen da gehienetan, baina, beharbada, traba beharrean abantaila da hori. Izan ere, irudion copyrighta duenak ez du horrela kexatzeko aitzakiarik, argi geratzen delako bideoak gaiak dokumentatzeko jartzen ditudala.

Hona orain arte jarri ditudan bideoen inventariuma:

  1. David Bowieren erloju biologikoa
  2. Tximinoen planeta
  3. Kafkaren tximinoa
  4. Aguirre Lehendakaria

Barkatu zilborrari begirako mezu honengatik, laster batean zeozer mamitsuago jarriko dut.

Pasioa, James Mollisonen arabera

mollison1

Tximinoak ez omen dira mintzo, baina haien aurpegiek dena kontatzen dute. Argazkiak ez dira mintzo, baina James Mollisonen erretratuak ez dira isiltzen. Bi metroko irudiak zintzilikatu ditu argazkilariak Liverpooleko (Erresuma Batua) World Museum -ean, James and other apes (James eta beste tximino) izenburua duen erakusketan. Afrikan, Asian, Europan eta Amerikan tximinoei eginiko 30 erretratu dira.

  • Begiratu iezadazu aurpegira, begietara, eta esadazu ni ez naizela zu bezalakoa, nik ez dudala sufritzen

Goiko irudikoa Gregoire da, Congoko Errepublikan jaiotako tximpantze arra. Chimek, Bonnyk, Tatangok, Pumbuk eta besteek galdera isil bera egiten diete ikusleei. Bizipen gogorretaz mintzo zaizkigu aurpegiok. Irudietako tximu gehienak umezurtz utzi zituzten gaztetik, eta animalientzako kartzeletan sartu, saldu, barrea eragiteko erabili… Askok buruko gaitzak dituzte, bizipenok eragindakoak. Ikusi nahi duenak horiek guztiak ikusiko ditu aurpegiotan.

Inork gutxik, ordea, utziko du erakusketa aretoa edo itxiko du Mollisonen liburua gauza batetaz ziur egon gabe: argazkiok pertsonen erretratuak dira.

James da goikoa, erakusketako eta liburuko izenburuan aipaturiko txinpantze arra. Martxoaren 26ra arte egongo da irekita erakusketa. Nik ez daukat Liverpoolera joaterik, baina Mollison elkarrizketatu dut eta bere hitzak transkribatu aurretik animazio txiki bat prestatu diot nire buruari.

—————————————————————–

1045244396_1


“Ikusleari erronka botatzeko egin ditut erretratuok”

James Mollison Kenyan (Afrika) jaio zen 1973. urtean. Erresuma Batuan ikasi zuen artea, diseinua eta argazkilaritza dokumentala. 1998. urtetik Venezian (Italia) bizi da. Izan ere, publizitate kanpaina probokatzaileengatik ezaguna den Benetton arropa etxearen argazkilari ofiziala da. Lau urtez, simio handien munduko azken erretserbak bisitatu zituen, Jane Goodall adituaren laguntzarekin. Tximino bakoitzaren nortasuna eta “gizatasuna” erakustea bilatu du, naturaren dokumentalistaren ohiko teleobjektiboa baztertu eta hurbiletik eginiko lehen planoen bitartez.

Langile etorkinen erretratuak egin dituzu Italian, Kosovoko errefuxiatuenak Balkanetan eta gosearen aurpegiarenak Afrikan. Zergatik ekin zenion tximino handiak erretratatzeari? Loturarik al dago aurretik jorraturiko gaiekin?

BBCk primateen inguruan eginiko saio bat ikusten ari nintzela izan nuen ideia. Izan ere, harritu egin ninduen haien aurpegiaren egiturak eta gizakiarenak duen antzarekin. Pasaporterako argazkiak egitea interesgarria izango litzatekeela iruditu zitzaidan. Erretratuek historiak kontatzeko duten balioa interesatzen zait, horrek lotzen du hau iraganean eginiko beste lanekin.

Espezieen arteko enbaxadoretzat duzu zure burua?

Ez, handinahikeria litzateke hori. Baina itxaropena badut, liburuko eta erakusketako tximinoek jendea espezieen arteko harremanetaz pentsatzera gonbidatuko dutela.

Zer ikusten duzu tximuon aurpegietan, eta zer espero duzu jendeak haietan ikustea?

Hiru gai ikutzen dituzte irudiok: Lehena Eboluzioa da. Bistan da gizakiak eta beste animaliak ezberdinak direla, batez ere zizareak eta barraskiloak bezalako animaliekin parekatuta. Simioak, ordea, gizakien eta animalien arteko gune grisa dira. Nire argazkietan gure aurpegiak ikusten ditugu islaturik. Eboluzioaren teoria frogatzen dute, era batean. Interesgarria da ohartaraztea AEBetako lizentziatuen ia laurdenek ez dutela Darwinen teorian sinesten. Bigarren gaia Estintzioa da. Bi kenduta, tximino guztiak umezurtz geratu ziren gurasoak haragiarengatik hil zizkietenean. Denek ikusi zuten euren amak sarraskitzen beraien aurrean. Haien bizileku naturalak suntsitzen ari dira izugarri azkar. Gorilak eta bonoboak datozen hamarkadetan galtzeko arriskua benetakoa da. Hirugarren gaia Nortasuna da. Animaliak genero gisa ikusteko joera izaten dugu, ez banako gisa. Argazkiok bidea ematen dute animaliok zehaztasunez behatzeko. Aurpegi ezberdinak ikusten ditugu, banakoen nortasuna eta izaera ikusten ditugu.

Bi metroko argazkiak dira. Zergatik halako formatu handia?

Aurrez aurre dagoenean, ikusleari erronka bota diezaioten.

Erakusten dituzun simio handiak esplotazio ekonomikoaren biktima izan dira. Zuk multinazional handi batentzat ari zara lanean, publizitatean. Ez al duzu kontraesanik ikusten zure lana eta artearen artean?

Ez. Benettonek simioen inguruko kanpaina egin zuenean 150.000 euro eman zituen, eta gehiena Jane Goodall Institute -ra zein nik bisitaturiko lau babesguneetara joan zen. Benettonek ez zuen horren inguruko berririk zabaldu, kanpainak komunikaziorako duten balioarengatik egiten dituelako. Niretzat garrantzitsua da dirua behar den tokira itzultzea konpainia komertzial bat tartean denean, eta argazkilari bezala primeran iruditzen zait halako dirutza nire argazkien subjektuak laguntzera joatea.

Gizartea ala hil

Hominidoen eboluzioan ez da dena sexua eta indarkeria. Ordenagailuen bidez eginiko azken simulazioek erakusten dute elkarlanak gizaki modernoaren arbasoen arrakastan izan zuen garrantzia. Izan ere, hominidoak ehiztari nagusi baino gehiago harrapakinak ziren mundu arriskutsuan. Elkarlanaren garrantzia argi uzten du Australopithecus eta Paranthropus familien parabolak.

Indianako Notre Dame unibertsitateko (AEB) zientzialari talde batek egin du ikerketa. Duela milioi bat urte baino gehiago Australopithecus (goiko irudi kitsch horretan. Marrazkilaria, Giovanni Caselli) eta Paranthropus familietako hominidoak bizi ziren lurrean. Paranthropus-ak (azpian) galdu egin ziren, Australopithecus-ak ez, ordea, eta gizaki modernoa bihurtu arte eboluzionatzen jarraitu zuten. Zergatik, ordea, halako aldea?

Kreazioaren nagusitzat hartuta, gizakia beste animalien ehiztari trebea zela irudikatzeko joera izan du zientziak aspalditik. Azken urteotan, ordea, lehen hominidoen ingurumenari buruzko erretratu sinesgarriagoak plazaratu dituzte zientzialariek. Gizakien arbasoak eta senideak aski txikiak, ahulak eta babesgabeak ziren felido handiz eta hegazti harrapariz beteriko inguru batean. Gizakia harrapakina zen, ezer baino gehiago.

Gizakia, harrapakina

Indianako zientzialariek iradoki dutenez, Paranthropus-ak ehiza horren biktima izan ziren, galdu arte. Australopithecusek eta beste hominidoek, ordea, elkar laguntzen ikasi zuten jan ez zitzaten.Elkarlanak zenbateko abantaila emango zien irudikatzeko programa bat sortu dute zientzialariek, ekologiaren eredu klasikoetan oinarrituta. Ikusi dutenez, elkarlan pixka batek ere izugarrizko abantaila eman ziezaiekeen Australopithecusei, eta ustez elkar laguntzen ez zuten Paranthropusen galtzea eragingo zuen horrek. Harrizko tresnak erabiltzeak frogatzen du, zientzialarion arabera, lehen hominidoek elkar laguntzen zutela. Izan ere, tresnetarako harri egokia aurkitzea ez zen erraza izango, norbaitek taldeari harrobien berri eman ezean. Horren bidez, ingurumena aldatzea lortu zuten gizakiaren arbasoek. Harrapakina izatetik harraparia izatera pasatu zen.

—————————————————————–

«Elkarlana izan zen gizateriaren lehen arrakasta»

Agustin Fuentes (1966, Santa Barbara, Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak) antropologia irakaslea da Indianako (AEB) Notre Dame unibertsitatean. Berak zuzendu du hominidoen elkarkidetzari buruzko ikerketa.

Elkarlanak eragin zuen Australopitecusen arrakasta; zerk eraman zaitu ondorio horretara?

Hiru froga ildok: lehena, fosilak. Lehen hominidoek harraparien biktima zirela erakusten dute. Duela milioi bat urte eta erdi, ordea, gure arbasoak hobeto moldatzen hasi ziren, asko hedatzen eta euren ingurumena gehiago manipulatzen. Bigarrena, tximinoen artean elkarlanak duen garrantzia. Hirugarrena, zoko ekologikoen teoria. Horrek ematen du lehen bi ildoen sintesia. Eboluzioari begiratzeko modu berria da. Horren arabera, organismoak ez dabiltza soilik ingurumenak ezarritako erronkei erantzuten, baizik eta beraiek ere ingurumena eraldatzen. Organismoek eta ingurumena elkarrekin eboluzionatzen dute. Hiru ildo hauek elkartuta, ikusten dugu gure arbasoek ingurumena aldatzea lortu zutela, harrapakin egoera gainditzeko. Horrek eman zien zabaltzeko bidea.

Zergatik erabaki zuten hominido batzuk elkarlanean aritzea?

Paranthropus Bosei hominidoa gure arbasoak bezalakoa zen. Burmuina apur bat txikiagoa zuen, baina eskuak gureak bezalakoak zituen eta gu bezala mugitzen zen. Baina galdu egin zen duela milioi bat urte. Zergatik? Nire ustez, gure arbasoek mehatxuei aurre egiteko aurkitu zuten bide etako bat informazioaren trukatzea izan zen, taldearen barruan eta, behar bada, taldeen artean. Eredu ekologiko sinple bat eraiki dugu honako galderari erantzuteko: talde batek lortzen badu bere zoko ekologikoaren mugak zabaltzea, denborak aurrera joan ahala nola eragingo dio horrek taldeari, eta taldeak ingurumena beste batzuekin partekatzen badu, nola eragingo die horrek besteei? Eredua abiatu dugunean zera ikusi dugu: elkarlana apur bat igotzeak izugarri hobetzen du egoera taldearentzat, eta beste taldeak galbidera eramaten ditu.

Elkarlana horren ona zela ikusita, zergatik ez zuten beste hominidoek gauza bera egin?

Talde batean burmuinaren tamainan hazkuntza txiki bat egon zela uste dugu, eta horrek handitu zuela informazioaren trukaketa. Ez da mintzamena oraindik, baizik eta mintzamenaren aitzindaria. Bidea eman zien horrek gure arbasoei elkar laguntzeko, beste hominidoek edo tximinoek izan ez zuten moduan. Horrek abantaila eman zien beste taldeen aurrean.

Bi eredu egon dira tradizionalki hominidoen eboluzioa azaltzeko: “faxista” eta “hippy”-a, nolabait deitzearren. Lehenaren arabera, hominido batzuek arrakasta izan zuten erasokorragoak zirelako edo arma hobeak asmatu zituztelako. Txinpantzeak dira horren eredua, indarrean oinarrituriko talde iherarkikoak osatzen dituztela diotelako etologoek. Bigarrenaren eredua bonoboak dira, talde barneko auziak sexu harremanen bidez leuntzen dituztenak. Erreferentzia hauek ikusita, non jarri beharko genuke zure teoria?

Bi mutur horiek okerrak direla uste dugu. Sinpleegiak dira. Lehia oso garrantzitsua izan zen baina elkarlana, hobeto lehiatzeko elkarlana ere, izan zen oreka ekologikoa gure arbasoen alde jarri zuena. Mezua ez da, beraz, “egin amodioa eta ez gerra”, edo “egin gerra eta ez amodioa”, baizik eta elkarrekin lan egin ingurumenaren erronkei aurre egiteko.

Zein da, beraz, zuen ikuspegi antropologikoaren irakurketa politikoa, gizakiei begira?

Mezu positiboa da. Eboluzioaren historian zehar arrakasta handiagoa ekarri digu elkar laguntzeak elkar borrokatzeak baino. Gizateriaren lehen arrakasta elkarlanean aritzea izan zen. Izan dadila horrela geroan ere.

David Bowieren erloju biologikoa

Banpiro pelikula batean aurkitu ditut erloju biologikoaren gaia ilustratzeko irudiak, KIXMI blogarentzat propio egindakoak dirudite.

Gizakien eta tximinoen erloju biologikoaren inguruko azalpenak eman zituen Hego Koreako zientzialari batek Gizatiarra Gizatiarregia sarreran. Gizakiaren zein txinpantzearen erloju biologikoa hurbileko beste espeziena baino askoz geldoagoa dela aurkitu du Soojin Yi biologoak. Horren ondorioz, txinpantzea gizakiarekin batera Homo generoan sartu beharko luketela esaten zuen Soojinek.

Espezie batek sexu heldutasunera heltzeko zenbat urte behar dituen, eta, azken finean, zenbat urte bizi daitekeen markatzen du erloju biologikoak.

The Hunger 1983. urteko filmean (El Ansia jarri zioten gazteleraz, El Hambre zuzenagoa litzateke) hilezkortasunaren gaia jorratzen du David Bowie, Catherine Deneuve eta Susan Sarandon hirukoteak. Ez da pelikula borobila, baina fina eta originala da bere generorako. Horrez gain, emakumeen arteko amodioa ikuspegi elegante batez (Lesbianismo chic, esan diote) jorratu zuen lehen film komertziala izan zela diote batzuk.

Bowie eta Deneuve banpiroak dira. Deneuve da banpiro nagusia, egia esan, Bowie bigarren mailako xurgatzaile bat da, Deneuvek bikotetzat harturikoa. Euren biktimen odolari esker jarraitzen dute gazte. Bowiek arazoa du, ordea, erloju biologikoan. Mendeak bizi ondoren, ordularia azkartzen ari zaio eta zahartzen ari da, laster hilko da (banpiroak hiltzen direla esan badaiteke).

Sarandon tximinoen erloju biologikoarekin jolasten dabilen zientzialari bat da. Lortu du tximuen erlojua azkartzea, baina ez daki erlojua gelditzen edo atzeratzen. Jakingo balu, hilezkortasunaren giltza izango luke.

Bowie zientzialariaren laborategira joaten da konponbide bila, baina zorotzat hartzen dute. Itxarongelan aspertzen uzten du Sarandonek.

Esperimentuotan erabilitako tximu baten zahartze eta usteltze prozesua erakusten du guri interesatzen zaigun sekuentziak. Bowie nola zahartzen den ikusten dugu, paraleloki. (Azpian duzuen bideoa ikusteko arazorik baduzue, idatzi mesedez konpon dezadan).

Pelikulan etengabe egiten diote erreferentzia Egiptori eta hango babuino-jainkoei. Deneuve antzinako Egiptotik datorrela iradokitzen dute.

Momiak eta banpiroak hilezkortasun nahiari emaniko erantzunak dira. Ziurrenera, filmaren gidoilariak (edo hobeto esanda, Whitley Strieber oinarrizko liburua egin zuen idazleak) William S. Burroughsen azken hiru eleberrietatik (The place of the dead roads nobelatik batez ere) atera zuen Egiptoren, momifikazioaren eta banpirismoaren inguruko loturaren ideia.

Azpiko irudian, The Hungerreko banpiroek biktimak hiltzeko erabiltzen dituzten laban txikiak. Egiptoko Ankh gurutzearen forma dute, hau da, bizitzaren eta hilezkortasunaren sinboloarena. Litekeena da Ankh sinboloa Kristauen gurutzearen aitzindaria izatea.

Artean eta literaturan behin eta berriz agertzen diren betiko gaiak. The Hunger filmean, pop kulturako azpi genero batean, ditugu tximinoak, gurutzeak, eta hilezkortasunaren promesa. Umberto Ecok arrazoia zuen, ez dago funtsezko diferentziarik goi mailako kulturaren eta kultura herrikoiaren artean, tximino batzuk gorabehera.

Astegunetako tximinoa

Gaurko irudia, The Daily Monkey blogean

Gaurko irudia, The Daily Monkey blogean

Ez gaude bakarrik Tximinoen Planetan.

The Daily Monkey ekimen bitxia da. Egunero tximinoei loturiko irudi eta testu labur bana argitaratzeko helburua du ingelesezko blog honek. Duela bi aste hasi ziren lanean. Eta uste baino zailagoa dela konturatu dira dagoeneko.

Horregatik, asteburuetan atseden hartzea eta tximinoak soilik astegunetan argitaratzea erabaki dute.

Astegunetako tximinoa da, beraz, izen egokia.

Tximino bat egunero, zer garen gogoratzeko.

Gizatiarra, gizatiarregia

banksyblog

Giza eskubideen aldarrikapena zabaldu beharko al da, txinpantzeak ere sartzeko?

Lehengusu iletsuen kausaren defendatzaileek beste argudio bat dute orain. Ameriketako Estatu Batuetako Georgiako Teknologia Institutuko ikertzaileen azterketa genetikoen arabera, txinpantzeak gizakietatik gertuago daude, beste primateengandik baino. Ez da soilik DNA, gizakien zein txinpantzeen erloju biologikoa hurbileko beste espeziena baino askoz geldoagoa dela aurkitu dute. Soojin Yi Ikerketa zuzendu duen zientzialariak iradoki duenez, txinpantzeak homo generoan sailkatu beharko lirateke aurrerantzean.

Soojin elkarrizketatzea otu zait.

Txinpantzearen genoma deskodetu zutela iragarri zuten zientzialariek 2005eko irailaren 1ean. Gizakien genomarekin alderatu zuten orduan, eta biak %96an berdina direla ondorioztatu zuten. Ikertzaileen arabera, «antz handia» dute gizakiek eta txinpantzeek, arratoiek eta saguek beren artean dutena baino hamar aldiz handiagoa. Halere, «desberdintasun genetiko handiak» ere badirela gaineratu zuten.

Beste antzekotasun bat topatu dute orain Georgiako ikertzaileek. DNA aztertu dute espezien erloju genetikoa alderatzeko. Aldaketa genetikoak zein azkar gertatzen diren zehazten du erloju horrek, hau da, espezie baten kode genetikoaren eboluzioaren abiadura. Izan ere, bi espezie bereizten diren puntutik aurrera, aldaketa genetikoak gertatzen dira, baina ez hori bakarrik, bien erloju biologikoek ere abiada desberdina hartzen dute.

«Aurkitu dugunez, txinpantzeen erlojua gizakienetik askoz hurbilago dago, beste tximinoenetik baino», dio Navin Elango ikertzaileak. Izan ere, gizakiak eta txinpantzeak antzeko abiadan eboluzionatu dute, eta gorilak zein orangutanak baino askoz geldoago. Polikien garatu direnak gizakiak dira; edonola ere, txinpantzeak baino %3 polikiago. Txinpantzeen eta gorilen arteko aldea, ordea, %11koa da. Bistan denez, geldotasun horrek belaunaldi berriak sortzeko erritmoarekin du zerikusia, eta burmuinaren tamainarekin, agian. Gero eta burmuin handiago, orduan eta denbora gehiago behar du espezie bateko umeak heltzeko eta hurrengo belaunaldiaren guraso bihurtzeko. Horren ondorioz, denbora epe berean, askoz mutazio genetiko gutxiago dituzte polikiago ugaltzen diren espezieek.

Georgiako zientzialariek aurkitu dutenez, gizakia gizaki egiten duten aldaketa genetikoak aski berriak dira. Duela milioi bat urte baino ez ziren hasi, nahiz eta gizakien eta txinpantzeen arteko banaketa duela 5-7 milioi urte hasi, biologo gehienek uste dutenez.Txinpantzeak (Pan troglodytes) eta bonoboak (pan paniscus) eboluzioaren zuhaitzean non kokatu zalantzan egon da 1775. urtetik, espezieok lehen aldiz sailkatzeko saioa egin zutenean. Gizakiekin zuten antza ikusita, Homo generoan sartu zituzten tximinook, gizakiekin batera. 1816. urterako, ordea, genero bat (Pan) propio asmatu zuten tximuok Homo generotik ateratzeko. Sailkapena arbitrarioa da, azken finean.

Zeelanda Berriko zientzialariek txinpantzeei «eskubideak» ematea eskatu zuten 1999. urtean. Erantzun zietenez, eskubideak emanez gero, kartzela zigorra ere ezarri beharko litzaieke tximino kriminalei. Homo espeziean berriz onartzea tarteko konponbidetzat iradoki dute beste batzuek. Azken finean, familia barneko erabaki politikoak dira.

———————————————————–

SOOJINYI

“Gizakia eta txinpantzea ez balira, genero berean jarriko lituzkete bi espezieak”

Soojin Yi Georgiako (AEB) Teknologia Institutuko biologia irakaslea da. Txinpantzeen eta gizakien eboluzioaren abiadaren inguruko ikerketa zuzendu du.

Txinpantzeak eta bonoboak Homo generoan sartu beharko lituzkete berriz, gizakiekin batera, ala gizakiak Pan generora pasa?

(Barre) Datu asko dauden daude esateko gizakiak eta txinpantzeak oso gertukoak direla. Beste espezie batzuei buruz ariko bagina, genero berean egongo lirateke, ez bi generotan banandurik.

Zergatik aztertu duzue bereziki tximinoen erloju biologikoa?

Luze bizi den espezie bat denbora gutxi bizi den beste batekin parekatzen baduzu, diferentzia handiak aurkitzen dituzu haien erloju molekularretan. Gizakiak beste tximinoak halako bi bizi daitezke, eta denbora gehiago behar dute sexu heldutasunera heltzeko. Beraz, diferentzia handia egon beharko luke haien erlojuen artean. Hori hala ote den ikusi nahi genuen. Gure ikerketak erakutsi duenez, ez da hala gertatzen. Oso alde txikia dago erlojuetan. Horrek zera esan nahi du: denbora luzez tximinoek bezalako bizitza denborak genituen, eta soilik berriki hasi gara umeak askoz beranduago egiten, esaterako. Egun 20 urte inguru da, batez bestekoa, gizakiena, eta tximinoena 15 urte ingurukoa da. Gizakien eta tximinoen arteko diferentziaren gakoa erloju honen abiadan egongo dela uste dut, oso ondo azaltzen duelako gizakien eta txinpantzeen arteko aldea.

Zenbatekoa da aldea, belaunaldi berria sortzeko denboran?

Egun 20 urte ingurukoa da, batez bestean, gizakien belaunaldi-epea, baina duela 100 urte askoz goizago izaten genituen haurrak. Tximinoena 15 urte ingurukoa da. Egia esateko, zoologikoetako informazioa baino ez dugu, eta ez dakigu ondo oihanean zer gertatzen den. Gure ikerketa zabaldu baino lehen tximino guztiak antzeko belaunaldi-epeak zituztela uste zen. Baina guk erakutsi dugu, txinpantzeek orangutanek eta gorilek baino epe luzeagoa dutela. Oraindik ez dakigu zerk eragiten du erloju molekularraren abiada, baina nik uste dut belaunaldi-epe hau izan daitekeela eragile nagusia, oso ondo azaltzen duelako gizakien eta txinpantzeen arteko aldea.

Zelako eragina du belaunaldi-epe desberdina izateak DNAn?

Belaunaldi batetik bestera mutazioak gertatzen dira DNAn. Espezie batek haurrak gazteago baditu, belaunaldi gehiago gertatzen dira epe berean, eta ondorioz, mutazio gehiago. Zenbat mutazio dauden ikusita, espeziearen belaunaldi-epea nolakoa izan den ondoriozta dezakezu. Hori egin dugu guk. Gizakiok mutazio gutxiago dugu, belaunaldi-epe luzeagoa izan dugulako.

Gizakien eta txinpantzeen eboluzioa geldoagoa bada, zergatik uste dute batzuk orduan beste primateak baino “garatuago” daudela?

DNAn funtziorik gabeko mutazioak aztertu ditugu guk, soilik abiada ikusteko; hau da, denbora batean zenbat mutazio gertatu diren. Mintzamenaren DNA aztertuta, ordea, ziur naiz mutazio eraginkor gehiago egongo direla gizakienean.

Belaunaldi-epe luzeagoa dugu burmuin handiak ditugulako, ala kontrakoa da?

Ez dut uste belaunaldi-epeak burmuin handiagoak izatea eragin zuela, edo halakorik. Bi gauzak lotuta daude edonola ere, baina beste gauza batzuk eragin dituzte aldaketok.

Txinpantzeen eta gizakien arteko ahaidetasuna ikusita, eskubide bereziak aitortu beharko zitzaizkiela uste duzu?

(Barre) Giza eskubideak gizaki guztiei ematea erabaki aurretik eztabaida luzeak egon ziren horren inguruan. Nortasuna edo pertsonalitatea izatea soilik gizakien kontua zela uste izan da denbora luzean. Baina azken ikerketek erakutsi dute animaliek ere badutela nortasuna edo horren baliokideren bat.

Mapa ez da paradisua

Nork behar ditu Googlen sateliteen bidezko mapak?

Aurreko batean kontatu nuen Erremelluri ez zetorrela mapetan, Paradisua bezala. Denbora luze eman dut udaberriko txangoaren nondik-norakoak ilustratzeko mapa egoki baten bila. Alperrik. Googlen satelite bidezko mapek hiri handien inguruan dute soilik behar bezalako definizioa, dirua usaintzen duten tokian, alegia.

Eta, hara non, Juanmak mapa polit hau egin digun. (Eskerrik asko Juanma, ez du preziorik). Lehen eskukoa da gainera. Memoriaz eta di-da egin du marrazkia Juanmak. Izan ere, txikitan oporrak Bastidan igarotzen zituen, eta bazterrak bere zapatak bezain ongi ezagutzen ditu.

Nabarmentzekoa da mapa perspektiban marraztu duela, ez eta plano huts moduan. Begiak Toloño mendira altxatu ditu oroimenaren esploratzaileak.

BASTIDAN IZAN NAHI NUKE

  • “Kristo” muinoaren magalean /
    lautada zabalean
    /
    *Ebro ibaia eta Toloño /
    mendiaren artean… /
    Galsoro, olibondo eta mahasti /
    denetatik badu aski /
    Bastida xahar eder maitea /
    benetan ez dago gaizki!* /

Mapaz gain, ingurune horri eskainiriko poema bat bidali dit Juanmak. Hona osorik:

  • O, Bastidan izan nahi nuke /
    Bastidan izan nahi nuke
  • Ttiki-ttikitatik zugana bildu /
    zure deia ez da ixildu /
    zenbat une eder, zenbat oroitzapen
    … /
    zurekin naiz maitemindu /
    “Castrijo” haitza, Larrazuria /
    San Gines, Santa Luzia /
    uda sargoritsuan freskagarri /
    izaten da, bai euria!
    /
  • O, Bastidan izan nahi nuke /
    Bastidan izan nahi nuke
  • Zurekin ametsak ditut Bastida /
    bihotza bor-bor ari da /
    aske sentitu naiz ikusiaz /
    gau izartsuen dizdira
    … /
    Mendigurina, Mairua(re)n gaztelua /
    mugarik gabe zerua
    … /
    Erremelluri, Mota, Olmo auzuak /
    zein gogorra den negua!
    /
  • O, Bastidan izan nahi nuke /
    Bastidan izan nahi nuke
  • Urtero-urtero ez dizut hutsegin /
    aurkitu baitut mila atsegin /
    bihotzean sakon erroturik /
    eramaten zaitut nerekin
    … /
    *Zure paisaiak dituen bazterrak /
    jendearen gatz ta piperra /
    Toloño(re)n erakargarritasuna /
    zure ardoa bezain ederrak!* /
  • O, Bastidan izan nahi nuke /
    O, Bastidan izan nahi nuke
    /

    (1996-VI-19)

  • Bastida, Bastida /
    nere bihotzean /
    betiko bizi da
    /
    Arabar Errioxa: /
    bihotzean /
    ematen didazu poxa

Eskerrak Spectrum proto PCaren belaunaldikooi oraindik lagun analogiko bakan batzuk geratzen zaizkigula. (Gurasoek ez ziguten inoiz erosi Spectruma, Itoizko abeslariari tren elektriko hura erosi ez zioten bezala)

Datozen asteotan saiatuko naiz txango osoaren mapa osatzen joaten. Saiatuko naiz Tagzania erabiltzen mapan informazio gehiago jartzeko. Nola erabiltzen den ulertu beharko dut lehenbizi. Analogikoa is beautiful.

Jainkoaren tximinoak

KONGO1

Picasso homo sapiensa eta Congo txinpantzea buruz buru. Ziurrenera, XX. Mendeko artistarik garrantzitsuenak dira, biak ala biak. Laranjak eta sagarrak nahasten? Ez, artistak eta tximuak txanpon bereko bi aldeak dira. Baina, nork imitatzen du nor?

Congo

Congo albiste izan zen 2005eko maiatzean. Lehen aldiz artearen negozioaren historian, tximino baten margoak saldu zituzten enkante etxe batean. Renoirren eta Andy Warholen lanekin batera eskaini zituen Londresko Bonhams etxeak. Aurreikusi baino 20 aldiz garestiago saldu ziren lanok. 25.600 dolar ordaindu zituen Howard Hong estatubatuarrak. Bere burua “margo garaikidearen zale amorratu” gisa deskribatu zuen Hongek. Congoren lanak “gizateriaren eboluzio osoa” errepresentatzen duela gaineratu zuen.

pnga_erakutsi 3.pl

Congo 1954. urtean jaio zen eta 1950ko hamarkadan egin zituen lanok (horietako bat goiko irudian). Londresko zoologikoko izarra zen tximinoa, batez ere Desmond Morris zoologo eta antropologoaren ( Tximu biluzia
liburuaren egilea, beheko irudian, Congo besoetan duela) telebista saioan agertzen hasi zenetik. Denera 400 marrazki eta margo egin zituen bi urte zituenetik lau urtera arte. Morrisek Congoren lanen erakusketa antolatu zuen 1957an, eta eskandalua eragin zuen arte munduan. Artearen esan nahiaren inguruko sekulako eztabaida sortu zen. Arte kritikoak eskandalizaturik zeuden.

Bazuten kezkatuta egoteko arrazoirik. Jackson Pollock eta espresionismo abstraktua modan jarri baitzuten orduan, surrealismo zaharkituari txanda hartzeko artearen zirkuan. Congoren margoen eta Pollocken lanek duten antza harrigarria zen. Azpian bi irudi, bat Pollockena, bestea Congorena. Artean adituek esango dute zein den norena, zalantzarik gabe. Baina, profanoek?

lmc80105111427.hmedium

Are harrigarriagoa da Pollock beraren itxura simieskoa.

Eta zeresanik ez, haren margotzeko era.

(Hemen
klika daiteke, Pollock lanean ikusteko, eta entzuteko)

Salvador Dali liluraturik zegoen Congoren koadroekin eta fin ibili zen Pollockekiko antza ikusten. Zera esan zuen: “Txinpantzearen eskua ia gizatiarra da; Jackson Pollocken eskua erabat animalia da”.

Kongo eta Pollock bezala margotzea zer den probatu nahi baduzu, klikatu hemen eta tximino artistarena egin Miltos Manetasek sorturiko imitagailuarekin.

Picassok Congoren koadro bat erosi zuen. Mirok bere bi lan eman zituen txinpantzearen margo baten truke.

Tuberkulosiak hil zuen Congo 1964. urtean, 10 urte zituela.

Asuka

Asuka hiru urteko txinpantzea da, eta Tokioko (Japonia) Izu Shaboten parkean bizi da. Iazko irailetik urrira arte Asukaren lanen erakusketa antolatu zuen Tokioko galeria batek. Bi urte eta erdi zituenean, margotzeko tresnak eman zizkioten Asukari, lehen aldiz. Zaintzaileak harriturik zeuden, tximuak koadroak orekaz konposatzeko zuen trebeziarekin.

Goiko irudian, Asukaren “Tomate Baratza” lana. Iazko martxoan hasi zen serio margotzen, eta geroztik ehun bat lan egin ditu. Kolore argiak gustuko ditu, eta ez du inoiz beltza erabiltzen, inpresionista ortodoxoen tradizioari jarraiki. Orduak pasatzen ditu oihalen aurrean, eta ez du inoiz bere burua kopiatzen. Hori oso giza-artista gutxik esan dezakete.

Koko

San Franciscoko zoologikoko gorila emea da Koko (hiru “koko” esaldi berean, hau marka!). Haren berri Markos Zapiain filosofoari esker dut. Bere blogean kontatzen du Markosek Kokoren nondik norakoak, baita haren inguruan sorturiko lan gatazka.

Komunikatzeko trebezia harrigarria izateaz gain (gormutuen hizkerako mila zeinu inguru dakizki, eta Interneten bidez txateatzen du) argazkiak egiten eta margotzen jarduten du Kokok.

Giza emakumeen titien inguruko obsesio fetixista dauka, Markosek kontatzen duenez. Egun 33 urte ditu (Kokok, ez Markosek).

“Naturaren tximinoak” eta “Jainkoaren tximinoak”, hona Errenazimenduan “artistak” esateko erabiltzen ziren esamoldeak, Fritz Mendax artearen eta faltsukeriaren historialariaren arabera. Tximinoekin konparatzea ez zuten irain gisa hartzen orduan, tximinoen ezaugarriak izatea dohain berezi eta preziatutzat zutelako. Artistek halako dohain zutela iruditzen zitzaien, azken finean, artisten lana imitazioaren artea zela uste zutelako. Mendaxek dioenez, artista bati “Naturaren tximino” esaten ziotenean, dohain bereziak zituela esan nahi zutenen. “Jainkoaren tximino” esamoldea, berriz, artearen gailurrera heldutako artistarentzat uzten zuten.

Tximu artistak, artistak tximu

XX. menderako, ordea, erabat bestela interpretatzen zen artisten eta tximinoen arteko antza. Konparaketa artistak iraintzeko erabili zituen, esaterako, Francis Picabiak . Aita kubatarra zuen artista frantsesa (Paris 1879-1953) Zuricheko eta Parisko dadaistekin ibili zen. “Tableau Dada” deituriko koadroan, artearen jainkoen heriotza iragarri zuen. Tximino panpina bat jarri zuen Picabiak irudiaren erdian. Inguruan, honakoa idatzi zuen: Cezanneren erretratua, Renoirren erretratua, Rembrandten erretratua…

PIKABIA

Artista edo ez artista, azken finean, tximinoak gu guztion erretratua dira.

Idoia eta tximinoak

Harrituta nago oraindik Idoia idazle eta argazkilari trebeak Indiatik ekarri didan opariarekin. Sekulako argazki-erreportaia egin du Hanuman eta tximino sakratuen gurtzaren inguruan, Kixmi blogarentzat.

Erabat bizirik dagoen tradizio baten erretratua dira irudiok. Hanuman bizirik dago, tximino jainko haragiztatuek eta Indiako hainbat hiriko milioika biztanleek plater beretik jaten dute egunero.

Ikusi bestela… Hona Idoiaren txostena:

Indiara joatekoa ginela eta, enkargutxo batekin etorri zitzaidan Eli, ea Hanumanen irudi bat ekarriko nion handik. Hanuman? Entzun gabe neukan nik tximu-jainkoaren berririk.

Tximu Eroen erresuman

  • Noian zonan ez dakitt halakoik egongo dan, baina, bestela, ekarriko dotsut.

Ez genuen luzaz bila jardun beharrik izan: iritsi bezain pronto, Hanumanen omenezko tenpluak ikusten hasi ginen, han eta hemen: Delhin, Varanasin, Bundin, Pushkarren, Jaipurren. Eta tximuak ere bai, nonnahi: hoteleko balkoian, adibidez.

Bi tximu mota daude: aurpegi beltza dutenak oso lasaiak dira, baketsuak; aurpegi eta ipurdi gorrikoek, ordea, jenio bizia dute, eta haserre aurpegia. “Tximu eroak”:http://www.travelintelligence.com/wsd/articles/art_754.html ere deitzen diete.

Laztangurenentzat atera nituen argazkiak, azalpenekin:

Tximuen Tenpluko bi irudi, hasteko.

Varanasi

Ohituta egon beharko lukete, tximua guretzat katua bezala delako indiarrentzat, baina argazkiko neskatoak izu aurpegiarekin begiratzen zion tximu mutur-gorriari. Tximuak aurrera egiten zuen bakoitzean, berak atzera, beldurtuta. Egingo zion zerbait!

Bizikleta-rickshaw (taxi) gidari bat. Varanasi kanpoaldera joan nahi genuen, 10 kilometrora zegoen toki batera (Saarna), eta berak eramango gintuela esan zigun. Guk ezetz, motorickshaw bat hartuko genuela, bidea luzea zela eta. Baina ez zegoen amore emateko. Haize zizpuru bat bezalakoa eta ez oso gaztea izan arren, indartsua zela zioen. Bekokian margotuta zituen marrak erakutsi zizkigun, irribarrez: “Hanuman! Strong!”. Tximu-jainkoak ematen ei zion indarra. Berarekin joan ginen, eta bide erdi bizikletatik jaitsita egin zuen, bultzaka. Baina ez genuen barre gutxi egin, bozinarik ez zuenez ahoarekin ateratzen baitzituen hotsak. Elementu ederra!

Ume talde bat, Hanumaren tenplu baten aurrean. Hasieran bi haur ziren, baina argazki makina ateratzea Doneteak ateratzea bezala da!

Bundi

Hori tximu pila! Bai, hori pentsatu genuen guk ere. Aurpegi beltzekoak zirelako gerturatu ginen. Eta lasai-lasai jarraitu zuten, gu han ez bageunde bezala. Besteak izanez gero… igual kulerotan etxera!

Eserita, elkarri zorriak kentzen…

Tximu txikia izan zen asaldatu zen bakarra. Jakin-minez etorri zen guregana.

Egun berean, tximu muturgorriak ere ikusi genituen, Bundiko beste toki batean:

Tenplu baten aurrean zeuden, han jaten ematen zietelako. Tenplu horretako estatua gurtua, berriz, hurrengoa da. Ez du tximua ere ematen, baina tira!

Aurrerago beste tenplu bat zegoen, eta bertako zaindaria ere irten zen, gure bisitarekin harrituta. Egia esan, gautzen ari zuen, eta seguruenez lotan harrapatuko genuen.

Honek ere txerri itxura handiagoa du tximuarena baino, ala?

Pushkar hiri sakratua da, erromes askoren topagunea. Tximuak lasai asko esertzen dira haiekin.

Pushkar

Mutiko bat hanuman jainkoz jantzita.Rupia batzuk eskatu zizkigun argazkiaren truke. Gameluen azoka ezaguna zegoen Pushkarren, eta turistei dirua ateratzeko hamaika modu asmatzen dituzte. Baina argazkia polita da, ezta?

Jaipurreko Tximuen Tenplua muino baten gainean dago. Gu ginen turista bakarrak. Aldapa luzearen alde banatan, tximuentzat kakauesak saltzen zituzten emakume eta haurrek, zikin-zikin.

Jaipur

Ilara luzea zegoen tenpluko gizon santuarekin egoteko, zinemako leihatilan baleude bezalaxe. Ur “bedeinkatua” ematen zien erromesei.

Eta gustura asko edaten zuten.

Erritualak ere egiten zituzten, suarekin.

Jaipurreko tenpluko tximu familia bat.

Eta beste gizon santu bat, ondoan tximu bat duela.

Behiak ere hantxe zebiltzan, noski. Toki guztietan bezalaxe, lasai-lasai.

Jaten eman zieten.

Varanasikoa da irudia. Kali da, suntsipenaren jainkosa izugarria.Ez da Hanuman, baina interesantia da, ezta?

Idoia

Paradisura!

Udaberrirako plana egin dugu, eta zuetako nahi duenak izango du parte hartzerik. Paradisu Egitasmoa abiatu da, Guinness liburuan sartzen saiatuko gara.

Bidaia egingo dugu Kixmilogiaren leku santuetara. Egun bateko txangoa izango da, printzipioz, eta segun eta zenbat jendek ematen duen izena, autobus, mikrobus edo auto batean (‘sidecar’-rekin, noski) egingo dugu espedizio psikogeografikoa.

Egitaraua

Behin-behineko egitarau bat pentsatu dugu, baina edozein proposamena, aldaketa, gehitzea edo denadelakoa aztertuko dugu. Egitaraua irekia dela, alegia.

1- Jendea jaso, goizean goiz.

2- Erremellurira abiatu (Arabako Errioxako ardotegira).

3- Harrian zulaturiko hilobi erromanikoetan etzan, heriotza eta berpizkunde saio txamaniko laburra egiteko.

4- Berpizturik gaudela, Erremelluriko baselizara joan eta Bixente Ameztoiren Paradisua koadroa zuzenean ikusi.

5- Ardandegia bisitatu, biziaren ardoa dastatu.

Eguerdia

6- Otxate herri abandonatura joan. Giroa usaindu. Ektoplasmak ikusi, psikofoniak entzun, hirugarren faseko harremanak izan estralurtar zein intralurtarrekin.

7- Bazkari pantagruelikoa.

Arratsaldea

8- Paradisu Egitasmoa gauzatu, hau da, paradisugintzako munduko marka hautsi.

9- Etxera itzuli.

Paradisu Egitasmoaren helburua paradisugintzako munduko marka haustea da. Danteren arabera, jatorriko paradisuak zazpi minutu iraun zuen. Adan eta Ebak berehala egin zioten kosk sagarrari jainkoaren begi oroikuslearen aurrean.

Guinness marka?

Beraz, paradisua eraiki behar dugu berriz, eta paradisuari, gutxienez, 7 minutuz eta 01 segundoz eutsi.

Gizaki taldetxo bat bilduko gara, eta bakoitzak gehien maite duena egingo du. Demagun niretzat paradisua sardina ogitarteko bat jatea dela, Eros Ramazzotiren kanta hura entzuten dudan bitartean. Demagun niretzat paradisua Peru edo Marirekin (edo biekin) zirri egitea dela. Demagun Krimen Uriberen olerki bat ispiluaren aurrean irakurtzea dela. Demagun… Zenbat buru, hainbat “demagun” egongo da, jakina.

Nola osatu paradisua?

Norberak desio-objektu, ekintza edo pertsona hori ekarri beharko du.

Kutxazain automatiko batean egingo genuke saioa. “Paradisu” hitza farsi hizkuntzatik (Iranen egiten dena) dator, eta “lorategi itxia” esan nahi du. Leku itxia behar du izan, beraz. Horrez gain, Jainkoaren begiaren azpian egin behar dugu paradisua, eta kutxazainetan beti dago kamara bat, une oro piztuta, gizakiak zaintzen.

Non osatu paradisua?

Zerrenda bat ireki dugu blog honetan, eta jendeak txangorako izena hemen eman dezake edo sarrera honi erantzun. Paradisua osatzeko zer ekarri edo egingo duen esan ahalko duzu, edo sekretupean gorde. Masa kritikoa lortzen dugunean abiatuko gara, udaberri aldera edo.

Antolaketa

Paradisura goaz! Telebista ikusten geratuko al zara?

Izenak heldu ahal jarriko ditut, eta, aldamenean, bidaliriko mezu edo iruzkina.

Zerrenda

  1. MAIALEN (“Paradisura joan nahi dut”)
  2. OIER (“Paradisua, Magical Mistery Tour bat da; datorrena… datorrela”)
  3. IZARNE (“Paradishurantz mikrobuseez? UFO? Iufa! Banua!”)
  4. ARANTXI, AITOR, UNAX eta LIZAR (“Gure furgonetan joango gara, hurbil bizi gara eta”)