Gizartea ala hil

Hominidoen eboluzioan ez da dena sexua eta indarkeria. Ordenagailuen bidez eginiko azken simulazioek erakusten dute elkarlanak gizaki modernoaren arbasoen arrakastan izan zuen garrantzia. Izan ere, hominidoak ehiztari nagusi baino gehiago harrapakinak ziren mundu arriskutsuan. Elkarlanaren garrantzia argi uzten du Australopithecus eta Paranthropus familien parabolak.

Indianako Notre Dame unibertsitateko (AEB) zientzialari talde batek egin du ikerketa. Duela milioi bat urte baino gehiago Australopithecus (goiko irudi kitsch horretan. Marrazkilaria, Giovanni Caselli) eta Paranthropus familietako hominidoak bizi ziren lurrean. Paranthropus-ak (azpian) galdu egin ziren, Australopithecus-ak ez, ordea, eta gizaki modernoa bihurtu arte eboluzionatzen jarraitu zuten. Zergatik, ordea, halako aldea?

Kreazioaren nagusitzat hartuta, gizakia beste animalien ehiztari trebea zela irudikatzeko joera izan du zientziak aspalditik. Azken urteotan, ordea, lehen hominidoen ingurumenari buruzko erretratu sinesgarriagoak plazaratu dituzte zientzialariek. Gizakien arbasoak eta senideak aski txikiak, ahulak eta babesgabeak ziren felido handiz eta hegazti harrapariz beteriko inguru batean. Gizakia harrapakina zen, ezer baino gehiago.

Gizakia, harrapakina

Indianako zientzialariek iradoki dutenez, Paranthropus-ak ehiza horren biktima izan ziren, galdu arte. Australopithecusek eta beste hominidoek, ordea, elkar laguntzen ikasi zuten jan ez zitzaten.Elkarlanak zenbateko abantaila emango zien irudikatzeko programa bat sortu dute zientzialariek, ekologiaren eredu klasikoetan oinarrituta. Ikusi dutenez, elkarlan pixka batek ere izugarrizko abantaila eman ziezaiekeen Australopithecusei, eta ustez elkar laguntzen ez zuten Paranthropusen galtzea eragingo zuen horrek. Harrizko tresnak erabiltzeak frogatzen du, zientzialarion arabera, lehen hominidoek elkar laguntzen zutela. Izan ere, tresnetarako harri egokia aurkitzea ez zen erraza izango, norbaitek taldeari harrobien berri eman ezean. Horren bidez, ingurumena aldatzea lortu zuten gizakiaren arbasoek. Harrapakina izatetik harraparia izatera pasatu zen.

—————————————————————–

«Elkarlana izan zen gizateriaren lehen arrakasta»

Agustin Fuentes (1966, Santa Barbara, Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak) antropologia irakaslea da Indianako (AEB) Notre Dame unibertsitatean. Berak zuzendu du hominidoen elkarkidetzari buruzko ikerketa.

Elkarlanak eragin zuen Australopitecusen arrakasta; zerk eraman zaitu ondorio horretara?

Hiru froga ildok: lehena, fosilak. Lehen hominidoek harraparien biktima zirela erakusten dute. Duela milioi bat urte eta erdi, ordea, gure arbasoak hobeto moldatzen hasi ziren, asko hedatzen eta euren ingurumena gehiago manipulatzen. Bigarrena, tximinoen artean elkarlanak duen garrantzia. Hirugarrena, zoko ekologikoen teoria. Horrek ematen du lehen bi ildoen sintesia. Eboluzioari begiratzeko modu berria da. Horren arabera, organismoak ez dabiltza soilik ingurumenak ezarritako erronkei erantzuten, baizik eta beraiek ere ingurumena eraldatzen. Organismoek eta ingurumena elkarrekin eboluzionatzen dute. Hiru ildo hauek elkartuta, ikusten dugu gure arbasoek ingurumena aldatzea lortu zutela, harrapakin egoera gainditzeko. Horrek eman zien zabaltzeko bidea.

Zergatik erabaki zuten hominido batzuk elkarlanean aritzea?

Paranthropus Bosei hominidoa gure arbasoak bezalakoa zen. Burmuina apur bat txikiagoa zuen, baina eskuak gureak bezalakoak zituen eta gu bezala mugitzen zen. Baina galdu egin zen duela milioi bat urte. Zergatik? Nire ustez, gure arbasoek mehatxuei aurre egiteko aurkitu zuten bide etako bat informazioaren trukatzea izan zen, taldearen barruan eta, behar bada, taldeen artean. Eredu ekologiko sinple bat eraiki dugu honako galderari erantzuteko: talde batek lortzen badu bere zoko ekologikoaren mugak zabaltzea, denborak aurrera joan ahala nola eragingo dio horrek taldeari, eta taldeak ingurumena beste batzuekin partekatzen badu, nola eragingo die horrek besteei? Eredua abiatu dugunean zera ikusi dugu: elkarlana apur bat igotzeak izugarri hobetzen du egoera taldearentzat, eta beste taldeak galbidera eramaten ditu.

Elkarlana horren ona zela ikusita, zergatik ez zuten beste hominidoek gauza bera egin?

Talde batean burmuinaren tamainan hazkuntza txiki bat egon zela uste dugu, eta horrek handitu zuela informazioaren trukaketa. Ez da mintzamena oraindik, baizik eta mintzamenaren aitzindaria. Bidea eman zien horrek gure arbasoei elkar laguntzeko, beste hominidoek edo tximinoek izan ez zuten moduan. Horrek abantaila eman zien beste taldeen aurrean.

Bi eredu egon dira tradizionalki hominidoen eboluzioa azaltzeko: “faxista” eta “hippy”-a, nolabait deitzearren. Lehenaren arabera, hominido batzuek arrakasta izan zuten erasokorragoak zirelako edo arma hobeak asmatu zituztelako. Txinpantzeak dira horren eredua, indarrean oinarrituriko talde iherarkikoak osatzen dituztela diotelako etologoek. Bigarrenaren eredua bonoboak dira, talde barneko auziak sexu harremanen bidez leuntzen dituztenak. Erreferentzia hauek ikusita, non jarri beharko genuke zure teoria?

Bi mutur horiek okerrak direla uste dugu. Sinpleegiak dira. Lehia oso garrantzitsua izan zen baina elkarlana, hobeto lehiatzeko elkarlana ere, izan zen oreka ekologikoa gure arbasoen alde jarri zuena. Mezua ez da, beraz, “egin amodioa eta ez gerra”, edo “egin gerra eta ez amodioa”, baizik eta elkarrekin lan egin ingurumenaren erronkei aurre egiteko.

Zein da, beraz, zuen ikuspegi antropologikoaren irakurketa politikoa, gizakiei begira?

Mezu positiboa da. Eboluzioaren historian zehar arrakasta handiagoa ekarri digu elkar laguntzeak elkar borrokatzeak baino. Gizateriaren lehen arrakasta elkarlanean aritzea izan zen. Izan dadila horrela geroan ere.

Erantzun bat “Gizartea ala hil” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude