Pasioa, James Mollisonen arabera

mollison1

Tximinoak ez omen dira mintzo, baina haien aurpegiek dena kontatzen dute. Argazkiak ez dira mintzo, baina James Mollisonen erretratuak ez dira isiltzen. Bi metroko irudiak zintzilikatu ditu argazkilariak Liverpooleko (Erresuma Batua) World Museum -ean, James and other apes (James eta beste tximino) izenburua duen erakusketan. Afrikan, Asian, Europan eta Amerikan tximinoei eginiko 30 erretratu dira.

  • Begiratu iezadazu aurpegira, begietara, eta esadazu ni ez naizela zu bezalakoa, nik ez dudala sufritzen

Goiko irudikoa Gregoire da, Congoko Errepublikan jaiotako tximpantze arra. Chimek, Bonnyk, Tatangok, Pumbuk eta besteek galdera isil bera egiten diete ikusleei. Bizipen gogorretaz mintzo zaizkigu aurpegiok. Irudietako tximu gehienak umezurtz utzi zituzten gaztetik, eta animalientzako kartzeletan sartu, saldu, barrea eragiteko erabili… Askok buruko gaitzak dituzte, bizipenok eragindakoak. Ikusi nahi duenak horiek guztiak ikusiko ditu aurpegiotan.

Inork gutxik, ordea, utziko du erakusketa aretoa edo itxiko du Mollisonen liburua gauza batetaz ziur egon gabe: argazkiok pertsonen erretratuak dira.

James da goikoa, erakusketako eta liburuko izenburuan aipaturiko txinpantze arra. Martxoaren 26ra arte egongo da irekita erakusketa. Nik ez daukat Liverpoolera joaterik, baina Mollison elkarrizketatu dut eta bere hitzak transkribatu aurretik animazio txiki bat prestatu diot nire buruari.

—————————————————————–

1045244396_1


“Ikusleari erronka botatzeko egin ditut erretratuok”

James Mollison Kenyan (Afrika) jaio zen 1973. urtean. Erresuma Batuan ikasi zuen artea, diseinua eta argazkilaritza dokumentala. 1998. urtetik Venezian (Italia) bizi da. Izan ere, publizitate kanpaina probokatzaileengatik ezaguna den Benetton arropa etxearen argazkilari ofiziala da. Lau urtez, simio handien munduko azken erretserbak bisitatu zituen, Jane Goodall adituaren laguntzarekin. Tximino bakoitzaren nortasuna eta “gizatasuna” erakustea bilatu du, naturaren dokumentalistaren ohiko teleobjektiboa baztertu eta hurbiletik eginiko lehen planoen bitartez.

Langile etorkinen erretratuak egin dituzu Italian, Kosovoko errefuxiatuenak Balkanetan eta gosearen aurpegiarenak Afrikan. Zergatik ekin zenion tximino handiak erretratatzeari? Loturarik al dago aurretik jorraturiko gaiekin?

BBCk primateen inguruan eginiko saio bat ikusten ari nintzela izan nuen ideia. Izan ere, harritu egin ninduen haien aurpegiaren egiturak eta gizakiarenak duen antzarekin. Pasaporterako argazkiak egitea interesgarria izango litzatekeela iruditu zitzaidan. Erretratuek historiak kontatzeko duten balioa interesatzen zait, horrek lotzen du hau iraganean eginiko beste lanekin.

Espezieen arteko enbaxadoretzat duzu zure burua?

Ez, handinahikeria litzateke hori. Baina itxaropena badut, liburuko eta erakusketako tximinoek jendea espezieen arteko harremanetaz pentsatzera gonbidatuko dutela.

Zer ikusten duzu tximuon aurpegietan, eta zer espero duzu jendeak haietan ikustea?

Hiru gai ikutzen dituzte irudiok: Lehena Eboluzioa da. Bistan da gizakiak eta beste animaliak ezberdinak direla, batez ere zizareak eta barraskiloak bezalako animaliekin parekatuta. Simioak, ordea, gizakien eta animalien arteko gune grisa dira. Nire argazkietan gure aurpegiak ikusten ditugu islaturik. Eboluzioaren teoria frogatzen dute, era batean. Interesgarria da ohartaraztea AEBetako lizentziatuen ia laurdenek ez dutela Darwinen teorian sinesten. Bigarren gaia Estintzioa da. Bi kenduta, tximino guztiak umezurtz geratu ziren gurasoak haragiarengatik hil zizkietenean. Denek ikusi zuten euren amak sarraskitzen beraien aurrean. Haien bizileku naturalak suntsitzen ari dira izugarri azkar. Gorilak eta bonoboak datozen hamarkadetan galtzeko arriskua benetakoa da. Hirugarren gaia Nortasuna da. Animaliak genero gisa ikusteko joera izaten dugu, ez banako gisa. Argazkiok bidea ematen dute animaliok zehaztasunez behatzeko. Aurpegi ezberdinak ikusten ditugu, banakoen nortasuna eta izaera ikusten ditugu.

Bi metroko argazkiak dira. Zergatik halako formatu handia?

Aurrez aurre dagoenean, ikusleari erronka bota diezaioten.

Erakusten dituzun simio handiak esplotazio ekonomikoaren biktima izan dira. Zuk multinazional handi batentzat ari zara lanean, publizitatean. Ez al duzu kontraesanik ikusten zure lana eta artearen artean?

Ez. Benettonek simioen inguruko kanpaina egin zuenean 150.000 euro eman zituen, eta gehiena Jane Goodall Institute -ra zein nik bisitaturiko lau babesguneetara joan zen. Benettonek ez zuen horren inguruko berririk zabaldu, kanpainak komunikaziorako duten balioarengatik egiten dituelako. Niretzat garrantzitsua da dirua behar den tokira itzultzea konpainia komertzial bat tartean denean, eta argazkilari bezala primeran iruditzen zait halako dirutza nire argazkien subjektuak laguntzera joatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude