Gizatiarra, gizatiarregia

banksyblog

Giza eskubideen aldarrikapena zabaldu beharko al da, txinpantzeak ere sartzeko?

Lehengusu iletsuen kausaren defendatzaileek beste argudio bat dute orain. Ameriketako Estatu Batuetako Georgiako Teknologia Institutuko ikertzaileen azterketa genetikoen arabera, txinpantzeak gizakietatik gertuago daude, beste primateengandik baino. Ez da soilik DNA, gizakien zein txinpantzeen erloju biologikoa hurbileko beste espeziena baino askoz geldoagoa dela aurkitu dute. Soojin Yi Ikerketa zuzendu duen zientzialariak iradoki duenez, txinpantzeak homo generoan sailkatu beharko lirateke aurrerantzean.

Soojin elkarrizketatzea otu zait.

Txinpantzearen genoma deskodetu zutela iragarri zuten zientzialariek 2005eko irailaren 1ean. Gizakien genomarekin alderatu zuten orduan, eta biak %96an berdina direla ondorioztatu zuten. Ikertzaileen arabera, «antz handia» dute gizakiek eta txinpantzeek, arratoiek eta saguek beren artean dutena baino hamar aldiz handiagoa. Halere, «desberdintasun genetiko handiak» ere badirela gaineratu zuten.

Beste antzekotasun bat topatu dute orain Georgiako ikertzaileek. DNA aztertu dute espezien erloju genetikoa alderatzeko. Aldaketa genetikoak zein azkar gertatzen diren zehazten du erloju horrek, hau da, espezie baten kode genetikoaren eboluzioaren abiadura. Izan ere, bi espezie bereizten diren puntutik aurrera, aldaketa genetikoak gertatzen dira, baina ez hori bakarrik, bien erloju biologikoek ere abiada desberdina hartzen dute.

«Aurkitu dugunez, txinpantzeen erlojua gizakienetik askoz hurbilago dago, beste tximinoenetik baino», dio Navin Elango ikertzaileak. Izan ere, gizakiak eta txinpantzeak antzeko abiadan eboluzionatu dute, eta gorilak zein orangutanak baino askoz geldoago. Polikien garatu direnak gizakiak dira; edonola ere, txinpantzeak baino %3 polikiago. Txinpantzeen eta gorilen arteko aldea, ordea, %11koa da. Bistan denez, geldotasun horrek belaunaldi berriak sortzeko erritmoarekin du zerikusia, eta burmuinaren tamainarekin, agian. Gero eta burmuin handiago, orduan eta denbora gehiago behar du espezie bateko umeak heltzeko eta hurrengo belaunaldiaren guraso bihurtzeko. Horren ondorioz, denbora epe berean, askoz mutazio genetiko gutxiago dituzte polikiago ugaltzen diren espezieek.

Georgiako zientzialariek aurkitu dutenez, gizakia gizaki egiten duten aldaketa genetikoak aski berriak dira. Duela milioi bat urte baino ez ziren hasi, nahiz eta gizakien eta txinpantzeen arteko banaketa duela 5-7 milioi urte hasi, biologo gehienek uste dutenez.Txinpantzeak (Pan troglodytes) eta bonoboak (pan paniscus) eboluzioaren zuhaitzean non kokatu zalantzan egon da 1775. urtetik, espezieok lehen aldiz sailkatzeko saioa egin zutenean. Gizakiekin zuten antza ikusita, Homo generoan sartu zituzten tximinook, gizakiekin batera. 1816. urterako, ordea, genero bat (Pan) propio asmatu zuten tximuok Homo generotik ateratzeko. Sailkapena arbitrarioa da, azken finean.

Zeelanda Berriko zientzialariek txinpantzeei «eskubideak» ematea eskatu zuten 1999. urtean. Erantzun zietenez, eskubideak emanez gero, kartzela zigorra ere ezarri beharko litzaieke tximino kriminalei. Homo espeziean berriz onartzea tarteko konponbidetzat iradoki dute beste batzuek. Azken finean, familia barneko erabaki politikoak dira.

———————————————————–

SOOJINYI

“Gizakia eta txinpantzea ez balira, genero berean jarriko lituzkete bi espezieak”

Soojin Yi Georgiako (AEB) Teknologia Institutuko biologia irakaslea da. Txinpantzeen eta gizakien eboluzioaren abiadaren inguruko ikerketa zuzendu du.

Txinpantzeak eta bonoboak Homo generoan sartu beharko lituzkete berriz, gizakiekin batera, ala gizakiak Pan generora pasa?

(Barre) Datu asko dauden daude esateko gizakiak eta txinpantzeak oso gertukoak direla. Beste espezie batzuei buruz ariko bagina, genero berean egongo lirateke, ez bi generotan banandurik.

Zergatik aztertu duzue bereziki tximinoen erloju biologikoa?

Luze bizi den espezie bat denbora gutxi bizi den beste batekin parekatzen baduzu, diferentzia handiak aurkitzen dituzu haien erloju molekularretan. Gizakiak beste tximinoak halako bi bizi daitezke, eta denbora gehiago behar dute sexu heldutasunera heltzeko. Beraz, diferentzia handia egon beharko luke haien erlojuen artean. Hori hala ote den ikusi nahi genuen. Gure ikerketak erakutsi duenez, ez da hala gertatzen. Oso alde txikia dago erlojuetan. Horrek zera esan nahi du: denbora luzez tximinoek bezalako bizitza denborak genituen, eta soilik berriki hasi gara umeak askoz beranduago egiten, esaterako. Egun 20 urte inguru da, batez bestekoa, gizakiena, eta tximinoena 15 urte ingurukoa da. Gizakien eta tximinoen arteko diferentziaren gakoa erloju honen abiadan egongo dela uste dut, oso ondo azaltzen duelako gizakien eta txinpantzeen arteko aldea.

Zenbatekoa da aldea, belaunaldi berria sortzeko denboran?

Egun 20 urte ingurukoa da, batez bestean, gizakien belaunaldi-epea, baina duela 100 urte askoz goizago izaten genituen haurrak. Tximinoena 15 urte ingurukoa da. Egia esateko, zoologikoetako informazioa baino ez dugu, eta ez dakigu ondo oihanean zer gertatzen den. Gure ikerketa zabaldu baino lehen tximino guztiak antzeko belaunaldi-epeak zituztela uste zen. Baina guk erakutsi dugu, txinpantzeek orangutanek eta gorilek baino epe luzeagoa dutela. Oraindik ez dakigu zerk eragiten du erloju molekularraren abiada, baina nik uste dut belaunaldi-epe hau izan daitekeela eragile nagusia, oso ondo azaltzen duelako gizakien eta txinpantzeen arteko aldea.

Zelako eragina du belaunaldi-epe desberdina izateak DNAn?

Belaunaldi batetik bestera mutazioak gertatzen dira DNAn. Espezie batek haurrak gazteago baditu, belaunaldi gehiago gertatzen dira epe berean, eta ondorioz, mutazio gehiago. Zenbat mutazio dauden ikusita, espeziearen belaunaldi-epea nolakoa izan den ondoriozta dezakezu. Hori egin dugu guk. Gizakiok mutazio gutxiago dugu, belaunaldi-epe luzeagoa izan dugulako.

Gizakien eta txinpantzeen eboluzioa geldoagoa bada, zergatik uste dute batzuk orduan beste primateak baino “garatuago” daudela?

DNAn funtziorik gabeko mutazioak aztertu ditugu guk, soilik abiada ikusteko; hau da, denbora batean zenbat mutazio gertatu diren. Mintzamenaren DNA aztertuta, ordea, ziur naiz mutazio eraginkor gehiago egongo direla gizakienean.

Belaunaldi-epe luzeagoa dugu burmuin handiak ditugulako, ala kontrakoa da?

Ez dut uste belaunaldi-epeak burmuin handiagoak izatea eragin zuela, edo halakorik. Bi gauzak lotuta daude edonola ere, baina beste gauza batzuk eragin dituzte aldaketok.

Txinpantzeen eta gizakien arteko ahaidetasuna ikusita, eskubide bereziak aitortu beharko zitzaizkiela uste duzu?

(Barre) Giza eskubideak gizaki guztiei ematea erabaki aurretik eztabaida luzeak egon ziren horren inguruan. Nortasuna edo pertsonalitatea izatea soilik gizakien kontua zela uste izan da denbora luzean. Baina azken ikerketek erakutsi dute animaliek ere badutela nortasuna edo horren baliokideren bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude