David Bowieren erloju biologikoa

Banpiro pelikula batean aurkitu ditut erloju biologikoaren gaia ilustratzeko irudiak, KIXMI blogarentzat propio egindakoak dirudite.

Gizakien eta tximinoen erloju biologikoaren inguruko azalpenak eman zituen Hego Koreako zientzialari batek Gizatiarra Gizatiarregia sarreran. Gizakiaren zein txinpantzearen erloju biologikoa hurbileko beste espeziena baino askoz geldoagoa dela aurkitu du Soojin Yi biologoak. Horren ondorioz, txinpantzea gizakiarekin batera Homo generoan sartu beharko luketela esaten zuen Soojinek.

Espezie batek sexu heldutasunera heltzeko zenbat urte behar dituen, eta, azken finean, zenbat urte bizi daitekeen markatzen du erloju biologikoak.

The Hunger 1983. urteko filmean (El Ansia jarri zioten gazteleraz, El Hambre zuzenagoa litzateke) hilezkortasunaren gaia jorratzen du David Bowie, Catherine Deneuve eta Susan Sarandon hirukoteak. Ez da pelikula borobila, baina fina eta originala da bere generorako. Horrez gain, emakumeen arteko amodioa ikuspegi elegante batez (Lesbianismo chic, esan diote) jorratu zuen lehen film komertziala izan zela diote batzuk.

Bowie eta Deneuve banpiroak dira. Deneuve da banpiro nagusia, egia esan, Bowie bigarren mailako xurgatzaile bat da, Deneuvek bikotetzat harturikoa. Euren biktimen odolari esker jarraitzen dute gazte. Bowiek arazoa du, ordea, erloju biologikoan. Mendeak bizi ondoren, ordularia azkartzen ari zaio eta zahartzen ari da, laster hilko da (banpiroak hiltzen direla esan badaiteke).

Sarandon tximinoen erloju biologikoarekin jolasten dabilen zientzialari bat da. Lortu du tximuen erlojua azkartzea, baina ez daki erlojua gelditzen edo atzeratzen. Jakingo balu, hilezkortasunaren giltza izango luke.

Bowie zientzialariaren laborategira joaten da konponbide bila, baina zorotzat hartzen dute. Itxarongelan aspertzen uzten du Sarandonek.

Esperimentuotan erabilitako tximu baten zahartze eta usteltze prozesua erakusten du guri interesatzen zaigun sekuentziak. Bowie nola zahartzen den ikusten dugu, paraleloki. (Azpian duzuen bideoa ikusteko arazorik baduzue, idatzi mesedez konpon dezadan).

Pelikulan etengabe egiten diote erreferentzia Egiptori eta hango babuino-jainkoei. Deneuve antzinako Egiptotik datorrela iradokitzen dute.

Momiak eta banpiroak hilezkortasun nahiari emaniko erantzunak dira. Ziurrenera, filmaren gidoilariak (edo hobeto esanda, Whitley Strieber oinarrizko liburua egin zuen idazleak) William S. Burroughsen azken hiru eleberrietatik (The place of the dead roads nobelatik batez ere) atera zuen Egiptoren, momifikazioaren eta banpirismoaren inguruko loturaren ideia.

Azpiko irudian, The Hungerreko banpiroek biktimak hiltzeko erabiltzen dituzten laban txikiak. Egiptoko Ankh gurutzearen forma dute, hau da, bizitzaren eta hilezkortasunaren sinboloarena. Litekeena da Ankh sinboloa Kristauen gurutzearen aitzindaria izatea.

Artean eta literaturan behin eta berriz agertzen diren betiko gaiak. The Hunger filmean, pop kulturako azpi genero batean, ditugu tximinoak, gurutzeak, eta hilezkortasunaren promesa. Umberto Ecok arrazoia zuen, ez dago funtsezko diferentziarik goi mailako kulturaren eta kultura herrikoiaren artean, tximino batzuk gorabehera.

Erantzun bat “David Bowieren erloju biologikoa” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude