Etiketaren artxiboa: espainia

Tipula salda

Amerikako Estatu
Batuetako hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik ez edukitzeak, kanpaina
urrutitik ikusteko parada ematen du.
Hautagaiak izan gizon ala emakume, zuri
ala beltz, demokrata ala errepublikar pelikula baten gidoian bezala ageri zaizkigu.
Mitinak, zerutik behera datozen puxika edota koloretako papertxoak, hizlarien  keinukera, jendea txaloka eta “we can”
famatuak eskaleta, atrezzo eta gidoiko lerroan idatzitakoak dirudite.
 Espektakuluaren
izenean onargarriak, baina bere horretan hutsalak.

Frantziako eta Espainiako
hauteskundeen inguruan antolatutako lehia mediatikoa ere ikuspegi hotz beraz
hartzen ari naiz, aurtengoan. Tipula efektua sumatzen dut han eta hemen: azaletik
hasi eta barruko geruzak kendu, bata bestearen atzetik, eta mamirik ez duela.

Ikuspegi
hortatik, kamera bati begira antolatutako ekitaldiak, argazkietarako irribarreak,
etxean jasotzen ditugun panfletoak, telebistako eztabaidak, peajeko
elkarrizketak eta abarrak,  negarra eta
asperdura bitarteko zerbait eragiten didate, tipulekin bezala.

Con Cuatro…cojones

Urriaren 12an, Hispanitatearen  Egunean,  espainiar legionariak futbolari buruz hitzegiten aritu ziren telebistan. Albistegiari heldu nioenerako paseak ziren politikaren gaineko informazioak eta, imaginatzekoa denez, tankeak Madrilgo kaleetatik, agintari zibil eta militarrez beteriko palkoa, eta  Legioaren ahuntza. Eta buru guztien gainetik, gorriz  eta laruz zerua tindatzen zuten abioien keak. Oilo ipurdia jartzeko modukoa.

Baina esandakoa, albistegian espainiako futbol selekzioari buruz berba
egiteko aukeratuak legioko gizonak izan ziren (nahita jarria da “aukeratuak” eta “gizonak”).
Diskurtsoa, aluzinantea,
sinistu iezadazue, barrabil kontua gora eta behera. Alkandora berdez,
paparra bistan, futbola eta ejerzitoa parametro berdinetan  mugitzen
direla argudiatuz, legionarioak koxkobiloak sakralizatzen. Beste
argudiorik ez: ohorea, egurra eta etsaia  sutsitzea ziren erabilitakoak.

Ez dut  aspaldian  esaldi berean horrenbeste “cojones” hitza entzun.

Espainiako futbol selekzioari buruz berba  egiten…berba ez, aginduak ematen, legionariak. Zelako  parea: selekzioa eta legioa.

Baina,
erabat aho zabalik utzi ninduena izan zen konturatzea Cuatro kanala zela halako
diskurtso patrioteroa, garaiz kanpokoa  eta matxokeriz betea ematen zebilena.