Legeak eta logoak

Kataluniako irrati-telebista
autonomikoaren legea berritzeko eztabaidetan hasiak dira bertako
legebiltzarrean. Urtarriletik hona ugari dira egin dituzten tramiteak:
ponentziarako jendea izendatu, eztabaidei ekin, testua idatzi, konparezentzien
egitaraua erabaki eta abar. Luze jo du gaiak eta ematen duenez  hala egingo du hemendik aurrera ere.

Desadostasun ugari
azaleratu omen dira Kataluniako legebiltzarrean, guzti-guztiek garrantzi
handikotzat duten lege berriaren tramitazioan.

Orain artekotik, eta
legearen muinean sartu barik, atentzioa deitu didan azalekoa dirudien elementu
bat izen aldaketarena da. Lege berriaren eskutik, hango EITBk Corporació
Catalana de Mitjans Audiovisuals izena hartuko du. Eta ez da txantxetako
aldaketa. Izan ere, dagoeneko, “irrati-telebista” etiketak bere zereginaren
zati bat besterik ez du bere baitan hartzen. Aspaldi irratiaren eta
telebistaren mugak zabaltzen hasiak ziren eta zaila zen, zaila da, internetek
eta teknologia  berriek ahalbidetzen
dituen ikus-entzunezko zerbitzu eta ikuspegi berriak izendatzea.

Gurean ere, deitura
aldaketetan sartu aurretik ere, irrati-telebistagintzaren inguruko eztabaida
sakon baten beharrean gaudela dirudi. Katalunian ez bezala, hemen
ikus-entzunezko zerbitzu publikoaren eta, berez,  kultur industria honen zutabe nagusienak
jarri gabe ditugu.

EAEn, Ikus-entzunezko
Legearena bideratu gabe dago. Gainera, Nafarroan, Katalunian edo Estatu
frantziarrean
ez bezala Ikus-entzunezko Kontseilurik ez daukagu. Eta
orokorrean, ikus-entzunezkoaren egitura osoaren definizioa egin gabe dago,
itxura guztien arabera.

Horregatik, Gasteizko
legebiltzarrean, EITBren legearen artikuluren batzuk gaurkotu  behar zirela esatetik, lege osoa aldatu gura
izatera egin dute salto, berri pozgarria da. Baina, aukera hori aprobetxa
daiteke haratago joateko, eta ikus-entzunezkoen inguruko hausnarketa sakona
egiteko.

Dagoenaren kudeaketa eta
bideragarritasun planak egitea baino komenigarriagoa iruditzen zait
etorkizunean nahi denaren diseinua egiten hastea. EITBri izena aldatzea baino,
interesgarriagoa iruditzen zait kultur-industria honen oinarriak, egoera eta
geroa eztabaidatzen hastea.

Ezinezkoa da beste 25
urterako irrati-telebista publikoa arautuko duen lege bat onartzea, ate joka
ditugun berrikuntza teknologiko, sozial eta kulturalak kontuan hartu
barik.  Eta hor, beharrezkoa zaigu
malgua, freskoa, integratzailea eta ausarta izango den ikus-entzunezko
hedabideak bultzatuko dituen agente publikoa, lehengo EITB.


Xede-taldea

Programa batek izenburua, edukia eta
aurrekontua bezain definitua izaten du nori zuzendua den. Populazio osotik
zeintzuk erakarri nahi dituen. Hala ere, badira telebista saio batzuk zaharrak
eta gazteak, gizonak eta emakumeak eta ikus-entzule arruntak eta sofistikatuak
erakartzen dituztenak. Horiek, “programa pelagikoak” deitzen dituzte,
telebistaren aurrean egon daitezkeen guztiak bereganatzeko gauza direlako.
Horietariko bat da “Camera cafe”. Baina baita ere Simpsondarrena, hainbat kirol
erretransmisio eta, duela oso gutxia arte, 
prentsa-arrosari buruzkoak.

Azken hauen erakargarritasun mailak behera
egin du eta telebista kanal askotan ordezkoen bila ari dira buru-belarri. Lan
zaila dute, azken hamarkada honetan ikur-untziak izan direnak ordezkatzea. Zela
beteko dituzte orain horrenbeste emisio-ordu? Nola mantendu hain
produkzio-kostu bajuak halako audientzia-kuota erraldoiak mantenduz?

Arrantzarako sarean zuloak josten ari dira
programatzaileak, oporretara joan aurretik.

Busti

Irakasle bati entzun nion behin, inplikazio maila desberdinak daudela. Adibide harrigarri bat erabili zuen esan nahi zuena adierazteko: plater konbinatuetan, ez da gauza bera zenbateraino “bustitzen” den oiloa (arraultza egitea bere kontua izanik) edota txerria (txorixuarena bere  haragia baita ).

Goikoa etorri zait burura, lagun batek, Arnaldo Otegiren kartzelaratzea  eta duela  hilabete batzuk, Galdezka saioan eman zuen erantzuna gogorarazi didanean.

Jakingo duzu nola  ETB-1eko saio horretan, Mikel Reparazek, Jaime Otamendik eta  Maitel Artolak, hilean behin, hemengo pertsonaje garrantzitsu bat elkarrizketatzen duten. Hiru  kazetari horien  itaunketa eta gaia bera punta-puntakoak izaten dira. Joko zorrotza.
Nik akorduan ditut  aipatutako Otegirena eta baita Joseba Egibarrena ere. Biak ala  biak, komunikatzeko trebezia itzela dutela erakutsi zuten. Eta hori, “ahalmen handiko” galdetzaileak aurrez aurre edukita ere.

Harira noa.
Arnaldo  Otegiri eginiko  elkarrizketaldian, Maite Artolak galdetu zion Batasuneko buruzagiari, interes handiz  eta itauntzen zuen horretan berebiziko interesa  zuela iradokiz,  bake-prozesu honek/harek kale eginez gero ZER…eta,  Batasuneko buruzagiak, “ez motz eta ez lots” kartzelan amaituko zuela erantzun zuen.

Ez naiz gai “prozesua” hilik dagoen ala ez  erabakitzeko baina, ikusten denez ez dago momenturik osasuntsuenean, gainera,  Otegiren esaldi premonitorioaren arabera hala behar du izan…finikitatua…ondorioen arabera bai behintzat.

 

Izotza

Irratiz entzun dut gaurko berria.


…/…


Su etena “hautsi” izanak duen alde ona (…) berriro ere aldarrikatu daitekeela jakitea da.


Modu horretara, T4an eginiko atentatuaren ondorioz sorturiko egoeratik (su etenean egotea baina atentatuak egiteko aukera irekita daukala jakitea) atera ahal izango zen.


Lerro hauek idazten nabil su etena amaitu dela argitara eman den egunean, ez dakit hala dela frogatzeko atentatuak hasten direnean zer idazteko gogoa izango dudan.


Hipotesirik optimistena, seguru ilusoena, txoroena baina desiratuena, su etena hautsi izana frogatu aurretik ere, behin betiko irtenbidea aurkitzea litzateke.


…/…


Irratira itzuliko naiz gero, lanetik bueltan, azterketa politikoak egiteko nik baino gaitasun gehiago dutenen hitzak entzutera.

Pena

Gaur goizez, RNEko goizeko tertulian,  Espainiako himnoari hitzak jartzeko asmoaz berba egiten hasi direnean, ea nondik nora joko ote zuten zain geratu naiz.


Ziur ezin dut esan, lehena ala bigarrena izan ote den Joseba Arregi hitza hartzen, baina bai, bere ahotik buruan dituen obsesioetako bi atera direla tupustean.


Himnoari hitza idazteari garrantzia kendu dio baina, segidan, hala egiten dutenean “ikasiko dutela/dugula” esan du, etxekoen artean berriketan dabilenean erakusten duen patxada berberaz. Bat.


Irratia aditzen eta gidatzen nengoen, aldi berean. Entzuten nuenaz, binaka etorri zaizkit sentimenduak ere, grazia eta tristura.


Arregi tertulianoa, argumentuaren lerro beretik, “alderdiari” buruz hasi da hitz egiten, euskal komunitate autonomoetako baten ereserkia egiterakoan PNVren aldeko hitzez jositakoak ezabatu (mutu laga) behar izan zituztela esanez.  Bi.


 

Zintzotasuna

Hainbat eta laisterren (eta berandu nabil!) esatea hobe.
Hala egin
ezean, alkate izendatzen dutenean, bestelako asmo batek
eragindako
lerroak direla hauek, esango du-eta baten batek. 
Hara ba:
irakurri nuenean, Marian Beitialarrangoitia, Euskadi Irratiko
Faktoria saioa
egiten duena, udal hauteskundeetara aurkezten zela eta
kanpainak irauten zuen
bitartean, utzi egingo ziola irratian aritzeari,
deigarria egin zitzaidan.

Jakina zen saio horretan hauteskundeei buruz  hitzegingo zela. Eta

ordurako zabaldua zen Marian delako hau ere hautagai zela Hernaniko

udalerako (nik oduan, ez nekien zein alderdiren zerrendan, zinez!),

baina hortik, gauza biak batera ezinak kontsideratzea eta bere lana
behar
bezala ezin zuenik bete asko esatea zatekeen.
Baina, akaso hor dago gakoa,
badira hemengo irrati-telebistagintza
publikoan aritzen diren beste
profesional batzuk hauteskundeetara
aurkeztu izan direnak eta ez dut oraino
entzun kanpainak zirauen
bitartean “lehen planotik” izkutatu izan direnik.
Marian bai.

Faktoriak galdu du arrunt bilakatu zitzaigun ahotsa eta lan
modua.

Hauteskundeak izan eta gero jakin izan dut Hernaniko alkate
izendatuko
dutela, Beitialarrangoitia anderea, botuz ondo hornitua.
Bejondaiela.
Genero onekoa dela erakutsia du, dagoeneko. 

Emaile Handiaren Showa

Ekainaren
lehen hauetan, hilzorian dagoen emakume batek bere giltzurruna telebista
programa baten irabazleari emateko prest agertu da, Herbereetan.

Endemol reality show ekoizlerik aintzindarienaren
eta famatuenaren azken okurrentzia izan da. Big
Donor Show
izena  jarri diote
espektakulo berriari.
Eta,
noski, arrakastarako hain berharrezkoa izaten den eskandalua lehertu da.

Txirrin asko
jotzen ditu reality berri honek,
beste batzuen artean, moralarena, audientzia lehiarena eta espektakuluarena. Ikusiko
dugu zertan gelditzen den.

Gauza bera
gertatzen da, hauteskunde osteko itunekin: ikuskizun direla oraindik ere.
Parekoak direnik esan  barik, Nafarroako
gobernuan, Gipuzkoako eta Arabako aldundietan eta hainbat udaletan emailea eta
hartzailea zein izango den ez dago erabakita. Horietan ere, giltzurruna emateko
prest nor dagoen jakiteko dago. Organu bat eman eta  beste bat hartu horrela izaten dira
politikako showak. Baina, azken denboraldian ugaritu egin dira organuak  kendu egin dizkiotenen kasuak, baimenik gabe.
Bakoitzak jarri ditzala siglak.


Maialen eta Felix

– “Badakizu nola esaten zaion gazteleraz itsaso
handi-handiari?”
galdetzen du batek.
– “Pues…”, dio neska pinpirinak,
aurpegiaren keinukera puztuz eta
eskuak astinduz, “…osea, no” erantzuten
du.
– “Ba, bai, ozeano” errematatzen du besteak.

Gustatzen zait Euskalmeteko
Maialen Martija. Ez da aspaldi hasi dela eguraldiaren berri ematen Euskadi
Irratian
eta badu zerbait.
Hori bai, gustura esango nioke “kaixo” ez dela
“kaiso” ahozkatzen.

Modu berean, Radio Euskadiko Felix Linaresi, “the boss”; “la
voz”(“la bos” irakurrita), gustura esango nioke egunero entzuten dudan
irrati-txinpartan (“Bulevard, dialogos en Radio Euskadi, con Xabier Lapitz”)
ahozkera-akatsak konpondu beharra dituela.
Batetik “dialogos” hitzak
ez duelako diptongorik,
eta “diálogos” ahozkatu beharko
litzatekeelako, eta bestetik ez
delako “Sabier” esaten, ezta ere “Lapitx”.

Ikusten duzu, hauteskundeen osteko irakurketa sakon eta korapiltsuetan
sartu beharrean, nolako azalkerietan nabilen. 

Alperrik galduta

Kronometroak martxan dituzte alderdi politikoetan.
Albistegietan, doako
tarteetan, eztabaidetan eta elkarrizketetan, beraien
hautagaiei
zenbateko lekua eskaintzen dieten neurtzeko prest dira.

Mitin-lekuetatik telebista pantailetara salto eginak dira aspaldi

hauteskunde-kanpainak. Boto-emaile izateko lehenengo ikus-entzule
izatea
beharrezkoa dela sinistuta daude, nago.
Telebistan agertzea da jendeartean
izaera propioa edukitzeko atea.
Ageri dena da. Bestela, bapez.
Lerro
hauek irakurri orduko jakina izango da ezker abertzaleari nolako
izaera
aitortu dioten epaile eta politiko espainiarrek. Baina, horren
aurretik ere,
egunak dira EITBek minutuak, agerraldiak eta hizketarako
aukerak banatuta
dituztela eta horietan hutsaren hurrengoa da ezker
abertzaleari emandakoa.

Inork esango du Hauteskunde Batzordeak markaturikoen arabera hartzen

dituztela erabakiak, legeak hala aginduta. Ez ba.
Informazioaren
interesak, aniztasunak, iritzi desberdinen arteko
trukaketak eta, orohar,
zerbitzu publikoak aukera zuen beste erabatera
gauzak antolazeko.  Ez dute
egin.

O TX

Wazemank-ek zapatuan betetzen
zuen ordutegian, jarri dute, ETB1n, Ordu
Txikiak
izenekoa.

Dozena erdi umeek famatu
bati eginiko elkarrizketak (Benito Lertxundi, lehen saioan) hartzen du saioaren
tarterik zabalena. Gero dator aktualitateko gaien inguruan neska-mutikoek botatzen
dituztenez osatutako atala. Mikel Elizegi aurkezle lanetan jarri dute. Espero
nuena baino hobeto moldatzen da gainera. Ez nuen askorik espero, egia esanda.
Onik ez  behintzat.

Inteligentzia
handiz egin beharreko saioak izaten direlako umeak erabiltzen dituztenak,
lotsaizunik gordinenean ez jausteko. Horretarako, beste elementu batzuez gain, lehen
mailako aurkezleak izaten dituzte (beste kanaletako Xavier Sardá eta Bertin
Osborne datorzkit burura). Elizegik ez zuen porrotik egin, behintzat.

Programaren
amaieran egon zen zatirik barregarriena. Familia bi lehian jarri zituzten
beraien umea ezagutzen ote zuten jakiteko. Umea, lehenengo, galdetu, erantzunak
asmatu guran jarriz gero gurasoak. Orduan bizi izan genituen O TXen momenturik onenak,
gurasoek, oso sarri kale egiten zutela ikusteko.