Etiketaren artxiboa: legea

Legeak eta logoak

Kataluniako irrati-telebista
autonomikoaren legea berritzeko eztabaidetan hasiak dira bertako
legebiltzarrean. Urtarriletik hona ugari dira egin dituzten tramiteak:
ponentziarako jendea izendatu, eztabaidei ekin, testua idatzi, konparezentzien
egitaraua erabaki eta abar. Luze jo du gaiak eta ematen duenez  hala egingo du hemendik aurrera ere.

Desadostasun ugari
azaleratu omen dira Kataluniako legebiltzarrean, guzti-guztiek garrantzi
handikotzat duten lege berriaren tramitazioan.

Orain artekotik, eta
legearen muinean sartu barik, atentzioa deitu didan azalekoa dirudien elementu
bat izen aldaketarena da. Lege berriaren eskutik, hango EITBk Corporació
Catalana de Mitjans Audiovisuals izena hartuko du. Eta ez da txantxetako
aldaketa. Izan ere, dagoeneko, “irrati-telebista” etiketak bere zereginaren
zati bat besterik ez du bere baitan hartzen. Aspaldi irratiaren eta
telebistaren mugak zabaltzen hasiak ziren eta zaila zen, zaila da, internetek
eta teknologia  berriek ahalbidetzen
dituen ikus-entzunezko zerbitzu eta ikuspegi berriak izendatzea.

Gurean ere, deitura
aldaketetan sartu aurretik ere, irrati-telebistagintzaren inguruko eztabaida
sakon baten beharrean gaudela dirudi. Katalunian ez bezala, hemen
ikus-entzunezko zerbitzu publikoaren eta, berez,  kultur industria honen zutabe nagusienak
jarri gabe ditugu.

EAEn, Ikus-entzunezko
Legearena bideratu gabe dago. Gainera, Nafarroan, Katalunian edo Estatu
frantziarrean
ez bezala Ikus-entzunezko Kontseilurik ez daukagu. Eta
orokorrean, ikus-entzunezkoaren egitura osoaren definizioa egin gabe dago,
itxura guztien arabera.

Horregatik, Gasteizko
legebiltzarrean, EITBren legearen artikuluren batzuk gaurkotu  behar zirela esatetik, lege osoa aldatu gura
izatera egin dute salto, berri pozgarria da. Baina, aukera hori aprobetxa
daiteke haratago joateko, eta ikus-entzunezkoen inguruko hausnarketa sakona
egiteko.

Dagoenaren kudeaketa eta
bideragarritasun planak egitea baino komenigarriagoa iruditzen zait
etorkizunean nahi denaren diseinua egiten hastea. EITBri izena aldatzea baino,
interesgarriagoa iruditzen zait kultur-industria honen oinarriak, egoera eta
geroa eztabaidatzen hastea.

Ezinezkoa da beste 25
urterako irrati-telebista publikoa arautuko duen lege bat onartzea, ate joka
ditugun berrikuntza teknologiko, sozial eta kulturalak kontuan hartu
barik.  Eta hor, beharrezkoa zaigu
malgua, freskoa, integratzailea eta ausarta izango den ikus-entzunezko
hedabideak bultzatuko dituen agente publikoa, lehengo EITB.