Atzo arratsaldean Itsasun (Lapurdi) izan ginen, Aberri Eguna ospatzen baitzen, eta bide batez gogora ekarri nahi zen 1963ko lehen Aberri Egun mitiko hura. Berriako kronika. Hainbat mintzaldi egin zen, eta tartean antolatzaileena. Ezusteko handi bat izan genuen: Hegoaldeko EH Bilduren izenean, EAko Lorena Lopez de Lacallek irakurri zuen agiria, nahiko gaizki, dena esan behar bada, euskaraz ondo ez dakitenek sarri irakurri ohi duten moduan.
Oraindik ere norbaitek ez badaki, gogora ekarriko ditugu andere honek Iruña-Veleiako auzian egindako zenbait gauza. (Xabier Agirre jeltzaleak zuzentzen zuen gobernuaren babesarekin).
1.- Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura ahalduna zelarik, 2008ko azaroaren 19an, 444 Foru Dekretuaren bidez, aztarnategia itxi, Lurmeneko arkeologoak egotzi eta ostrakak faltsuak zirela ebatzi zuen, artean entregatu gabe zeuden (bat izan ezik) txosten batzuetan oinarrituta.
2.- 2009ko martxoan kereila jarri zuen Lurmeneko arkeologoen aurka, ondarearen kontrako kalteak eta faltsifikazioa leporatu nahian.
3.- Bi txosten grafologiko enkargatu zituen, faltsutzailea Eliseo Gil zela sinestarazi nahiz. Lehenengoaren prezioa ez dakigu, baina bigarrenagatik Aldundiak 36.000 euro ordaindu zizkion Magdalena Ezcurra grafologoari. Lorena Lz de Lacallek txostena filtratu zuen Correo eta Berriara, Eliseo Gil iritzi publikoaren aurrean kriminalizatzeko. Bi egunkari horiek hainbat orrialde eskaini zioten filtrazioari, eta Eliseo Gil seinalatu zuten faltsutzailetzat.
4.- Julio Nuñez EHUko irakaslea izendatu zuen aztarnategiko zuzendari. Gauza jakina da jaun honek aztarnategian egindako sarraskia. Hondeamakina handi batez 8.000 metro karratu harrotu zituen, eta lur arkeologikoki oso emankorra bota zuen zakartegira. Helegitea epaitegian jarri eta sarraskiaren argazkiak eta bideoak eskura jarri zitzaizkion arren, Julio Nuñezen lana babesten eta diruz hornitzen jarraitu zuen.
2011ko Udal eta Foru hauteskundeen aurretxoan EAk alde egin zuen Aldundiko gobernutik. Jakina da oso gogo txarrez utzi zuela kargua. Gero Bilduko zerrendetan joan zen Arabako Biltzar Nagusietako hauteskundeetara, eta harrezkero biltzarkidea da.
Eta larunbat honetan, EH Bilduren agiria irakurri du Itsasuko Aberri Egunean.
Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.
(Berriako argazkia)
Legebiltzarreko Kultura Bazordearen aurrean egindako interbentzioak (2010-11-16)
Bestalde, Itsasuko ekitaldi honetan Amets Arzallusen interbentzioa izan zen benetan gogoangarria. Hona hemen Eibar.org blogean Asier Sarasuak idatzitako kronikatxoa eta eragin dituen iruzkinak. Beste argazki bat hemen.






















